Argitxu Noblia Richard: “Hizkuntzak ez direlarik ofizialak, ez da baketzen ahal”

2018-03-09 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/W1VMs3CHecw

Jakin aldizkariaren 224. zenbakiak badu protagonista nabarmen bat: Argitxu Noblia Richard mediku eta Seaskako sortzailea, besteak beste. Historia bizia sailari dagokion zenbakia baita oraingoa, eta euskal kulturgintzan nabarmena den pertsona bati ematen dio ahotsa. «Memoria ariketa bat da honakoa», dio Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. «Memoria galzorian ez uztekoa eta protagonisten ahotik zuzenean paperean idatzita uztekoa». Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetariak elkarrizketatu du luze eta sakon, «haren egia jalgi dadin», azpimarratu du Agirrek. «Euskal Herriko historiaren ezinbesteko osagarri».

Elkarrizketari josiz, ‘Hezkuntza eta Hizkuntza: osotasun baten bila’ artikulua idatzi du Xan Aire Seaskako Hizkuntza Proiektuaren koordinatzaileak. Gainera, Egunen gurpilean bi sinadura berri irakurriko dira estreinakoz zenbaki honetan: Jaime Altuna eta Itziar Ugarterenak.


Bizitza eragiletzara emana

Argitxu Noblia Richard (Angelu, 1942) kultur eta politika eragilearen bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu elkarrizketak: Familia tradizioari jarraiki, sendagile ikasketak egin zituen Bordelen, eta, bertan zela, Embata euskal ikasle mugimenduarekin bat egin zuen 1960an. Embata aldizkaria sortu zuten, baina, desadostasunak tarteko, Enbata izeneko beste bat jaio zen urtebete beranduago. Euskal Gazte Ikasleen Alkartasunaren Egia aldizkaria ere bultzatu zuen Nobliak. 1963ko Aberri Egunean, Itsasun, mugimendu politiko bihurtu zuten Enbata, eta 1967an mugimenduko hautagai gisa aurkeztu zen Frantziako hauteskunde orokorretan, Mixel Burukoa, Kristiane Etxaluz eta Jakes Abeberrirekin batera.

Mediku lanetan zela eta lehen semeaz erdituta, berak sortu eta bultzatu zuen Seaskako lehendakari bihurtu zen 1969an. «Euskararen soka segitzea nahi nuen nire haurrentzat», dio elkarrizketan. Sei urte emango zituen kargu horretan. «Nekatuta nintzelakotz utzi nuen. Ez nintzen ados jende zenbaitekin». Gainera, Elkar argitaletxearen, Gure Irratia bultzatu zuen Entzun Ikus elkartearen, Sokoa enpresaren eta GFAM Lurra laborari elkartearen hastapenetan ere parte hartu zuen Nobliak, besteak beste.

1989an, Henri Grenet auzapezaren –Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakaria ere bazen– zerrendetan sartu zen Baionako Kontseilura. Traiziotzat hartu zuten hori euskal abertzale ugarik. «Lagunek ez zuten onartzen nire erabakia», aitortzen du. «Hala sentitu nuen, eta ez zen lehen aldia hala sentitzen nintzena». 1995ean utzi zuen kargua Nobliak. 1997an, EAJrekin aurkeztu zen Frantziako Biltzar Nazionalerako bozetan. Bakea Bai elkartea sortu zuen 2000 urtean. EAJren Ipar Buru Batzako lehendakari bihurtu zen 2008an, urtebete emateko kargu horretan. Ondoren, alderdia utzi, eta 2012tik Eako kidea da. Giza eskubideen borrokan jarraitzen du buru-belarri. «Enetzat, pertsonen eskubideen onartaraztetik pasatzen da bakea, eta hizkuntza eskubideak hor sartzen dira. Hizkuntzak ez direlarik ofizialak, ez da baketzen ahal».

 

Seaskako oraingo eta biharko erronkak

Seaskaren erronkei erreparatuz josi du artikulua Xan Airek. Hezkuntzaren eta hizkuntzaren arteko loturaz jardun du horretarako Seaskaren Hizkuntza Proiektuaren koordinatzaileak: «Ezin da eskola klasikoa izan hizkuntza minorizatuan jardunez, nahi duzun ikastetxe normalizatua eta garatua izanik ere. Batez ere hiztun oso eta erosoak gizarteratzea helburu duzularik», ziurtatzen du Airek. «Seaskari doakio esplizitatzea pedagogia eta hizkuntzaren arteko lotura zuzen hori, barne-komunikazio eta formakuntzatik hasiz». Horri jarraiki, motibazioez, erabileraz, hizkuntzaren kalitateaz, enpatia soziolinguistikoaz, irakasleen militantziaz, ahozkotasunaz, Euskal Baxo eta curriculumaz, irakasle eta gurasoentzako formakuntzaz, kooperazioaz… hainbat hari-mutur josiz osatu du artikulua Airek.  Izan ere, «gure auzia ez da bakarrik zer gizarte nahi dugun, baizik eta gure hiztun minorizatu egoerari aurre egiteko ere zer tresna, giro ta antolaketa behar dugun. Zer ikastola, zer balio, zer gizarte. Berriz ere, zirkulu eta ekosistema istorio».

 

Sinadura berriak ‘Egunen gurpilean’

Norbere esparrutik, gaurkotasunari begira hausnar egiteko aukera eskaintzen du Egunen gurpilean sailak. Horretarako, kolaboratzaile finkoak izaten ditugu. Zenbaki honetan aldaketak izan ditugu, ordea: soziolinguistikari buruz idazten zuen Txerra Rodriguezek, kulturaz jarduten zuen Miren Artetxek eta ekonomiaz hausnartzen zuen Henrike Galarzak bertan idazteari utziko diote. Lekukoa Itziar Ugarte kazetariak eta Jaime Altuna antropologoak hartuko diete. Ugarte kulturari buruz arituko da eta Altuna soziolinguistikaz eta hizkuntza antropologiaz. Gainera, Ignazio Aiestaran filosofo eta irakasleak Jakinekin kolaboratzen jarraituko du Glokalia atalean, orain arte bezala.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan