Larunbata, Igandea, 2024ko uztailak 27
Gora joan
Menua
2016-03-04

Kristianek Etxaluz Etxegarai kultur eta politika ekintzailearen bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetariak egin dion elkarrizketak: haurtzaroa Domintxainen; ikasketak herrian eta Baionan, Bordelen eta Tolosan; euskaldun kontzientzia hartzea nerabezaroan; Hegoaldeko lehen errefuxiatuekin harremanak; Enbata mugimenduan eta ETAn parte hartzea, formakuntza politikoa eta lehenengo atxiloaldia 1965ean; aktore ibilbidea antzerkian, 1960ko hamarkadako lehen antzezlanetatik gaur egun arte; zientzia biologiko eta kazetaritzako unibertsitate ikasketak Parisen; borroka politiko, borroka armatu eta borroka feministarekiko konpromisoak eta gorabeherak; baserriko lanak eta Aski erakunde klandestinoaren fronte kulturaleko jarduna; 1978tik aurrera euskal errefuxiatuen aldeko lana Ekinen; Alfonso Etxegarai errefuxiatu eta deportatuarekin elkarbizitza Sao Tome eta Euskal Herriaren artean; torturatuak artatzeko Abegi Fundazioaren egitasmoa...

2016-01-14

 

Bukatu berri den urtearen kultur balantzea jasotzen du Jakinen zenbaki berriak. Bi artikulu nagusi ditu aldizkariak: Danele Sarriugarteren 'Euskal kultura hil da, biba euskal kultura!' eta Hedoi Etxarteren 'Paris ere munduan dago'. Biak ala biak disekzio fina egiten diote, urtean zehar, gurean eta guretik kanpo gertatu direnei.

Ondotik, zortzi artikulugile datoz, nor bere begiradarekin. Iñigo Astiz eta Alberto Barandiaran panorama orokorrari begira jarri ditugu, eta gainontzekoek eremu jakin bat hartu dute aztergai: Leire Palaciosek literatura, Jon Eskisabelek musika, Haizea Barcenillak artea, Josu Goikoetxeak bertsolaritza, Nora Arbelbidek antzerkia eta dantza, eta Iñaki Lazkanok zinema.

Bukatzeko, eta ekimen erabat berri gisara, H28 taldeko Zaldieroa, Asisko, Exprai eta Marko marrazkilariek 2015aren euren balantzea ere ekarri dute Jakinen orrietara. Eta, jakina, baita Unai Iturriagak ere, bere kontrazalera.

Daniel Escribano soziologoak artikulu mamitsua idatzi du euskararen eta diglosiaren gainean, haren iritzian, Euskal Herrian, diglosiaren aldeko diskurtsoa indarra hartzen ari baita, modu kezkagarrian hartu ere, euskalgintza instituzionalaren aldetik.

 

 

Joan Mari Torrealdai: "Egunkariaren debatea kulturgintzaren baitan planteatzen da, debatea politizatu geroago egiten da"

Euskarazko egunkariaren ekarpena aztergai, hizkuntzaren normalizazioa, kulturaren eta anzioaren irudikatzea, herrigintzaren ekimenetik eta hedabideen mapara

2015-12-21

Egunkariaren sorrerak merezi du tentuz ezagutzea eta aztertzea. Krisi ekonomikoko giroan, egoera politikoki polarizatu betean, erakunde publikoen laguntzarik gabe, eta are orduko Eusko Jaurlaritzaren boikot aktiboaren pean, eta biziraupenezko azpiegitura humano eta tekniko justu batekin jaio zen. Baina ez horrekin bakarrik. Kulturgintzaren bihotzean jaio zen, kulturako jendeen beharretatik sortu, eta haren babesean eta herri ekimenaren sostenguz garatu. Txanponaren bi aldeak, beste behin, Egunkariaren historian. Irauteak salbatu zuen, irauteak eta iraun bitartean euskarazko lehen egunkariaren aldeko sostengua landu eta finantziazio bideak lotzeak. Horrela gogoratzen du Joan Mari Torrealdaik. Sorrera haren testigu eta protagonista nagusi izan zen Torrealdai, eta elkarrizketa luze eta mamitsu batean, pausoz pauso kontatzen du orduko historia, egun, leku eta izen. Eta, horrekin batera, erakundetze autonomikotik gaur arte euskalgintzan eta kulturgintzan gertatu diren aldaketak eta talkak ulertzeko giltzarriak ematen ditu.

Nola irakurri eta islatu dute gatazka arteak, musikak, literaturak, zinemak, feminismoak eta akademiak?

Xabier Gantzarain, Nora Aurrekoetxea, Laura Ruiz, Josu Larrinaga, Ibon Egaña, Josu Martinez, Zuriñe Rodriguez eta Imanol Murua Uriaren artikuluak

2015-10-30

Gatazta, eta gatazkak daude. Eta horien gaineko errelatua, eta errelatuak. Borroka horretan sartu eta borroka horren islada arteak, musikak, literaturak, zinemak, feminismoak eta akademiak nola eman duten aztertu dute Xabier Gantzarain, Nora Aurrekoetxea, Laura Ruiz, Josu Larrinaga, Ibon Egaña, Josu Martinez, Zuriñe Rodriguez eta Imanol Murua Uriak zazpi artikulutan.

 

2015-09-15

Hedoi Etxartek Wagner auziaz liburua aurkeztu du, eta berori da 'Jakin Irakurgaiak' sailaren azken emaitza. Etxartek Wagnerren lan artistikoaren eta pentsamenduaren berri emanez, eta geureganaino iritsi den konpositore alemaniarraren gaineko auzi politiko, kultural eta artistikoa zertan den azalduz, sarrera mamitsua egin dio liburuari. Ondotik, Wagnerren gaineko lau aditu handi eta diferenteren idatzi bana aukeratu eta itzuli ditu, eta, horrela, Robert Wangerméek musikaren soziologiatik, Catherine Clémentek generoarenetik, Slavoj Zizekek politikaren aldetik eta Alain Badiouk filosofiatik Wagnerren gainean idatzitako testuekin osatu du liburua.