2012-01-01 Artikuluak
Joan Mari Torrealdaik 2010. urtean euskaraz argitaratutako liburuen azterketa aurkezten du, hainbat datu eta zifrarekin batera analisia eta balorazioa ere erantsiz. Honako alderdi hauek lantzen ditu Torrealdaik: lehenik, liburu produkzioaren zifren eta iturrien fidagarritasunaren auzia; bigarrenik, argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen izaera eta aniztasuna, argitaletxe emankorrenen aipamena, eta argitalpen digitalaren datuak; hirugarrenik, argitalpenaren zenbakien inguruan, argitaratutako tituluen zifrak, nobedadeak eta berrargitalpenak, jatorrizko eta itzulitako liburuak; eta, azkenik, gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa. Kopuru nagusiak aipatzearren, 2010ean 2.023 liburu argitaratu ziren, 2009an baino 319 gutxiago. Lehen aldiz, liburu gehienak haur eta gazte literaturako liburuak izan ziren: 568 (produkzio osoaren %28); ondoren, orain arte beti ugarienak izan diren hezkuntza eta irakaskuntza arlokoak (491, %24,3), giza eta gizarte zientziei buruzkoak (387, %19) eta helduen literaturakoak (292, %14,5).