Periferiako euskal hiztunen erdiguneaz

2020-03-22 Albisteak

Euskal hiztun komunitatearen erdiguneak eta ardatzak labankorrak dira. Hala dio Jaime Altuna Ramirez antropologoak eta Jakin aldizkariko kolaboratzaileak. “Euskal hiztunok une batean periferian kokatu gaitezke eta beste batean ardatza izan. Tuteran, esaterako, zaila izango da euskararen ardatza izatea. Askoz errazagoa da Errezilen bizi bazara. Baina hori ere erlatiboa da: izan ere, euskaraz bizi nahi dugunok zein puntutaraino gara nonbait ardatza? Hemen zentroa izateko gehienetan beste hizkuntza batzuk behar baitituzu”.

Gai honen inguruan hausnartu du Altunak Jakinen Egunen gurpilean atalean, eta bertan esandakoez jardun du Miren Rubio Iturria kazetariarekin irratirako egindako erreportajean. Izan ere, periferian kokatzen den euskal hiztunen komunitateak ere baditu bere erdigune eta bazterrak, dioenez. Hiztun berriekin gertatzen dena horren adibide: “Hizkuntza baten indarberritzea aktibatzean, hiztun berrien kopurua handitzea bilatzen da. Esfortzu handia egiten da hiztun berri horiek lortzeko. Baina, hiztun ‘autentiko’ edo ‘berezko’ hiztunaren figurak, aldiz, jarraitzen du izaten gurasoengandik edo etxetik hizkuntza minorizatu hori jaso duenarena”. Eta horrek kontraesanak sortzen ditu: “Hiztun berriak ditugu baina zerbaiten faltan sentitzen dira, ‘esentzia’ hori ez dutelako jaso. Horregatik, paradoxa bat gertatzen da hor: hiztun berri horiek nahi ditugu, baina ez diegu erabateko aitortza egiten”.

Beste hainbat gogoeta audio erreportajean. Klikatu azpiko ikonoan, entzun:

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan