2018-10-16 Albisteak
Francoren diktaduraren osteko lehen lehendakaria izan zen Carlos Garaikoetxea. Enpresa munduan eta Nafarroako ikastolen aldeko mugimenduan buru-belarri ibilia zen ordurako. Lehen legealdia gogorra bezain oparoa izan zela gogoan du Garaikoetxeak, dena hutsetik hasi behar zuen gobernuko buru izaki. Bigarren legealdia ezin izan zuen amaitu, ordea; EAJren baitan sortutako krisiagatik dimisioa aurkeztu zuen, eta EA alderdiko hautetsi eta presidente gisa jarraitu zuen politikagintzan.
Bere ibilbideaz luze bezain zabal aritu da solasean Garaikoetxearekin Elixabete Garmendia Lasa kazetaria. Politikari gisa emandako urteez gain, bere senide, zaletasun eta kezkei buruz ere galdetu dio. Solasaldi horien emaitza da elkarrizketa liburu hau: Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari.
Lehendakaria gertutik ezagututako zortzi lagunen hitzekin osatu du elkarrizketa: Mirentxu Purroy eta Charo Zarzalejos kazetariak, Pedro Miguel Etxenike fisikari eta lehen Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ignacio del Burgo, Patxi Zabaleta eta Koldo Amezketa politikariak, Mari Carmen Garmendia ekonomilaria eta lehen Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, eta Maritxu Uria, Imanol Murua Zarauzko alkate eta Gipuzkoako diputatu nagusi izandakoaren emaztea. Horiek guztiek esandakoekin jaso du Garmendia Lasa kazetariak Carlos Garaikoetxearen lekukotza.