HamaikaTB

Argia Saria jaso du Jakinek, ‘Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi’ zenbakiagatik

ARGIAk 'Jakin' 269-270 zenbakia aitortu du Argia Sarietako 37. edizioan, prentsa atalean.

2026-01-30 Albisteak

Prentsa ataleko Argia Saria jaso du gaur Jakinek, Jakin 269-270: Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbakiagatik. Horrekin, «Azurmendirenganako zubi-lana egitea, ia ehun kulturgileren gogoeten bidez haren balioa jasotzea, eta irakurlea galderen munduan murgiltzea» aitortu dio ARGIAk.

Sarien 37. edizioa izan da aurtengoa, eta lehen aldiz Alaia Gaztelumendik egindako garaikurrak jaso dituzte saridunek, Usurbilgo Atxega jauregian. Guztira sei sari banatu dituzte: prentsakoa Jakinentzat izan da, ikus-entzunezkoa Enarak dokumentalarentzat, entzunezkoa Antxeta irratiarentzat, internetekoa Inguma datu-basearentzat, komunikazio kanpainakoa Aroztegiko Elkartasun Kanpainarentzat eta merezimenduzkoa Zenbat Gara elkartearentzat.

Esker onez jaso dute saria Xabier Eizagirre eta Haritz Azurmendi Jakineko kideek, eta eskerrak eman dizkiote ARGIAri, sari hau aitortza «garrantzitsua» delako Jakinentzat, eta «berezia» delako Azurmendiri eskainitako zenbakiarekin jasotzea. Zenbakia posible egin zuen komunitate osoarentzat ere izan dituzte esker oneko hitzak, «fin-fin» erantzun baitzion egindako enkarguari. Era berean, meritua Joxe Azurmendirena ere badela nabarmendu dute, «haren praktikak eta pentsamenduak berez irekitzen dituelako elkarrizketa bideak».

Uztailaren 1ean utzi gintuen Joxe Azurmendik, eta, aitortza modura, inoizko Jakin jendetsuena argitaratu genuen udazkenean. Zenbaki bikoitz mardulean euskal kulturako ia ehun lagunek hartu zuten parte, Joxe Azurmendiren bizitza, obra eta pentsamenduari buruz hitzez, bertsoz zein irudi bitartez ekarpena eginez.

Argia Sarietan adierazi dutenez, «kritika bultzatu eta galderak eta galderak egin zituen beti Joxe Azurmendik. Esaten zuen erantzunak beti zirela inportanteak, baina inportanteagoa zela jakitea zein den unean uneko galdera. Eta bazioen ere zubiak eraiki behar zirela, eta horretarako, gazteei ere entzun behar zitzaiela. Eztabaida sustatu eta jakintza goratzea izan zuen xede Azurmendik». Hori da, hain zuzen, Jakini aitortu diotena.

Hemen duzue Haritz Azurmendi Jakineko kideak egindako hitzartzea:

«Ezer baino lehen eskerrik asko Argiari, nola ez. Eskerrik asko Jakineko kide guztien izenean, hemen gaudenon partez eta gainerako lankideen partez ere bai. Lorea Agirre zuzendaria kanpoan da eta ezin izan du etorri, baina bere hitzak ekartzen ditugu hona, talde osoarenak ere badira eta: Jakinentzat aitortza garrantzitsua dela sari hau, eta berezia dela Joxe Azurmendiri eskaini diogun zenbaki honekin jaso izana, guretzat ere zenbaki berezia delako, esanguratsua eta zentzuz betea, Jakinek eta Euskal Herriak dion esker ona hor mamitu nahi izan dugulako.

Eskerrak baita ere, topikoa berrizkatuz, zenbakia posible egin duzuen guztiei. Bereziki aipatu nahi ditut ia ehun kulturgile horiek, eman genien enkargua ez zelako edonolakoa. Hiltzeko egun guztiak izango dira berdin onak edo txarrak, baina horrelako omenaldi zenbaki baterako uztail-abuztua garai onena ez dela konturatu ginen ederki. Eta hala ere fin-fin erantzun zioten denek enbaxadari, testu laburregietan irakurtzea merezi duten gauza asko sartuta. Azurmendirenganainoko zubi-lana egitearen meritua beraiena da neurri batean. Eta Joxerena berea ere bai, neurri berean, haren praktikak eta pentsamenduak berez irekitzen dituelako elkarrizketa bideak.

Jakinek, izatekotan, Joxeren ondarea, kulturgileak eta irakurleak elkartzeko plaza jarri du, batera pentsatzekoa. Intuizio jakin batetik, jarri ere: erreferenteen transmisioa ez dela gertatzen, gertarazi egiten dela; eta horretarako, jendeari lekua egin behar zaiola plaza horretan, ahotsa eman.

Esan beharrik ez dago gu ere oso pozik geratu garela plaza horrekin: erakusten du, eztabaidak eztabaida eta diferentziak diferentzia, badauzkagula helduleku partekatu batzuk gure auziak pentsatzeko. Desados ere guretik egoteko, hala tokatzen bada. Lehendik ere itxura ederra zeukan plazak, eta orain gainera sari bat daukagu han erdian jartzeko».

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan