2020-02-23 Bloga
Ez dakit zeini irakurri nion, baina bizpahiru bider borobilduta daukat koadernoan: kultura ekintza kritikoaren aktibatzailea da.
Hamarkada berri baten zirimolan sartu gara: badatoz eta badoaz bueltan egun berriak. Aldatu ditugu eskuz hormetako egutegiak, eta digitalki eguneratu zaizkigu beste guztiak inguratzen gaituzten gailuetan. 2020. Eta badoa aurrera. Guri arrotza bazaigu zifra, ez dut jakin nahi zenbatera arte ondoko zenbaiti. Entzuterik ere ez duela gura esaten du gertuko batek; bera 1936an jaio zen.
Unai Elorriagak esaten zuen aurrekoan, Iturria bere nobela berriko protagonistak berriz adineko pertsonak direla-eta, uste duela familian kide zahar ugariz inguratuta hazi izanak eragina izan dezakeela bai hautu horretan eta bai literatur zaletzerakoan ere. «Nire aitona-amona guztiak XIX. mendean jaio ziren», esan zuen; aitzitik, bere ikasle guztiak XXI. mendean jaio direla. Gogoeta hari hau utzi zuen haietaz aritzean:
Nire oraingo ikasleak 2002 inguruan jaio dira, eta eurentzako XX. mendea ez da existitzen. «Gu ez ginen jaio; beraz, ez da interesgarria». XXI. mendekoak dira erabat. XX. mendea da entelekia bat ez dutena ulertzen, eta ez zaiena inondik inora interesatzen. Eta harritzen nau. Egun gazte askok duten tristeena jakin-min falta hori da. Niri asko interesatzen zitzaidan nire aurreko sasoia, nondik natorren jakiteko: zer gertatu den hemen, gerra bat, haren ondorioak, nola ikusten duen heriotza 90 urteko batek…
Xabier Gantzarainek heldu zion hariari Berria-ko Lauhazka-n. Beste koska bat gora egin duen mende hau ulertzen saiatzeko nagiaz mintzo zen, agian, ankerrena gogo falta hori dela iritzita. Baina esan dezala berak:
Eta pentsatu nuen beharbada horixe dela tristeena, gaina hartzen ari zaidan jakin-min falta hau, XXI. mendea ulertzen saiatzeko nagia, nire sasoia pasatu zela eta orain munduaren zama, eta munduaren ederra, beste batzuei tokatzen zaiela sentitzea batzuetan, inor liluratzen ez duen eskapismo baterako tentazioa gailentzea geroz eta gehiagotan, neure garaiari eta bizi naizen tokiari bizkarra emanda bizitzeko aukera aintzat hartzen hastea, egunean hiruzpalau aldiz, beste garai batean, beste leku batean, ahal bada hemendik urruti.
Aurrerago ohartarazten du baietz, jende gehiena bizi dela horrela, nork bere neurrira eraikitako mundu batean, eta mundu hori zalantzan jar dezakeen oro bazter utzita. Erne hitzokin:
Gutxiago, askoz gutxiago irakurtzen dudanetik, mundua lauagoa bihurtu zait, ertzak galdu ditu, dentsitatea galdu du, gorputza galdu du, denbora galdu du: neurrira egindako eguneroko errealitatea besterik ez daukat orain.
Irudipena baitut ez dela berari buruz ari. Pertsona aldatu, eta funtzionatzen segitzen du: «Gutxiago, askoz gutxiago irakurtzen dugunetik, mundua lauagoa bihurtu zaigu, ertzak galdu ditu, dentsitatea galdu du, gorputza galdu du, denbora galdu du: neurrira egindako eguneroko errealitatea besterik ez daukagu orain».
Artisten mundua
Irakurketaz ari ginen, baina artera egin dezakegu jauzi. Aldizkari honen aurreko zenbakian Gantzarainek berak irmo idatzi baitzuen, tonu etsiz, onar dezagula, inork ez duela hitz egiten arteaz, inori ez zaiola axola nola ikusten duten artistek mundua.
Horrekin gogoratu nintzen Madrilgo Reina Sofia Museo Nazionalean Demokraziaren poetikak. Trantsizioko irudiak eta kontrairudiak erakusketa bisitatzean. Historiografia ofizialetik kanpo utzitako 1970eko hamarkadako esperientzia artistikoak aldarrikatzea da proposamena, estatu espainiarraren barrukoak aintzat hartuta. Estetika eta praktika berriak erakusten ditu, fase historiko berrian boterean segitu nahi zuen logika frankista irauli nahi zutenak, bakoitzak bere moldez. 1976ko Veneziako Bienalarekin abiatzen da erakusketaren kontakizuna, komisarioen arabera, «gertaera artistiko bat» izan baitzen hura, momentu hartako arte antifrankistaren diskurtsoa bildu zuen gertaera artistiko bat. Historialari ofizial ugarik 40 urteko diktadura militarretik demokraziarako trantsizio unea kontsentsuak ezaugarritu zuen fasetzat definitu badute ere, hortik urrun, desenkontruek eta kontraesanek zeharkatutako garaia izan zela irakur daiteke hormetan, zeinak gaur egunera arte irauten duen, agerikoa denez.
Testuinguru horretan, baina, hara non topo egin genuen euskal artisten lanekin, eta haien orduko eskakizunen berri zekarren El País-eko artikulu batekin. 1976ko abuztuaren 3a. Titularra: «Euskal Herria presente egongo da Veneziako Bienalean». Hurbildu ginen kristalera ahal beste, eta jakin genuen urte hartako bienalean arazoak izan zirela euskal artistekin.
Ibarrolak, Oteizak eta Txillidak gonbidapena jaso zuten euren lana 40 urteko borroka antifrankista erakusketan ikusgai jartzeko, Veneziako Bienalean izango zen ordezkaritza espainiarraren barruan. Azken biek, ordea, haien lana ezin zela euskal kontestutik kanpo eman eta euskal artistek errepresentazio propioa behar zutela erantzun zuten; «are gehiago, kontuan izanda euren aparteko parte hartzea frankismoaren aurkako borrokan», zekarren egunkari mozketak. Kasua aztertzeko batzorde bat sortu zuten, bienaleko ordezkariak euskal erakundeekin ere jarri ziren harremanetan, baina ez omen zuten behar adinako interesik agertu. Euskal artistek bazterketa salatuko dute azkenean, eta artista italiarrak izango dira euren pabiloiaren parte bat haiei uzteko prest agertuko direnak. Euskal Herriko artista batzuek ikurrin soil bat jartzea proposatuko dute, bazterketaren sinbolo modura.
Artikuluaren ondoan Ikimilikiliklik-en kartela, eta ondoan beste bat, zuri gorri berdea, Euskadi en la bienal 76, eta han izen ezagunak: Laboa, Zabala, Sistiaga, Basterretxea, Larrukert…
Eta ikusten ditugu elkarren harridura aurpegiak. Ez genuen ezagutzen pasarte hau. Eta onartzen duzu zuk ere nahi baino urrunago duzula maiz artea, nori hasiko zara orain errua zamatzen, eta onartzen baietz, hor dagoela jakin nahi duenarentzat, eta aztarrika hasiz gero, iristen dela bat jakitera. Nekagarria den arren, eta bidegabea, esaten hasita. Bestela, esan nola bilatuko dugun gaurkoa.
Horregatik eragiten du poza Gasteizko Artium museoan sumatzen hasi den ildo aldaketak. Beatriz Herraez da zuzendari berria, lekukoa Daniel Castillejori hartuta, eta, aurrekoan Garazi Ansa kritikariak ohartarazi zuenez, denbora bat igaro den arren Herraezek kargua hartu duenetik, badirudi aurten hasiko direla atzematen aldaketak. XX. eta XXI. mendeko euskal artista askoren lanak barnebiltzen ditu museoaren funtsak, eta horien bidetik euskal artearen kartografia berrian «eragile aktiboa» izan nahi dutela dio zuzendariak. Ansaren hitzei segituta, museoaren izen ofizialean agertzen den «euskalduntasunean» azpimarra jartzea da Herraezen lan taldearen asmoetako bat –Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa baita Artium izen osoz–. Elena Mendizabalen erakusketa izan zen lehena, urtarriletik Juan Luis Morazaren lanak daude bisitagai, Gema Intxaustirenak ere bai orain –bidenabar, emakume artisten lanei zor zaien ikusgarritasuna borrokatzeko erronka ere badu-eta Herraezek–. Baita erakusketa ireki bat ere, 1997tik 2002 arteko euskal artisten obrak hartzen dituena, eta eraldatuz joan asmo duena: Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian.
«Ez da gure hautua»
Ezagutza premia baita. Ezer berririk ez, eta halere beti lilura eta beti kolpea. Belen Gopeguik berretsi du, Ella pisó la luna izeneko liburuan. Madrilgo ziklo baterako idatzi zuen testu bat jaso du bertan; artearen, pentsamenduaren zein zientziaren historia nola kontatu zaigun jarri nahi izan zuten zalantzan jardunaldi haietan, eta Maisutik Maisura harilkatuz joan diren historiaren zuloak bistaratu.
Margarita Duránen inguruan ari da Gopegui testuan, bere amaren inguruan. Aita astrofisikari famatua du idazleak, eta haren itzalpean sekula galdetu ez dioten andrearen inguruan doa idatzia. Eta harago doa, beraz; jaso ez diren bizitza horien auzira. Testu soila da, eta zoragarria:
Ehunka milaka emakumeren bizitzak daude ez soilik kontatua izatea merezi dutenak, ezpada borrokatu behar dugunak kontatuak izan daitezen; egiturei irabaztea ditugun istorioen menpe ere bai baitago. Ez da soilik polita litzatekeela edo interesgarria horiek kontatzea, kontua da haien beharra dugula ulertzeko gertatzen ari zaiguna.
Eta egia esan, ari gara. Hemen eta han, jendea ari da lanean. Joserra Senperenak ere arrazoi du sortzaileak negarrez entzuteaz nekatuta dagoela dioenean, arrazoiak ulertu eta konpartitu arren, berak euren sormen lanaz entzun nahi diela esaten duenean.
Argia-ren aste honetakoa irakurri dut gaur, 2.675. zenbakia. Edurne Azkarateren eta Oier Zuñigaren elkarrizketak dakartza, eta euren lanarekiko erakusten duten konfiantzak baretu ere egin ditzake kezkak. Bi azpimarra, hamarraldi berriak ekartzeko duenari gogoz itxaroteko. Azkarate lehenengo, eta Zuñiga ondotik:
Ondo legoke gure belaunaldiari begira, ikusita zer datorkigun, guk ere gure publikoa sortzeko lana hartzea. Haiek badute haiena [Zaldi urdina antzezlaneko konpainiek], hogei urteko lana eta gero. Baina horrek transmisio bat behar du. Batetik, guk naturalki ogibidean egingo duguna, edo egiten ari garena. Baina, bestetik, publikoan ere oso zaila den transmisioa eman behar da. Hori ez da lehentasuntzat jotzen, baina bada.
Motxila eta itzal bat baditugu, eta hori ezagutzea eta presente izatea oso inportantea da. Nik duela gutxi berrirakurri dut Oteiza, eta bat-batean, ikusten dituzu ideia batzuk gaindituta egon daitezkeela, baina beste batzuek erabateko gaurkotasuna dutela, nahiari eta bulkadari dagokionean. Uste dut oso inportantea dela jakitea nondik gatozen, hori ere bagara; zalantzan jartzen dudana da hori bakarrik ote garen.
P.D. Gantzarainenari berez lotzen zaion Azkarateren hau, ez kasualitatez:
Nik lehen gehiago irakurtzen nuen. Orain ordu eta erdi duzunean, pelikula bat ikusi beharrean ikusten dituzu cup-cake batzuk, aerobik saio bat, zeinek surfeatu duen olatu erraldoi bat, zure ezagun urrunek zer egin duten, ea paseo bat eman dioten txakurrari… Gure denbora pixka bat aberastu behar dugu. Tontotzen ari gara. Eta ondo iruditzen zait, eskubidea daukagu, baina makabroena da ez dela gure hautua. Hala saldu digute, baina ez da gure hautua.