Krisi ekologiko, klimatiko eta soziala aztertu dugu Usurbilen

2021-07-15 Albisteak

Gaur hasi da Usurbilen Jakin Jardunaldia, krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren inguruan, desazkundea beste biderik ba ote den galderari erantzun nahian. Hainbat alorretatik aztertu da krisia, Unai Pascual ekonomialaria, Ane Zabaleta hidrologoa, Elisa Sainz de Murieta geologoa eta Arturo Elosegi (Landareen Biologia eta Ekologia sailean katedraduna) aritu dira, eta bazkalostean Mirene Begiristain (ekofeminismotik), Bizi! mugimenduko kideak eta Urbizi taldekoak. Desazkundearen auziari heltzeko abiapuntu bat izan da.

Jardunaldiaren irekieran Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkatea pozarren agertu da, bere herria “pentsamenduaren plaza” bilakatzen duen Jakin Jardunaldiarekin. Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak, elkarlanaren emaitza azpimarratu du eta biek ala biek izan dute gogoan Joan Mari Torrealdai. Azkenik, Lorea Agirre, Jakineko zuzendaria desazkundea auzi gisa lantzeko gogotsu agertu da.

Unai Pascualek ekin dio goizeko saioari, eta “mundu mailan gertatzen ari den kontzientziatze ariketa” saretzeko eta kolektibo bilakatzeko premia adierazi du, bioaniztasuna delako “humanitatearen bizitza asegurua”. Ane Zabaleta hidrologoak ur berdearen garrantzia azpimarratu du, emariak jaisten ari diren honetan. Elisa Sainz de Murieta geologoak klima aldaketaren aurrean eraginak baretzeko azpiegiturak beharko ditugula aurreratu du, eta bakoitzak gure etxetik hasita egoera hobetzeko eragin dezakegula gogoratu. Bazkalaurreko azken saioan, Arturo Elosegik, EHUko irakasle katedradunak Euskal Herriko natur inguruneen etorkizunaz hausnartu du. Bi adibide aipatzearren, ibaien kutsatzea txikiagoa izan arren konplexuagoa dela azaldu du, “zahartu eta medikalizatu den gizarteak farmakoak isurtzen dituelako”; eta errekak edo basoak berreskuratu daitezkeen bezala, ez dagoela iraungitako espezieak berreskuratzeko modurik. 

Bazkalosteko saioari Mirene Begiristainek ekin dio, goizean zehar landutako gaiei begiarda feminista gurutzatuz, hain zuzen “krisi ekologikoa eta zaintza krisia” eredu berak eragin dituelako, eta bizitza erdigunean jartzeak bien alternatiba ikustarazten duelako. Jarraian, Bizi! mugimenduko Sabine Endara eta Xabier Harluxet jardun dira, azken sei urteotan irudimenari tiraka egindako desobedientzia zibileko eta herriz herriko jardunaren ekarpena hausnartuz. Azkenik, Belen Ausejok Urbizi taldearen esperientzia kontatu du, Nafarroako ibaiak babesteko dituzten erronkak agertuz eta azken kasuen berri emanez: “Aste honetan berri on bat jaso dugu, konfederazioak esan zigun Salazar ibaia ez dela erabiliko ESA betetzeko, (momentuz). Baina hori zen klima aldaketaren aurrean planteatzen zuten konponbidea”.

Bihar goizean zehar glaziologoen eta Nafarroako nekazaritza kasu batzuen ikuspegia jasoko da lehenik. Ondoren, krisi ekologiko, klimatiko eta sozialari erantzuteko tokian tokiko alternatibak ezagutu ahalko dira: Goiener, Usurbil 00, Jauregi Etxaldea eta Lurgaia fundazioa. Eta itxiera modura, Eli eta Manex Pagolak bertso kontzertu bat eskainiko dute, krisi ekosozialari dantza eraginez. Biharko saioa ere zuzenean jarraitu ahalko da streaming bidez

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan