2022-05-06 Albisteak
Jakinek martxan duen euskal pentsamenduaren transmisiorako proiektu digitalaren atal berri bat osatzen dute EABko bederatzi idazleek. «XX. eta XXI. mendeko euskal pentsamenduaren transmisioa 90eko hamarkadaren bueltan abiatutako proiektu handia da», Jakineko zuzendari Lorea Agirrek azaldu duen moduan. Hainbat egile ezagunen obra digitalizatua dago eskuragarri bertan Agirrek aipatu gisa: Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Resurreccion Maria Azkue, Luis Villasante, Txillardegi, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi… eta Juan San Martinena oraintxe esku artean.
Proiektu horren baitan, 2018an osatu zuten gaur aurkeztu den obra digitalizatzeko egitasmoa; Bilbao 700 – III Millenium Fundazioaren laguntzarekin egin zen, Josune Aristondo lehendakari zela. Agirrek zehaztu nahi izan du orain arte pentsamenduaren transmisioan gizonen lanak nabarmendu direla, baina, bolumena apalagoa izan arren, garrantzia izugarria duela emakume hauen lanak: «Ez zegokien eremu batean sartuz, pronostikoen kontra eta garaian esleitzen zitzaizkien lanetatik kanpo, bestelako baldintzapenetan» sortu zituztelako. Horregatik uste du emakume hauen lana baloratzeko ezinbestekoa dela beste begirada bat izatea: «Ezin da bolumenaren edo jorratutako gaien baitan soilik aztertu, baizik eta garaiko errealitateak inposatzen zizkien ezinen argitan aztertu behar dugu».
Emakume Abertzale Batzako bederatzi idazleren –Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Karmele Errazti, Miren Etxabe, Julia Fernandez Zabaleta, Tene Muxika, Polixene Trabudua, Sorne Untzueta eta Elbire Zipitria– idazlan argitaratu guztiak katalogatu eta digitalizatu dira. Jorratu zituzten gaitegien artean, zazpi lerro sailkatu dira, sortu zaien thesaurus eta bilatzaile propioan horrela ageri direnak:
1. Literatura (sorkuntza lanak eta azterketak)
2. Politika
3. Emakumea, politika eta gizartea
4. Hezkuntza
5. Euskara eta Euskal Herria
6. Gizartea, etika eta erlijioa
7. Tokiko informazioa, herri kronikak
1.292 testu geratu dira, beraz, Jakinen ordenaturik, bakoitzari bere leihoa emanez, aztergai eta ikusgai.
Xabier Eizagirre digitalizazioaren koordinatzaileak lan hori xehea izaten dela azaldu du: «Inurri lana, bilaketa eta identifikaziotik hasiz, argitaldariak orriz orri ikertu, aztertu, ezizenak konprobatu… Sarritan identifikatzea da zailena; are gehiago, emakumeen kasuan».
Amaitzeko, Lorea Agirrek azpimarratu du «emakume hauek eremu horietara sartu eta arrakala txikiak eginez abiatutako bide bat loratzera ekarri» zutela. Eta pentsamenduaren transmisioan duten garrantzia aitortzeko bidean, emakumeen obrak digitalizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute, martxan baita dagoeneko Bizenta Mogelen obratik hasi eta 1936ko gerrara bitarteko testuen digitalizazio egitasmoa. Gaur aurkeztutako bederatzi emakumeen obrarekin eta etortzeko daudenekin, «gure pentsamenduaren genealogia osatzen ari gara, eta ezinbesteko parte bat dira gure aurreko egoera eta gaur egungoa ulertzeko», Agirreren ustez.