2019-03-06 Albisteak
Ohiko dugunez, Historia bizia sailak zabaltzen du Jakin aldizkariaren urteko lehen zenbakia. Oraingo honetan, zientziaren, euskaltzaletasunaren, euskal unibertsitatearen eta politikaren eremuetan lanean eta borrokan luze jardun duen izen propio bati egin diogu lekua: Jose Ramon Etxebarriari. «Atal honetako elkarrizketatu guztiekin gertatu ohi den legez, Euskal Herriaren historia hurbila kontatzen du protagonistak bere historia propioa kontatu ahala», dio atarikoan Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.
Jexux Larrañaga Arriola antropologian doktoreak idatzitako artikuluarekin osatu dugu zenbakia, eta Egunen gurpilean sailean ere bada nobedaderik: Alba Garmendia filosofian doktoregaiak Glokalia atalean idatziko du aurrerantzean Ignazio Aiestarani lekukoa hartuta.
Jose Ramon Etxebarriari elkarrizketa
Jose Ramon Etxebarria irakasle, fisikari eta euskaltzalearen urratsei segika osatu du elkarrizketa Miren Rubio kazetariak: haurtzaroa Gernikan eta Eibarren; ingeniaritza ikasketak Bilbon; soldaduska Cadizen eta Gasteizen; herri mugimenduekin lehen harremanak Bilboko Santutxu auzoan; lehen idazkuntza eta alfabetizazio prestakuntza Anaitasuna aldizkarian; fisika irakasle Zientzia Fakultatean; euskarazko apunte eta testuliburuen sortze lanak Saioka egitasmoan eta UEUn, besteak beste; militantzia politikoa eta Guardia Zibilaren torturak La Salven; zentral nuklearren kontrako borrokak; Xabier Amurizaren bertso ikasle; Gernikan Espainiako erregeari Eusko gudariak abesten; lan politikoa Herri Batasunan; Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle propioaren aldeko borroka luzea… Urrats horiei begira jardun du Etxebarriak: «prozesu bat da, eta inportanteena segitzea eta egitea da. Ni horretan beti izan naiz baikor porrokatua. Konfiantza osoa dut datozenengan».
Neurozientzien itzalean
«’Neuro’ aurrizkiaren inflazio kulturalaren garaia da egungoa», dio artikuluan Jexux Larrañaga Arriola Gizarte eta Kultur Antropologian doktoreak. Zientziaren «egia biribil eta bakarraren» mozorropean aurkezten dira sarri neurozientziei lotutako ekarpen eta irakurketak, eta gizakiaren irudia eta testuingurua erabat murrizten dute, diskurtso zientifistaren pean. Diskurtso hori nabaria da hezkuntzan, dioenez: «Ikasteko ezberdintasunak sortzen direnean, norbanakoaren garunean aurkitutako gabezia neuronalei atxikiko zaie arazoa, epaiketa kondenatzailea balitz bezala. Konplexutasun soziala saihestu eta erantzun tekniko ordezkagarriak bilatzen dira». Ondorioz, «erabilera farmakologikoa zilegitu eta eskutik etorriko dira», merkatuaren intereserako. Gizakiaren beraren askatasuna jartzen dute jokoan halako diskurtso zientifistek, beraz, egilearen hitzetan.
Alba Garmendia, sinadura berria
Bi urtez Egunen gurpilean saileko Glokalia atalean gogoetan aritu ondotik, Ignazio Aiestaran filosofo eta irakasleak lekukoa pasa dio Alba Garmendiari (Ikaztegieta, 1992). EHUko Filosofia Sailean ari da doktore tesia egiten. Ikerketa lerro nagusiak utopia ikerketak eta filosofia politikoa ditu, eta Ernst Bloch-en utopiaren filosofia eta Michael Hardt-en eta Toni Negri-ren pentsamendua aztertzen dihardu, beti ere utopia ikerketen begiradatik.
Itziar Ugarte eta Jaime Altunak, bestalde, Egunen gurpilean sailean jarraituko dute gogoetan, orain arte bezala.