2017-06-29 Bloga
Mari Luz Estebanek Feminismoa eta politikaren eraldaketak liburua plazaratu berri du Susa argitaletxean, Lisipe bilduman. Liburu mamitsua da eta, nire ustez, betaurreko soziolinguistikoekin irakurtzeko parada ematen du; are gehiago, kontuan izanik azken urteotan euskalgintza eta soziolinguistika arloetatik behin baino gehiagotan bihurritu dugula burua feminismoetara.
Mari Luz Estebanen aipu bati tiraka hasiko naiz balizkoen agenda hau osatzen. Berak dioenez, «ikerketa eta espazio akademikoak sendotu eta ugaritu egin dira feminismoan». Eta horrek artez eraman nau beste galdera honetara: eta hizkuntzen biziberritzean zer egoera dugu gaur eta hemen?
Nazioartera begiratuta, azken urteotan paradigma aldaketa nabarmena gertatu da arlo akademikoan. Izan ere, orain 20 urtera arte, soziolinguistikan (eta haren ertzeko diziplinetan) erabat nagusi ziren hizkuntza galtzearen inguruko ikerketa bideak. Joshua Fishmanek 1991n Reversing Language Shift ospetsua argitaratu ostean, ematen du kezka nagusia hizkuntzen biziberritzera lekualdatzen ari dela apurka-apurka. Hala ere, inertzia nagusiek hor diraute eta oraindik errazagoa da galtzearen inguruko gaur egungo bibliografia aurkitzea biziberritzeari buruzkoa baino.
Baina, tira, paradigma aldaketa gertatzen ari da eta ez da gutxi. Biziberritu, azalberritu, zaharberritu, eraberritu aditzen abaroan ari da ontzen orain kezka akademikoen soroa soziolinguistika eta ertzeko diziplinetan. Hala ere, oraindik bada nazioarteko soziolinguistikaren joeretan kezkatzeko motiborik.
Alde batetik, paradigma askok (hizkuntza aktibismoaren ingurukoek, behinik behin) ez diote benetako biziberritzeari heltzen, azalean geratzen dira eta gurearen tankerako egoeretarako ez dira aplikatzeko modukoak. Oraindik bizirik dauden berbetak batzea (dokumentatzea, hitz zientifikoz esateko) da hizkuntza aktibista akademiko askoren jomuga. Jakina egin behar dela, jakina minimoa hori dela; baina minimoa da, are gehiago gurea bezalako egoeratan. Dokumentatu bai, baina zaharberritzeko, ez bakarrik gizateria osoaren jakintza gordetzeko asmoz (zentzu horretan, Ahotsak proiektua eredugarria iruditzen zait).
Beste alde batetik, orokor samar jokatzen dute akademiko gehienek, teoria orokor eta orohartzaile baten bila. Baina, zoritxarrez, hiztun ez-hegemonikoon egoerak ezberdinak dira han eta hemen. Jendarte zehatz baten tatamian borrokatzen dugu, eta jendarte horrek (edo, beste era batera esanda, hizkuntza bakoitzaren hiztunon ezaugarri sozialek) zehazten du borrokaren nolakotasuna. Horrek ez du esan gura ezaugarri komunen bat ezin denik egon, baina gure zientzia hau oraindik berde samar dago orokorkeriatan tematzeko. Tokian tokiko ikerketa gehiago egin behar dira, tokian tokiko esperientzia gehiago batu behar dira, sakondu horietan, corpus teoriko eta praktiko handiagoa osatu eta, ahal den neurrian, hortik abiatuta teoria orokorragoetara jo.
Azpiegitura akademiko gutarrak
Euskal unibertsitateetan ez dauka soziolinguistikak (eta haren ertzekoek) gela propiorik. Egoiliar batzuk badira han eta hemen, meritu handiz xiringatzen biziberritzearen ingurukoak ikerketan eta jakintzaren zabalkundean, baina egitura sendo barik. Eta hori ahultasun nabarmena da gure narratibak eraiki ahal izateko eta gure etorkizuneko ametsak eraginkorrago gauzatzen hasteko.
Gela propiorik ez, baina gelaxka bi (edo etxolak dira?) bai. Eta, garrantzitsuagoa dena, gelaxka horien sorreran, antolakuntzan eta garapenean euskara biziberritzearen aldeko mugimendu sozialek parte hartu izan dute. Horrek, neurri batean, zentimetro batzuk hurreratzen ditu akademia eta mugimendua, eta akademiaren ohiko bizioetako batzuk murriztu. Hala ere, horrek ez du estaltzen gela propiorik ez izateak dakarren prekaritatea.
Izan ere, euskal ikasketen inguruan fakultateak izan badira. Baina fakultate horietan corpus inguruko gaiek dute erabateko lehentasuna. Eta gurean, gaur eta hemen, corpusarekin lanean jarraitu behar da, bai, baina estatusak eta horren ingurumarian daudenek dute erabateko lehentasuna, erabateko premia. Horiek dira lehentasun soziolinguistikoak; corpusekoak, izatekotan, bigarrentasunak lirateke.
Gelaxka bi aipatu ditut, baina zeintzuk dira? Alde batetik, Hiznet graduondokoa dugu eta, bestetik, Soziolinguistika Klusterra. Biak ala biak mugimendu sozialen bulkadatik sortutakoak, euskalgintzaren artisauen bulkadatik sortutakoak, administrazioen bultzada ere izan arren. Eta horrek bi gelaxka horien dinamismoa azaltzen du. Oinarriaren humusari lotuago egotearen ondorio, ziurrenik.
Hiznetek 16 urte egin ditu, eta urte horietan guztietan 500 pertsonatik gora egin dugu graduondokoa. Aurrez aurreko saioak izan arren, gehienbat irakaskuntza birtualaren bidez helarazten dira ikasgaiak. Egitura sendoa lortu du urteen poderioz, eta ez hori bakarrik. Ikasle guztiek egin behar dute amaieran sakontze-egitasmoa deituriko ikerketa lana. Eta ikerketa horiek, gainera, denon eskura jartzen dira ikastaroa amaitutakoan. Horrela, soziolinguistikaren inguruko ikerketa gordailu bikaina dugu denon eskura Interneten.
(Ez nuke ahaztu nahi ikasturte honetan martxan jarri den Lurraldea eta Hizkuntza graduondokoa, oraingoan ere UEUk sustatuta.)
Soziolinguistika Klusterra, ostera, 2004an sortu zen. Ordutik hona etengabeak izan dira erakunde horrek bideratu dituen ikerketak (esate baterako, Aldahitz, Eralan, Arrue eta, batez ere, erabileraren kale neurketa). Horrez gain, nabarmentzekoa da Bat aldizkari soziolinguistikoa (gai hauen inguruan dagoen aldizkari espezializatu bakarra, 800 artikulu inguru argitara eman dituena urte hauetan), baita ezagutza berria sortzen laguntzeko Hausnartu sariak ere.
(Bestelako gelaxka batzuk ere egon daitezke, batzuk konpartituak, baina tira. Adibidez, Jakin aldizkariaren tarte hau, edo Euskaltzaindiaren barruko Joanes Etxeberri egitasmoa, edo urtero egiten diren Udaltop jardunaldiak…)
Beraz, bada aldizkari espezializatua euskaraz, urtero irekitzen dira ikerketa ildo berriak (batzuk sendoxeagoak, besteak ahulxeagoak) eta, gainera, era batera edo bestera, koordinazio maila bat ere badute Klusterraren bidez (akademia kanonikotik kanpo, hortaz).
Eta diskurtso, praktika akademikoak?
Eta zeintzuk dira azken urteotako joera nagusiak ‘gure’ diskurtso eta praktika akademikoetan? Ez dut gehiegi sakonduko, horrek bakarrik Jakinen zenbaki oso baterako eman dezakeelako. Nire galbahean geratu diren zipriztin nagusiak zirrimarratuko ditut, brotxa lodiz bada ere.
Heldu bihurtu zaigu soziolinguistika. Badira urte asko datu makrosoziolinguistiko nagusiak (ezagutza eta erabilera aitortuak, jarrerak, kale erabilera behatua) batzen direla lurralde osoan eta nahiko era homogeneoan (ez guztiz). Badira ere sektorez sektoreko datuak (irakaskuntzakoak nabarmenenak, baina, tira, beste batzuk ere badira), eta tokian tokikoak (kasu honetan ez dira horren konparagarriak).
Nazioartera begira ere ari da euskal soziolinguistika (batzuek behar beste ez dabilela salatu arren). Esate baterako, adierazgarria da hiztun berrien inguruan Europako hainbat herrialdetan batera garatzen ari den ikerketa-ildoa.
Beste alde batetik, nabarmena da antropologia (eta, batez ere, antropologia feminista) euskal soziolinguistikan izaten ari den eragina. Jone Miren Hernandez eta Paula Kasares izan daitezke erreferente nagusiak, baina badira han eta hemen antropologia horren ildotik ikerketa sakonak egiten ari diren beste batzuk ere (Jaime Altuna edo Miren Artetxe zutabekidea, adibidez).
Horrez gain, azken aldi honetan, hizkuntza ohituren aldaketen inguruko ikerketak (ekintza-ikerketa horietako asko) nagusi izaten ari dira. Pello Jauregik gidatzen duen Aldahitz ikerketa (edo Eusle metodoa) edo ikertzaileak berak ahobizi eta belarriprest kontzeptuen gainean egin berri duena, adibidez. (Ezin da ahaztu azken Udaltop jardunaldiak gai hori berori izan duela hizpide orain dela gutxi.)
Azkenik, ez da falta gurean mugimendu sozialen egunerokoari begiratzen dion diskurtso ‘organikorik’ (esamoldea Jon Sarasuarena da). Esparru honetan, nik azken urteotako hiru nabarmenduko nituzke: framing berriaren ingurukoa (Iñaki Martinez de Luna buru), feminismoa eta euskalgintza lotzearena (Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel buru) eta Jon Sarasuak Hiztunpolisa liburuan garatutakoa.
Laburbilduz, badirudi azken aldion diskurtso eta praktika akademiko makrotik (edo, beste berba batzuekin esanda, arlo soziologikoagoetatik) mikroagoetara pasatzen ari garela. Edo, akaso, hori esatea gehiegizkoa da, eta esan beharko nuke diskurtso eta praktika akademiko mikroagoei lekua egiten hasi zaiela euskal soziolinguistikan. Kontua da gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaiola norbanakoari, hiztunari edo, berba zientifikoagoak erabilita, antropologiari eta psikologiari.
Hortaz, hurrengo urteotarako eta garapen zientifikoaren mesedetan (horrek aurrerapausoak ekarriko dituelakoan egunerokoan), sendotu beharko genituzke orain ditugun gelaxkak, berriak sortu (orain daudenetatik abiatuta mugimendu sozialekin harremana mantentzearren, akademia eta kalea horren urrun egon ez daitezen). Gainera, diziplinarteko ikerketak eta abiaburuak indartu, nazioartekoari adi egongo den ikerketa eta, batez ere, eraldaketa bilatzen duen ikerketa irmoago bilakatu beharko genuke.