2019-01-10 Albisteak
2018ak eman duenari erreparatuz osatu du Jakinek 229. zenbakia. Hausnarketa librean nahiz diziplinaka, hamar lagunek osatu dute kultur kronika. Sustrai Colina eta Izaro Ieregi sortzaileek idatzi dituzte testu nagusiak. Laburrago, librean jardun dute Alberto Barandiaran eta Nora Alberbide kazetariek; eta diziplinaka, berriz: Maite Berriozabal bertsolaritzaz, Xabier Gantzarain arte plastikoez, Ines Arrue Unanue zinemaz, Oier Guillan antzerkiaz, Peru Iparragirre literaturaz eta Gorka Erostarbe musikaz. Guztiak Txakur Gorria, Adur, Axpi, Dani Fano, Diego Pallés, Eider Eibar eta Paula Estevezen irudi-balantzeekin osatuta.
Kultur kronikaz gaindi, Garazi Arrula Ruizek itzulpengintzari eta identitatearen auziari heldu dio Gaiak sailean.
‘Gorpuzkera anormalak, behartuak eta groteskoak’
Izaro Ieregi
Gorputza errealitate soziala islatzeko mihisea dela dio Izaro Ieregi artistak. «Mundura azaltzeko dugun imajina da gorputza, eta potentzial kritikoz betea». Abiapuntu hori hartuta osatu du kultur kronika, 90eko hamarkadatik hona gorputzetik pentsatu eta jardun duten artisten lan batzuk hautatuz: Itziar Okariz, Ana Laura Alaez, Maria Muriedas, Dani Llaría… Izan ere, «gorputza da ikuslearengana beste subjektibotasun posibilitate batzuk daramatzan bidea. Eta subjektibotasun hori kritikoagoa da, erlazionalagoa, arriskugarriagoa eta gorpuzdunagoa, makurtuagoa eta zaurgarriagoa».
‘Kultura eguneroko bizitza delako’
Sustrai Colina
Kultura, zentzu antropologikoan ulertuta, eta identitatea nola eraikitzen den hausnartu du Sustrai Colina kazetari eta bertsolariak. Trinko bezain zorrotz. Botere harremanetan nola korapilatzen garen aztertu du urteko gertakariei lotuta. Garenaren eta izan nahi dugunaren artean dantzan, «inor ez baita bando bakarrekoa, beti onen saldokoa […]. Inor ez dago gizarte-konbentzioetatik salbu, ispiluan islatzen dugun irudiaren morroi gara». Bortxa, errelatua edo memoria dira horren adibide. «2018an ere kontakizun ofizialek ez dituzte ñabardurak maite, biribildutako istorioari ertzak topatzea boterea kolokan jartzea da». Horregatik, «egunero autodeterminatzeko borrokatu ahal izatea» eskutan dugun altxorra dela dio Colinak.
Begirada orokor bi
Nora Alberbide / Alberto Barandiaran
Nora Alberbide kazetariak euskal eta frantziar kulturaren arteko talkez eta zapalketez jardun du bere artikuluan, euskal kulturak jasotzen duen gutxiespena salatzeko. Euskal Elkargoaren jarduna, Baionako Elkar argitaletxea nahiz Lapurdiko Eszena Nazionala hartzen ditu adibidetzat.
Alberto Barandiaran kazetariak, aldiz, urtean zehar irakurritako liburuetara jo du Oreina filmaz, Euskaraldiaz, Euskararen historia liburuaz zein bestelako proposamenez aritzeko.
Norbere ertzetik
Bertsolaritza
Maite Berriozabalek bere bertso-jartzaile esperientziatik heldu dio 2018ko errepasoari. «Gai-jartzaileon lanak txapelketan izan dezakeen eragin teknikoaz harago, imajinario sozialean duen eraginaz jabetzea ezinbestekoa da». Bereziki egin zaio aberasgarria UEUko udako ikastaroetan bertsolaritza genero ikuspegitik landutako ikastaroa, Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira eta Ez da kasualitatea emakumeen bertso saio musikatuak.
Arte plastikoak
Bilboko Arte Ederren Museoko Miguel Zugazaren hitzei eta ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketari erreparatuz ekin dio Xabier Gantzarain arte adituak urteko balantzeari; hitz xamurrik gabe, kritiko. Museoaren handitze lanek ekarriko dutenari so da Gantzarain. Euskal Herriko museoek bildumak osatzeko duten ardura eta mugek kezkatzen du bereziki, ordea. «Osatutako bildumaren arabera egin ahalko dituzte etorkizunean gure gaurko iraganaren irakurketak […]. Horretan hankamotz gabiltza. Horixe uste dut dela urgenteena orain, urte luzez bazter utzita eduki ostean». Elkarte eta ekimen txikiagoen lan oparoak ipini dio urteari kontrapuntua, Gantzarainen ustez.
Zinema
«Euskal zinemaren kalitate maila eta publikoaren babesa inoizko handienak dira, eta ez da kasualitatea». Hala dio Zinea.eus atari espezializatuko Ines Arrue Unanue kideak. Donostia Zinemaldian lehiatutako euskal jatorriko hogei filmak horren adibide dira, dioenez. Euskadiko Filmategiaren eta Kimuak egitasmoaren urteurrenak hartu ditu gogoan. «Bi erakundeak kontziente dira, lantalde txikia izanagatik, egiten duten lanaren garrantziaz; eta horren jakitun izan beharko genuke euskal zinemaren unibertsoa osatzen dugun eragile zein norbanakook ere». Parekidetasuna lortzeko emandako pausoak ere hartu ditu kontuan Arrue Unanuek.
Antzerkia
2018an plazaratutako antzezlanetatik ibili da Oier Guillan aktore eta idazlea aurtengo balantzea josten. ‘Betiko’ gaitzak ere ezin aipatu gabe utzi: euskal teatroaren ikusgarritasun eskasa. «Euskal teatroa oraindik ere ezezagun handi bat da». Hala dio: «Uste dut ahalik eta teatro mota ezberdin gehien beharrezkoa dela sektorea indartzeko, eta aniztasun hori ikusgarri egitea». Hizkuntza hautu eta auziaz ere dihardu Guillanek, euskarazko obrei azpitituluak ipintzearen aukera mahairatuz.
Literatura
Durangoko Azokaren eta udaberriko uztaren artean egiten du balantza euskal liburugintzak, gogorarazi du Peru Iparragirre idazleak. Egutegi horrek sortzen dituen desorekak kontuan hartuta, 2018an nabarmendu diren «ahots berriak» azpimarratu ditu. Lehen poema bilduma argitaratu duten idazleen ugaritasun eta nolakotasunak deitu dio atentzioa: «Lehen poema liburuak izanik ere guztiek erakutsi dute poetika propio bana, garatua oso, hutsetik atereak diruditenak». Nobelagintzan ere ahots berriak plazaratu dira 2018an, izen ezagunekin batera.
Musika
«Euskarazko pop eta rockaren historian letra larriz idatzita» geratuko den Berri Txarrak taldearen agurra jo du Gorka Erostarbe musika adituak urteko albiste nagusietakotzat. Ez da bakarra izan, hala ere. Kateatuta etorri dira MTV eta zuzeneko kontzertuen ereduen gaineko kritikak, esaterako, edota Korrikaren Klika kantuak sortutako harrabotsa. 2018ak ere Mikel Laboaren itzalaren neurria eman digu, bere heriotzaren hamargarren urtemugan. Izen berriak ere gailendu dira aurten, horien artean Erraia eta Mukuru zigilu berrienak.
‘Norbere buru-gorputza irakurtzen’
Garazi Arrula Ruiz
«Itzulpenaren azterketaren bidez identitatearen auziari argi ematea (edo alderantziz), eta azterketa enpirikoan aplikatzeko marko teoriko bat eskaintzea» izan da Garazi Arrula Ruiz itzultzaile eta doktorearen asmoa artikuluarekin. Teoria psikosozialetatik abiatuta, autoitzulpenari ipini dio arreta berezia: «Esan daiteke izatearen beste aspektu batzuk arakatzeko eta etengabe berrinterpretatzeko aukera ematen duela autoitzulpenak». Horretarako, Miren Agur Meabe idazlearen Kristalezko begi bat autofikzio liburua aztertu du.