Cookie aukerak
Pertsonalizatu Adostasun Hobespenak

Cookieak erabiltzen ditugu modu eraginkorrean nabigatzen laguntzeko eta zenbait funtzio betetzen laguntzeko. Cookie guztiei buruzko informazio zehatza aurkituko duzu jarraian baimen-kategoria bakoitzean.

"Beharrezkoak" gisa sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, ezinbestekoak baitira gunearen oinarrizko funtzionalitateak gaitzeko.... 

Beti aktibo

Beharrezko cookieak beharrezkoak dira gune honen oinarrizko ezaugarriak ahalbidetzeko, hala nola, saio-hasiera segurua emateko edo zure baimen-lehentasunak doitzeko. Cookie hauek ez dute identifikazio pertsonaleko daturik gordetzen.

Cookie funtzionalek funtzionalitate batzuk egiten laguntzen dute, hala nola, webguneko edukia sare sozialetako plataformetan partekatzea, iritziak biltzea eta hirugarrenen beste eginbide batzuk.

Cookie analitikoak bisitariek webgunearekin nola elkarreragiten duten ulertzeko erabiltzen dira. Cookie hauek bisitari-kopurua, errebote-tasa, trafiko-iturburua eta abar bezalako neurriei buruzko informazioa ematen laguntzen dute.

Iragarki-cookieak bisitariei aurretik bisitatu dituzun orrietan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko eta iragarki-kanpainen eraginkortasuna aztertzeko erabiltzen dira.

Joseba Intxausti historialari eta jakinlariaren obra osoa sarean

2017-11-15 Albisteak

Jakin Taldeko lau kide historikoen (Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti eta Joan Mari Torrealdai) obra osoa digitalizatzeari ekin zion duela zenbait urte Jakinek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker. Joxe Azurmendiren obra jada denon eskura dago, esaterako. Eta bide horretan beste pauso bat eman du Jakinek: Joseba Intxaustiren idazlan guztiak, sei hamarkadez argitaratutako 504 dokumentuak, argitaratu ditu https://www.jakin.eus/intxausti atarian. Bertan ere topatuko duzue Lorea Agirrek egindako elkarrizketa luzea.

 

60 urte euskalgintzari eta ikerketari emanak

Joseba Intxausti Rekondo (1936, Seguran) historialaria da, baina historialarienak ez diren hamaika lanetan ere nabarmendu da. Aitzindaria izan da euskararen historia sozialaren eta Euskal Herriaren historia erlijiosoaren ikerketan, baina aitzindaria izan da historiatik kanpo ere, bereziki euskararen terminologiaren arloan. Esaterako, oso gazte zela eta Jakin sortu berritik garbizalekeriari aurre egitera ausartu zen, eta UZEIren sorrera bultzatu eta zuzendu zuen.

Arantzazuko eta Foruko seminarioetan aurreneko ikasketak egin ondoren, 1955ean Erriberriko seminario nagusira iritsi zen Filosofia ikasketak egitera, eta bertan hasi zen euskalgintzan lehen pausoak ematen. Gure Izarra aldizkarian hartu zuen parte, esaterako. Arantzazura 1958an itzuli zen Teologia ikastera, eta Jakineko sortzaileek erreleboa behar zutenez, zuzendaritza hartzea egokitu zitzaion. Ordukoak dira bere garbizalekeriaren kontrako aurreneko kezka aitzindariak; ‘Illobira bultzaka’ artikulua horren lekuko.

Bartzelonara Historia Garaikide eta Modernoko lizentziatura egitera joan, eta ez zen 1970 arte itzuliko Euskal Herrira. Ataka estuan topatu zuen Jakin: Espainiako Gobernuak aldizkaria argitaratzea debekatu zuen 1969an, eta geroztik liburuak argitaratzea izan zen irtenbidea. Zuzendaritza hartu zuen egoera horretan Intxaustik eta Europako unibertsitateetan sakabanatuta zeuden Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola eta horiek bezala atzerrian ziren beste hainbatekin lankidetzan argitaratu zituzten liburuak. 1973-1974 urteetan ere Anaitasuna aldizkariaren zuzendaria izan zen.

Frankismoaren bukaeran, aldizkari bihurtu zen Jakin berriro, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean. Joseba Intxaustik, aldiz, UZEIren sorrera bultzatu zuen euskararen terminologia arazoari irtenbidea emateko. Hamar urte eskaini zizkion Intxaustik UZEIko lanari, lehenengo bost urteak zuzendari, eta ondorengoak langile.

Historialaritzaren ikuspuntutik ere hurbildu da kulturgintzaren alorrera: besteak beste, Euskal Herria lan entziklopedikoa zuzendu eta koordinatu zuen 1984-1985ean (Lan Kide Aurrezki Kutxa, bi liburuki), Ikastolen Artxibo Historikoaren proiektuaren zuzendari-sortzailea izan zen (Historia baten bila, 1990), eta euskararen historia sozialarekin zerikusia duten hainbat lanetan ere jardun zuen: Euskaltzaindiaren Euskararen Liburu Zuria-n parte hartu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Hitz eta Nafarroako Gobernuaren Euskara Denona erakusketen arduradun izan zen, eta Bidegileak bildumaren aurreneko zuzendaria ere bai, besteak beste. 1994tik, Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioko idazkari da.

Azken urteotan bi iker lerro nagusiri jarri dio arreta Intxaustik. Batetik, euskararen historia sozialaren ikerketa sistematikoaren jarraipena segurtatu du Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan aitzindari lana egin du. Ohorezko euskaltzaina da 2004tik.

 

Obra digitalizatuaz

Joseba Intxaustiren 504 idazlan eta 11.684 orrialde digitalizatu dira, 61 urtez idatzi eta argitaratutakoak: aurreneko dokumentu digitalizatua 1957koa da (‘Arantzazu-Euskalerri Arantzazu poeman’, Jakin 4, 1957: 62-68), eta dokumenturik berriena, aldiz, 2017ko urrikoa (‘Musulmanak Europan’, Arantzazu 999, 2017-10: 28-29). Bere obran artikuluek aparteko lekua dute, 365 artikulu argitaratu baititu guztira. Nabarmentzekoa ere bada liburugintzan emandako uzta, 36 liburu kaleratu baititu, eta beste 103 liburutan ere parte hartu du.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan