Larunbata, Igandea, 2024ko uztailak 27
Gora joan
Menua

J. Artze: "Norbera den bezala agertzea eta berea duen hori agertzea da gizarteari egin diezaiokeen mesederik handiena"

Joxan Artze sortzailea eta txalapartaria hil da. Jakinen esandakoak ekarri ditugu gogora.

2018-01-12

Joxan Artze, iturri zaharretik ur berria isurtzen jardun duen poeta, txalapartaria eta Ez Dok Amairuko sortzailea hil da (Usurbil, 1939 - ib. 2018). Tradizioa eta esperimentazioa uztartzen aitzindari, 1977an Jakinen esandakoek agerian uzten dute Artzeren emari oparoa. Hitz horiek jaso nahi izan ditugu eskertza gisa.

Jakin 223: Euskal kultura 2017

Urteko balantzea egiteko 10 artikulugileren gogoetak jaso ditu Jakinek

2018-01-08

2017ak eman duenak balio du hasi berri dugun urteari begiratzeko. Erronkak zehazteko. Horregatik, euskal kulturaren urteko balantzea egiteko eskatu die Jakinek Olatz Beobide​, Miren Rubio, Itziar Ugarte Irizar​, Jon Eskisabel​, Kattalin Miner​, Galder Perez​, Iratxe Retolaza, Maialen Goñi​ eta Xabier Landabideari. Gainera, urtea irudietara ere ekarri dute Adur, Aritz Irigoien, Axpi Ilustrazioa​, Exprai​, Diego Pallés eta Patxi Gallego marrazkilariek.

LUHUSO: ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna

Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai, Beatrice Molle eta Michel Tubiana, Frederique Espagnac, Max Brisson, Jakes Bortairu, Joseba Aurrekoetxea, Rufi Etxeberria, Ram Manikkalingam, David Pla... daude elkarrizketatuen artean

2017-12-04

Aietetik Baionarako kontakizuna egin du Enekoitz Esnaola kazetariak Aleka bildumaren Luhuso, ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburu berrirako, mugarriz mugarri. Euskal gatazkan bakegintzarako mugarri izan baitzen Aiete: jarduera armatua utzi zuen ETAk. Luhuso ere izan zen gogoangarri: haren armagabetzearen lehen ekinaldia izan zen. Eta hurrengo mugarria, Baiona: guztiz desarmatu zela iragarri zuen ETAk, 2017ko apirilaren 8an; Aieteko bake konferentziatik bost urte eta erdira. Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera ikusita, eta saioak saio, ETAk azkenerako gizarte zibilari eman zion armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa, eta, lan kolektibo eta iraunkor bat eginez –batik bat, Ipar Euskal Herrian–, Frantziarekin hitzartu zen. «Armagabetzearen euskal eredua», deitu diote.

Bide horretan lekuko nahiz kide izan ziren herritarrak eta adituak elkarrizketatu ditu Esnaolak, Aietetik Baionarako bidea urratzeko. Elkarrizketatuen artean daude Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Stephane Etxegarai, Beatrice Molle eta Michel Tubiana bakegileak; alderdi politikoetatik PSko Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux, LRko Max Brisson, EH Baiko Jakes Bortairu, EAJko Joseba Aurrekoetxea eta Sortuko Rufi Etxeberria; erakundeetatik Ram Manikkalingam NEBeko ordezkaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusia; eta David Pla Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea, besteak beste. Baina, kontakizunetik haratago, ikerketa lana ere bada liburua, orain arte kontatu gabekoak ere jasotzen dituelako protagonisten eta adituen ahotsean.

'Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' ikastaroa urtarriletik aurrera

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egingo da 2018ko urtarriletik maiatzera. Itxaron zerrenda zabalik da.

2017-11-19

UEU, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea eta Jakin elkar hartuta datoz ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroa eskaintzeko. 2018ko urtarriletik maiatza bitarte Mari Luz Esteban, Amelia Barquín, Miren Artetxe, Aizpea Otaegi, Jaime Altuna, Ane Labaka, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre pasako dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxetik.

Joseba Intxausti historialari eta jakinlariaren obra osoa sarean

Egilearen 504 dokumentu digitalizatu, eta sareko atarian ipini ditu denon eskura Jakinek

2017-11-15

Joseba Intxaustiren obra osoa digitalizatu du Jakinek: sei hamarkadez argitaratutako egilearen 504 dokumentu. Aitzindaria izan da euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, eta baita euskararen terminologiaren arloan ere. Esaterako, oso gazte zela eta Jakin sortu berritik garbizalekeriari aurre egitera ausartu zen, eta UZEIren sorrera bultzatu eta zuzendu zuen. Jakin aldizkariaren zuzendaria izan zen 50ko hamarkada bukaeran. Bere lan guztiak eta berari egindako elkarrizketa luzea duzue hemen.