20 idazle eta artista kulturak eman duenari begira

2020-01-13 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/p5X9apAWKis

Berri Txarrak taldearen agurra izan da 2019ko kultur mugarrietako bat. Horregatik, Gorka Urbizu Ruiz taldeko musikariaren gogoetak jaso nahi izan ditu Jakinek urteak kultur esparruan eman duena aztertzeko osatu duen zenbaki berezian. «Urte luzeotan, bere musikaz gainera, euskarazko kultura egiteko modu bat, ulertzeko modu bat eta zabaltzeko modu bat jarri ditu taldeak mahai gainean», dio Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. «Modu horren emaitza bistakoa da, baina talkak ere izan dira. Urbizuk berak egin digu egiteko eta ekiteko modu horren laburpen bat, eta baita talka horien muina eta kontraesana mahairatu ere».

Peru Iparragirre idazlea eta Alberto Barandiaran Amillano eta Miren Rubio Iturria kazetariak ere gogoetan ipini ditu Jakinek, norbere hausnarketetan sakontzeko testu banarekin. Gaika banatuta, aldiz, osatu dute kultur balantzea honakoek: Eneritz Artetxe Aranaz antzerkiaz aritu da, Beñat Gaztelumendi Arandia bertsolaritzaz, Aiora Sampedro Alegria literaturaz, Leire Palacios Egiguren musikaz, Xabier Gantzarain Etxaniz arteaz, Maialen Goñi Balentziaga zinemaz eta Libe Mimenza Castillo komunikazioaz.

Kultur urteak emandakoa ekarri dute baita irudietara ere Antton Olariagak, Diego Pallések, Eider Eibar Zugazabeitiak, Arrate Rodriguez Martinek, Joseviskyk, Loinaz Lekuona Izagirrek, Nerea Unanue Otxoantezanak eta Txakur Gorriak.

Azkenik, Joan Mari Torrealdai soziologo eta Jakin Fundazioko lehendakariak euskal liburugintzaren azterketarekin aurrera jarraitu du, eta oraingoan, 2017ko argazkia laburbildu du.
 

‘Okeyish’
Gorka Urbizu Ruiz

«Talde bat sortzea botila batean mezu bat sartu eta itsasora botatzea da». Berri Txarrak taldearen botilaren ibilbideaz hausartu du Gorka Urbizu Ruiz musikariak artikuluan, bere gabezia, hautu, anbizio, ikaspen eta minez aritzeko. Euskal musikari profesionalizatua izateko bidea malkarra baita. «Hemen bi gurpiltxo gehigarriak sekula kendu gabe bizikletan ibiltzea da ohikoena. Horietaz libratu eta sorkuntzatik bizitzeko hautua egitea ez da prentsa onekoa, batez ere zure asmoa gauzatzea lortzen baduzu». Euskararekiko kezkak ere zeharkatzen du testua, besteak beste. «Entzule aktiboak behar ditu gure hizkuntzak eta horretarako denetarik behar dugu: ertza eta ertza ez dena». Euskaraz kantatzeak kokatu baitu munduan Urbizu. «Uste dut euskaraz abesteak munduan kokatu eta katebegi bihurtzen zaituela». Kokapen horretatik ezagututako nazioarteko ekoizle zein bestelako musikari eta kritikariei buruzko gogoetekin osatu du ibilbidea Urbizuk, musikari profesioaz jarduteko.

 

Euskararen inposizioa, fikzioaren egiak eta Euskal Herriaren agonia
Alberto Barandiaran Amillano, Miren Rubio Iturria, Peru Iparragirre

«Inoiz baino handiagoa da euskararen sustapenaren kontrako jarrera». Alberto Barandiaran Amillano kazetariak kezkaz begiratzen dio Nafarroako euskararen egoerari kultur balantzerako librean idatzi duen testuan. Euskararen plazaz eta sareez ere hausnartzen du.

Fikzioaren egiez eta hegiaz dihardu, aldiz, Miren Rubio Iturria kazetariak. «Egia bat fikziora ekartzea baino egiagorik ez baita maiz». Zer kontatu, nondik, norentzat, nola, zertarako. Horiek izan dira bere testu librearen ardatzak.

Fikziotik Euskal Herriari eta euskarari nola begiratu zaion ere aztertu du Peru Iparragirre idazleak, besteak beste, Arestiren Euskal Herriari helduz. Guztia, bizi izan eta bizi ditugun min, ezin eta etenak azaleratzeko. «Auzia ez baita sufrimenduak neurtzea, baizik eta guztiak ezagutaraztea sendatzen ahalegintzeko, etorkizunera begira zerbait ikasteko, hazteko».

 

Kulturari begira, norberetik: Eneritz Artetxe Aranaz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Aiora Sampedro Alegria, Leire Palacios Egiguren, Xabier Gantzarain Etxaniz, Maialen Goñi Balentziaga, Libe Mimenza Castillo

Arte eszenikoez

Euskarazko antzerkia badoa aurrera. Hala dio Eneritz Artetxe Aranaz aktoreak: «euskal antzerkia sostengatzen duen pentsamendua eta haren gaineko irudia gutxika-gutxika sakontzen eta zabaltzen ari direla dirudi». Aurrerapauso bat baino gehiago eman dira aurten zentzu horretan. «Hezkuntza eta antzerkiaren arteko lotura jorratzea, sortzaileei antzoki eta sormen guneen erabilera erraztea, sortzaileen eta jendartearen arteko harremana ahalbidetzea… hori guztia da aurton martxan jartzen hasten ikusi dena». Baina bada oraindik langarik, esaterako: «Emakumezkoen lanen gainean dauden aurreiritziek izugarrizko pisua dute oraindik gaur egun antzerki sorkuntzan». Pauso eta atzerapauso horien gakoak aletu ditu Artetxek.

Bertsolaritzaz

80ko hamarkadan Xabier Amurizak atzeman zituen hiru korapiloei heldu die Beñat Gaztelumendi Arandia bertsolariak: bertsolari izateko (ustezko) berezko dohaien korapiloari, euskaldun berrien korapiloari eta emakume bertsolarienari. Ez baitira guztiak askatu, Gaztelumendiren hitzetan. Uxue Alberdi sortzailearen Kontrako eztarritik saiakerak utzi du hori agerian, dioenez. Izan ere, «gaur egun bertsolaritza zer den ulertzeko ezinbesteko lan-tresna» da liburua. Gainera, gazte belaunaldien txertaketaren artikulazioari ere heldu behar zaiolakoan da. Horren aurrean, Gaztelumendirentzat elkarlana da gakoa, «bertsotan aritzea ariketa kolaboratiboa baita».

Literaturaz

Euskal literaturaren kanonaz hausnartu du Aiora Sampedro Alegria irakasle eta literatur kritikariak, bi esparru hauetan arreta paratuz: instituzioetan eta hezkuntzan. Izan ere, «literatura subalternoa da gurea, usu idaztearen prekaritatetik bizitzeko ere ematen ez duena». Horregatik, «testuen ekoizpena bideratzen duten elementuetan hartzaileen eta instituzioaren ekarpena garrantzitsua» da, baita kanona eratzerakoan ere, eta «erakundeen erantzukizun eta esku behar du baldintza materialen hobekuntzak». Era berean, «irakurketa plan estrategiko» bat behar dela dio, bestela ikasleak nekez trebatuko dira kanonikotzat ditugun euskal literatur sorkuntzetan.

Musikaz

Kontsumo digitalak bultzatutako musikaren aro baten amaieran gaudela dio Leire Palacios Egiguren kazetariak. Aldaketa digital horren ondorio da «maketinaren eztanda», esaterako. Baina badira gehiago: joera elektronikoa ugaritu da 2019ko euskal musikarien uzta oparoan. «Asko dira musika organikoa itzulbiratu eta ukitu sintetikoa gehitu diotenak». Agur esateko urtea ere izan da 2019a musikaren esparruan: Iñigo Muguruza musikariari, Hertzainak, Rural Zombies eta Berri Txarrak taldeei, Jazzpana eta Usopop jaialdiei… Joandakoari eta datorrenari begira osatu du argazkia Palaciosek.

Arteaz

«Inork ez du hitz egiten arteaz», dio Xabier Gantzarain Etxaniz arte adituak. «Artea desagertu egin da; ez dugu gehiago behar, antza». Paradoxikoa zaio egoera. Izan ere, Guggenheim efektuaren ondorioz inoiz baino gehiago gurtzen da ‘artea’. «Artearen luxua da gustatzen zaiguna, berniz cool hori, garena baino ederrago egiten gaituen halako patina bat». Guggenheimaren moduko proiektu handiek irensten dute erakundeen dirua, eta papurrak utzi artistentzat, dioenez. Sariketek ere artistari baino ematen dituen erakundeari egiten diote mesede. Horregatik, artegintzaren markoari erreparatu behar zaiola dio Gantzarainek: «Marko bat ezartzen du sistemak, eta hori bera da lehen esku-sartzea, gero horren barruan mugitu behar baitu  batek, terminologia batekin, diskurtso batekin, norberak eraikitzen duela sinistuta gainera, askotan, berez erabat ezarritako pentsamoldea denean».

Zinemaz

Aupa Etxebeste! filmaz geroztik euskal pelikulen ekoizpenak gora egin duela oroitarazi du Maialen Goñi Balentziaga Zinea.eus atariko kideak, eta lortutako arrakasta eta kalitateari esker, «gizarteak (zentzurik zabalenean) beste ikuspuntu batetik hautematen du bertako profesionalen lana». Hain justu, ikuslea aberasten eta zinemaren «esperientzia kolektiboa» sustatzen zineklubek egiten duten lana ere gogorarazi du Goñik, iaz hasi eta irauten duen bikoiztaile euskaldunen greba ahaztu gabe.

Hedabideez

Irauli da merkatua, dio Libe Mimenza Castillo komunikazio ikerlariak: «2019a historiara pasako da Interneten garaipen urte bezala, komunikabideetako plataformen arteko lehen postua kendu baitio sareak telebistari lehenengoz». Euskarazko ikus-entzunezkoek ere aldaketara egokitu behar dutela ohartarazi du Mimenzak. Badaude saio esanguratsuak: 2deo laborategia, websailak, Egunean Behin app-jokoa… Baina: «ekimen paraleloak hor daude, bai; non da epe luzerako estrategia? Laborategien laborategia behar du herri honetako euskarazko komunikazioak». [Entzun Euskadi Irratian artikuluaz egindako elkarrizketa: hemen]

‘Euskal liburugintza 2017’
Joan Mari Torrealdai

Urteak joan eta urteak etorri, errealitate berarekin topo egiten dugula ziurtatu du Joan Mari Torrealdai soziologo eta Jakin Fundazioko lehendakariak. Hau da, Euskal Herrian erabiltzen diren euskarazko testuliburu gehienek «curriculum espainola daukatela muinean». 2017ko euskarazko liburuen ekoizpenaren azterketaren ondorioetako bat da. «Argitaletxe espainiarrak, ikusten denez, ez dira konformatzen gehiengoarekin. Tarta osoa nahi dute». Bestelako ondorioak ere utzi ditu azterketak, esaterako: «diglosikoak ez bagina, liburu sail batzuk, hala nola giza eta gizartegintzakoak, askoz ere ugariago eta zabalduagoak lirateke». Azterketak utzitako argazkiaren laburpena jaso du artikuluan. Datu guztiak xeheki ere kontsultatu litezke Jakinen sareko Liburu Behatokian.

Euskal kultura iruditan
Antton Olariaga, Diego Pallés, Eider Eibar Zugazabeitia, Arrate Rodriguez Martin, Josevisky, Loinaz Lekuona Izagirre, Nerea Unanue Otxantezana, Txakur Gorria

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan