2018-05-28 Albisteak
1968ko udaberrian mundu berri baten aldarria egin zen Parisen, Berlinen, Pragan, Mexikon. Baita Euskal Herrian ere. 60ko hamarkada erabakigarria izan baitzen euskalerritarrentzat. «Izaera propioa hartu zuen gurean aldarri horrek», ziurtatu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. «Ikastolen mugimendua, euskara batua eta helduen alfabetatzea, euskal kantagintza berria, literaturaren modernotzea, sekularizazio prozesu bizkorra, Lemoizko zentral nuklearra… Garai zaharraren amaiera eta berriaren sorreraren esperantza irudika zezakeen». Mende erdi pasatu da geroztik, eta aukera aparta da horregatik egungo aldarri eta gizarte auzi eta eraldaketei erreparatzeko. Horretarako, bederatzi aditu eta aritu bilduko ditu ‘Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila’ Jakin Jardunaldiak uztailaren 12 eta 13an, «gogoeta kolektiboaren bitartez, nora goazen edo nora joan nahiko genukeen begitantzeko».
Bigarren urtez egingo da, gainera, Usurbilen. Izan ere, UEUren, Usurbilgo Udalaren eta Jakinen elkarlanaren emaitza da jardunaldia. «Iaz Jakin eta Usurbilgo Udalarekin abiatu genuen bideak fruitu ederrak eman ditu», azaldu du Iñaki Alegria UEUko zuzendariak. Eta bide horretan jarraitzeko borondatea berretsi du Xabier Agirre Usurbilgo alkateak: «Usurbil hitzaren, gogoetaren eta solasaldi pausatuaren parada izatea nahi dugu».
Utopia berriak aztergai
Utopia hitza izango da jardunaldiaren ardatza. Izan ere, 68ko udaberrian utopiaren zentzua berritu egin zen, Agirreren ustez. Iritsezina zen lekua izatetik errealitatea eraldatu eta praktikan jartzeko bide erreala bihurtu zen. Horregatik merezi du utopia horiek egungo begietatik aztertzea, «batere nostalgiarik gabe». Bereziki «gaur egun eta hemen utopia zeri deitzen diogun aztertzeko, gizartea eraldatzeko borroka eremuak non dauden zehazteko, eta zer iruditeria kolektibo eraiki eta partekatzen ari garen hausnartzeko, nola berritu dezakegun pentsatzeko». Egungo errealitatea eta borrokak aztertzea baita Jakin Jardunaldiaren helburua.
Teoria eta praktika uztartuko ditu ikastaroak. Lehen eguna horren lekuko: Amaia Lasa idazle eta irakasleak ‘Nondik gatoz, non gaude’ hitzaldia eskainiko du. Ondoren, utopiaren inguruan jardungo dute Alba Garmendia EHUko Filosofia Saileko doktoregaiak eta Edu Apodaka EHUko Soziologia irakasleak. Markoa ezarrita, zaintzaren utopiari helduko zaio. Universitat de Barcelonako Gizarte Antropologia Saileko Uzuri Aboitizek landuko du gaia, eta Bego Zearreta Bizkaiko adinekoen egoitzetako langile grebalariak kontatuko du kolektiboaren esperientzia.
Bigarren egunean beste hainbeste: Iñaki Barcena EHUko Politika Saileko irakasleak ‘Eko-Sozialismo-Feminista, utopia berri bat?’ gaia landuko du. Bizi! mugimenduaren esperientziaz jardungo dute Anaiz Agirre eta Xabier Harlouxetek, eta, azkenik, Bego Huartek hartuko du hitza Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako bizipenei buruz solasteko.
PROGRAMAZIOA
UZTAILAREN 12a, OSTEGUNA
- 09:00-09:30 Harrera eta material banaketa.
- 09:30-09:45 Lorea Agirre Dorronsoro (Jakin): Utopiari sarrera.
- 09:45-10:45 Amaia Lasa (idazlea, poeta eta irakaslea): Nondik gatoz, non gaude.
- 11:00-11:30 Atsedenaldia.
- 11:30-12:30 Alba Garmendia (EHUko Filosofia Saileko doktoregaia): Utopia klasikoak eta berriak.
- 12:30-13:30 Edu Apodaka (EHUko Soziologia irakaslea): Praxia, pragmatismoa eta utopia elkartzen diren tokia.
- 13:30-14:45 Bazkaria.
Zaintzaren utopia
- 15:00-15:45 Uzuri Aboitiz (Universitat de Barcelonako Gizarte Antropologia Saileko doktoregaia): Zaintzak erdigunera. Aukerak, arriskuak eta zenbait galdera.
- 15:45-16:30 Bego Zearreta (Bizkaiko adinekoen egoitzetako langile grebalaria): Zaintzaren aldeko borroka.
UZTAILAREN 13a, OSTIRALA
Utopia sozio-ekologikoa
- 09:30-10:30 Iñaki Barcena (EHUko Politika Saileko irakaslea): Eko-Sozialismo-Feminista, utopia berri bat?
- 10:30-11:15 Anaiz Agirre eta Xabier Harlouxet (Bizi! mugimendua): Alternatiba burujabe bat lantzen.
- 11:15-11:45 Atsedenaldia.
- 11:45-12:30 Bego Huarte (Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma): Harrera herria nola antolatu.