Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedra EHUn

2019-07-05 Albisteak

Joxe Azurmendi Pentsamendu Garaikidearen Katedraren Proiektua sortu, garatu eta sostengatzeko hitzarmena sinatu dute EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iñaki Zabaleta Gorrotxategi Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak koordinatuta, Joxe Azurmendi filosofoaren lana eta pentsamendua ez ezik, 1956ko belaunaldia deitutakoa osatu zuten beste pertsonenak ere ikertu eta zabaltzeko balioko du.

Helburu hori gauzatzeko, hiru arlo lantzea aurreikusten da: arlo filosofikoa, gogoeta eta kritika sustatuz; giza eta gizarte zientzietako beste arlo batzuk, bereziki historia, hizkuntza, kultura, gizartea eta politika; eta proiekzioaren arloa, euskal pentsamenduak nazioartean zer nolako eragina duen aztertuz.

Hori horrela, hitzarmen horren bitartez, aztertzeko eta ikertzeko lan akademikoak egingo dira euskaraz, honako gai hauek ardatz hartuta, besteak beste: euskal pentsamendua, haren nazioarteko eragina, 1956ko belaunaldiko beste kide batzuen lana, kooperatibismoa eta pentsamendu soziala, bizikidetzari buruzko gogoeta etikoa…

Horretarako, euskal pentsamendua jorratzen duten erakunde eta entitateekin hartu-eman zuzena egongo da. Jakin Fundazioaz gain, esaterako: Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Center for Basque Studies, Etxepare Euskal Institutua, Arantzazu Gaur Fundazioa, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea, Euskal Kultur Erakundea…

EHUko errektore Nekane Balluerkak honako hau adierazi du proiektu horri dagokionez: “Hizkuntza baten normalizazioak gizartearen eta kulturaren esparru guztietara zabaltzea eskatzen du, bereziki giza pentsamenduaren esparrurik konplexuenetara. Zentzu horretan, Azurmendi irakaslearen ibilbide pertsonal eta intelektuala eredugarria da: filosofia, biografia, historia soziala, saiakuntza literario edo politikoa landu ditu, baita poesia ere. Joxe Azurmendiren lanak gure garaiko oinarrizko gaiekiko kezka agertzen du. Haren pentsamendua konplexua eta malgua da, eta euskaraz garatu da, gainera, hizkuntza aberastuz eta ageriko jakin-mina pizten duen lana ekarriz, zeina hamarkadetan zehar haziz joan den eta nazioarteko dimentsioa hartu duen. Lan askotariko eta zabal hori aztertzeko dago oraindik, eta beste ikerketa askoren abiapuntua eta erreferente nagusia izan daiteke”.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, berriz, gogora ekarri du Joxe Azurmendik iazko Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuela Jakin Taldeko kide gisa pentsamenduaren, kultur sorkuntzaren, argitalgintzaren, euskal kulturaren eta euskara batuaren arloan eginiko ekarpenagatik. “Joxe Azurmendik, bai eta haren belaunaldiko gainerako pentsalariek ere, euskal gizarteari eta kulturari beraren errealitatea eta eboluzioa ulertu ahal izateko tresnak eman dizkiete. Espiritu irekia eta, aldi berean, kritikoa zuen Mendebaldeko pentsamendu joerekiko, eta, horietan oinarrituta, egungo euskal gizarteak bere historia, nortasun, hizkuntza, kultura eta gizarte errealitateari buruz dituen erronka eta galderei erantzuten saiatu da”, adierazi du Olanok.

Ildo berean, Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresua antolatu dute elkarlanean Jakinek eta EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak. Joxe Azurmendi filosofo eta jakinlariaren ibilbide eta pentsamendua aztertzeko kongresua izango da, eta 2019ko abenduaren 11tik 13ra egingo da Donostiako San Telmo Museoan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan