Larunbata, Igandea, 2024ko uztailak 27
Gora joan
Menua
2014-05-16

Jakinek zuzendaritza berria du gaurdanik. Atzo, Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean egin zen ekitaldian aurkeztu zen zuzendaritza berria, eta baita Lorea Agirre zuzendari berria ere. Agirre kazetaria eta kulturaren eremuko ikertzailea da. Talde berrian Joan Mari Torrealdai ere izango da, azken 37 urtean Jakineko zuzendari izan dena. Horrela, talde historikoaren eta berriaren arteko lotura ez da etengo. Bi horiekin batera beste hamabi lagun ariko da, euskal kulturaren baitan aski ezagunak denak ere. Literatura, komunikazioa, antropologia, bertsolaritza, filosofia, sorkuntza, soziologia eta artearen eremuko adituak dira, eta horregatik Jakin Talde berriaren ezaugarria da askotarikoa eta aberatsa izatea.

 

2014-05-14

Zenbaki berezia da benetan honako hau: 60ko hamarkadatik hona aldizkaria zuzendu duen Jakin Talde historikoak lekukoa utzi dio zuzendaritza talde berri bati. Aldaketa bai, baina, batez ere, jarraipena: Jakinen egitasmoaren betidaniko oinarri, xede eta irizpideei helduko die hamalau lagunek osatutako Kontseilu Editorial berriak. Gure iritziz saileko bi editorialetan argi azaltzen denez, ‘iraganetik etorkizunera’ daraman urratsa egitera goaz, beti ere ‘Jakinen lezioa’ gogoan.

 

 

2014-05-08

Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai hartu ditu Martin Garitano diputatu nagusiak eta Aldundiaren esker ona adierazi die euskal kulturaren alde Jakinen bitartez egindako lanarengatik. Garitanoz gain, Ikerne Badiola Kultura, Kirol eta Gazteria diputatua, Zigor Etxeburua Euskara zuzendaria eta Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendaria ere izan dira harrera ekitaldian.

2014-03-12

Agustin Arrieta Urtizberearen Arimak eta balioak liburua (Jakin Irakurgaiak 45) aurkeztu berri du Jakinek Koldo Mitxelena Kulturunean.
Jende askoren ikuspegian, arimek eta balio etikoek izaera berezia dute, eta zientziak eta filosofiak ez lukete zeregin handirik kontu horiek jorratzerakoan. Erlijioak, aldiz, erantzunak ematen zituen eta ematen ditu, baina erantzun horiek askotan talka egiten dute gainerako gauzei buruzko ikuskera naturalarekin. Zentzu horretan, liburu hau arimak eta balio etikoak modu natural batean ulertzeko saialdi bat da.