Gora joan
Menua

56ko belaunaldiaren bidetik egungo lokatzak astintzen

2024-07-29

56ko belaunaldia, Jakin taldea eta Joxe Azurmendi Udako Ikastaroaren baitan, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak eta Idurre Eskisabelek belaunaldi hark emandako eredu eta lezioak egungo erronkei begira jarri dituzte, feminismoarekin elkarrizketan.

Belaunaldi haren ekarpen asko oraindik baliagarri direla azpimarratu dute Agirre eta Eskisabelek, eta "egungo borroka emantzipatzaileei lur ongarritu bat" eman zietela gogoratu du Agirrek. Egungo lau auzi hautatu dituzte sakontzeko: itxaropenik eza, herri hizkuntza eta nazio auziaren lurmentzea, krisi sistemikoa eta erresistentzia eta jarrera erreakzionarioak. 56ko belaunaldia deituak itxaropenik gabeko mundura sortu zirela azaldu dute, eta euskara justizia sozialari lotzen asmatu zutela, hizkuntza arrazaren tokian jarriz oinarri epistemologikoa astindu zuten bezala. Angela Davisen adierazpenak gogoratu ditu Eskisabelek, esperantza lantzea diziplina gisa ulertuz ekin zutelako belaunaldi hartan ere, hizkuntza botere harreman sare batean kokatuz eta euskalgintza gizagintzatzat berrirakurriz. Bestetik, gure minak izendatzeko hitzak falta zaizkigula azaldu du Agirrek, eta Eskisabelek adibidetzat agertu du feminismoak zenbait min izendatu ahala horiek salatzeko eta lantzeko esparru oso bat ekarri duela. Krisi sistemikoari lotuta, intersekzionalitatetik ohartarazi dute munduko dinamikak komunitate menperatuen aurka ditugula, baina komunitate horiek direla munduaren alde dauzkagun tresna baliotsuak. Azkenik, jarrera erreakzionarioak jomuga dituzten horiek batuz gero sor litekeen erresistentzia korrontea irudikatu dute, itxaropena praktikatuz.

Jarraian, Paulo Agirrebaltzategi Jakineko sortzaileak eta Paulo Iztuetak lehen pertsonan eman duten belaunaldi horren lekukotza. Agirrebaltzategi Jakin aldizkaria "komunitate euskaltzalearen oinarri garrantzitsu" bilakatu zela gogoratu du, euskara batua praktikara eramaten lehena izan zela nabarmenduz.

Haritz Azurmendi Jakineko kideak eta Joxe Azurmendiren obran adituak zehamarraren pentsamendua egungo erronkei begira jarri du, Andoni Olariagarekin.

Ikastaro osoan gogoan izan dituzte, besteak beste, Txillardegi eta Joseba Intxausti. Ikastaroak belaunaldi hari aitortza egiteaz gain etorkizunera begira jarri du haien ekarpena, gaurkotasuna izaten jarraitzen duela frogatuz.