miren artetxe

‘Europa bezain zaharra’, Joxe Azurmendiren liburu berria

2023-09-27 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/lgjAN2zSq04?si=nZJoB-Hv5ubleoEE

Eskuragarri da Joxe Azurmendi filosofo eta idazlearen azken liburua: Europa bezain zaharra. Topoi nazional eta nazionalistak Erdi Aroa eta Ernazimentua ezkero. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak agertu moduan, «nazionalismo europarren sustrai kulturalak» arakatu eta aztertzen ditu testuak. Liburua apailatzeaz eta hitzaurreaz arduratu den Haritz Azurmendi kideak, «ariketa humanista» gisa deskribatu du, «oraintxe katedral gotikoetako arkitekturaz, gero Shakespeareren lanak umorez eta ironiaz iruzkinduz, hurrena antzinako izkribu batek Errenazimentura eta handik aurrera egindako bidea kontatuz… dena grazia eta pasio».

Joxe Azurmendik berak orain 26 urte abiatu zuen eta azken aldira arte zuzendu duen Jakin Irakurgaiak bildumako 51. liburua da gaur aurkeztua, eta Haritz Azurmendi Jakineko kideak hitzaurrean dioen bezala «Europa zibilizatuaren oinarrizko topikoen gaurkotzea» dakar, irakurlea «Europaren historia kulturala naziotasun modernista estu horretatik kanpo» irakurtzera gonbidatuz. Lorea Aigrrek azaldu moduan, beti esan zaigu nazionalismoa bidaiatuz sendatzen dela, baina Azurmendik liburuan argi azaldu du «sendatu ez, aitzitik, nazionalismoa bidaiatuz deskubritzen dela, nazionalismoa estatua bera bezain unibertsala baita».

Lorea Agirrek Joxe Azurmendiren ekarpen handi eta zabala izan du hizpide, Filosofia Modernoko katedradun erretiratuaren eta Jakin taldeko kide historikoaren obra digitalizatuak bistaratzen baitu «euskal pentsalari oparoena, sakonena; Euskal Herriaren aldeko pentsalaria, eta horrenbestez, euskal pentsalari unibertsalena» dela idazlea.

Haritz Azurmendik 1991eko Espainolak eta euskaldunak liburuaren ildoan kokatu du, naziotasunari buruz garai eta leku desberdinetan nola pentsatu den erakusteko bide ematen duelako, «eta gero, bide batez, gaur egun nola pentsa daitekeen gogoeta eragiteko». Lorea Agirrek, Azurmendiren obrako beste lau titulu erantsi dizkio ildo horri: Espainiaren arimaz (2006), Volksgeist (2007), Historia, arraza, nazioa (2014) eta Hizkuntza, nazioa, estatua (2017).

Bere estiloan irmo, Azurmendiren liburu berriak «erantzun borobilik ez» dakarrela nabarmendu du hitzaurrearen egileak, lan honetan «dogma eta soluzio absolutuak baztertu eta nazioari buruz hitz egiterakoan askexeago ibili» dela azalduz, erantzun borobilik ez baina «pentsagai asko» eskainiz. Haritz Azurmendiren ustez, liburu honek tresna berriak dakartza, «ez iragana soilik, etorkizuna ere hobetoxeago irakurri ahal izateko».

Azkenik, liburu hau abiapuntu harturik mahai inguru-solasaldi moduan aurkeztuko dela aurreratu du Agirrek, non «liburuaren mamia aztertzeaz gain Azurmendik azken 60 urtetan jorratu duen pentsamenduaren ekarpenaren handiaz, gaurkotasunaz eta potentzialitateaz» ariko diren hiru filosofo gazte.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan