miren artetxe

Jakin 260: Joana Idiart Davanti elkarrizketa

2024-02-21 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/J1-xMsdRIeQ?si=wEbpaS-9ZUCy02Rl

Historia bizia sailean, Joana Idiart Davant kultur eragilea elkarrizketatu du Ainize Madariaga Muthularrek. Lorea Agirre zuzendariak hitzaurrean aipatu bezala, «mundu zahar eta berriaren arteko lekuko eta eragile» izan denak Euskal Herriaren historiari ispilu bat eskaintzen dio bere bizitzaren historiarekin.
 
Bestetik, Gaiak sailean, Zestoako Zaintza Ekosistema osatzen duten agenteen diskurtso eta iruditeriak aztertu dituzte Alaitz Uriarte Goikoetxea eta Maider Barañano Uribarrik.
 
Ohi bezala, Egunen gurpilean saileko artikuluek eta kontrazalak osatu dute zenbakia.

 

‘Joana Idiart Davanti elkarrizketa’
Ainize Madariaga Muthular

Joana Idiart Davant kultur eragilearen bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu elkarrizketak: haurtzaroa Amendüzen; gerra garaia eta alemanekin harremanak; Pariseko egonaldia: Pariseko Euskal Etxearen sorreran eta bilakaeran
parte hartzea; Euskal Herrira itzulita, Euskaldun Gazteria elkarteko koordinatzaile eta Gazte aldizkariaren zuzentzaile gisa egindako borroka eta lana; emazteen arteko elkartasunaren eta abortatzeko eskubidearen aldeko lana; Emazteek Diote kooperatibaren eta Hazparneko Ezkia Ikastolaren sorreran parte hartzea…

 

‘Zer da zaintza? Imajinazio ariketa bat’
Alaitz Uriarte Goikoetxea eta Maider Barañano Uribarri

Zestoako Zaintza Ekosistema osatzen duten agenteen diskurtsoak aztertzen dira, zehazki zaintzaren inguruko diskurtso eta iruditeriak, definizio partekatuetara dimentsio eta begirada ezberdinetatik iristeko ezinbestekotasuna nabarmenduz.

 

Zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean, Joanes Igeregi eta Cira Cresporekin batera, hemendik aurrera hirukoa osatuko duen Shu Oteroren estreinako testua; eta kontrazalean, Dom Campistronek Joana Idiart Davanten Parisko garaiei egindako keinua.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan