2018-04-09 Albisteak
UEU, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea eta Jakin elkar hartu dute ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroa. Abiapuntua uztailean Usurbilen egindako ‘Hizkuntza, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua’ Jakin Jardunaldia izan da. Elkarguneko feminismotik, lau tasun horien gurutzaketaz eta nolakotasunez jardun zuten hizlariek, eta ildo horiei jarraituz osatzen ari gara hizkuntzari eta generoaren gurutzaketari propio erreparatzen dion ikastaroa. Horretarako, lau hitzaldi eta mahai-ingurua antolatu dira urtarriletik maiatzera bitarte. Hona hemen aurrenekoak:
Urtarrilaren 30a
Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel: ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea’
Laburpena: Hizkuntzak nahiz generoak gizartean kokatzen gaitu. Batak bestea sakontzen, baina baita batak bestea ahalduntzen ere. Botere harremanen sarean, hala menpekotasunerako nola ahalduntzeko elementuak baitira hizkuntza eta generoa. Bien arteko elkargunetik aritzeak badu horregatik aparteko balioa: zentro patriarkal eta linguistikoetatik pasatu gabe, begiradaren zentroa aldatzeko aukera eskaintzen digu, eta identitate kolektiboa eta herrigintza eraikitzeko bide berriak zabaldu. Bide eta bidegurutze horiei erreparatuko diete Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek.
Otsailaren 27a
Mari Luz Esteban: ‘Feminismoa eta euskaltzaletasuna: elkargune bat baino gehiago’
Laburpena: Herritartasun berri bati bide emateko ikuspegi feminista berritu behar dela uste du Mari Luz Estebanek. Esaterako, Euskal Herriko feminismoak aintzat hartu behar ditu menderakuntza-faktorerik ahulenak: hizkuntza, klasea eta etnia-arraza faktoreak. Adibidez, euskara ez da orain gutxi arte modu egokian txertatu pentsamendu feministan, Estebanen ustez, eta, klasearen kasuan, umezurtz utzi ditu feminismoak sarri enpleguaren beheko postuetan eta gizarte ertzetan kokatutako emakumeak. Horren aurrean, herritartasunaren gaiari heldu eta teoria dekolonialak gurera ekartzea proposatzen du, mugimendu herritarren arteko aliantzak sustatzeko. Auzi horietaz guztiez arituko da Mari Luz Esteban.
Martxoaren 20a
Amelia Barquín: ‘Nola erabili euskara modu ez-sexista batean?’
Laburpena: Euskarak genero markarik ez izanagatik ere, ez da gainontzeko hizkuntzen erabilera sexistetatik libro. Euskarak ere baditu erabilera sexistak. Horren aurrean kontzientzia hartu eta proposamenak luzatuko dizkigu Amelia Barquínek: non-nola-zer eta zergatik esaten dugun zehazten saiatuko da desberdinkeriarik gabeko euskara erabiltzeko.
HURRENGO HITZORDUAK:
Apirilaren 24a
(19:00etan)
Miren Artetxe: ‘Bat-batean ahalduntzen? Bertsolaritza, hizkuntza eta generoa’
Laburpena: Emakumeen taularatzea izan da bertsolaritzako azken urteotako aldaketarik nabarmenetakoa. Taularatze hori, ordea, ez da bat-batean egin, eta plazara salto egin izanagatik ere ez da berehalakoan gauzatzen: plazaratze hutsa ez delako aski norberaren lekua bereganatzeko, sentitzeko. Emakume bertsolariek egindako eta urratzeko dagoen bideaz eta ahalduntzeaz solastuko du Miren Artetxek bi elementu horiek, hizkuntza eta generoa, oinarri hartuta.
Maiatzaren 29a
(19:00etan)
Mahaingurua: Aizpea Otaegi, Jaime Altuna eta Ane Labaka: ‘Euskara eta generoa gurutzatzen diren lekua’
Laburpena: Hizkuntza hautuak eta generoa harremanean daude, elkar korapilatuta, elkar gurutzatuta. Lotura hori non-nola, ze botere harremanen baitan, eta zein gizarte posizionamendutan kokatzen gaituen aztertuko dute hiru adituek; norbere esparrutik, elkarrizketaren bidez hizkuntzaren eta generoaren bidegurutzetik aritzeko