Jakin 221-222: ‘Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean’

2017-11-02 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/oXg5a5CZdRM

‘Euskara, generoa, klasea eta jatorria gurutzatzen diren lekua’ jardunaldian ahoz gora pentsatutakoa dakar paperera Jakin aldizkariaren 221-222 zenbaki bikoitzak. Jardunaldi horiek Usurbilen egin ziren uztailaren 13 eta 14an UEU eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, eta 11 hizlari aritu ziren lau tasun horien arteko harremanaz gogoetan, elkarguneko feminismoaren pentsamendu eta praktikatik abiatuta. Izan ere, «hizkuntzen arteko harremana, klase sozialen artekoa, generoen artekoa eta migrazioaren baitakoak bizikidetzaren jokalekuan jokatzen dira, eta horien nolakotasunak herria egiteko geure moduez zerbait esaten digu», Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariaren hitzetan.

Pentsamendua eta praktika, beraz. Hala aritu ziren hizlariak, norbere jakintza eta esperientziatik. Eta horietatik lauri, espresuki, antropologian ‘bizi ibilbidea’ deitzen zaion norberaren esperientziaren eta ikuspegiaren kontakizuna egitea eskatu zitzaien. Lekukotasun horiek ere jaso nahi izan ditugu aldizkarian, beste sei artikulurekin batera.


 

Gorputzen elkargunea, bizi dugun lurraldea

Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel (Kazetaria eta Jakineko zuzendaria / Kazetaria eta EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea)

Pertsonek gizartean duten kokaleku nahiz aukerak aztertzeko tresna da elkarguneko feminismoa, eta identitate kolektiboak eta herrigintza eraikitzeko moduak aztertzeko aparteko begirada eskaintzen du: hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria, «lau ezaugarri identitario horiek, gorputz indibidual eta kolektibo berean bizi baitira, elkar bizitzen eta ukitzen», diote artikulugileek. Batak bestea sakontzen, batak bestea ahalduntzen. Euskara, esaterako, menpekotasunerako nahiz ahalduntze politikorako hizkuntza da horregatik: «Subjektu politiko izateko bidea da, euskararen borrokarekin eskubide demokratikoen borroka bat egitea delako». Hizkuntzak nola, genero, klase eta jatorriak ere eraman gaitzake erdigunetik bazterrera, eta alderantziz. Batzuetan menderatzaile, besteetan menperatu. Tasun horien arteko harremanetan ere badaudelako botere sareak. Are, kapitalismoak amaraundutako gizartean. Horregatik, «horien guztien arteko ahalik eta trukerik justuena egitea da kontua, beti ere marra gorriak aurrez adostu eta markatu eta gero». Eta, horretarako, begiradaren zentroa aldatzean dago gakoa, erdigunetik bazterrera: «Hemen eta gaur gure herrigintza hortik pasatu behar da. Zentrotik pasatzeari utzi behar diogu, zentro linguistiko eta patriarkaletik. Bi horietatik, baina baita jatorritik eta klasetik ere, gutxien-gutxienez. Horien zentroan jarri behar gara».


 

Ikuspegi feminista maketoa eta euskaltzalea herritartasun berri baten alde

Mari Luz Esteban (EHUko Gizarte Antropologiako irakaslea)

Euskal gizartean «herritartasun berri bati bide emateko» ikuspegi feminista berritzearen alde egin behar dela uste du Mari Luz Estebanek. Feminismoaren baitan izandako ildo ezberdinen kontu ematen du horretarako artikuluan, Euskal Herrikoari autokritika eginez: «Euskal feminismoak, bere osotasunean harturik eta azken berrogei urteetan egin duen ibilbidea begiratuta, aintzat hartu dituen menderakuntza-faktorerik ahulenak hizkuntza klasea eta etnia-arraza lirateke, nire ustez». Euskara orain gutxi arte ez delako modu egokian txertatu pentsamendu feministan, dio, eta, klasearen kasuan, «umezurtz» utzi dituelako sarri feminismoak «enpleguaren beheko postuetan eta gizarte ertzetan kokatutako emakumeak». Horren aurrean, herritartasunaren gaiari heldu eta teoria dekolonialak gurera ekartzea proposatzen du Estebanek, ikuspegi feminista berritzeko eta mugimendu herritarren arteko aliantzak sustatzeko. Alegia, herritartasun berri baterako atea zabaltzeko.


 

Klase sozialei buruzko zenbait ohar historiko: Marxek irekitako bidea

Ignazio Aiestaran (EHUko Filosofia Saileko irakaslea eta idazlea)

Klase sozialei lotutako lau auzi landu ditu artikuluan Aiestaranek, eta horretarako autoreak elkarrizketan ipini ditu. Esaterako, sozialismoaren, klasearen eta nazioaren inguruko eztabaidari heltzeko Rikardo Arregi eta Txillardegik Jakinen izandako eztabaida ekarri du gogora. Ondoren, Sartre eta Marx aitzakiatzat hartu ditu kolonialismotik eta nazio-borrokatik klaseaz aritzeko, elkarren arteko talkez. Gertukoagoa dugu, berriz, Joseba Sarrionandia eta Joxe Azurmendik planteatzen duten auzia: klasearen ideiaren ezabaketa ezkerreko alderdi eta mugimenduetan. «Ezkerrak klasearen ardatza galdu duenean, aukera gutxi dauzka benetako politika ezkertiarra egiteko. Klaserik gabe ez dago modurik nazioa eraikitzeko ezkerretik, kapitalismo basatiaren garai honetan», dio artikulugileak bi autoreen analisien ondorio gisa. Azkenik, elkarguneko feminismotik heldu dio klaseari. Angela Davis eta Glefas taldeaz baliatzen da kapitalismoak eta postkolonialismoak ezartzen duten markoa kontuan hartzearen garrantziaz hitz egiteko. Beraz, klasearekin korapilatutako lau auzi proposatzen ditu zortzi begiradetatik jorratuta.


 

Deszentratzen duten hizkuntzak

María Reimóndez (Idazlea, itzultzailea eta aktibista feminista)

«Hegemonikoak ez diren hizkuntzak besteak baino ‘ezgaiagoak’ direla dioen diskurtsoa falazia hutsa da», dio Reimondezek. Gezur hori papurtzen saiatzen da artikuluan, kapitalismoaren, patriarkatuaren eta kolonialismoaren zerbitzura dagoen diskurtsoa baita hizkuntza ez hegemonikoena. «Askoz hobeto saltzen da, azken buruan, bi genero eta bitartekaritzarik behar ez duen hizkuntza bakar batean dagoenean». Izan ere, hiritarrak izan nahi badugu bere eskubide guztiekin edo emakume ‘finak’, galegoa baztertu beharko du galego hiztunak, esaterako. Horregatik, bere kasuan galegodun emakume kontzientzia izateak deszentratzeko aukera eman dio Reimóndezi; gurutzatzen diren zapalketa geruzak bereizteko eta elkarlotzeko begirada eskaini diolako posizio horrek, eta, era berean, beste geruza zapalduekin harremantzeko aukera: «Ongi dakit leku oso desberdinetako emakume oso desberdinekin dudan ulerkuntza sentsazioa gure hizkuntz bestetasunean sustraitzen dela». Horregatik deia: feminismo dekolonialaren ildoari jarraituz, hizkuntza ez hegemonikoen artean zubiak eraiki behar dira. «Emakume jakin batzuk bakarrik irakurtzen eta entzuten baditugu, eta leku bateko edo besteko ‘emakume aurrerapenaren’ aitzakian, diskurtso koloniala eramaten jarraitzen duten jarduerei eusten diegu». Horra galegoaren nahiz hizkuntza ez hegemonikoen balio erantsia.


 

Aliantzak, aniztasuna eta horien arteko elkarguneak

Itziar Gandarias (Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko irakaslea)

Patriarkatuak ez du berdin funtzionatzen leku eta kultura guztietan. Feminista beltz eta txikanoek agerian utzitako errealitatea izan zen hori, Itziar Gandariasek artikuluan gogoratzen duenez. Menperakuntza harremanak modu ezberdinean eraiki eta erreproduzitzen baitira, eta diferentzia horiek kontuan hartu behar dira elkarrekin aliantzak sortzeko, elkarrekin aritu ahal izateko. ‘Elkargune politikoa’ jomuga hartuta, beraz, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxan izandako esperientzia ekarri du artikulura. «Helburu nagusietako bat emakume etorkinek EMMren espazioa bereganatzea izan da, beraiena ere badela sentitzea». Horretarako ez da aski etxeko atea zabaltzea; elkar ezagutu behar dute emakumeek, norbere diferentzia eta pribilegioen kontzientzia hartu, euskaraz aritzearen alde egin eta xuxurlatzaileen itzulpenekin sareak sortu, besteak beste. «Diferentziak interpelatzen gaitu gure zentraltasunetik mugituz, eta horretan datza bere indarra eta potentziala». Diferentzietatik sortzen diren aliantzek diferentziak gainditzen dituztelako, EMMn begi-bistan geratu denez.


 

Euskara, generoa, klasea eta jatorria eskolan. Zenbait gogoeta

Amelia Barquín (Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea)

Eskola aniztasunaren nahiz desberdinkeriaren eremua da, Barquínek azpimarratzen duenez, baita generoaren, jatorriaren nahiz klasearen ikuspegitik ere. «Immigrazioak arazo berriak sortu baino, lehendik zeuden ahuleziak jarri ditu agerian». Hala nola, segregazio eta sailkapen ekonomikoarena. «Klasearen araberako ikastetxeak bazeuden etorkinak iritsi baino lehen, baina atzerritarrak hasi dira joaten klase baxuko populazioa jasotzen duten eskoletara eta ‘deigarriago’ edo ikusgarriago egin dute egoera». Hezkuntzak, ordea, klasearen auziari bizkar ematen diola salatzen du Barquínek; ikasleei etxeko lanak bidaltzerakoan, esaterako, ez baita kontuan hartzen dituen baliabideak edo laguntza. Era berean, euskararekin ere etorkinei «iruzurra» egiten ari garela iradokitzen du: «euskararen defentsaren izenean, jatorriaren aniztasuna arbuiatzen da, eta norberaren klase sozialekoekin elkartzeko estrategia bihurtzen da?». Generoaren ikuspegitik ere, errealitate horren gordintasuna agerian geratu delakoan dago, eskolaren ahalmen eta ezintasunekin, eta etorkinen –bestearen– patriarkatuan erreparatzea errazagoa dela dio gurearengan baino. «Propioa naturalizatuta dugu eta ikusezina zaigu; ezaugarri diferentzialen aurrean, besteenak oso ikusgarriak gertatzen zaizkigu». Horregatik, eskola patriarkatu ezberdinak elkartzen diren eremua ere badela oroitarazten du artikulugileak.


 

Bizi ibilbideak: lau esperientzia, lau begirada

Petra Elser, Tarana Karim, Jessica Chalampuente eta Aminata Diop Seck

Alemaniatik Euskal Herrirako etorreraren kontakizuna egin du Petra Elserrek: familia eta lan egoera uztartzearen zailtasunak edo euskaldunen komunitatean sartzeko zailtasunak azpimarratzen ditu artikuluan, besteak beste, eta horren ondorioz sortu duen Banaiz Bagara elkarteaz hitz egiten du. Bere esperientziatik, orobat, euskaldun guztiok partekatuko dugun iruditegi kolektiboaren beharra azpimarratu du.

Tarana Karimek, berriz, Azerbaijandik gurera egindako ibilbidea jaso du. Bide horretan, euskara ikasi eta seme-alabei erakusteko arrazoiez, identitateaz, norberaren kultura eta balioen transmisioaren garrantziaz, nahiz emakume musulman izatearen eragozpenez mintzo da. Horregatik, etiketetatik eta usteetatik deslotzearen beharra nabarmentzen du.

Ekuadortik Euskal Herrira etortzen den nerabearen errealitateari heldu dio Jessica Chalampuentek bere kontakizunean. Hizkuntza eta identitateari eusteko borrokaz ari da, euskararekin duen harremanaz eta talkez, eta etorkinek Euskal Herriko gizartean topatzen duten errealitateaz.

Aminata Diop Seck, aldiz, Senegaldik etorri zen. Bere bizi ibilbidearekin batera emakumeen ahalduntzea, hizkuntza talkak, norberaren kultura eta hizkuntza zaintzearen garrantzia, etorkinek euren ikasketa mailara egokitutako lana topatzearen zailtasunak eta atzerritarren legearen presioak plazaratu ditu.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan