2024-01-17 Albisteak
Konferentzia performatibo bat ikusteko zer jantzi ez dakiena biluzik doa. Aurreiritziak eta espektatibak Sutegi aretoko atean erantzi, eta trukean paperezko gutunazal moduko bana eman zaie ikusle huts izango ez diren konplizeei. Metrokoadroka kolektiboaren Artxibo biluzia proiektuak bide luzea egin du, ikerketatik hasi eta gaurko estreinaldiraino. Amaitu ez den lana, oraindik zenbait tailer egiten jarraituko baitute, emanaldiak eskaini artean. Hurrengo taularatzea martxoaren 12an, Bilboko Arriagan.
Mahai bat, txostenak, koadernoak, bi baso ur… eta konferentziak Joan Mari Torrealdairen testigantza batetik abiatu den ikerketa azaltzeari ekin dio: abiapuntua, ikerketa galderak, metodologia. Intza Alkain eta Javier Barandiaran dira mahaiaren atzean tonu akademikoan mintzatzen diren ikerlari, esperimentazio-akuri, bidaide eta dokumentu. Pantailako aurkezpenak osatzen ditu azalpenak, adibideak eskainiz, grafikoak agertuz, hizlariak kontraesanez edo parodiaraino desbideratuz.
Nondik sartzen da zure bizitzan sartzen dena?
Mahai atzean eserita ari diren antzezleak laster sartuko dira mahaiaren aurrera, ikerketak azaleratutako istorioak partekatzera. Originalaren eta kopiaren arteko eztabaidan sartuko dira itxuraren eta errealitatearen artekoa, hautazko biluztearen eta bortxazkoaren artekoa. Zilegi da dokumentu original bat suntsitzea, norberarena bada.
Gorputza izan al daiteke dokumentu bat?
Mahaiaren gainean memoriaren autopsia egiteko gertu datza gorpua. Gorputza artxiboa bailitzan irakurri bitartean, hustutako karpetak haizatu dituzte, ahaztutako azal zatien azpildurak miatzeko. Gorputz bat biluz daiteke «ez fisikoki, bai intelektualki». Baina zer gertatzen da gorputz hori ni baino gu denean? Gorputz kolektibo horren zein atal den senti dezakeela ikusleak.
Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?
Metrokoadroka kolektiboak dokumentazioa aztertzea ekintzarako bide gisa biltzen du dokumentakzioa kontzeptuan. Kolektibo honi ez zaio aski ikusle zela uste zuen eta konplize bilakatu duen hartzaileari algara aterata, galderak piztuta, gogoeta eraginda. Aretotik irteeran berriz ere berokia jantzi, eta ekintzarako deia eramango du patrikan taupaka, paperezko gutunazal zimurtuan.