Lanaz

2020-11-23 Bloga

Lanaren luxua

«Lana jada ez da eskubide bat… luxu moduko zerbait da». Xavier Antich filosofoak esaten dio hori Emili Manzano kazetariari. Kataluniako telebista publikoan ari dira, Amb filosofia saioan, lanari buruz (TV3en webgunean topa dezakezue ‘El treball’ izeneko kapitulua). Hainbat esparrutako adituei egindako elkarrizketetan oinarritzen da saioa, eta aukera erraza eta atsegina da, Marxek eta Engelsek lanari eskainitako hausnarketa mamitsuetatik aparte, lanaren filosofian murgiltzen hasteko.

Lana eskubidearekin identifikatu ohi dela esanez hasten da Antich, beraz; bizirik irauteko gizakiak behar duen horrekin lotzen dugula-eta, hortik eskubide izaera. Lana dugu ogibide, eta ogia ez ezik bizirik eta osasuntsu irauteko bitartekoak ematen dizkigun hori ere ba omen da. Joana Masó ikertzaileak, elkarrizketatuetako batek, lanak duen funtzioa azpimarratzen du, hain zuzen ere. Lantokian antolatzen dira harreman sozialak, eskubideak ematen ditu lanak, prestazioetarako bidea irekitzen du… Bizitza duin baterako aukera ematen du, Masóren hitzetan.

Antichen ustez, ordea, eraldaketa handia izan du lanak denboran, eta, egun, arrakala sozial handia sortu bide du langileen eta langabetuen artean; are langileen artean ere, lan prekarioak eta duinagoak dituztenen artean. Batek baino gehiagok pozarren hartuko lituzke lehengo mileuristaren penak, hilabetero kontu korrontean diru-sarreraren bat egongo dela jakiteak dakarren bake hutsagatik. Horregatik izango da luxu bat lana izatea.

Luxuarekin zer ulertzen den, ordea… Abraham Amezaga adituaren arabera, adibidez, luxua ez da diferentzia eta ez du beti diruak erosten (Berria, 2020-10-08). Harmoniarekin lotzen du hark luxua, kalitatearekin, elegantziarekin, bakearekin… Arrunkeriaren kontrakoa omen da luxua, Coco Chanelek esaten zuenez; denbora eta isiltasuna dira luxua, berriz, Tom Forden ustez. Ba ote?

Amezagari ikasitako horiek filosofiara ekarrita ikusi ditut Masók eta Santiago Alba Ricok egindako bereizketan. Hitz desberdinak erabiliagatik, biek ala biek lanaren anbibalentzia erakusten dute. Lana, batetik, beharra da: lan ordaindua edo lanpostua (‘empleo’, ‘feina’). Ogibide bilakatutako hori. Bestetik, lana denbora librean egiten den hori da (‘trabajo’, ‘treball’). Sormenarekin, idazketarekin, esplorazioarekin… lotuta dagoen horretaz ari da Masó. Alba Rico, ostera, bizitzan oinarrizkoak diren gauzak egiteko daukagun denboraz ari da: «geure burua hezi, irakurri, pentsatu, maitatu…» egiten dugu denbora horretan, eta hori da «benetako lana».

Hori zen luxua, lan ordainduaz aparteko kalitatezko denbora?

«Denbora gizonezkoa da»

Maialen Berasategik horrela itzultzen du Adrienne Richen poema baten lerroa (Munduko Poesia Kaierak. Adrienne Rich, 11. or.). Marina Sagastizabalek ere esan zezakeen, emakumeak «denboraz pobreak» direla irakurri baikenion (Berria, 2020-10-11).

Izan ere, lan produktiboaren eta erreproduktiboaren arteko oreka zailari hirugarren makila* gehitzen dio Sagastizabalek, aurkeztu berri duen doktore-tesian «etxeko lan eta familia lanei, enpleguari eta parte hartze soziopolitikoari buruzko ikerketa» eginda (La triple presencia, EHU, 2019). Lisipe bildumako azken zenbakian ere (Hiruki gatazkatsua) irakur daiteke Sagastizabalen tesia.

Adin batetik aurrera emakumeak militantzia esparruetatik desagertzen direla-eta, horren atzean egon daitezkeen arrazoien bila abiatu zuen ikerketa. Hau da, ezagun zaizkigu lan ordaindua eta etxeko zein zaintza-lana uztartzeko zailtasunak, gehienetan emakumeek kudeatu beharrekoak; bada, emakumeen presentzia bikoitz horretaz gain, hirugarren bat gehitu dio Sagastizabalek ekuazioari: parte-hartze soziopolitikoa edo militantzia. Emakumeak denboraz pobre dira hiru lan uztartu behar dituztelako: ordaindua, etxekoa/zaintza eta militantea. Hortik askotan hirugarrenari uko egin izana.

Lanaren luxuaz ari ginen lehen, lan ordaindua izatearen luxuaz eta lan ordainduaz kanpo denbora izatearenaz. Geure buruak hezteko denborak, ordea, genero-marka darama nonbait.

* Alba Ricok lanaren aldarria egiten du Amb filosofia saioan, ‘trabajo’-rena. Onartzen du hitzaren jatorri etimologikoak min-konnotazioak dituela –‘trabajo’ ‘tripalium’-etik omen dator, hiru makila erabiliz egiten zen Erdi Aroko tortura bat–, baina bizitzea merezi duen hori lanpostuarekin (‘empleo’) baino lanarekin (‘trabajo’) lotuta dagoela uste du. Min-konnotazio nahikoa ditu Sagastizabalek aztertutako presentzia hirukoitzak ere; haatik, genero-desberdintasunak arintzeko neurriak hartzeko espazio egokia izan daitekeela dio tesian. Torturatik luxua atera ote dezakegu?

Luxuaren prekaritatea

Meme batek ekarri ninduen errealitatera sare sozialetan konektatuta mundutik deskonektatzeko ahaleginean nenbilela: «Egizu lan maite duzun horretan eta ez duzu inoiz lanik egingo zure bizitzan uneoro lehertzeraino egingo duzu lan, ez duzu bereizketarik edo mugarik ikusiko eta dena hartuko duzu ikaragarri pertsonalki».

Alba Ricok eta Masók egiten duten bereizketan, gordean baina hor baitaude arriskuak ere… Lan ordaindua eta beste lana, ‘benetakoa’ –geure burua heztearekin, irakurtzearekin, idaztearekin, sormenarekin, ikertzearekin… lotutakoa–, bereizteak esan nahi ote du, bada, beste hori ez dela ordaindu behar? Zertaz bizi (behar) dira artea, jakintza, kultura, komunitatea, literatura, zientzia… sortzen dutenak?

Eskola hitza grezieratik datorrela ere kontatzen du Alba Ricok. Hasiera batean denbora librea edo lasaitasuna esan nahi omen zuen hitzak, egitea merezi duen hori, eta denborarekin ikasketarekin lotzen hasi zen. Esan denez, lan hori aldarrikatu nahi du Alba Ricok lanpostuaren (‘empleo’) aldean. Erantzuten ez duen galdera da zer gertatzen den eskolan lan egiten duten horiekin.

Masók beste arrisku bat ere aipatzen du gaur egungo lanaz ari denean: intelektualaren, sortzailearen, artistaren edo dena delakoaren irudia bat dator langile neoliberal perfektuarenarekin. Paretarik gabeko fabrika batean lan egiten dute, etxetik lan egin dezakete,  ordutegirik ez dute izaten, kontraturik ere ez beti… Hau da, itxura batean librea dirudien lanak (auto)esplotaziotik gehiago du askatasunetik baino.

Crítica de la razón precaria liburuan jaso ditu Javier López Alósek bizitza intelektualaren eta prekaritatearen bueltako horiek, 80ko hamarkadatik aurrera jaiotakoen belaunaldia gogoan, bereziki. Prekario intelektualaren subjektuari eta haren egoerari argazki osatu antzekoa ateratzen dio horrela, fokua orain alderdi estrukturaletan, orain subjektibitateetan jarriz.

Izan ere, prekario intelektuala gurutzatzen duten ertz gehienak aztertzen ditu López Alósek: autoesplotazioa, lehiakortasuna, kontsumismo intelektuala, aitorpen beharra (subjektiboa, egindako lanaren edo norberaren balioaren onarpenaren beharra; eta objektiboa, akademian lanpostua izateko beharrezko diren merituena), alderdi profesionalaren –ogibidearen, beharraren– eta pertsonalaren –bokazioaren– arteko nahasketa, arrakasta-exijentzia, ekarpen berritzaileak egitearena… Ertz horietako bakoitzak gainerakoekin bat eginda sortzen duen ezinegona, estresa eta gaitza ere islatzen ditu iaz argitaratu zuen saiakeran.

Azken batean, prekaritatea arazo ekonomiko bat baino zerbait gehiago dela dio, eta, arazoari irtenbidea eman nahi badiogu, soldatari ez ezik lan intelektuala eusten duen egitura osoari ere erreparatu beharko diogula. Kontenplaziozko bizitzaren luxua urruti daukagu oraindik.

Asperdurak egingo gaitu libre

«O, nagitasun, arteen eta bertute nobleen ama, izan zaitez giza-larritasunen aringarri!» (Paul Lafargue, Le droit à la paresse, 21. or.). «Eromen arraro batek» hartu omen zuen XIX. mende amaierako langile-klasea: lanarekiko maitasunak. Industria iraultzaren ondoriozko fabriketako lana du buruan Lafarguek, lanegun amaiezinen eta miserableen garaia, eta, horren kontra, nagitasunaren apologia egiten du.

Lafargueri ere lanaz besteko zerbait begitantzen zaizkio «adimenaren jokoak». Lana da fabrikako langilearena, edo nekazariarena. Baina, Grezia eta Erroma klasikoak eredu, hezkuntza, politika, aisia…, adimenari dagokion hori, ez da lana. Produkzio materialaren garaian eta lan ordainduaren kontra ari dela ulertu behar da, beraz. Beste mundu bat da gaurko prekaritatearen miseriena.

Egiari zor, XIX. mendeko lanegun amaigabeetatik zortzi orduko lanordura egin zen borrokarik eta izan zen lorpenik. Beste gauza bat da zortzi orduko lana, beste hainbesteko atsedena eta beste zortziak aisialdiari eskaintzea errealista izatea. Errealista, edo unibertsal. Langilearen zortzi orduko aisia-denborak gizonarena esan nahiko zuen-eta, akaso. Emakumea tripaliumean geldituko zen, hiruki gatazkatsuarekin borrokan.

Gezurra badirudi ere, zortzi orduko lanorduak luzeagoak dira gaur. Kafkaren indiarraren pare gabiltzala eta, Lafarguerekin ados egongo da Alba Rico, aspertu egin behar garela uste baitu. Izugarri aspertzen garen uneak dauzkagu ondo gogoan, dio, eta une horiek dira geure gorputzaren eta denboraren jabe egiten gaituztenak:

… denbora ia materializatu egiten zen une horiek [gogoratzen ditugu]. Gelatina bihurtzen zen [denbora], eta gelatina horren barruan zeunden zu, eta beste atmosfera batean bazeunde bezain astiro mugitzen zinen, eta zerbait egin behar zenuen, zerbait asmatu behar zenuen handik ateratzeko.

Itzaltzen ez diren teknologiek zentzumenak beti adi izatera garamatzate, beharrean pasatzen dugun denboran produzitutakoa kontsumitzen pasatzen dugu handik kanpo geratzen zaigun apurra –ordaindu gabeko lanean pasatzen ez zaigunetan, behintzat–. Kalitatezko denbora behar dugu, aspertzeko.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan