miren artetxe

Hizkuntza politika hausnartzeko gune bat, uneari

2022-10-13 Albisteak

Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean hizkuntza politikaz hausnartzeko jardunaldia antolatu dute: ‘XXI. menderako hizkuntza politikaz’. XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitu eta eztabaidatzeko helburuarekin. Urriaren 19an egingo da Eibarren eta izena emateko aukera zabalik dago.

UEUko zuzendari Kepa Sarasolak, jardunaldiak planteatzen duena “ezinbesteko gogoeta” dela azpimarratu du, euskarazko unibertsertsitatea gauzatzeko bidean. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak zenbait pentsalariren hitzei egin die leku, tartean Joxe Azurmendirenei, “euskalgintzaz aritzea gizagintzaz aritzea” dela gogoratzeko. Jardunaldian landua Jakinen zenbaki monografiko batean bilduko dela ere iragarri du. Urko Aiartzak, Telesforo Monzon eLab-eko zuzendariak, “aurretik zetozen dinamikak eguneratu eta egungo erronkei begira” jartzeko aukera eta premi nabarmendu ditu. Aldatzen ari den munduaren aurrean, “zer behar du herri honek?” galderatik abiatzera gonbidatu gaitu Aiartzak.

XXI mendearen lehen laurdenean murgildurik gaudela, mundu mailan sekula ezagutu ez den abiadako aldaketak ari dira gertatzen eta horren guztiaren ondorioz, gizartearen eta bere balioen eraldaketa sakona ematen ari da. Europan batik bat, ingurunea biziki aldatzen ari da migrazio mugimenduek, mugikortasunak eta gizarte batzuen zahartzeak eraginda. Espero daitekeenez, horrek guztiak sekulako eragina izango du identitatearen erreprodukzio sistemetan oro har eta, zer esanik ez, gurea bezalako komunitate/nazio gutxiagotuetan.

Euskal Herrira etorrita, euskararen egungo normalizazio ereduak gainera goia jo duen zantzuak nabari dira hizkuntza zeharkatzen duten arlo gehienetan: hezkuntzan, helduen euskalduntzean edo erakunde publikoen normalizazio prozesuetan, lan munduaren euskalduntzean, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan, besteak beste. Horrek guztiak eragin zuzena dauka euskararen transmisioan eta biziraupenean, kale erabilera datuek adierazten duten bezala.

Paradigma aldaketen garaian bizi gara eta egoera berri horietara egokitzeko gaitasuna izateak berebiziko garrantzia izango du.

XX. mende amaierako egoerari begira sortutako hizkuntza politikek ez dute seguruenik errealitate berri horri erantzuteko ahalmenik. Gelditu eta ingurura begiratzeko garaia dugu euskararen normalizazio prozesuan, sistemikoak eta egiturazkoak diren eraldaketez ohartzeko eta  errealitate zahar/berri horren aurrean euskal botere politikoek (euskal erakundeek) nola jokatu behar duten. XXI. mendeko eta menderako euskararen normalizazio bideetan, aztertu beharra dago.

XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitzeko eztabaidatu beharra dago. Ez asko edo gutxi egin dugun aztertzeko baizik eta zer behar dugunaren inguruan eztabaidatu eta akordioetara heltzeko. Jardunaldi hauen asmoa herri honetan abiatu beharreko eztabaida horri bere ekarpena egitea da.

IKUSI EGITARAUA

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan