miren artetxe

Eskua sartu, eskuari haginka

2019-05-10 Bloga

Arteak Ireki diote eta Mugak Mugatu ateratzen zait. Badira zenbait kontu ulertzen zaila direnak, ados desados sentitzetik aparte. Esaterako, orain, soil-soil eta zuzen-zuzen esanda, zertara etorri da areto eta tabernetako kultur ikuskizunak mugatzearen kontua? Otsailean dekretua onartu zenetik ari da gaia jirabiran, eta abiapuntutik ez dut ulertu zer bilatu nahi duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuak horrekin teman sartzearekin.

Alertak piztu ditu, eta aretoetako jabeak eta artistak Arteak Ireki plataforman antolatu dira. Urteko hamabi ikuskizuneko muga jarri nahi zuen hasiera batean Eusko Jaurlaritzak, baina dagoeneko egin du atzera, eta gehienezko kopurua ezabatu du. Halere, horiek kontrolpean izan beharra berretsi du. Eta diot, txepelegi agian: non atzeman da baina arazoa? Inon eman da kultur ikuskizunen halako gaindosi, nahasmen bat taberna eta areto txikietan eskua sartzen hasteko?

Gauza jakina da halako espazio batek zenbat biziagotzen duen ingurua, bere txikitasunean zeinen izan daitekeen giltzarri: herritarrak kulturara iristeko bide hurbileneko direlako, hasten ari denak nondik hasi izan dezan, eta argudioen soka luzatzen jarraitu gabe, ondo jakinak diren beste hamaika arrazoi tarteko, baldin eta kultur bizitza oparo baten alde bagaude. Ze, finean, hau beste gurpil zoro bat da, eta baliabidetan aurrien direnei ixten zaizkie ostera ateak. Are, sortzaile bati baino gehiagori entzuten zaion kontua denean hemen eta gaur ez dela beti aski plaza topatzen.

Espazio horien jarduera librea defendatzea baino harago, kultur politikaren eztabaida egon daiteke sakonean: noraino sartu eskuak eta zertarako. Ez al da, oro har, gehiago eztabaidatu beharko genukeen zerbait? Kanpaina egunetan sartuta gauden honetan, ez da gutxiegi entzuten kultura hitza bera?

Aurrekoan aipatu ez nuen baina urte hasieran azaleratu zen gai bat gaztetxeena izan zen; gaztetxeek, kultur plaza modura, historikoki izan duten eta aurrerantzean izan dezaketen zeresana –bada dioenik kultur eskaintzan ardaztu diren espazioek gaztetxe izateari utzi diotela, eta seguru badituzue adibide batzuk buruan: Gernikako Astra eta Tolosako Bonberenea, adibidez–. Gaiaz ari ginenean, Iruñeko Maravillas egunkari azaletan, Terry Eagletonen ondorengo esanari egin zion tira Xabier Gantzarainek, ‘Jaten eman’ artikuluan (Berria, 2019-01-13): «Kulturaren egitekoa jaten ematen dion eskuari haginka egitea da».

Esaten zuen euskaldunok ohituta gaudela, ohituegi agian, entzutera kultura dela jaten ematen zaion hori, industriari edo turismoari jaten emango ez balitzaio bezala. Zein garrantzi aitortzen diogun bakoitzari, hori da kontua. Pisu gehiegi du botereak arinegi hitz egiteko, baina jakin nahiko nuke nola aldatuko liratekeen gauzak kulturgileei botere gehiago delegatuko balitzaie, hitzaren zentzurik berdinzaleenean. Zeren eskuak sartu behar dira, baina ez mugak estutzeko. Horregatik bihurtzen da, besteak beste, kulturaren egitekoa –artearena, esango luke Gantzarainek– «harrika egitea haginka egiten dion hagintari saldoari». Horretaz guztiaz gehiago hitz egitera ohituak behar genuke, diot, dekretu desproportzionatuei erreakzioz erantzutera itxaron gabe.

Aipatu dugu, hauteskunde garaian gaude, eta hari-harira ez badator ere, ekartzeko modukoa da beste hau, zergatik ez, inork apuntatu nahiko balu: Parisko Udalak 250.000 euroko diru-laguntza emango die liburu-denda independenteei, horiek hirian mantendu eta berrien irekiera sustatzeko.

Poz txiki bat, dena mamu den garaiotan.

Plazaren ubela

Kultur politikaz ari, erakunde publikoetatik kanpo egiten den lanean ere bada non murgildu. Instituzioek bezala, kultur politika egiten dute kultur plazako gainontzeko agenteek, eta hor ere egosten dira botere harremanak. Horien artean, genero gatazka seinalatu duten bi lan ekarri ditu udaberriak argitara, bi plaza zehatzetara jaitsi dutenak fokua: Uxue Alberdik bertsolaritzarenera, Kontrako eztarritik liburuan; eta Eider Rodriguezek literaturaren eremura, Idazleen gorputzak lanean. Susa argitaletxeko Lisipe bilduman kaleratu dira biak.

Tresna izan nahi duten liburuak dira, eta «behar genituen» entzun da han-hemen. Plazako genero diferentzia zertan zertzen den ikusarazi nahi dute, zertaz ari garen gaur oraindik jardun publikoa emakumeentzat bortitzagoa dela esaten dugunean. 15 emakume bertsolariren testigantzak bildu ondoren, 22 mekanismo identifikatu ditu Alberdik. Esaterako, gizonen «kidetzat», ez-emakumetzat hartuak izatea; itxuragatik epaituak izatea; merezimendu faltaren epaia eta hari lotutako autoexijentzia suntsitzailea; desexualizazioa zein hipersexualizazioa; umore azpiratua; gutxiespena; desautorizazioa eta marasma horretan falta direnak.

Berdin-berdin funtzionatzen dute askok literaturaren esparruan; ez dira alferrik izan tradizionalki maskulinotzat jotako eremuak. Baina, hala eta guztiz ere, bertsolaritzatik eta literaturatik harago doazen azpiratze bideak dira denak, biolentziari berbak jarri eta desnaturalizatu egiten dutenak. Funtsean, ahots autorizatua norena den eta hura nola eraikitzen den gogoeta egitea bilatzen dute, horrek dakartzan eztabaida hari eta ardurak hartu behar guztiekin. Hona azpimarra batzuk; Alberdiren lumatik aurrena:

  • [Mary] Bearden hitzetan, «tradizionalki maskulinotzat jotako territorioetan sartuz gero, ez du axola emakume gisa hartzen duzun jarrera zein den», automatikoki aktibatuko dira mugatze mekanismoak. Hori dela eta dabiltza emakume publiko asko emakume hitza «mandeulia bailitzan» uxatu nahian, ez ditzaten saldo subordinatura murriztu, Woolf amorratu bainoago nahi luketelako izan Shakespeare puru.
  • Menosten gaituen kategorizazioa askapen eremu bilakatzera dator feminismoa. Identitate subalternoa identitate eraldatzaile bilakatzera. Txokokeria, tranpa, erosokeria eta, are, pribilegioa egotziko dizkiote kolektiboki antolatzen eta askatzen saiatzen denari.
  • Autoafirmazio ariketa kolektiboak martxan dauden arren, azpimarratzekoa da emakume bertsolarientzat bertso-kide kanonikoen (gizonak, ia denak) aprobazio premiak duen pisu nabarmena ere. Haien iritziek, aitortzak edo gaitzespenak (zeharkakoa izaten da maiz, kideei buruzko iruzkinen bidezkoa) eragin zuzena dute elkarrizketaturiko bertsolarien autoestimuan, autopertzepzioan eta errendimenduan.

Rodriguez ondotik:

  • Eszenara sartzea baldin bada idaztea, ia denak sartu dira gizonezkoren batek lagunduta [Urretabizkaia, Mintegi, Meabe, Jaio eta Alberdi elkarrizketatu ditu]. Aita pontekotza hori gabe idazle batzuen lanak bidean geldituko ziren, agian, eta beste batzuk ez ziren inoiz idazle izango, ez behintzat egile edo autore. Alta, aita pontekotzak ere sor ditzake loturak, zorrak, menpekotasunak, hierarkia faltsuak.
  • Postura [literarioaren] bidez existi daiteke bakarrik pertsona bat idazle moduan, eta, hala, idazle orok bere egile irudiaren inguruan duen pertzepzioak baldintzatuta sortuko du berea.
  • Esparru androzentrikoaren garroek ez diete emakumezko idazleei soilik erasango, baizik eta baita, eta bereziki, gorputz horien luzapena diren testuei ere.

Datuak ere badira, inolako maniobra tranpatitarako marjinarik gabe, eztabaidatu ezinekoak diren horiek. Idazleen gorputzak lanak jasotzen duenez, 1975-2005 artean euskarazko prentsan egindako kritiketatik %10 egin dute emakumeek; 215 dira emakumeen liburuen gainekoak, eta 2.026 gizonenak; euskal historiografia literarioan ageri diren 261 egileetatik 6 dira emakumezkoak. Alberdik ere ematen du datu gogoangarri bat: kopuruz, emakume bertsolariak %25 dira egun, eta beste hainbeste okupatzen dute plazan, %25. Alegia, sistemak sor dezakeen ilusio patriarkaletik urrun, direnak daude eta daudenak dira.

Gutxiengoa izan eta gutxiengoan egon. Plazak badu hor zor bat, ubeldura iraunkor bat. Eta zor du, gutxienean, horientzat ere, denentzat, baldintza bizigarriak sortzea.

Bien bitartean, bertsolari emakumeek sortu dute aliantza, kolektiboaren babesa. Idazleen kasuan ez, ez halako neurrian. Jardunak oso ezberdinak dira, bistan da, baina hor dago aspaldiko irakasgaia: kolektiboki antolatu behar du askatu nahi duenak. Ifrentzuan, behar baino nabarmen gutxiagotan aipatzen den elementu bat ikusten ari naiz nonahi bi liburuak irakurri ostean, jakin arren ez dela ezer berria: anaidia, gizonen arteko aliantza, tradizio luzeko babes eta konplizitate sare hori. Kultur mundura begira, nago inon idatzi gabeko hori dela dagoenik eta politika irmoenetako bat.

Garaiaren argi-ilunak

Kultur gaurkotasunari gordetako lerroak dira hauek, eta bukatu aurretik eman nahi ditut azken asteetako beste zertzelada gutxi batzuk, beren argi-ilunekin. Bat, fikzio propiorik gabe jarraitzen dugun bitartean, HBOk ekoitzitako Patria telesaila hasi direla grabatzen Donostian eta inguruan, Fernando Aranbururen nobela oinarri. Taldean dira zenbait euskal aktore (Eneko Sagardoi, Jose Ramon Soroiz, Iñigo Aranbarri, Ane Gabarain, Elena Irureta…), eta hain urri duten hori eman die: lana. Poztekoa da alde horretatik, baina poz mindua, ezin uka.

Bigarren, Debako Arte Eskolaren itxiera. 1969an Oteizak abiatu zuen hura, 1983tik aurrera oso bestelako proiektua izan da, artisau profesionalak formatzeko gune bat. Artea bizitzeko modu jakin baten aterpe ere izan da, eta ekainetik itxita dago. Haren geroaz pentsatzeko lehen jardunaldiak egin berri dituzte, eta oraingoz hala eutsi nahi dute proiektua bizirik. Hasiera batean irudi lezakeena baino mami gehiago du Juan Luis Baroja Collet artista eta urte luzez bertan irakasle izan denak dioenak: oso zaila dela inor halako eskola batera animatzea, tituluen eta masterren garaiotan.

Eta hirugarrena eta azkena, Bilboko Loraldia. Bosgarren urtez, jaialdiak lan eskerga egin du hirian euskal kulturari oasia eskaintzen: 200 sortzaile, ia hilabeteko egitarauan. Ahal beste arte diziplina barnebildu ditu, gaurko euskal kulturaren argazki bat emanez: Mikel Lertxundiren kale erakusketa, Munduko Poesia Kaia emanaldia, Aukeran dantza konpainiaren Biz Hitza ikuskizuna, Txakur Gorria kolektiboaren H-artzetik emanaldia, liburu aurkezpenak, bertso saioak, Hibai Etxebarriaren zein Maite Larbururen kontzertuak, Iratxe Fresnedaren Lurralde hotzak filmaren aurkezpena, eta horrela 30 emanaldira arte. Handik oso gertu ez dabilenak galdu ditu, eta oxala zabalduko balira datozen hilabeteetan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan