Joan Mari Torrealdairen azken liburua, ‘Egunkaria’-ren sorreraz

2021-11-16 Albisteak

Joan Mari Torrealdai buru-belarri ari zen Egunkariaren istoria kontatuko zuen liburuarekin, laguntza eskatu beharra sortu zitzaionean. Joan Mari Larrartek hartu zuen Torrealdaik idatzitako testu eta egiturari forma emateko ardura. Elkarlanean osatu zuten ahal beste, eta Larrartek amaitu behar izan du Torrealdai zendu ostean.

Joan Mari Torrealdaik Egunkariaren sorrerako hainbat gauza argitu beharra sentitzen zuen, gero itxiera ekarri zuen tesiari erantzutekoa, besteak beste: Egunkariaren sorreraren atzean ez zegoela ETA, euskalgintza eta gizarte zibila baizik. Bere artxibo sakona arakatuz osatu du sorreraren inguruko kontaketa xehetasunez betea. Izan ere, ingurukoek kontatzen dute ia modu obsesiboan bildu ohi zuela informazio guztia. Egunkaria posible egin arteko negoziaketak dira horren adibide, nahiz Torrealdaik berak hitzaurrean gogoratzen duen berak sortua ez dela historia, oinarrian ikerketa egon arren bera gertuegi dagoelako horretarako. Joan Mari Larrartek eman ditu liburuaren osaeraren inguruko argibideak, Torrealdaik utzi zuen egitura eta edukiari «ahalik fidelen» eusten saiatu direla nabarmenduz.

Goizeko aurkezpenean Lorea Agirre Jakineko zuzendariak gogoratu du euskara eta euskal hedabideak bazirela Torrealdairen kezka eremu bat eta «Egunkariaren proiektuak horri erantzuteko aukera» eman ziola. Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkariko eta Berriako zuzendariak Torrealdaik beti eman zien «askatasuna» azpimarratu du: «oso zuzendari gutxik esan ahal izango dute munduan, egin dutela lan, guk Egunkarian Joan Mari Torrealdai lehendakari genuela izan genuen askatasunarekin». Garazi Torrealdaik, azkenik, esker onezko hitzak zuzendu dizkie liburua osatzeko lanean aritu direnei, aitaren «paperezko ametsa» gauzatzea posible egin zutenekin batera.

Arratsaldean aurkezpen ekitaldi irekia egin da Martin Ugalde Kultur Parkean (ikusi bideoa osorik).

Liburua online eskura daiteke Elkar argitaletxearen webgunean edo Berria dendan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan