Garazi Arrula eta Andoni Olariaga: ‘Joan Mariri esker onez’

2020-07-31 Albisteak

Pertsona traszenditu egiten duela eta belaunaldi oso baten saritzat hartzen zenituela, hala esan zenigun omenaldi batetik bestera ibili zinen aldian. Horixe da burura datorkigun lehena zure emaria hitzetan jartzeko: taldetasuna. Alde horretatik, ez da harrigarria mendiari zenion zaletasuna ere, egun ez bezala, garai batean herrigintzari eta euskaltzaletasunari oso loturik egon baitzen.

Zure belaunaldiaz arituko gara, hala nahiago zenuenez; gazte zinetela, hil hurren zen herri batek uki zintuzten eta, agonia horretatik abiatuta, hats eman eta eraiki zenituzten mundu bat, pentsamendu propioa eta hori garatzeko lanabes herrikoiak: Anaitasuna, Jakin, Egunkaria, Elkar eta beste asko. Herri batek, herri izateko, behar-beharrezkoak baititu mundu ikuskera oso bat, bere iruditeria, hizkuntza, zeinu, ikur eta abarrekin. Euskaraz eta euskararentzat mundu beregaina eraikitzea. Pentsamolde horretakoa zaitugu zeu ere, Joan Mari, eta norabide horretan aritu zara; kultura eta hizkuntza direlakoan herriaren motorra, bihotza. Horiek garatzeko zimenduak jarri zenituzten, eta zimenduak sortzeaz harago, —eta hauxe da batez ere zaila— horiek elikatzen jardun duzu; azpitik bultzatzen, ikusten ez den etangabeko xinaurri lanean, egun bat bai eta hurrena ere bai, gaur egun hain urri diren balioekin: zure buruaren aurretik taldea jarriz eta, une egokian, hurrengo belaunaldiei bide ematen jakinda.

Bistan denez, zure helburua ez da guztiz bete, elikatze hori ez baita sekula finitua helburutzat jartzeari uzten zaion arte. Duela bi urte, ospitalean egun batzuk pasatu eta gero indartzen ari zinela-eta etxean hartu gintuzun, ospitalean bertan bukatutako Asedio al euskera liburua publikatu berritan (“ez dakigu-eta besterik egiten!”). Mintzoan zein ekinean hurbil eta zintzo, esan zenigun ezer baino lehen ariketa bat egin behar dugula herri bat garela gure buruari sinestarazteko, jarrera proaktiboa hartu eta erabakimen pertsonalak alde batera utzi. Herri bat garela sinetsarazi… Zeinen zaila egiten zaigun oraindik. Asmatuko ote dugu berandu baino lehen intuizio horren arabera jarduten. Horrek bultzatuta sortu zenituzten herri plataformak, azkenera arte eman dizkiguzu baliabideak, ibili zara hurrengo belaunaldiak xaxatzen, besteoi lana erraztu eta lur ongarrituan has gintezen gure jardunean.

Herriari eta hizkuntzari emandako ageriko lan eskerga hori gogotik ordaindu zenuen, ordea; atxilotu eta torturatu zintuzten, baita urtetan pilaturiko artxibategia suntsitu ere, eta esanen genuke horietako azkenak eman zizula min biziena. Herri oso baten umiliazioa bilatu zuten zuek txikitzen jardun zutenek. Baina lasai joan zaitezke, ez baitzuten lortu.

Agonian izatetik subjektu izatera eramaten lagundu diozu gure herriari, Joan Mari. Mugagabeko esker ona baino ezin dugu adierazi, promesa bat egiteaz batera: zuen ondarea ez dugu alferrik galtzen utziko.

Adiskide eta senideei besarkada estu bana. Gugan bego.

 


Joan Mari Torrealdairen heriotzaz: 

Lorea Agirre Dorronsoro: ‘Euskararen Amaiur honetan

Joanmari Larrarte: ‘Euskalgintzaren erreferentea

Jon Zarate Sesma: ‘Joan Mari Torrealdairi Euskal Herriko Unibertsitateak esker onez

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan