2016-11-09 Bloga
Amerikako Estatu Batuetako lehendakaritzarako hauteskundeak azken txanpan sartu dira, inkesta zenbaiten emaitzak Trump hautagaia garaile erakusten ari diren bitartean. Haren aholkulari taldea ia osorik aldatu ostean, ez dirudi milioidunaren estrategia gehiegi aldatu denik: Peña Mexikoko lehendakariak gonbidaturik, paternalismoz aritu zen Trump jauna, irain hutsen mugatik gertu. Gero, Arizona estatuan, Mexikoren eta Amerikako Estatu Batuen arteko horma erraldoiaren egitasmoa aurrera eramateko borondatea berretsi zuen, Mexikoko herriak ordainduko zuela zehaztuz. Bertzaldetik, Clinton andrearen iraganeko kontuak azalarazten ari da, Obamaren lehen agintaldian Kanpo Harremanetarako idazkaria izan zen garaietatik bereziki: AEBek Libian zuten egoitza diplomatikoari egindako erasoan izandako hilketak edo bere sakelako telefono pribatutik bidalitako mezu konfidentzialak, bertzeak bertze. Clinton andreak dituen Washingtongo eta Wall Streeteko loturak haizatzeko edozein gauza erabiltzen ari da hautagai errepublikanoaren taldea, benetako hautagai herrikoia bera dela ziurtatzeko, burokraziaz eta gezurrez tindatutako andre politikari profesional hura baino askoz zuzen eta gardenagoa izanda… Zakarra eta xarmanta aldi berean, Ronald Reagan berri bat ote?
Egia da AEBetako egoera ekonomikoa ez dela hemendik batzuek erakutsi nahi duten bezain zerutiarra. Langabezia tasa %5etik jaitsi bada ere, soldaten hazkundea aurreikusitakoa baino askoz txikiagoa izaten ari da, hazkunde ekonomikoa apalduz. Gainera, urteko inflazioa %2ra iritsi ez denez, zaila zaio Janet Yellen Erreserba Federaleko Bankuaren buruzagiari aspalditik nahi duen interes tasaren igotzeari ekitea, berreskuratze ekonomikoa kaltetuko duelakoan. Bertzaldetik, 2000. urtetik aurrera, oraindik munduko herri ekonomikoki handiena den horretan barne, desberdintasun ekonomikoak nabarmen harrotu dira: urtean diru sarrera gehien irabazten duen biztanleriaren %1 Barne Produktu Gordinaren ia %20 bereganatzen ari da; eta ondare ekonomiko osoaren erdia, mota guztietako jabetzak nahasturik, biztanleriaren %3ren eskuetan dago. Dagoeneko, Obama lehendakariaren ekonomia aholkulariek prestatutako txosten batean, 2016ko Economic Report of the President, ‘gehiegizko’ desberdintasun ekonomikoen ondorio txarrak salatu dituzte, bizitzan zehar aurrera egiteko familia pobreen haurren desabantailak azpimarratuz. Ingurumari hartan, erne ibili beharko dute bi hautagaiek, iragarri diren haien arteko ezbai publikoak hautesleen nahiak zehazteko erabakigarriak izan baitaitezke. Arlo honetan, Clinton andrea hautagai desatsegintzat jo dute inkestetan; haren irudi publikoa establishment politiko eta finantzarioekin loturik izateaz gain, pertsonalki hotza eta harroputza agertzen dela diote. Jakitekoa da Obama lehendakariaren babesa nahikoa izanen zaion Clintoni lehenbiziko lehendakari andrea izateko. Israel gobernu sionistari berriki onartutako hamar urterako 38 mila milioi dolarreko laguntza militarrak baietz dioelakoan gaude.