miren artetxe

Jakin 248-249: Filosofiatik ezabatutako emakumeak

2022-02-17 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/R4RFf55wR9A

Emakumeek filosofiaren alorrean egin duten ekarpena ezkutuan egon da eta curriculumetik ezabatua izan da. Curriculum berdinzaleagorako bidea urratu nahian antolatu zuten Agora Filosofia Elkarteak eta EHUko Filosofia eta Antropologia Fakultateak Filosofiatik ezabatutako emakumeak ikastaroa UEUrekin. Orduko hitzaldi eta mahai-inguruetan bildutako mamia dakar aldizkari bikoitz honek; hain zuzen, Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt Hego Euskal Herrian lehen aldiz Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) azterketan derrigorrezko izango direnean. Lorea Agirre JAKINeko zuzendariak hitzaurrean aipatu bezala, «trena iritsiko bada, trenbidea eraiki behar da»; eta bi filosofo hauek curriculumean sartuko diren unean, euskaraturik dauzkagu euren ekarpenak.

Beauvoir eta Arendt ikasgai gisa garatzeko irakasle zein ikasleentzat baliagarri izango den materiala bildu dugu amaieran, JAKIN aldizkariarentzat berria den elkarbide bat lantzeko bokazioz.

 

Hitzaurrea

Itsaslore Yarza Lopez

Filosofiatik ezabatutako emakumeak ikastaroa aurkezten da: filosofiatik emakumeak ezabatzearen kausak eta ondorioak, pentsamendu feministak filosofiari egindako zenbait ekarpen eta Bigarren Hezkuntzako curriculumaren egoera.

 

‘Euskal pentsamendua eta feminismoa: ezinbesteko elkargune batzuk’

Idurre Eskisabel Larrañaga

Euskal pentsamenduak eta feminismoak ez dute orain artekoan elkargune bereziki trinkorik osatu. Hala ere, elkarrekin gurutzatu direnetan ekarpen interesgarriak egin dizkiote elkarri. Ekarpen horiek azaltzen dira, eta, bereziki, uztarketa horren premiaz gogoetatzen da.

 

‘Hilekoa eta subjektu filosofiko gorpuztua’

Arantza Etxeberria Agiriano

Emakumea subjektu berria eta ezberdina da filosofian, agian gorpuztuago bizitzeagatik, hilekoetan adibidez, eta filosofiaren izaera zein ekintza interpelatzen ditu. Weilen ildotik esanda, pentsatzeko edo filosofatzeko gogoa eta gaitasuna zapalkuntzak soilik eragozten ditu.

 

‘Pentsamendu feminista filosofiarako sarrera batean’

Agustin Arrieta Urtizberea

Filosofiarako sarrera bati begira, pentsamendu feministatik egin diren ekarpen batzuk aurkezten dira. Zehatzago, ‘errealitatea’ ordenatzeko edo sailkatzeko moduari eta etikaren eta estetikaren arteko mugari lotutako zenbait auzi jorratzen dira.

 

‘Zaintza eta gobernamentalitate neoliberala’

Lore Lujanbio Etxeberria

Zaintza kontzeptuaren inguruko eztabaida feminista azaldu eta ikuspegi historikoaren garrantzia nabarmentzen da. Horrela, esentzializatzeko eta feminizatzeko mekanismo heteropatriarkalak gobernamentalitate neoliberalarekin erlazioan arakatzen dira.

 

‘Injustizia epistemikoak: Agoran sartzeko zailtasun bat gehiago’

Irati Zubia Landa

Filosofian emakumeek duten presentzia urriaren inguruko hainbat hipotesiren inguruan dihardu. Zehazki, injustizia epistemiko kontzeptutik abiatuz, honakoa defendatzen da: testigantza-injustiziek eta injustizia hermeneutikoek zerikusi handia izan dezakete horretan.

 

‘Zaintzaren filosofia’

Maite Arraiza Zabalegi

Zaintzen krisiaren nondik norako nagusiak, zaintzaren garrantzia eta ‘zaintzari’ buruzko hurbilpen kontzeptual ezberdinak plazaratzen dira ikuspegi kritiko feminista batetik, zaintzak filosofiari egiten dizkion zenbait ekarpen nabarmen azpimarratuz.

 

‘Simone de Beauvoir, bizitzeko pentsamendu bat’

Alaitz Aizpuru Joaristi

Simone de Beauvoirren pentsamendua aztertzen da, bere emaria interpretatzen laguntzeko giltzarri batzuk proposatuz eta Beauvoirren lanean zahartzaroaren gaiak izandako garrantzia eta La vieillesse (1970) liburuko ideia nagusi batzuk aipatuz.

 

‘Hannah Arendt, pentsatzeko ausardia. Hannah Arendt ezagutzeko hastapenak’

Yolanda Barrios Colodrón

Hannah Arendten identitateari, biografiari eta obra nagusiei buruzko zertzelada batzuk eskaintzen dira, filosofoa ezagutzeko interesa piztearren.

 

‘Virginia Woolf (1882-1941), pentsamenduaren uberak’

Iratxe Retolaza Gutierrez

Virginia Woolf (1882-1941) idazle britainiarraren idazlanetan gorpuzturiko pentsamendu-ildo eta gogoeta-molde zenbait aletzen dira, honako alderdi hauetan arreta jarrita, besteak beste: idaztankera eta mundu-ikuskera, saiakeratan jorraturiko zenbait gogoeta-lerro eta egiletzaren oihartzunak.

 

‘Tractatus kritiko-feminista. Filosofiaren historiako mugarri berri bat’

Naiara Gago Povedano

Maitane Nerekan Umaran

Tractatus kritiko-feminista aurkezten da: filosofiaren ikaskuntza-irakaskuntza feminista sortzeko hainbat mandamentu proposatzen dira modu irekian; hau da, bizirik dagoen planteamendua den heinean, iradokizun guztiak bereganatzeko pentsatuta dago.

 

BEAUVOIR ETA ARENDT IKASGAI

 

Bigarren sexua: ‘Ondorioa’

Simone de Beauvoir

 

Eichmann Jerusalemen: ‘Post scriptum’

Hannah Arendt

 

Simone de Beauvoir. ‘Emakume’ kategoria

 

Hannah Arendt. Gaizki absolutua

 

Azterketa ereduak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan