miren artetxe

Guggenheim museoak 20 urte: bukatu da eztabaida?

2017-09-18 Albisteak

20 urte bete ditu urrian Bilboko Guggenheim museoak, eta ospakizunetan dira arduradunak, museoak ekarri dituen onurak txalotzen: urteko milioi bisitari jasotzen dituela gailentzen da sarri museoaren aldekoen argudioen artean, horrek sortu duen aberastasuna, hiriari ekarri dion eraldaketa, edo museoari esker ekarritako artelanen maila aparta. Baina, badira museoari abantaila adina gabezia ikusten diotenik: museoaren eragin kultural globalizatzailea, ergo amerikarra azpimarratzen dute, euskal kulturaren ikusezintasuna, kultura irizpideak ezartzeko burujabetasun falta, kultura sailen aurrekontuetako zama… 20 urte ez dira aski izan, beraz, hasiera-hasieratik piztutako eztabaidetako asko itzaltzeko. Balantza alde batera errenditzeko. Ezta Jakin aldizkarian piztutakoak ere. Museoaren lehen harria ipini bezain pronto etorri zen Joseba Zulaika antropologoaren eta Mikel Etxebarria orduko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen artekoa. Lehena Renoko unibertsitatetik idazten,  bigarrena negoziazio bete-betean zela. Eta eztabaida horrek badu oraindik ere gaurkotasuna. Izan ere, Bilboko Guggenheim museoaren 20. urtemuga den honetan, hori baita galdera: eztabaida bukatu al da?

 

Kultur kolonialismoa

The New York Times egunkariak ez zuen begi onez ikusi Guggenheim museoaren eta euskal ordezkarien arteako akordioa. «Kulturalki anbiziosoa ez eta arte modernoko museorik ere ez duen Bilbo hiria limurtu du Guggenheimek dozenaka milioi dolar ordaintzeko bere bildumako zenbait obra maileguan edukitzearen pribilegioaren truke». John Richardson arte kritikariaren kexua zen, Solomon R. Guggenheim museoaren frankizia Bilbon zabaltzeko hitzarmena itxi berritan. Zorrez lepo baitzegoen New Yorkeko erakundea, ezin museoko ur beroaren faktura ordaindu, eta Bilbori erakargarritasun gutxi aitortzeaz gain, museoen merkantilizazioaren arriskua ikusten zuen Richardsonek egitasmoaren atzean. Egunkari entzutetsuak nola, hainbat eta hainbat arte kritikari eta kultur eragileren artean piztu zen laster zalantza. Alarma. Thomas Krens orduko zuzendariaren megaproiektuek ekarriko zuten sokaren beldurrez AEBetako egunkarietako orri asko.

Beldur horiek ere laster piztu ziren gurean. Museo ereduak baino, gure kulturari eta kultur politikei nola eragingo zien zen kezka. Eta proiektuaren berri izan bezain pronto, kontrako eta aldeko iritziak hasi ziren azaleratzen, korapilatzen. Jakin aldizkaria horren lekuko.

Bilboko Guggenheim museoa eraikitzeko lehen harria ipini berri zela, Xabier Cillero itzultzaileak eta Joseba Zulaika antropologo eta idazleak artikulu bana argitaratu zuten 1993ko 77-78 zenbaki bikoitzean. Bilboko Guggenheim museoaren jatorria eta balizko eraginak aztertzen zituen Cillerok: Guggenheimdarren bildumaren jatorriaz jardun zuen Thomas Krens orduko Solomon R. Guggenheim fundazioko buruaren egitasmoaren arrazoiak azaltzeko.

 

«Orohar, 6.000 artelaneko bilduma osoaren %3 soilik plazara dezake aldi berean [Solomon Guggenheim fundazioak]. Hori dela eta, Krensen ideia berria bilduma mundu osoan zehar zabaltzea da. Horretarako, hainbat adar zabalduko ditu herri ezberdinetan, bildumaren parte nagusia New Yorken geldituko bada ere». (1993: 126)

 

Joseba Zulaika, aldiz, ‘McGuggenheimizazioaz’ mintzo zen. Artearen supermerkatuez.

 

«Kultura-munduan bizi garenok artegintzari dirua eskaintzea nahiago dugu eskopeta-fabrika bati baino. Arazoa diru horien bidez euskaldunoi inposatzen zaigun morrontza ekonomiko eta menpekotasun intelektuala da. (…) McGuggenheim eta euskaldunon arteko tratuak direla medio, horixe baita denon bistan dagoena: supermerkatu baten antzera frankiziak munduan zehar zabalduaz, ez bakarrik odolkiak eta hamburgesak eta futbol amerikarra, mende bateko arteak, imajinak, ideiak, sentsibilitateak ere saldu daitekeela New Yorketik negozio ederra eginaz, eta gainera espiritu unibertsal eta abangoardiakoaren izenean. (…) Krensen helburua bere produktua promozionatu eta esportazea da: AEBetan fabrikatutako artea». (1993: 137-38)

 

Elkarrekin datoz ondoren gardentasun faltaren salaketa, iraunkortasun zalantzak, kostu ekonomikoen ardura, obra erosteko menpekotasunaren kezkak, bertako artistei izkin egiteko arriskua… Kolonialismo kulturalaz ari da Zulaika:

 

«Euskal politikoek ere, Bilbo ‘mapa kulturalean’ jarri dutela eta, harro agertzen dira. Kolonizatuaren lilurak beti horrelakoak izan dira. (…) Euskal artegintzaren arazo bat bertako artistak kanpora irteteko medioak jartzea zela pentsatu izan dugu askok. Baina oker geunden nonbait. Erremedioa New Yorkeko artistak euskal herriratzea izango dela erabaki du Euskal Gobernuak. (…) Herri batek bere kreazioak eta bere ametsen ingudeak erakutsi behar dizkio munduari; orduan da interesgarri, orduan aberasten ditu besteak ere, ez besteek egindakoaren morroi, erosle eta museolari xume bihurtzen denean». (1993: 139-141)

 

Jakinek berak ere plazaratu zuen bere kezka 68. zenbakiko ‘Eman ta zabal zazu’. Kultur politika berriaren alde editorialean. Jaurlaritzaren Kultura sailaren diru banaketaren harira argitaratu zuen editoriala Jakinek, eta Bilboko Guggenheim museoak ekarri zitzakeen onurak ahaztu gabe, euskal kulturarentzako ere kaltegarria izan zitekeela zihoen idazkiak:

 

«Bestelako kultur ekimen ‘handiak’ airera botatzen diren globo puztu bakartiak izan daitezke, benetan bertako oinarriko kulturgintzarentzat ongarri bihurtzen ez badira. Ez dugu ukatzen horrelako proiektu batzuk berez izan dezaketela balio positiborik: Euskal Herriaren irudia munduan aldarazten lagun dezakete. Baina Euskal Herriak ez du izan behar produktu X dagoen lekua, baina produktuak -agian apalagoak- ematen dituen lekua: ‘eman ta zabal zazu’». (1992: 8)

 

Goi mailako kultura etxean

Mikel Etxeberria Etxeita kultura sailburuordeak ez zituen egokitzat jo ez Jakinen zalantzak eta ezta bereziki Zulaikaren kritikak ere. «Kritika huts eta faltsu bihurtzen da», erantzun zion Etxebarriak Zulaikari Jakinen hurrengo zenbakian. Goi mailako artea ikusteko aukera izango genuela gogorarazi zion:

 

«Nire iritziz, artea ona bada, ez dauka garrantzirik nongoa den. Behintzat ikuspegi artistiko eta kultural batetik hori horrela da eta arte gehiena amerikarra bada izan dadila, alemaniarra bada izan dadila. Hori ez dut uste kolonialismoa denik». (1993: 106)

 

Gardentasun gabezia ukatu zuen Etxebarriak, datuak eskainiz, eta Euskal Herriko museoaren erabakitzeko ahalmena defendatu zuen. Baina, gastu eta aurrekontu eztabaidak baztertu gabe, museoak artezaleentzat ekarriko zituen onurak azpimarratu zituen sailburuordeak. Oraindik ere hainbat ahotan entzuten den argudioa.

 

«Guggenheim-ek museogintzaz eta arte inguruan duen jakituriaz baliatzeko aukera dugu eta SRFHG Fundazioko partaide izateko aukera ere badugu beste gauza batzuen artean. Tom Krens beharbada izango da frankizia sistemaren asmatzailea, baina sistema hori nahiko zabalduta dago. Esate baterako, Espainiako Fundazio biri bere kolekzioa eskatzen zaienean erakusketa bat egiteko, frankizia bat ordaindu beharra dago, eta ez dira Guggenheim-en moduko kolekzioak, askoz ere apalagoak baizik. Beraz, frankiziaren sistema oso zabala da gaur egun eta nire ustez, ikusiko ditugun artelan guztiak ikusteko ordaindu dugun frankizia ordaindu beharrean erakusketa bakoitzeko ordaindu beharko bagenu datozen hirurogeita hamabost urtetan bi mila milioi baino gehiago ordaindu beharko genituzke». (1993: 108)

 

Zulaikak, baina, ostera ere erantzun zion Arregiri Jakinen. AEBetako egunkarietan argitaratutako datuak eta adierazpenak laburbildu zituen ‘Artearen amodioagatik: Guggenheim eta euskaldunak’ artikuluan, han zegoen kezka gurera ekartzeko. Gardentasun faltari, zioenez, erantzuteko:

 

«Euskaldunari ukatzen zaiona publiko amerikarrak bere egunkari eta aldizkarietan egunero irakur dezake; asimetria hori haustea beste helbururik ez dute orri hauek. (…) Krens zuzendariak dioenez, dirua da museoaren arazo ‘zentrala’. (…) Baina ‘Bilbao’ren diru-laguntzak ez dira inolaz ere nahikoak Krens-en planak eskatzen dituzten operazioak betetzeko. Jakina da Krens ez dela txantxetan ibiliko; edo munduko proiekturik handiena edo bat ere ez. (…) Hemengo egunkariek diotenez, museo handien artean Guggenheim da honelako arazoak dituen bakarra. Baina hauxe da hain zuzen gu euskaldunok, estetika modernistaren medioz, bere prestigio, perizia eta zuzendaritza ikaragarriaz, artistikoki eta ekonomikoki salbatuko gaituena». (1994: 101-103)

 

20 urteren buruan, beraz, badaude askatu gabeko korapiloak. Bilboko Guggenheim museoaren lehen harria ipini zenetik herrestan datozen kritika eta zalantzak. Horregatik da garrantzitsua orain bi hamarkada Jakinen eztabaidatutakoa berriro ere mahai-gainean jartzea, edo orduan esandakoak oraindik ere oihartzuna duela gogoratzea. Aldatzen ez denak ere ematen diolako urtemugari neurria.

 

ERREFERENTZIAK

CILLERO, M. (1993): “Guggenheim museoaren argitzalak”. 77/78. zenbakia, Jakin. https://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/guggenheim-museoaren-argitzalak/2113

ETXEBARRIA, M. (1993): “Ezjakintasunean oinarritutako kritikak”. Jakin, 79. zenbakia. https://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/ezjakintasunean-oinarritutako-kritikak/2093

JAKIN (1992): “Eman ta zabal zazu. Kultur politika berriaren alde”. Jakin, 68. zenbakia. https://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/eman-ta-zabal-zazu-kultur-politika-berriaren-alde/2086

ZULAIKA, J. (1993): “Gu gu Guggenheim. Eromenaren laudoriotan”. Jakin, 77/78. zenbakia. https://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/gu-gu-guggenheim-eromenaren-laudoriotan/2112

ZULAIKA, J. (1994): “Artearen amodioagatik: Guggenheim eta euskaldunak”. Jakin, 82. zenbakia. https://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/artearen-amodioagatik-guggenheim-eta-euskaldunak/2202

 

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan