Autobiografia: ‘Biografiatik bibliografiara’

2020-07-31 Albisteak

2015ean Manuel Lekuona saria jaso zuen Joan Mari Torrealdaik. Sariaren harira idatzi zuen honako autobiografia


Aitzin oharra

Autobiografia honek ez du nire bizitza kontatu nahi, baizik eta biografiaren harian nire bibliografia kokatu, eta areago: nire konpromiso kulturalak eta nire ekoizpen intelektuala ulertu ahal izateko gakoak eman.

Biografia

Lehen aldia

Foruko Urberuaga auzoan sortu nintzen 1942ko udazkenean. Mosone baserria aitaren jaiotetxea zen, eta ama, bonbardaketan etxea galdu zuen horietakoa, Gernikatik etorria zen. Bi seme-alaba izan zituzten, zaharrena ni.

Nire belaunaldiko askok George Steer-en The Tree of Guernica irakurriz jakin zuena etxetik genekien guk. Nire oroitzapenean iltzaturik daude Gernikako etxe orma zartatuak ozta-ozta zutik, teilaturik gabe. Eta haurtzaroko jostailu maiteetako bat bala zorroak ziren. Aitak esanda dakit gure etxe atzean akanpaturik egon ziren soldadu italiarrenak zirela, Franco laguntzera Mussolinik bidalitako soldaduenak.

Haurtzaroa Foruan egin nuen, herriko mutilen eskolan oinarrizko ikasketak erdaraz, eta baserriko lanetan gurasoei lagundu. Baserrian lan egiteko bokaziorik ez nonbait, txiki-txikitan esan omen nion aitari handitan ez nuela baserri lanik egingo, ikasi baizik.

Urte haietako Foruri bizitza eta kolorea frantziskotarren ikastetxe edo seminarioak ematen zion, 14-15 urteko 50 mutikotik gora baitzeuden bertan. Frailekiak ziren. Gure baserri ondora etorri ohi ziren paseatzera eta jolastera. Haiek bezalakoa nahi nuen, haiek bezala ikasi, eta haiek bezala jolastu.

Horrela, bada, 12 urterekin, arreba gazteagoa gurasoekin etxean utzita, 1954an Arantzazuko seminariora joan nintzen, apaiz karrera egitera. Ohikoa zen moduan. Autobus berean Gernikako lauzpabost mutikorekin batera joan nintzen. Eta beste horrenbeste joanak ziren bezperan Bermeotik. Seminarioak ziren orduan pobreen unibertsitateak.

Arantzazu eta Foruko ikastetxeetan egin nituen “humanitateak” deitu ikasketak bost urtez, filosofia Nafarroako Erriberrin, eta teologia ikastera Arantzazura itzuli ginen atzera.

Urte horietako nire erreferentzia nagusia Arantzazu izan da, ez bakarrik zazpi urte bertan igarotzeagatik, baizik eta Arantzazuk urte haietan izan zuen egiteko estrategikoagatik: han ikusi dut basilika modernoa eraikitzen, puntako artista mordo bat (Jorge Oteitza, Nestor Basterretxea,

Eduardo Chillida, Lucio Muñoz, Xavier Alvarez de Eulate); intelektual eta gizarte eragile asko; euskal kulturako protagonista ugari, euskalgintza zaharrekoak zein berrikoak; Euskaltzaindiko bi batzar erabakigarri, 1956koa eta 1968koa. Hitz batez, Arantzazutik ikusi dut Euskal Herri berria sortzen, euskal gizartea eraldatzen, euskal kultura biziberritzen.

Karrera bukatu eta Arantzazutik Zarautzera jaitsi nintzen, irakasle moduan Antonianon eskolak ematera. Ikasturte bakar batez izan nintzen irakasle, Jakin aldizkaria zuzentzeko enkargua hartu bainuen. Jakin ordura arte Arantzazuko ikasleen aldizkaria izan zen, arduradun finkorik gabea, aldizkako arduradunez funtzionatzen zuena. Aurrerantzean zuzendariak modu profesionalean lan egin ahal izango du lehen aldiz. Bi urte iraun zuen nire ardurak. Izan ere, 1969ko abuztuan Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen aldizkaria, errotik moztuz argitaratzeko baimena.

60ko hamarraldian, bigarren aldian bereziki, euskalgintzaren baitan gai bat zen nagusi: euskara batua. Ni neu, Jakin bera bezala, bestalde, bete-betean murgildu nintzen euskararen batasunean, aldizkarietan, alfabetatzeko eta gau eskoletako hitzaldietan eta idazleen elkartean. Hain zuzen ere, Euskal Idazleen Elkartea (EIE) 1969an sortu zen idazle eskubideak babesteko bainoago euskara batua bultzatzeko erakunde gisa, eta idazkari nagusi izan nintzen lehen ordutik.

Bigarren aldia

Aldizkari gabe gelditzean, ikasketa unibertsitarioak burutzea hartu nuen helburu. Manex Erdozaintzi-Etxart lagunak gonbidatu ninduen bere komunitatean bizitzera Okzitaniako Tolosan. Hango Institutu Katolikoan hasi nituen ikasketak 1970ean. Lizentziatura titulurako, gori-gori zegoen Iraultza edo Askapen-Teologia hartu nuen gai bezala, eta lanaren zati bat Iraultzaz liburuan argitaratu nuen 1973an.

Aldi berean, gogotik ekin nion frantsesa ikasteari, eta Parisko Alliance Française delako nazioarteko eskolan atera nuen diplomatura.

Tolosatik Tolosara egin nuen jauzia, Gipuzkoatik Okzitaniara, zentsuraren erregimenetik askatasunen errepublikara. Gaur egungo ikuspegitik lanak ditu aldaketa ulertzeak ere: hemen klandestinoki eskuratzen genituen liburu eta aldizkariak lasai eros zitezkeen han, telebistan eztabaida politikoak noiznahi ikusten ziren. Pentsaezina gurean. Francoren diktadurapean bizi ginenontzat Frantzia askatasun guztien sinboloa zen 68ko Maiatza igaro berri hartan. Iduri zuen zirrikitu estu batetik ikusten nuen paisaiaren erdi-erdian bizi nintzela orain.

Bi urteren buruan, handik Parisera. Parisera joanez bi amets bete nituen, Parisen bizitzea eta soziologia ikastea. Paris munduaren erdigunea iruditu zitzaidan, talaia paregabea, eta hango giro unibertsitarioa guztiz aberatsa. Gogoan dut, esaterako, zer nolako interesarekin segitu nuen bertatik bertara prozesu luze eta gorabeheratsu baten ondoren Parisen gauzatu zen Vietnami buruzko Bake Akordioa, 1973an.

Giro kultural eta unibertsitarioan, Tolosatik Parisera ere jauzia sumatu nuen. Liburu, aldizkari edo telebista bidez ezagutzen nituen idazle eta intelektualak aurrez aurre eduki zenitzakeen han, eskoletan, hitzaldietan, bileretan: Sartre bat, Bourdieu, Touraine, Garaudy, Raymond Aron. Zure idoloak aldamenean zenituen, nolabait esan. Hala bizi izan nuen 1968ko Maiatz ondoko Paris hura.

Institut d’Études Sociales-en eman nuen izena soziologia egiteko, hiru urteko karrera. Eta, aldi berean, École Pratique des Hautes Études-en, Raymond Aronek zuzentzen zuen sailean, Pierre Bourdet irakaslearekin egin nuen autogestioko diplomatura.

Parisko behatoki unibertsitariotik kultura eta pentsamendu handi-mandiak aiseago ikusten ziren ikusi, baina ni euskalduna izaki, euskal kulturara begira jarri nuen neure behaleku unibertsitarioa, eta, lizentziaturarako, euskal kultura idatziaren soziologia landu nuen Jacques Gellard irakaslearekin: ‘Les écrivains basques contemporains. Approche sociologique’, 1975. Horren garapena da Euskal idazleak, gaur liburua, Lankide Aurrezkiak Jakinen zigiluarekin 1977an 45.000 aletan argitara eman zuena. Eta honen segida da, hogei urte beranduago, 1997an, Laboral Kutxak eta Elkar Fundazioak elkarlanean atera zuten 20.000 aletan Euskal kultura gaur liburua.

Eskola ikasketen barruan, urtebetez, Sobiet Batasuna arakatu genuen, eta, Franco-URSS elkartearen babespean, Pierre Bosc irakaslearekin, Sobiet Batasunera joan ginen 1974an, estudio bidaian. Esperientzia ahantzezina, harreman sare biziki interesgarria antolatua baitzuen elkarteak, gune ofizial eta ez ofizialetan barrena. Are interes handiagokoa gertatu zitzaigun Solzhenitsinen kasua haragi bizitan zegoelako. Izan ere, harrabots handia sortu zuen Solzhenitsinek eskuizkribua klandestinoki atera eta 1973an Parisen publikatu zuen liburuak, L’Archipel du Gulag, Sobiet Batasuneko zentsura eta errepresioa salatuz. Gu Moskura iritsi aurretixean Solzhenitsin zigortua eta erbesteratua zuen erregimen sobietarrak, eskandalu mundialarekin. Haren lagunekin egoterik izan genuen Moskun. Hango harremanak eta elkarrizketak kontatuz, liburuxka bat argitara emateko asmoz orri multzo bat idatzi nuen, baina argitaratu ez.

1974ko udaberria edo uda hasiera izango zen. Joxe Azurmendi ere Parisen zen, Alemaniatik etorria. Joseba Jakaren bisita jaso genuen, Baionatik igota. Trocaderoko kafetegi batean bildu ginen. Elkar (Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria) Ipar Euskal Herriko 20 euskaldunek sortua zuten 1972an. Egitasmo hori indartuz liburu sail berriak ateratzea zen asmoa orain, Hego Euskal Herriko beste 20 kide sartuz. Ea parte hartu nahi genuen. Iparreko eta Hegoko 40 lagunez birsortu zen Elkar 1974an. Urte asko geroago, 1996an, Elkar editoriala Euskalgintza Elkarlanean Fundazioko (gaur egun Elkar) kide izan zedila erabaki genuen aho batez, eta 1997az geroztik Elkar Fundazioaren patronatuko kidea naiz.

Hirugarren aldia

Bost urte Frantzian igaro ondoren, Paristik Euskal Herrira itzuli nintzen 1975ean. Jakinera itzuli nintzen atzera. Ordurako Joseba Intxaustiren gidaritzapean urrats ugari emanak zituen aldizkari gabeko Jakinek: hasteko, talde berria sortu zuen, euskal kulturan oinarrizko liburuak landu zituen, arnas luzeko proiektuak eratzen ziharduen, horietako ezagunena UZEI izango delarik (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea). Jakin Taldea 1969tik hona ez da desegin, indartu baizik.

Urte horiexetan, hain zuzen, Jakin Taldeak hartua zuen bere gain Bizkaiko Anaitasuna aldizkaria zuzentzeko konpromisoa, behin-behinekoa, eta Joseba Intxaustiren ondoren neu enkargatu nintzen haren zuzendaritzaz, Deustuko Unibertsitateko Soziologia Fakultatean eskolak ematen nituen bitartean. Eta 1979an, aurreko urtean sortua zen Soziologoen Euskal Elkartea (Asociación Vasca de Sociólogos) delakoaren idazkari izendatu ninduten.

Anaitasuna bideratuta utzi, eta Jakin aldizkari berria antolatzera itzuli nintzen Bilbotik Tolosara aurrena eta gero Donostiara. Administrazioaren oztopoak gainditzea ez zen xamurra izan. Luis Martinez Garnica Bizkaiko delegatuari esker lortu ahal izan genuen aldizkaria berriz argitaratzeko baimena, Franco hil eta urtebetera, ez lehenago. 1967an bezala, eredu frantseseko kultur aldizkari bat izan nahi zuen Jakin-ek. Parisko hainbat aldizkari puntakoen zuzendariak elkarrizketatu nituen pertsonalki, kultur eta enpresa ereduak ezagutze aldera. Kontu jakina da kultur aldizkariek zein tradizio eta protagonismo handia duten Frantzian.

Aldizkariaren zuzendari gisa igaro nuen 1980ko hamarraldia Donostiako Gros auzoan, bertan baitzeuden Jakinen bulegoak eta Jakin Taldearen egoitza. 50eko hamarraldian Jokin Zaitegik bere garaian amestu zuen euskal idazle etxea gauzatzea lortu zuen Jakinek. Bertan ginen Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi (gerora ere Jakinen jarraitu dutenak) eta Manolo Pagola, Jose Antonio Aduriz, Pello Huizi eta beste.

Jakin Taldean hainbat lan egin genuen urte horietan, aldizkariaz gainera, noski. Hala nola, UZEIren sorkuntza eta zuzendaritza eta, urteak geroago, Eusenorren parte hartzea Paulo Agirrebaltzategik; Eusko Jaurlaritzarentzat euskararen historia sozialeko zenbait argitalpen eta ekimen Joseba Intxaustiren eskutik; Laboral Kutxarekin, nire Euskal idazleak, gaur liburuaren ondoren, Joseba Intxaustik zuzenduriko Euskal Herria bi liburukiak edota Joxe Azurmendiren tesia eta argitalpenak Arizmendiarrietari buruz; Paulo Agirrebaltzategiren gidaritza Euskal Kulturaren Batzarrea (EKB) delakoan, eta geroago Kontseiluko zuzendaritzan nire esku hartzea. Nik neuk Jakinez kanpoko konpromisorik handiena Euskaldunon Egunkaria-n gauzatu nuen 1990etik aurrera.

Urte horietan, nire bizitza profesionala berritzeko asmoz, ikasketak sakontzera jo nuen.

Urteak neramatzan aldizkarietako zuzendari, eta titulurik ez. Eta legez titulua behar. Frankismoaren herentzia, inondik ere. Zuzendari erreala izan nintzen, baina ez legala. Arantza hori atera behar nuen, titulu ofiziala lortuz. Errazagoa zen orain, Euskal Herriko Unibertsitatean sortu berria baitzen Informazio Zientzien fakultatea. Hortxe eman nuen izena. Eta, patuaren ironia, ikasketak burutu nituenerako kendu egin zuten titulu ofizialaren obligazioa. Lizentziaturako tesina ere egin nuen 1985ean, fakultatean euskaraz egin zen lehena, une hartako euskal kulturako gai eztabaidatuenetako batekin, eta gero argitara eman: ETB eta euskara.

Kazetaritza titulu berriaren bataioa erreportaje batekin egin nuen. Nikaraguara joan nintzen, gurean halako oihartzuna zuen eta herri txiki eta zapalduen esperantza ordezkatzen zuen iraultza sandinista bertatik bertara ezagutzera. Entzutera, ikustera, ikastera, ulertzera joan nintzela Nikaraguara nioen erreportajearen atarian. Handik El Salvadorrera egin nuen jauzi, diktadura odoltsua eta haren kontrako borroka ezagutzera. Ignacio Ellakuria eta Jon Sobrinoren lanak eta adiskidetasuna ekarri nituen handik. Nikaraguari dagokionaren zatia idatzi nuen luze Jakin-en 1986an: ‘Nikaragua libre, Ertamerikan’.

Erdialdeko Amerikatik bueltan, Paristik nekartzan soziologia ikasketak sakontzeari ekin nion. Parisen abiaturiko ildoari jarraiki, euskal produkzio idatziari heldu nion, liburu eta aldizkarien azterketari. Deustuko Unibertsitatean egin nituen doktoretzako ikastaroak eta tesia bera. Informazio zientzietako tesinan bezala, soziologiako tesian Karmelo Garitaonandia aukeratu nuen zuzendari, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea berori. Informazioa biltze aldera, euskal editorialen eta idazleen artxiboak arakatu nituen, horiek jasan zuten zentsura, alegia. Eta, ondoren, Alcalá de Henaresko AGAn (Archivo General de la Administración Civil) bilatu nituen zentsura txostenak. Izan ere, tesiaren gaia zentsura frankista da, zehatzago esan, euskal liburugintzan zentsurak nola jokatu izan duen: ‘La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983). Análisis de los informes del lectorado’, 1995. Aldizkariei dagokien materiala bildua daukat baina ez landua.

Zertan esanik ez da 90eko hamarraldiak hasiera-hasieratik markatu duela nire bizitza, nola maila pertsonalean hala maila profesionalean: neure familia osatu nuen, soziologia eta zientzia politikoen tesia defendatu nuen, Jakin beregainaren kudeaketa hartu nuen eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorkuntza eta garapenean murgildu nintzen.

Maila profesionaleko erronkarik handiena Jakin berria izan zen. Arantzazuko EFA argitaletxearen lege babespean egoteari utzi eta, 1990ean, beregain edo independente bihurtu zen aldizkaria argitaratzeko enpresa, elkarte anonimo. Aldizkariaren zuzendaritzaren jarraipena eta enpresa berriaren kudeaketa hartu nituen neure gain. Aldaketa hori egiteko orduan eskertu beharra daukat frantziskotarren eskuzabaltasuna, jakinkideen elkarlana eta Elkarren laguntza logistikoa.

Aldi berean jaio zen Euskaldunon Egunkaria. Egunkarian ere hainbat kargu eta enkargutan sartua ibili naiz urteotan. Hamahiru urte eman ditut ilusioa mamitzen eta ia beste hainbeste akusazio maltzurren mamuak ehizatzen. 2003an itxi zuten egunkaria eta zuzendaritza atxilotu, eta epaiketen gurpil zorotik ezin libraturik bizi izan gara 2014 arte.

Jakinera itzuliz, 2006an Jakinek urrezko ezteiak handikiro ospatu zituen, trabak traba 50 urte bizirik mantentzea ez baita mirari txikia. Egindako lana aztertzeaz gainera, aurrera begira jarri genuen aldizkaria. Aurrera egiteko ezinbestekoa zen lantaldea berritzea. Baina nahiz eta 2006koa izan asmoa, 2014 arte ezin izan dugu gauzatu, Egunkaria auziko nire joan-etorriak tarteko. 2014ko udaberrian egin genuen esku-aldaketa, lehengo ekipoari kimu berri eta gazteagoak erantsiz. Jakin, gainera, fundazio bihurtu genuen betidanik bereak izan dituen ezaugarri propioak manten ditzan etorkizunean ere. Fundazioko lehendakari naiz orain.

2007an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu ninduen, eta 2009ko udazkenean egin nuen sarrera Forua jaioterrian, ‘Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa’ hitzaldiarekin. Euskaltzaindiaren barruan, nire konpromiso berezia Azkue Bibliotekaren ardura akademikoa da.

 

Lan ardatz nagusiak

Kazetaritza

Kazetaritza alorrean, bi planotan egin dut lan: kazetari edo idazle gisa eta zuzendari edo kudeatzaile moduan. Egile moduan 500 bat lankidetza egin ditut 25 bat kazeta eta aldizkaritan, Anaitasuna-n eta Jakin-en gehienak.

Lankidetzak bibliografiarako utzi, eta zuzendaritzako esperientzia bilduko dut hemen.

Jakin

Arantzazun sartu nintzen Jakinen, Joseba Intxausti eta Joxe Azurmendiren ondotik. 1963 urtea izango zen. Jakinen sartzeko aurrelanak, nolabait esan, filosofia ikasketen garaian eginak nituen. Bazen Erriberrin Gure Izarra aldizkaria, urtean behingoa. 1962an argitalpen horren arduradun izan nintzen; aurretik ardura hori izana zen hainbat jakinkide, hala nola, Iñaki Bereziartua (1954), Joseba Intxausti (1957), Joxe Azurmendi (1959), Alex Oihartzabal (1960), Pello Zabala (1961), eta ondoren Joan Joxe Olaberria (1963), Iñaki Beristain (1965), Josu Zabaleta (1966), besteak beste.

Jakin, aldizkari gisa, Arantzazuko seminarioan sortu zen. Lehen zenbakia 1956an Euskaltzaindiak Arantzazun antolatu zuen euskaltzaleen gerraosteko lehen biltzar irekira aurkeztu zen. Lehen unetik Jakin bere plataforma propiotzat hartu zuen gerraosteko lehen belaunaldi autonomoak, euskalgintza berria aldarrikatu eta egikarituko duenak. Ni sartu nintzenerako, Jakinek bazuen izena eta izana, nahiz eta sartu nintzen unean aldizkaria debekaturik egon.

1964an lortu zuen berriz argitaratzeko baimena, eta bizpahiru urtetan zuzendaritza lanetan ibili nintzen lagun pare batekin. 1966an utzi nuen Jakin, eta 1967an Arantzazu. Zarautzen irakasle nengoela, ordea, 1967ko udazkenean Jakinen ardura hartu nuen berriro, modu iraunkor eta profesionalean orain. Nire zuzendaritzapeko lehen zenbakia 1968ko lehena da.

Jakin zer zen 1967an? Mantxeta bat eta harpidetza mordoxka bat. Ez bururik ez gorputzik zuen, ez zuen lantalderik ez egiturarik. Karlos Santamaria eta Rikardo Arregirekin gotorgunetxoa eratu eta hirurok lortu genuen hamar bat laguneko lantaldea eratzea. Zorte handia izan nuen. Frantziako Esprit aldizkariaren ereduko argitalpena egin nahi izan genuen, azal eta mami, irekia, progresista. Bi urte horietan Jakin Taldeak hainbat ideia piztu, eztabaidatu eta proposatu zituen, gero beste forma batzuetan errealitate bihurtuko direnak: dibulgazio liburu errazak Frantziako Que sais-je? famatuaren eredura (Lur argitaletxeak gauzatu nahi izan zuena), euskal idazleen elkarte baten proiektua, alfabetatzearen premia praktikoa, euskal unibertsitatea. Gerraosteko belaunaldia aise identifikatu zen plataforma berriarekin.

Tamalez, gutxi iraun zuen Jakin berriaren arrakastak, 1969an debekatu baitzuten. 1969 urtea annus horribilis izan zen guretzat: Rikardo Arregi hil zen uztailaren 10ean 27 urterekin auto istripuan, eta abuztuaren 29an Jakin aldizkaria debekatu egin zuen Francoren gobernuak. Karlos Santamaria bazen nor, eta aldizkaria berriz indarrean jartzeko haren eragina baliatu genuen Madril aldean, baina alferrik. Gobernu Batzarrean hartua zen erabakia, eta hain zen irmoa, ezen, Franco hilda ere, 1977 arte ezin izan baikenuen argitaratzeko baimena eskuratu, maiz saiatu arren.

Aldizkaria debekatzean, aldizkarirako prestatuak genituen monografiak liburu gisa aterako dira, Jakin Sorta sailari hasiera emanez. Eta Jakin Taldeak lanean jarraituko du, jarraitu dugu, argitalpenak eta kultur egitasmoak bideratzen. Gure ikurra, hala ere, aldizkaria zen.

Rikardo Arregi hilda, aldizkaria debekatua eta ni neu Frantziara joana, betiko desagertua zirudien Jakin-ek. Eta hala izango zen baldin eta Bartzelonatik etorri berria zen Joseba Intxaustik gidaritza hartu izan ez balu, eta kanpoan ginen taldekideokin (Joxe Azurmendi eta biokin) harremana estutuz gainera, kide berriekin indartu ez balu taldea: Paulo Agirrebaltzategi, Jose Antonio Aduriz, Manolo Pagola eta beste. Azpiegitura txiki bat ere antolatu zuen Tolosan, Larrea ahizpen laguntzarekin; horietako bik UZEIn eta hirugarrenak HABEn garatuko dute gerora euren lana.

Esan bezala, 1977an hasten da aldizkariaren bigarren edo hirugarren aldia, aldi iraunkorra talde aldetik zein produkzio aldetik. Zazpi urteko isilaldiaren ondoren eta sortu zenetik 20 urte igaro berritan abiatu zen berriz aldizkaria, «kultur-, pentsamendueta saio-aldizkari kritikoa» izan guran. Zenbaki bakoitzak gai nagusi bat izango zuen ardatz, ikuspuntu eta azterbegi askotatik begiratua. Jakin berrituak ez du etenik izan. Aurten 60 urte ditu. Zuzendari kargua 2014ko udaberrian utzi nuen Lorea Agirreren eskuetan eta Jakin Fundazioko lehendakari bihurtu nintzen. Guztira, hortaz, Jakin Taldean 53 urte daramatzat, eta 42 urtez izan naiz aldizkariaren zuzendari.

Anaitasuna

Anaitasuna-ren nire zuzendaritza 1974ko udazkenetik 1977ra bitartekoa da. Lizentziaturarako idazleei inkesta bat egitera Paristik jaitsi nintzenean, 1974ko udazkenean, hartu nuen, eta Jakin aldizkaria ateratzeko baimena lortzean utzi. Izan, Jakin Taldeak harturiko konpromisoa izan zen, Anaitasuna-ko lantaldeak eskaturik, krisitik ateratze aldera. Behin-behineko konpromisoa zen Jakinen aldetik. Horregatik utzi genuen 1977an, Jakinera dedikatzeko.

Joseba Intxaustik ekonomia aldetik saneatu zuen eta ondoren nik produktuari gehiago heldu nion, informazioa lehenetsiz. Francoren heriotzarekin, informazio elebiduneko hedabideak hasi ziren euskarazkoei gaina hartzen (Punto y Hora de Euskal Herria, Garaia, Berriak…), eta horien aurrean ‘Euskal kazetaritzaren urtea’ izendatu genuen 1976, bai Zeruko Argia-k eta bai Anaitasuna-k, eta aldi berean aldizkaria azal eta barne aldatu, urte horietan inguruko herrialdeetan hain modan zegoen news magazine taxua emanez.

1974 baino askoz lehenago, 60ko hamarraldian, Anaitasuna-n lan egina nintzen. Hain zuzen ere, Arantzazuko ikasle bizkaitarron esku utzi baitzuen Imanol Berriatuak Anaitasuna 1957tik 1966ra. Pare bat urte egon nintzen zuzendaritzan, oker ez banago.

Euskaldunon Egunkaria

Euskaldunon Egunkaria-k 1990 abenduaren 6an atera zuen lehen zenbakia, Egunkaria Sortzenen iniziatibari esker. Egunkaria Sortzeneko Talde Bateragileko partaide izan naiz hasieratik –‘talde diplomatikoa’ deitzen zioten–, gero Administrazio Kontseiluko kide izan naiz eta Editorial Kontseiluko buru.

Jakineko zuzendari izanez jarraitu nuen profesionalki eta Jakineko espiritu ireki eta bateratzailearen eskarmentua landu nuen egunkarian. Egunkaria-k bere buruari ezarri zizkion hamaika puntuekin guztiz bat zetorren Jakin, eta horregatik eroso eta gogotik esku hartu ahal izan genuen proiektu berrian. Nolakoa behar zuen, bada, egunkariak? Euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea erdal medioetatik eta erakunde politikoetatik, ez instituzionala baina diru publikoz lagundu beharrekoa, militantea, profesionala, berria.

Historiak esan beharko du asmatu genuenetz, baina 1990eko egunkariak lortu zituen ekarpenak ukaezinak dira. Hasteko, euskarak izan duen lehen egunkari normalizatua da, hutsune historiko lotsagarria betez, eta gainera: euskal kazetaririk ez zegoen lekuan kazetari eskola sortu zuen; euskara bera ez omen zen kazetaritzarako gai, baina egunkariak euskara periodistikoa erdietsi zuen, estilo liburu eta guzti; kazetaritza enpresa bideragarria sortu zuen…

2003an Aznarrek erabaki zuen Irak eta euskal kultura bonbardatzea, eta Egunkaria-n jarri zuen jopuntua. Terrorismoa erasotzea omen zen kontua. Egunkaria itxi zuen, arduradunak atxilotu, ni tarteko, torturatu eta kartzelan sartu zituen, eta gero epaitu. Zer ebatzi zuen, ordea, 2010ean Audientzia Nazionalak? Egunkaria-ren itxiera antikonstituzionala dela, salatzaileek ez zutela deus frogatu, akusatuetariko inork ez duela zerikusirik ETArekin, ez eta egunkariak ere. Guzti-guztia aurreiritzietan oinarritu zela eta ez gertakarietan, horra.

Gure aldeko ebazpena horren argia izanik ere, inork ez digu barkamenik eskatu, eta gutxiago kalte-ordainik luzatu. Historiak esan beharko du hemen ere zein den bidegabekeriaren erantzule. Azken batean, 13 urte eman genuen euskalgintzaren ilusioa garatzen eta beste hainbeste (ia hamabi urte) galdu dugu mamuak ehizatzen.

Soziologia

Nire lanetan ikuspegi soziologikoa izan da nagusietakoa. Soziologia, nire lanean, ez da teorikoa ez ideologikoa, praktikoa eta funtzionala baizik, estatistiken objektibotasunean oinarritu eta atzealdean dagoen unibertsoa azaleratzea, geruzak zeharkatuz muinera jotzea, errealitatearen sukalde lana.

Liburuaren mundua

Liburuaren mundua zabala da oso, produktua bera, editorialak, idazleak, banaketa sareak, irakurleak… Guztiak dira aztergai eta analisi soziologikoaren aldagai. Tarteka guztiei eman diet errepasoa, baina modu berezian eta iraunkorrean liburu ekoizpenari eta idazleei.

Liburuaren mundura hurbiltzeko modua edo metodoa Robert Escarpit irakasleak Bordeleko Unibertsitateko ILTAMen (Institut de Littérature et de Techniques Artistiques de Masse) landu zuen bera da, sortzailearen oniritziarekin. Literaturaren soziologiaren ikuspegi horrek literatur gertakaria gertakari sozialtzat hartzen du eta eremu horretan erabili ohi diren teknikak aplikatzen dizkio, estatistiketatik azterketa objektibo eta kualitatiboetara. Soziologia lizentziaturarako Parisen abiatu nuen bide hau 1974an (‘Les écrivains basques contemporaines. Approche sociologique’), eta geroztik bideari eutsi diot, liburuz liburu, saioz saio eta urtero Jakin aldizkarian argitaratu izan ditudan ekoizpenaren azterketetan.

Modu orokor eta globalean, liburuaren mundua bi liburutan arakatu dut: Euskal idazleak, gaur (1977) eta Euskal kultura gaur (1997). Bigarrenak lehenengoaren erreplika izan nahi du, 20 urteko aldea erakusteko asmoa. Biek dute abiapuntuan idazleei zuzenduriko inkesta luze eta kualitatiboa. Eta biek izan nahi dute, nolabait esan, euskal liburugintzaren entziklopedia txikia; txikia baina osoa.

Hirugarren liburu batek (30 urte liburugintzan) urtetan zehar egin izan dudan lanaren espiritua eta zioak bildu ditu, 30 urtetako testu esanguratsuenak laburbilduz. Gaur idatzi beharko banu, 30ekoa barik 40 urtetako uzta bildu beharko nuke.

Bibliografia lanerako urtero materialak bildu izan ditut, fitxak osatuz. Nire helburua, ordea, sekula ez da izan fitxategi bat antolatzea, baizik eta liburugintzaren azterketa. 1976an hasi nintzen, Euskal idazleak, gaur liburuaren kariaz. Nire lan-hipotesia zera zen orduan, euskarazko liburu motak gizartea islatzen zuela. Produkzioaren berririk gabe, baina, egin asmo nuen azterketa soziologikoa ezina zen. Hasierako lan-ildoari leial, nire urteroko lana hirutan banatzen da: fitxa bibliografikoa aurrena, gaien arabera sailkatzea ondoren, eta, hirugarrenik, iruzkin soziologikoa. Nire ikuspegia ez da soilki bibliografiko-bibliotekarioa, bistan da, baizik eta liburugintzaren eta gizartearen arteko lotura agirian jartzea. Horregatik egin ohi dut gai multzotan sailkatu, gaien arabera aztertu, jatorriaren nondik norakoa argitu, euskaraz ala erdaraz den, nobedadea den ala berredizioa, etab.

Bibliografia lan horrek beste helburu bat ere badu ezkutuan, politikoa, biblioteka nazionalaren aldarrikapena. Ikuspegi hori berariaz landu nuen Euskaltzaindiko sarrera hitzaldian: ‘Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa’.

Aldizkarian bildutakoaz gainera, katalogo gisa antolatuta ere eman dut informazio bibliografikoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, bost liburutan bildu nuen hogeigarren mendean euskaraz argitara eman diren liburuen fitxa bibliografikoa, kronologikoki, autorez eta gaiez antolaturik: XX. Mendeko Euskal Liburuen Katalogoa (I-II-III-IV-V) (1900-2000).

Liburugintza ez da fenomeno isolatua, landu ohi dudan ikuspegiaren arabera. Liburuaren ekoizpena eta bizitza soziokulturala baldintzatzen duten faktoreen artean, hamarraldi askotan zentsura izan dugu ekoizpen intelektual eta kultural hori gehien markatu duena.

Zentsura frankista aztertu dudanean, frankismoaren liburu politika teorian eta praktikan aztertu nahi izan dut, hau da, erregimenak liburuaz eta euskal liburuaz zer pentsatzen zuen eta zein jokamolde izan zuen, zer onartu, zer debekatu edo trabatu zuen. Zentsura ulertzeko orduan, begirada erredukzionistak bakarrik kontsidera dezake soilik adierazpen askatasunaren aurkakoa bailitzan. Liburu politika eta hizkuntz politika ere irakur daitezke zentsura txostenetan. Euskal liburua azter-eremutzat hartuta bideratu nuen doktoretza tesia soziologian. ‘La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983). Análisis de los informes del lectorado’ ikerketan euskal liburuaren gorabeherak aztertzen ditut, euskal gaia edota euskarazko liburua aintzat hartuta, frankismoaren liburu eta hizkuntz politikaren sukalderaino sartuz, debekuaren edo onarpenaren zioak eta zergatiak arakatuz. 1.500 espediente aztertu ditut, 2.000tik gora kontsultatu ondoren. Aurretiaz, Euskal Herriko idazle eta editoreen testigantzak jaso eta hainbat argitaletxe eta aldizkarietako artxiboak arakatuak nituen.

Euskararen soziologia

Josep Beneten bidea landu nahi izan nuen, hark Katalunian egin zuenaren antzekoa, nahiz eta maila guztiz apalean. Aurrena bere obra ezagutu nuen eta gero Josep bera, gizon maitagarria benetan. Benetek 1973an Catalunya sota el règim franquista argitaratu zuen, eta horren bertsio espainola 1979an. Haren ildotik abiatu nintzen, baina soilki hizkuntzari buruzkoak bilduz, horietako batzuk bere liburutik.

Beneten obrakoaz gainera, iturri gehiago ere izan nuen, hala nola, Euskaltzaindiaren eraginpeko Euskararen liburu zuria (1978) eta Hizkuntz borroka Euskal Herrian (1979) liburuak, Siadecok gidatuak; edota J. Iturralderen argitalpenak eta Jon Etxaideren testigantzak. Eta gero argitaletxeetako artxiboetakoak.

Lehenbiziko emaitza 1982an argitaratu nuen Jakin aldizkarian: ‘Euskararen zapalkuntza (1936-1939)’. Jarraian, Euskal Telebista sortu berriak berarekin ekarri zuen hizkuntz polemika aztertu nuen, euskarari zein tratamendu ematen zitzaion, informazio zientzietako lizentziatura egin nuenean: Euskal Telebista eta euskara, 1985ean argitaratua.

Euskal liburuaren zentsurarenak aztertuz jarraitu nuen. Euskarazko liburuak, izan ere, bi zentsura mota izan ditu urtetan: edukiari dagokiona eta hizkuntzari dagokiona. Frankismoaren hizkuntz politikak isla argia du euskarazko liburuetan. Frankismoa elebakarra izan da, eta beste hizkuntzak onartzeko orduan, hizkuntza- edo gai-motaren araberako mailaketa ezarri du. Ondorioz, urtetan hainbat liburu ezin izan dira argitara eman hainbat arrazoi tarteko: euskaraz idatzita egotea, Arana Goirik bultzatu zuen euskara motan idatzita egotea, pentsamendu liburua izatea, itzulpena izatea. Urte askotan, izan ere, frankismoarentzat kultur hizkuntza bat eta bakarra da Estatuan, gaztelania.

Frankismo alditik harago ere jo nuen, baina ez hizkuntz politika historian zehar aztertzeko asmoz, baizik eta politika horren ageriko markak azaltzeko. El libro negro del euskera liburuak 300 urtetan zehar euskarak izan duen tratua bildu nahi du, gehienbat gobernu espainiarrak edo frantziarrak izan duten jarrera, eta intelektualek nola lagundu duten boterearen politika. Jatorri eta izaera oso desberdineko pasarteak bildu nituen, legezkoak, polizialak, ekonomikoak, sozialak, intelektualak, eta kronologikoki ordenatu. Amnesiaren aurkako liburua da, liburu informatzailea, 2000 inguru hartan, Aznarren agintaldian, korronte errebisionista indartsua sortu baitzen, legenda beltza eta frankismoa zuritzeko ahaleginean zapalkuntza linguistikoa eta gainerakoak minimizatuz eta ukatuz.

Euskararekiko politikaren gaiari berriz heldu nion, 2001ean, beste modu batera: Jakin aldizkarian agertu zen eta azterketa gisa. ‘Euskalgintza auzitan?’ saio luzean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hizkuntz eta hezkuntza sistemaren legitimitatea auzitan jartzen dituztenen argudio edo iritzi zaparrada bildu eta aztertu nuen.

Euskaltzaindian

60ko hamarraldian hurbildu nintzen Euskaltzaindira, bi zio tarteko: alfabetatzea eta euskara batua.

1966an, Rikardo Arregi, Juan San Martin eta Mikel Lasaren eskariari erantzunez, Euskaltzaindiak bere babesean hartu zuen alfabetatzea. Rikardori lagunduz herriz herri ibilia naiz, eskolak eta hitzaldiak ematen. Nik lantzen nituen gaiak hiru ziren: literaturaren historia, euskal aditza eta, hirugarren eta nagusiki, euskara batua.

Horrezaz gainera, euskara batuaren prozesuan, aldizkariaren bidez edo pertsonalki presente izan ginen Baionan (1964), Ermuan (1968) eta Arantzazun (1968). Batasunaren Arantzazuko bileratik 10 urtera, hitz eman bezala, Bergaran jardunaldiak antolatu zituen Euskaltzaindiak 1978an. Arantzazuko arauen betetzemaila neurtzeko bi txosten prestatu nituen, 1968an gomendatu ziren arauak idazleek eta editoreek, bai liburuetan eta bai aldizkarietan, nola bete zituzten neurtzeko.

Arantzazuko 1968ko bileraren ondoren eta Bergarakoaren aurretik, euskaltzain urgazle izendatu ninduten 1975eko ekainaren 27an, eta 32 urte beranduago euskaltzain oso 2007ko azaroaren 30ean. 2009ko urriaren 31n egin nuen sarrera ofiziala Foruan, eta bertan irakurri nuen hitzaldiak euskal biblioteka nazionalaren aldarrikapena zuen xede: ‘Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa’.

Euskaltzaindiaren barruan, Iker sailean baino areago Jagon sailean, corpusarenean bainoago estatusarenean kokatuko nuke neure burua. 2009tik argitalpen batzordeko kide naiz eta Azkue Biblioteka batzordeko kide eta buru. 2009an Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai liburua idatzi nuen Imanol Murua Uriarekin, hizkuntz erakundearen 90. urteurrenaren karietara. 2011ko maiatzaren 27an bibliotekari akademiko izendatu ninduten, Jose Antonio Arana Martijari segida emanez. Zuzendaritzaren enkarguz, 2012ko ekainean ‘Azkue Biblioteka eraberritzeko proposamena’ izeneko txostena landu nuen Bibliotekako zuzendariaren laguntzaz. Gero batzar osoak aho batez onartu zuen eta zuzendaritzak Euskaltzaindiaren plan estrategikoan txertatu zuen.

2012tik aurrera Euskaltzaindia ordezkatzen dut PuntuEUS Fundazioan, presidente gisa.

Katea ez dadin eten

Izan zirelako omen gara. Halaxe esan ohi da, baina kulturaren alorrean hala izan dadin ‘iragan’ hori ezagutarazi eta transmititu egin behar da. Iragan hurbila ezagutzera ematea izan da nire lan ildo garrantzitsu bat.

Transmisioaren kezka nire bizitzan ez da azken ordukoa. Egin ditudan lan askoren helburu ezkutua edo agerikoa, euskalgintzaren errealitatea bistaratu eta ezagutzera ematearekin batera, zera izan da, hurrengo belaunaldiei eskergabeko ahalegin hori transmititzea. Izan zirelako garela sinetsirik, izan ziren horien izana ezagutzera emateak garrantzi berezia hartzen du transmisiorako bideak antolatu gabe dauzkan gizarte batean. Ez eskolak, ez hedabideek bermatzen dute euskalgintzaren ondarearen transmisioa behar den bezala. Hutsune hori betetze aldera, belaunaldi biziaren historia kontatu nahi izan dugu, historia liburuetara igaro aurretik hurrengo belaunaldietara igaro dadin.

Horrela uler daitezke nik neurez egin ditudan hainbat lan bereziki Rikardo Arregiri buruz, Imanol Murua Arregiri buruz, Karlos Santamariaz, Martin Ugaldez. Martin Ugalderen bizitza eta lana ezagutarazten ahalegin berezia egin dut. Historia idazten ari garen aldiro historia egiten ari garela irakurri diot Antxiñe Mendizabali. Lagun horien eredutik bizitzeko modua egikaritzea izan da nire asmo behinena.

Jakineko arduradun gisa bultzatu edo eragin dudan sailtxo batek ere helburu bera du, elkarrizketa luze-zabalaren bidez pertsonaiaren bizitza eta pentsamendua ezagutzera ematea. Historia bizia izeneko sailean elkarrizketatu ditugu, 1996tik 2015era, hurrenez hurren, Piarres Xarriton, Federiko Krutwig, Juan San Martin, Jesus Atxa, Antonio Zavala, Jean Louis Davant, Xabier Gereño, Iñaki Beobide, Gotzon Garate, Imanol Urbieta, Jose Antonio Arana Martija, Balendin Lasuen, Ander Manterola, Joseba Intxausti, Jean Haritxelhar, Ramon Labaien, Luis Iriondo, Kepa Enbeita.

Helburu berarekin zuzendu dut Jakin Taldearen arnas handiko beste proiektu bat, hainbat euskal eragileren opera omnia-ren digitalizazioa, alegia. Zehazki, hildakoen artean, Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Luis Villasante, Resurreccion Maria Azkue, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi; eta bizi direnen artean, Jakin Taldeko Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai. Horien obra guztia (izan liburu, liburu-zati edo artikulu) digitalizatu eta bilatzailez hornitua nornahiren esku jarri ohi da doan. Belaunaldi zaharren ondare preziatua klik baten bidez belaunaldi berrietara igarotzen da horrela. Espero dezagun, bada, zirelako garen bezala, garelako (eta gure transmisio lana taxuz egin dugulako) izango direla.


Torrealdai, Joan Mari (2016): ‘Biografiatik bibliografiara’, in Joan Mari Torrealdai. Manuel Lekuona Saria / Premio Manuel Lekuona. 2015, Donostia, Eusko Ikaskuntza, 5-24

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan