2025-06-06 Albisteak

Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen da aurtengo Jakin Jardunaldiaren izenburua eta gaia. Ekainaren 19 eta 20an izango da, ohi bezala Udako Euskal Unibertsitateak, Usurbilgo Udalak eta Jakinek lankidetzan antolatua. Aurten, gainera, HUHEZI eta OlatuKoopekin kolaborazioan osatu da edukia.
Irati Iciar Udako Euskal Unibertsitateko ordezkariak lankidetzaren aldeko apustua berretsi du, udako ikastaroak aurrez aurreko harremanak sendotzeko erabili eta komunitatearen topagune bilakatzeak dakarren balioaz gain.
Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak pozez hartu du urteroko hitzordua, herrian horrelako gogoetagune bat zabaltzea “luxu bat” dela aitortuz eta aurtengo gaiak uneko erronka askori erantzuteko behar ditugun errezeta berriak bilatzeko gakoak eman ditzakeela uste du.
”Zorionez, Euskal Herrian elkarlan publiko-komunitarioak ari dira loratzen, egiteko modu berriak dakartzatenak eta eraldatzaileak direnak bere jatorritik” adierazi du Solaberrietak. Horrenbestez, Udal bezala gai horrekiko dituzten korapiloei ere askabideak topatzeko gogoz hartuko du ikastaroa.
Haritz Azurmendi Jakineko kideak urteroko lankidetza aberatsari aurten batutako bi eragile erantsi dizkio aurtengo gaiari lotuta: Olatukoop eta Huheziko Lanki. Zer eskain dezake kooperatibismoak, gaur egungo Euskal Herrian, gizarteko harremanak merkantilizaziotik harago egituratzeko bidean? Zer ekarpen auzoetako, herrietako, lurraldeetako ekonomiak herritarren beharrei erantzuteko moduan antolatzerakoan? Horrixe erantzuteko egitarau oparoa eta eztabaidarako gunea dakartza aurtengo Jakin Jardunaldiak.
Norabide horretan, aurten nobedadea izango da esperientzia kooperatiboen proiektuak ezagutu ahal izateko eta trukerako zabalduko den azoka. Azurmendik azaldu bezala, “kooperatibetako kideak elkartzeko bakarrik ez, gainerako herritarrentzat ere aukera ederra izango da azoka, ideiak hartu eta eredu desberdinetatik ikasteko”.
Ikusi egitaraua
Izena eman