2023-10-18 Bloga
Gela ahaztu batean
Udaberria izango zen liburua irekitzea erabaki nuenean. Emakumearen irudia zuen izena; duela zenbait urte Arabako Arte Ederren Museoan erosia nuen. Museoko koadroetan ageri diren emakumezkoen irudiekin osatutako liburua da. Bertan, andereak dantzan ageri dira, edo umeak zaintzen, etxeko lanak egiten, edota fabriketan. Burgesiako emakumeak ikusten dira, baserritarrak, ijitoak eta abar. Liburua bukatzen ari nintzela ikusi nuen aipatu nahi dudan irudia.
Margolanak euskaraz hitz egiten zuen. Eta zergatik diodan hori? Liburu guztian izenburua euskaraz zeukan bakarra zelako.
Familiako erretratua da. Zazpi lagun ageri dira, bi emakume eta bost gizon. Deigarria izan zen niretzat, eta begira geratu nintzaion. Hasteko, han agertzen ziren gizon-emakumeak egiazkoak zirelako, ez beste margolan gehienetan gertatzen zen bezala, estereotipaturiko pertsonaiak. Beste gauza bat ere gertatzen zitzaion: margolanak euskaraz hitz egiten zuen. Eta zergatik diodan hori? Liburu guztian izenburua euskaraz zeukan bakarra zelako. Margolariak, Elias Salaberriak, bere familiaren (bera barne zuela) erretratu bat egin zuen. Oso modu kontzientean Gu izenburua jarri zion, eta ez Nosotros.
Ni ez naiz hemengoa, ezta arte historialaria ere; ondorioz, ez nuen Elias Salaberriaren berri. Horregatik, bere bizitzan murgiltzen hasi nintzen, besteak beste, erantzun batzuk bilatzeko, ea zergatik jarri zion Gu izena bere margoari. Aurkitu nituen zenbait erantzunek, nire uste apalean, gure gaurkotasunari buruz pentsatzeko balio diezagukete.
Aberats auzoa da. PPk beti bozka pila irabazten dituen horietako bat. Bidean, okila ikusi nuen zuhaitz batean.
Nire bilaketa Googlen hasi zen, xxi. mendean bilaketak hasten diren moduan, alegia. Han, gure protagonistaren zenbait datu biografiko ezagutu nituen, baita gure hau ez zela euskaraz hitz egiten zuen margo bakarra ere: Nere ama, Ez lotsatu, baziren izenburua euskaraz zeuzkaten beste batzuk. Eta jakin nuen ere Elias Salaberria 1883an jaio zela, Lezon. Bere margotzeko erraztasunak bizitza aldatu zion. Txikitan, herriko apaiza jabetu zen mutikoak bazuela dohaina, eta Madrilgo aberats batzuen tutoretza lortu zuen. Horrela, Eliasek margolari on izateko langintzari eskaini zion bizitza. Madril, Paris eta beste leku batzuk ezagutu zituen, munduko euskaldun bihurtuz.
Gauza gutxi horiek jakin eta gero, Arabako Arte Ederren Museoko liburutegira joatea erabaki nuen; inor asko joaten ez den liburutegi batera. Museoa Ajuriaenearen parean dago. Aberats auzoa da. PPk beti bozka pila irabazten dituen horietako bat. Bidean, okila ikusi nuen zuhaitz batean.
A zer nolako garaiak, gureak. Zenbat jende gela txikitan lanean, ordenagailuei begira, idazten, eskaneatzen, digitalizatzen, proiektu interesgarriak sortzen…, eta zein interes eta baliabide gutxi ahalegin horien fruitua gizartera zabaltzen eta ezagutarazten.
Eraikin eder hartan sartu nintzen, eta, hasteko, museoari bisita azkar bat egin nion. Beheko solairura jo nuen. Elias Salaberriari eskainitako areto txiki bat dago bertan, eta berriro ere liburuan izan nuen sentsazio bera izan nuen margolanaren aurrean jarri nintzenean. Museoko hartan, Euskal Herriko gizon-emakumeen irudi estereotipatu eta idealizatuen artean, bazen ezberdina zen zerbait: Elias Salaberriaren benetako pertsonaiak. Han ere, Gu margoa, bikaina. Ondoan, bere beste maisulan batzuk: La procesión de Lezo eta Cambio de turno en la fábrica. Guztietan, pertsonalitate sakonak, begirada zuzenak, ilunak, konplexuak eta duinak. Margoak zuzenean ikusi eta gero, liburutegira abiatu nintzen. Gela txiki bat da, eta hiru emakumek egiten dute lan. Mahai bat utzi zidaten, eta Elias Salaberriari buruzko liburu batzuk ekarri. Batek komentatu zidan:
– Ezagutzen duzu EMSIME webgunea? Han «Euskadiko museoen bildumak» agertzen dira, margo bakoitzari buruzko informazioaren estekekin.
– Ez, ez dut ezagutzen.
– Ba, pena da. Jende gutxik ezagutzen du, eta hori da, batez ere, guk hemen egiten dugun lana. Webgunearen informazioa osatzen eta zuzentzen dugu.
Eta pentsatu nuen, a zer nolako garaiak, gureak. Zenbat jende gela txikitan lanean, ordenagailuei begira, idazten, eskaneatzen, digitalizatzen, proiektu interesgarriak sortzen…, eta zein interes eta baliabide gutxi ahalegin horien fruitua gizartera zabaltzen eta ezagutarazten. Baina beno, orain badakizue: EMSIME webgunea, Gu margoari edo beste zeinahiri buruzko datu biziki interesgarriak aurkitzeko.
Espainiako kritikarien arrazismoa
Hasteko, margoaren deskribapena:
Aita Juan Jose eskulangile-nekazari gisa deskribatzen digu, eta, ama Maria Josefa, berriz, andre serio, xume, fededun eta ama arduratsu gisa. […] Gainerako taldea hauek osatzen dute, ezkerretik eskuinera: Zenon, Teodora, Venantzio, liburu batzuk daramatzana da, eta, horren atzean, margolaria ageri da, eta, azkenik, Martzelino.
Nik ñabardura batzuk gehitu edo azpimarratuko nituzke: liburuak, amaren betaurrekoak, aitaren irribarrea, hiritarren jantziak eta baserritarrenak, koloreak, eta galdera bat: zeri begira dago Teodora?
Webgune horri esker ere jakin dut Gu lana 1915eko Madrilgo Erakusketa Nazionalerako margotu zituen bi koadroetako bat zela. Hara joan baino lehen, Euskal Herriko kazetariei zabaldu zizkien Salaberriak bere estudioko ateak. Hauek dira idatzi zituzten kroniken zati batzuk:
Entre Pasajes de San Juan y Lezo, tiene Elías Salaverría su estudio de pintor. Un gran local, que fue dependencia de la extinguida fábrica de loza-vidrio. […] Una manifestación de la industria sirviendo de morada del arte. […] En su cuadro que dice que titulará Gu, porque, en realidad, es algo íntimo, exclusivamente de la familia de Elías Salaverría, hay una expresión, un color y una transparencia que atraen y seducen. Se miran aquellas figuras, y cuando creemos que una de ellas destaca en vigor sobre las demás, la vista se ve atraída por otra figura, se detiene en ésta, es ésta entonces la que parece llenar todo el cuadro. […] Salaverría nos ha pintado un cuadro en el cual la psicología se halla íntimamente ligada con el arte.
Nik ñabardura batzuk gehitu edo azpimarratuko nituzke: liburuak, amaren betaurrekoak, aitaren irribarrea, hiritarren jantziak eta baserritarrenak, koloreak, eta galdera bat: zeri begira dago Teodora?
Deskribapen horretan, adibidez, estudioa fabrika zahar batean dagoela nabarmentzen da, baita Gu margoaren pertsonalitatea, pertsonaien psikologia eta erakutsitako intimitatea ere.
Kezkagarririk ezer ez lehenengo kritika horietan; garaiko prosa, eta ideia interesgarri batzuk. Gero, margoak Madrilen aurkezteko txanda iritsi zen. Gustatu ziren; arrakasta izan zuen Elias Salaberriak, eta bi artikulu berezi egin zizkioten. Ikusiko duzuen moduan, margolanaren interpretazioa ezberdina izan zen. Adibidez, Euzkadi egunkarian, Madrilen idatzitako artikulu horietako bat (Manuel Abrilena) Euskal Herriko irakurleentzat erreproduzitu aurretik, argigarri bat erantsi behar izan zuten, hau da, kritikari madrildarrak, euskaldunen izaerarekiko ezjakintasuna dela-eta, horiei buruz artikuluan esaten zituen kontu batzuk kentzea erabaki zutela hobe beharrez:
El conocido crítico de arte dedica a nuestro pintor un trabajo encomiástico cuyas principales partes reproducimos aquí, haciendo al autor la merced de omitir unos cuantos errores en que ha incurrido, por ignorancia, que él mismo confiesa, del modo de ser de los vascos.
Hemen daukazue Euzkadi egunkariko editoreek Euskal Herriko irakurleei kendu zieten arte kritikaren zati bat, La procesión de Lezo margoari zegokiona, non margolaneko pertsonaia argi gutxikoa, esanekoa, bere buruari galderarik egiteko premiarik ikusten ez duena eta nortasun propiorik gabekoa dela baieztatzen den:
Allí estaba el pobre hombre sin luces, inerte, que va a la procesión porque los otros van, y es su destino marchar sin preguntarse nada, sin necesidad tampoco de preguntarse nada, átomo que cumple su misión de obediencia.
Irakurleari iraingarria irudi zekiokeela pentsatuko zuten.
Artista horren konplexutasuna ikusteko ezintasuna beste ezintasun orokorrago baten adierazle garbia da: euskal gizarteak eta, beraz, euskal jendeak espainiar gizartearen konplexutasun maila bera daukala konturatzeko ezintasuna. Hau da, arrazismoa.
Beste artikulua Margarita Neklenek burutu zuen. Ez dakit ezagutzen duzuen izena, baina feminista espainiar oso ezaguna izan zen, besteak beste 1919an La condición de la mujer en España idatzi zuena. Guri orain interesatzen zaiguna 1915eko kontua da, Suma aldizkarian Elias Salaberriari buruz idatzi zuen artikulua. Hara hemen zati bat:
Un personaje de Salaverría es un tipo representativo de su especie. Salaverría no pinta un vasco, no nos representa una escena vasca: pinta el vasco, y nos presenta Vasconia. […] Nos presenta únicamente un número reducidísimo de aspectos: algunos hombres (viejos y jóvenes son los mismos), algunas mujeres (son las mismas hasta que mueren) y siempre un mismo paisaje, que es la visión única que se puede tener de su país. Salaverría nos ofrece, sincera y desnuda, el alma que en él mismo palpita. Y así tenía que ser. El carácter vasco no tiene matices.
Alegia, euskaldun bat margotzea Baskonia guztia margotzea da: euskaldunek ez daukate ñabardurarik, ez dira aldatzen, berdinak dira beti, zahar zein gazte, emakume zein gizon. Salaberriaren arima ere halakoxea da eta halaxe erakusten du. Zer pentsatuko ote zuen Elias Salaberriak kritika horiek irakurtzean? Hain justu berak, beti konplexutasunaren bila ibili zenak, margolari psikologo izendatu zutenak, horrelako gauzak entzun behar.
Oraindik, askok pentsatzen dute euskaldunena ñabardura gabeko gizartea dela, eta bere produktu kulturalak herrikoiak soilik direla. Sentitzen dut horrela esatea, baina hori ere, gaur egun ere, hemen ere, arrazismo mota bat da (eta ezjakintasuna eta autogorrotoa).
Artikulu batean zein bestean arraza hitza agertzen da, behin baino gehiagotan; ez, aldiz, Euskal Herrian idatzi zituzten artikuluetan. Nik ere kontzeptua erabiliko dut esateko uste dudala Manuel Abrilen eta Margarita Neklenen artikuluak arrazistak direla. Artista horren konplexutasuna ikusteko ezintasuna beste ezintasun orokorrago baten adierazle garbia da: euskal gizarteak eta, beraz, euskal jendeak espainiar gizartearen konplexutasun maila bera daukala konturatzeko ezintasuna. Hau da, arrazismoa.
Konplexutasun gabezia hori sinetsarazi ziguten, eta gaur egun ere, oraindik, askok pentsatzen dute euskaldunena ñabardura gabeko gizartea dela, eta bere produktu kulturalak herrikoiak soilik direla. Sentitzen dut horrela esatea, baina hori ere, gaur egun ere, hemen ere, arrazismo mota bat da (eta ezjakintasuna eta autogorrotoa).
Euskal ñabardurak
Pasa den egunean, senarrarekin hizketan, komentatu zidan bere ustez nazioen kulturaz aritzeko eskema baliagarria izan litekeela paper batean bi ardatz perpendikularki gurutzatu eta lau koadrante bereiztea, aljebran x eta y ardatzekin egiten den gisan. Ardatzetako batek tradizionalaren eta modernoaren lerroa adieraziko luke; beste ardatzak, berriz, herrikoiaren eta jasoaren arteko lerroa. Eta, hortaz, bi ardatz horien gurutzaketatik sorturiko lau koadranteetako bakoitzak eremu bat adierazteko balioko luke: nazioaren kultura tradizional jasoari dagokion eremua, kultura tradizional herrikoiari dagokiona, kultura moderno jasoari dagokiona eta kultura moderno herrikoiari dagokiona.
Herrikoiak/tradizionalak, herrikoiak/jasoak, produktu moderno/herrikoia… Euskal kulturak ere baditu aukera horiek guztiak, kultura osoa delako, ez kultura espainolaren edo frantsesaren osagarri edo apendize estereotipatu xaloa.
Mendebaldeko nazioen normalizazioaren adierazlea lau eremu horietako bakoitzean gizarte sormena aktibatuta egotea da, konbinazio guztiak erabili eta gozatzeko gai izatea: herrikoiak/tradizionalak, herrikoiak/jasoak, produktu moderno/herrikoia… Euskal kulturak ere baditu aukera horiek guztiak, kultura osoa delako, ez kultura espainolaren edo frantsesaren osagarri edo apendize estereotipatu xaloa. Oso garrantzitsua izango litzateke euskal gizarteak horren berri izatea. Gure umeek merezi dute jakitea euskal kulturan denetarik egiten dela, eta, batez ere, dena egin dezakegula; eta ez dakite.
Ez, pintura horretan ez dago berderik batere, ez dauka Euskal Herriko turistentzako postal batean agertu behar denik ezer. Baserriz inguraturiko paisaia bateko fabrika huts eta gris batean margotutako erretratu familiarra da.
Euskal Herria ñabardurarik gabeko herri bat dela sinetsarazi baitigute, konplexutasunik gabekoa. Hizpide izan dudan artelana oso adibide ona iruditzen zait baieztapen hori ezeztatzeko, hor dimentsio asko aurki ditzakegulako: sakontasun maila, eta belaunaldien arteko diferentzia eta elkartasuna adierazi nahia, eta ikuspuntu eta bizimodu ezberdinen aldarrikapena. Gu. Margotu zuen gizona kultura jasoduna zen; koadro horretan irakasleren bat ere bazen, eta baserritarrak… zein bere etorkizun eta iraganarekin. Eta zer esan emakumeei buruz! Ez, Margarita Neklen, barkatu, baina emakume horiek ez dira beti hil arte berdinak. Hango bi emakumeengan estereotiporik ezin da aurkitu; bakoitza leku ezberdin batera begira dago, beraien desioak eta itxaropenak ezberdinak baitira.
Ez, pintura horretan ez dago berderik batere, ez dauka Euskal Herriko turistentzako postal batean agertu behar denik ezer. Baserriz inguraturiko paisaia bateko fabrika huts eta gris batean margotutako erretratu familiarra da. Hor agertzen dena urrun dago Espainiatik eraiki duten eta hemendik, maizegi, ongarritu den Euskal Herriko jendeaz ematen den iruditik.
***
Beharbada, Gu hori, euskaraz idatzi zuen hitz labur, polit eta errotu hori, galdera bihurtu behar dugu: zein gara gu? Eta, orduan, erantzun pilo bat eskaini, Elias Salaberriak egin zuen moduan.