2024-06-12 Bloga
Amaiera(k)
Hein handi batean, amaierek eman ohi diote zentzua gure istorioei, eta horietan gure burua kokatzeko aukerari. Edo behintzat sinesmen horrek sostengatzen du, askorentzat, denboraren gezian aurrera jarraitzeko gaitasuna eta indarra, azken ebazpenerantz, bakea ekartzeko gai izango dena, erresoluzioa. Amaieratik hastea teknika eraginkorra da, bertsolaritzan zein argudiaketa akademikoan ikasten den bezala. Historialari eta filosofoek ohartarazi digute historia irabazleek kontatzen dutela, hau da, atzekoz aurrera sortzen dela. Kontatzearen bidean esan nahi dena transformatzen uztea, amaieraren ondorio finalaren boteretik askatuta ibiltzea, askoz gutxiagotan esploratzen dugun bidea da.
Ez da zentzugabekoa esatea istorioak antolatzeko modu horrek marka kristaua duela gure tradizioetan, edo gutxienez ongiaren eta gaizkiaren paradigma lineal bat, arau analogoekin mugitzen den printzipio antolatzailea. Banako zein osotasunarentzako, bukaerak, ondorioak, judizio forma du, eta bertan erabakiko denaren mendean gaude, horrantz egiten da bidea. Itxaropenak, amaierak salbazio itxura izango duelako sinesmenak, betiereko kondenarekiko ikararekin, txanpon beraren bi alde egiten dituzte. Historia eta istorioen amaiera azken emaitza batean ebazten bada, transformazioaren fenomenoa azken garaipen edo porrotean desegingo da, aldaketari aurre egin behar izatearekiko deskantsua. Bizitza eta mundua modu ziklikoan ulertzeko gaitasunaren gainean denbora lerro zuzen bihurtzearen operazioak amaieraren derrigorrezkotasuna sortu eta izugarrizko pisua jartzen dio gainean.
Gertaera pandemikoak, hala ere eta azalaren azpian, sakonki astindu du amaiera zoriontsu eta azkarraren beharra zuen populazioa, ‘normalitate’ deitzen diogun istorioan sortutako hausturaren handitasuna orekatzeko gai izango zena.
Egitura horrekin pentsa dezakegu ingurune bati adaptatutako banakotasuna sortzeko prozesua, ‘subjektifikazio’ delako hori. Testuinguru baten narratibarekin, dispositiboekin, bateragarria den pertsonaia produzitzea, papera betetzeko gaitasuna saritu, eta porrota zigortu, pribilegio zein ulergarritasunaren mugan kriminalizazio eta patologizazioaren fantasmak zelatan. Narratiba nagusiak alda daitezke, helburu moldatu baterantz birbideratu, eta subjektuak printzipio berrietara adaptatzeko duen gaitasuna frogatu beharko du.
Ikus nola gertatzen hasi diren kasuak, COVID-19 pandemiaren amaieraren errelatua sendoki ezarri denean (ebidentziaren kontra), musukoa babes-tresna bezala erabiltzearen printzipioa kriminalizatzeko eta psikiatrizatzeko estrategia indarra hartzen doan hainbat herrialdetan, une batez ohiko izan ziren beste neurriak desagertzearekin batera. Negazionismoaren printzipiora moldatzeko derrigortasuna, legearen eta instituzioen babes bortitzarekin, narratiba nagusiarentzat kutsadurak ekiditea ez baita segurtasun-indarrek edonor edonoiz identifikatzeko gai izatea bezain garrantzitsua, produkzio eta kontsumoaren jarioa bezain garrantzitsua, normalitatearen berrezarpena ipuinaren amaiera zoriontsu bezala onartzea bezain garrantzitsua, ala bazan edo ez bazan.
Gertaera pandemikoak, hala ere eta azalaren azpian, sakonki astindu du amaiera zoriontsu eta azkarraren beharra zuen populazioa, ‘normalitate’ deitzen diogun istorioan (hau da, egunerokotasuna erregulatzen duten dispositiboetan) sortutako hausturaren handitasuna orekatzeko gai izango zena. Behar horrek errealitate korapilatuarekin talka egitea, zaintzaren izenean erabilitako eredu koertzitiboa, eugenismorako joera soziala, infekzioen ondorioak gorputz eta adimenean, isolazioa eta beste hainbat gertaera artegatzaileren efektu fisiologiko zein psikologikoek badute zerikusia gure munduko txoko honetan esanahiaren eta izatearen krisia ikusgarri bihurtzearekin.
Duela gutxi argitaratu den Tupust! argitalpen proiektuaren hirugarren alean, ‘gu’ gaiarekin, Usue Egiak Hain sinplea izeneko istorioa aurkezten digu, zeinetan txori-izaki baten muga-lerroak bi koloretan banatuta agertzen diren, gainjarrita baina ez elkarrekin lerrokatuta. Atsekabetuta agertzen zaigu pertsonaia, bere buruarekiko banaketa horrek nahastuta, despertsonalizatua sentitzen dela esanez.
Barne eta kanpo informazioa prozesatzeko gaitasunaren distortsiotzat deskribatzen dira disoziazio episodioak, ‘ni’ egonkor bat integratzeko zailtasunaren espresioa. Ernesto de Martinoren hizkuntza errekuperatzen duten filosofiek presentziaren krisia ukaezin bihurtzeaz hitz egingo lukete, seguruenik. Deserrealizazio eta despertsonalizazio esperientziak ugaritzen ikusi ditugu azken urteotan, askotan isilpean eta ezkutuan eraman direnak, presentziarekin berradiskidetzeko baliabide kolektiboen faltan, krisien kudeatzaileen gaitasunetatik harago, eromenaren mamu eta estigmaren beldurrez.
Egiazkotasuna aldaezintasunarekin parekatzeko printzipioak pisu handia du gure tradizio filosofikoan, eta identitatea balioztatzeko baldintza bezala agertzen zaigu instituzio tradizionalen aurrean.
Egiaren istorioa ez da amaitzen, espero zitekeen bezala, subjektuaren zuzenketa irudikatuko lukeen bi lerro-koloreen integrazioarekin. Lerroek, batasunaren printzipioa jarraitu ordez, ‘gutasunaren’ bidea hartzen dute, eta inguruko errealitatearekin lotzeak multiplikazio alaia eragiten du. Hemendik besarkada bat maiatzaren 25ean Bilbon estatuko harro zoro erradikalaren manifestazioaren antolakuntzan aritu diren guztiei.
Trantsizioa(k)
Transition Regret & the Fascism of Endings (Trantsizio damua eta amaieren faxismoa) bideosaiakeran, Lily Alexandre idazle eta ekintzaileak pandemia, genero-trantsizioa eta justizia punitibista aztertzen ditu Max Graves komikilariarekin eta Jonni Philips zinemagilearekin elkarrizketan. Gravesen What happens next (Zer gertatzen da ondoren) istorioak nerabetasunean homizidio batean parte hartzeagatik hamar urteko kartzela zigorra jasan duen pertsonaia baten ondorengo bizitza jarraitzen du, zigorrarekin bukatzen diren istorioetan hezitako gizarte batean amaiera ondoren bizitzen jarraitzeak dakarren deserosotasun sakona aztertuz. Philipsek Barber Westchester animazio filmari buruz idazten du:
Askotan esan izan dut animazioak istorioak kontatzeko dituen egituren arau asko berez faxista eta konformistak iruditzen zaizkidala. Barberren istorioa kontatzean egin nahi nuena zen narratiba bera elementu ‘maltzur’ moduko bat bezala izatea. […] Filmaren helburua da lasaitua sentitzea amaieran, ez istorioak itxiera asegarria duelako, baizik eta Barberren mundua atsekabetzen zuten gauza guztiak baino aberatsagoa delako. Ozeanoari begiratu eta ozeanoa ikus dezake, hegazkin bati begiratu eta hegazkina ikusi, loro bati begiratu eta loroa ikusi, eta nahikoa da hori.
Azpimarragarria da aipatutako elkarrizketa horiek trans istorioetatik eta sortzaileengandik abiatzen direla, eta esperientzia horietatik esploratzen dute amaieren eta, ondorioz, fikziozko zein errealitateko narratiben egitura. Transformazioaren esperientzia intimoak izatea ia ekidinezina da espazio horietan, baina bertatik interpretazio oso ezberdinak sortu ahal dira.
Begirada zabalduz gero ukaezina da trans existentziaren kontrako oldarraldi global eta koordinatu baten aurrean gaudela, joera faxisten igoera orokorraren gatazka bateratzaile nagusietako bat.
Egiazkotasuna aldaezintasunarekin parekatzeko printzipioak pisu handia du gure tradizio filosofikoan, eta identitatea balioztatzeko baldintza bezala agertzen zaigu instituzio tradizionalen aurrean. Trans mugimenduaren alderdi batzuek barne-iraunkortasunaren aldarriaren bitartez kokatzen dute beren burua printzipio horren barnean, egiazkotasun altuago bat egotziz barne-esperientziari trantsizio (adierabakar, amaieradun eta kategoria itxien barneko)aren baliozkotasuna defendatzeko. Askotan, posizio horiek estrategikoki performatu behar izaten dira biziraupenerako ezinbesteko izan daitezkeen baliabideak eskuratu ahal izateko, ia beti genero espresioaren eredu binario zurrunak soilik errekonozitzen dituzten profesionalen kontrolpean daudenak. Izatearen multiplizitate eta aldakortasuna aldarrikatzeak nekez lagunduko dizu behar dituzun hormonak eskuratzen.
Tokian tokiko errealitate instituzionala askotarikoa izan badaiteke ere, begirada zabalduz gero ukaezina da trans existentziaren kontrako oldarraldi global eta koordinatu baten aurrean gaudela, joera faxisten igoera orokorraren gatazka bateratzaile nagusietako bat. Askotan horrek defentsiban jarri eta mugatu egiten gaitu gure esperientziei buruzko narratibak sortzerakoan. Alexandrek, bideosaiakera horretan, kontatzen du trans-gorrotoaren mugimendu askotan genero-trantsizioa heriotzaren pareko bezala irudikatzen dela, itzulerarik gabeko jatorrizko gorputz naturalaren korrupzio bezala, derrigorrez ondorio desatsegin, min eta sufrimenduz betea (horren kontrako ebidentzia zientifiko eta testigantza mordoa egon arren, transgresio moralak zigorra izango duelako sinesmena errealitatea baino indartsuagoa delako eraikuntza fantasmatiko horretan). Eta, noski, jada hilda dagoenak ez du babesik behar ez merezi.
Horrelako posizioetan, ageriko egiten da moralak zein neurritan antolatzen duen gorputzaren fenomenoen inguruko diskurtsoen produkzioa. Mina, gaixotasuna eta desgaitasuna zigor bezala interpretatzeko joera onartu ohi duguna baino indartsuagoa da, osasun instituzioen barnetik ere, zeruaren borondatearen interpretazioek jainkoaren heriotza biziraun baitute. Horrekin batera doa izate modu ‘okerrak’, hau da, bizitza desiraezinak, behe-mailakoak eta merezi ez dutenak daudelako sinesmena, desagerraraztea komeni diren izateak. Gizarteak bultzada eugenesikoa azaleratzen du, berdin kutsatzeaz ari garenean, desgaitasunaz, trans eta marioker esperientziez, justizia punitibistaz, migrazioaz, arrazakeriaz, islamofobiaz, genozidioez… Ez dira falta etorkizunaren gaineko kontrol genetikoa izan nahi luketen posizio politikoak, eta ez dira soilik muturreko eskuinetik etortzen.
Alexandrek adierazten du berak ere barneratu zituela narratiba horiek, mina porrot bezala interpretatuz. Trantsizioa, bere hainbat faserekin baina helmuga gutxi gorabehera definitu batekin, amaiera arrakastatsu bezala kontzeptualizatu izanak, azken finean, ez zuen uzten ‘ondorengo’ bizi horren gorabeherei aurre egiteko tresnak garatzen. Zorioneko ala zoritxarreko, trantsizioa istorioaren amaiera bada, nola bizi amaieraren ondoren? Eta nola interpretatu alderdi positibo zein negatiboak izan ditzakeen prozesu hori, porrotaren judiziopean erori gabe? Nola sortu esanahiak judizioaren parametroetatik harago? Eta gorputza ikustean, gorputza ikusi, mina ikustean, ikusi mina, aldaketa ikustean, ikusi aldaketa, eta nahikoa izatea hori.
Orain eta hemen konektatzen gaituzten errealitateei aurrez aurre begiratu, sakon eta gordin, eta horiekin hartu-emanean transformazio prozesuak abiatzeko, tresna ugari eta etengabeko osasuneratze praktikak falta dira, amaiera deuseztatzaileak jan ez dezan istorioa.
Sinesten dugu etengabeko transformazioa ez dela istorio bat kontatzeko modu asegarria, eta berdin ez dela bizitzeko modu egokia, arrakasta ala porrota egotziko dion epai baten aurrean aurkeztu daitekeen posizio finkorik gabe, esanahiak funtsatuko dituen printzipio aldaezinik gabe. Moralitatea esperimentazioaren, eta beraz bizitzaren, etsaia da. Preskriptiboa da: istorioaren amaiera menderatu nahi du, epaile begiekin begiratzen du. Esanahien antolatzaile moduan, zigor eta sarien mekanismoaren bitartez besterik ez digu uzten existitzen.
Hasiera(k)
Nayyirah Waheeden Salt (Gatza) liburuko olerki batek honela dio:
ez diot arreta jartzen
munduaren amaierari.
niretzako amaitu da
askotan
eta berriz ere hasi goizaldean.
Esanahiak produzitzeko gaitasunaren krisia agerikoa da, munduaren istorioan kokatuta egotearen zentzua kolokan jartzen duena hondamendien eskalak etengabe gora egiten duen bitartean. Barne eta kanpo informazioa prozesatzeko gaitasuna urratzen doa, errealitate ezberdinak sortzekoa ere. Presentziaren krisia ukaezin bihurtzea ez da berez larritzen nauena, horren aurrean posible liratekeen bideen aniztasuna murriztua izatea baizik. Ihesa da, forma ugaritan eta askotan borondatearen gaitasunetik at, joera orokortu eta kronifikatua: jatorri mitifikatuen mugimendu faxisten areriotasuna, etorkizun ezinbestean hobe baten fede progresista itsutuaren itxaropena, errealitatea desitxuratzen duten produkzio fantasmatikoen proliferazioa, ‘McMindfulness’ eta antzeko praktika pseudoespiritualen orainaren fetitxizazio despolitizatua, deserrealizazioa, depresioa, bentzodiazepina (ikus Fatima Masouden artikulua Pikara aldizkarian), konspirazionismoa, negazionismoa, doomerismoa. Orain eta hemen konektatzen gaituzten errealitateei aurrez aurre begiratu, sakon eta gordin, eta horiekin hartu-emanean transformazio prozesuak abiatzeko, tresna ugari eta etengabeko osasuneratze praktikak falta dira, amaiera deuseztatzaileak jan ez dezan istorioa.
Duela bi hamarkada baino gehiago argitaratutako Tiqqun 2 aldizkarian, ‘Une métaphysique critique pourrait naître comme science des dispositifs’ (Metafisika kritiko bat sor daiteke dispositiboen zientzia bezala) izeneko testuan, hau irakur dezakegu:
Ondo begiratzen badugu, biopolitikak ez du inoiz beste helbururik izan: bermatzea ez direla inoiz sortuko munduak, teknikak, partekatutako dramatizazioak, magiak, zeinetan presentziaren krisia garaitua izan daitekeen, asumitua, energia zentro bilaka daitekeen, gerra-makina bat.
Waheeden olerkiko nia ez dabil ihesean munduaren amaierari arreta jartzen ez dionean. Ez dut uste behintzat, hitz gutxitan argi uzten baitu guztiz jakitun dela zenbatetan amaitu den haren mundua, eta amaiera horren sakontasuna muturrera eramateko sentsibilitatearen gaitasunak ematen dio neurria poemari, espresatzen duen berpizteko ahalmenaren handitasunari. Goizaldean berriz ere hasteko gaitasunaren indarrari esker da posible arreta zabal hori, amaierari osorik emateko beharrik ez duena.