Keynesianismo militarra eta Trumpen inperialismo zakarra

2017-06-29 Bloga

Gezurra badirudi ere, gastu militarren igoera pozarren iragartzen ari dira bakezaleak omen diren gobernu batzuk. Trump presidenteak, atzerriko lehen biran, armen salmentak hitzartu zituen Saudi Arabian, eta gero NATOren gainerako kideen ahalegin ekonomikoa handitzeko eskaera egin zuen, Parisko Akordio ekologikotik aldentzeko haren asmoaren oihartzunak eten ez zirenean. Etxera itzulita, gobernu estatubatuarraren aurrekontua, ia bilioi erdi dolar 2018rako, hasi dira prestatzen, ekonomiaren urteko hazkundea datozen hamar urteetan %3 izanen delakoan. Gainera, epe berbereko kontu publikoen zero defizita aurreikusi dute, gutxi batzuek sinisten badute ere.

Honela, pixkanaka-pixkanaka, Trumpek bultzatzen duen kapitalismo zaharberritua ezagutzen ari gara: jarduera ekonomikoak oztopatzen dituzten arau eta legediak ezabatzeaz gain, zerga erreforma garrantzitsu bat ere prest omen dauka, ‘zergadunekiko errukia’ ideia nagusitzat hartuz. Datozen asteetan lan publikoak, azpiegitura fisikoak konpontzeko bereziki, estatu eta hiri ezberdinetako arduradun eta ordezkari politikoekin adostuko dituela erran du presidenteak. Ildo horretan, zailtasun politikoak ekiditeko, Senatuaren bozketa arauak aldatzen saiatzen ari dira errepublikanoak, legeak onartzeko orain eskatzen diren aldeko botoak murrizte aldera zehazki. Energiaz blai, geldiezina dirudi politikari milioidunak, edo milioidun politikariak; protokolo kontuetarako gaitasun berezirik ez duela nahiko frogaturik ez balitz, ikusgarria da nola astindu zuen Trumpek Montenegro herriaren lehendakaria NATOren bileraren ondorengo agintarien argazkirako oholtzaren gainean jartzen ari zirenean.

Bitartean, Parisko Akordiotik aldentzea benetakoa dela frogatzeko-edo, Amerikako Estatu Batuen urteetan lehenbiziko gas esportazioak hasi dira Europara iristen, petrolioaren funts estrategikoa, Gerra Hotzaren garaietan sortu zena, kolokan jartzen ari diren aldi berean. Izan ere, AEBetako gobernuak metalak, erregaiak, zituak eta hainbat produktu pilatu ohi ditu segurtasunagatik… Kobre funtsa erabili zuen Nixon presidenteak 1972an Allenderen gobernuaren diru iturri nagusia, kobre esportazioak, kaltetzeko. Salmenta handiek, eta ustekabeak, kobrearen merkatu salneurria jaitsarazi zuten, Txileko ekonomia zigortu eta Allenderen gobernuaren aurkako estatu kolpe odoltsua erraztuz. Orain, Trumpen aholkularientzat funts horiek ez omen dira beharrezkoak, nahiz eta, kasu honetan ere bai, errazagoa den erratea egitea baino. Gastu militarra Amerikako Estatu Batuetako ekonomian oso garrantzitsua dela onartzen ari da Trump, eta negozio gizon gisa ulertu ere. Dagoeneko, America First, lehenik AEBak, politika horren ezaugarri populista (barneari begira) eta inperialistei (munduko erabateko, eta lehiakiderik gabeko, lidergoaren monopolioa) aurre egiteko mobilizazioak egiten ari dira, bai AEBetako hiri nagusietan, bai Trump presidentea bisitan egon den herri zenbaitetan. Nazioarteko egoera politiko-militarra ez du ezertan hobetu haren administrazioak, alderantziz, eta azkenaldian izandako harremanei diplomazia baino gehiago militarizazioa darie.

Aldaketaren trenak harrapaturik?

Aldaketa politikoa ekarri zuten lau alderdien artean desadostasunak zirela jakin bagenekien, baina ia ustekabean harrapatu gaitu polemikak. Barkosen gobernua zergatik sartu den horretan zaila da ulertzea. Egia da Geroa Bai beti izan dela abiadura handiko trenaren aldekoa. Haien lehengusu jeltzaleen antzera, erraz erori dira gobernu espainolek jarritako zelatan: inolako plangintza ekonomiko sendorik gabeko egitasmo ‘moderno’ hura eztabaidarik eta aldaketarik gabe onartu behar da, etorkizuneko garapen ekonomikoa jokoan dago eta. UPN, PSN eta PP bat datoz sasiazterketa horretan, nahiz eta lehenbiziko AHTk Espainian, Sevilla-Madril, onuragarria izateko bidaiari kopurua ezin lortu. Are gehiago, berriki jakin da Martorell hirian dagoen SEAT enpresaren lantokiak bere produkzioa garraiatzeko trena erabiltzeari utzi behar diola, trenbidearen arazoak maizegi gertatu dira eta. Hala ere, aurreko foru gobernuak lanak eta dirua aurreratu zituen, eta ohitura txar horri eustea proposatzen ari da oposizioa eta Espainiako gobernua, Barkosen gobernu eta alderdiari pozoitutako sostengua eskainiz.

Egia da tren horren inguruan zenbait euskal enpresek duten interesa ez dela txikia; baina, Nafarroa Garaiaren kokapen geografikoa ikusirik, Frantziako TGV Bordelen amaitzen den heinean ez du zentzu gehiegirik inbertsio garesti eta ez sostengarri horri ekiteak. Izan ere, atzean dagoen eztabaida eredu ekonomiko eta sozialarekin loturik dago. Galdetu bertzenaz Espainiako AHTk zeharkatzen dituen lurralde eta hirietako jendeari zer aldatu den haien ekonomietan tren mega-azkar horren ondorioz. Zenbat enpresa sortu da Mantxako Gaztelan, Andaluzian edo Segovia aldean? Beharbada ostalaritza eta eraikuntzan lanpostu batzuk sortu dira, turismoak eraginda, baina etxebizitzen garestitzeak eta zenbait lekutako turisten inbasioak bertoko jendearen kaltetan jo dute.

Kapitalismoan kontzentrazioa eta zentralizazioa dira nagusi, eta AHT eta antzekoak horretarako tresna bertzerik ez dira. Nafarroa Garaiko, oro har Hego Euskal Herriko, AHTren egitasmoaren kariaz, Lemoizko zentral nuklearrarekin gertatu zena, arras errentagarriagoa zen haren eraikuntza haren alegiazko funtzionamendua baino, errepikatzen ari ote den galdetu diogu gure buruari. Dagoen azpiegitura, trenbide konbentzionalarena, hobetzeak, hirugarren hariaz ari dira alternatiba gisa aurkezten, askoz merkeagoa izateaz gain benetako sare herrikoia ehuntzen lagunduko duelakoan gaude. Duela gutxi iragarritako inkesten arabera, nafarrok oro har kontent gaude aldaketaren gobernuak egin duenarekin, lau alderdien gehiengoa berresteko moduan diotenez. Espero dezagun Aierdi lehendakariordearen adimen intelektuala eta trebetasun politikoa haren jeltzaletasun kapitalistazalearen gainean kokatzea.

Hauteskundeak Europan

Macron etorri berri zaharraren garaipena eskuin eta ezker tradizional eta moderatuen krisialdian mamitu zelakoan gaude. Azken bi horien arteko hegemonia politikoa oso egokia zen, bai, baina Sobiet Batasunaren desagerpenak kapitalismorako bazkaleku berriak ireki zituen, antzinako etsai politiko militarra, Mendebaldean beldur soziala sortzeko erabiltzen zutena, mozkin kapitalistak lortzeko balizko kide bilakatuz. Ordura arte ezarritako muga ekonomikoak, fisikoak ere bai, desagertzean, mundu berri bat sortzen ari zen Europan. Kapitalistek, europar edo ez, egoera eta aukera berriak kudeatzeko tresnak behar dituzte. Ezin dute hiri edo herri bat zuzenean gobernatu, ezta jendarte oso bat ere.

Gerra Hotza, nazioartean, eta itun sozialak, barnean, gobernu mota horretarako tresna egokiak izan dira, nolabaiteko egonkortasun soziala ziurtatuz, baina, aldi berean, munduko desberdintasun ekonomikoak areagotuz ere bai. Gainera, kapitalismo-komunismo delako lehiaketa erasokorra aitzakia, hainbat produkturen nazioarteko merkataritza murrizten zen, teknologia, elikagai eta sendagaiak tartean. Nazioarteko inbertsio gehienak industrialak ziren, beti ere gobernuen bitartekaritzaren eskutik buruturik; barneko zein nazioarteko finantzak nahiko murrizturik zeuden, eta administrazio publikoak gainbeheraturik. Muturreko aginterik ez zen izan, eskuin eta ezker politikoak nahiko antzekoak ziren; ez zuten iraultza komunistarik egin, baina demokrazia eta ongizate estatua onartzen zituzten kapitalista gehienek, baita zergak ordaintzeko orduan ere.

Nazioarteko finantza kapitalaren askapena, joan den mendeko azken laurdenean hasi zena, 1989tik aurrera ezin beharrezkoagoa zen Europako Batasunaren kapitalistentzat, Ekialdeko Europako baliabide eta merkatuak bereganatzeko. Aldi berean, herri horietatik Europako Batasunaren herrietara etorritako jende kopurua igotzen ari zen, azkar eta asko, lan merkatuan haren eragina sentiaraziz. Krisialdi kapitalistaren eraginez muturreko jarrerak indartuz joan ziren, bereziki eskuin ultraliberal kontserbadorearena. Finantzen desarautzea eta ongizate estatuaren eraispena txanpon beraren bi aldeak dira gupidarik gabeko politikarien programa neoliberalean. Ezkerreko zein eskuineko hainbat kidek politika neoliberalak aurrera eraman zituzten, haien alderdiak boterean zeudenean. Baina Frantzia bezalako herrietan, non itun sozialaren sustraiak herrikoi eta indartsuak diren, politika ‘ausartagoak’ eskatzen ari dira nazioarteko kapitalistak, hau da, langileen eskubideak suntsitzea. Eta horretan nabarmendu zen Macron Ekonomia ministroa; haren izena daraman legea bozketarik gabe onartarazi zuen Valls lehen ministroak, Hollande presidentearen onespenarekin. Ikusteke dago, hauteskundeen erdian gauden hauetan, REM sigla berriaren izenean aurkeztu eta hautatutakoak gupidarik gabeko erreforma sozial eta laboral baten alde bozkatzeko prest ote dauden. Beharbada, Bayrou jaunaren eragin moderatuak eta haren Modem alderdiaren sare politikoak muturreko erreformaren ondorio latzenak kentzen lagunduko du, bertzelaz sindikatu eta gainerako eragile sozialen erantzuna ere muturrekoa izan liteke.

Hauteskundeen ondoren, Erresuma Batuan oreka politikoa DUP alderdi eskuindar eta atzerakoiaren esku dago. Ustekabez ustekabe doan bizitza politikoan, May andreak porrot ederra jaso du, Manchester eta Londresko hilketak tartean. Zalantzak uxatu nahian azkar joan da Erreginarengana gobernua osatu nahi duela ofizialki jakinarazteko. Curriculum bitxiak dituzten hamar diputatu (Sinn Feinek zazpi lortu ditu, baina ez doaz) baino sostengu handiagoa behar duela diote bere alderdian Mayren kritikoek. Hauteskundeak brexit-a negoziatzeari begira deitu omen zituen, Parlamentuan zegoen erabateko tory gehiengoa (650etik 330) handitzeko, zehazki. Ez du lortu, 650etik 319 soilki. Corbyn jauna, aldiz, pozik azaldu zen emaitzak jakin zirenean, 261 diputatu, lehen baino 29 gehiago. Irabazi ez, baina, emaitzez gain, jende gazte eta bozemaile berriak erakartzen asmatu du. 2015ean Labour izena, lana, daraman alderdi politikoaren lidergoa hartu zuenetik, etengabeak izan dira haren aurka entzun diren kritikak eta gustu txarreko txantxak, hedabide sentsazionalistetan eta haren alderdiaren zenbait kideen artean ere bai, Parlamentuko kideak nabarmenki. Kanpainan zehar, proposamen ezkertiarrak egin ditu, nazionalizazioak eta ikasketa unibertsitarioak doan, erraterako; zerbitzu publikoen defentsa eta langileen eskubideen alde era lasai eta nolabait maitagarrian egin du, bereziki talde txikien bileretan.

Gobernu bat egiten saiatzeko eskatu diote Eskoziatik Corbyni, Sturgeon andrearen alderdia, Scottish Nationalist Party, nabarmen jaitsi ondoren (zituen 56tik soilki 35 lortu ditu). Horrela, gobernu ez kontserbadore bat eratzea ia ezinezkotzat jotzen dute adituek; brexit-aren negoziazioaren gainean horrek izan dezakeen eragina ezezaguna denez, ziurtasunik eza areagotuko litzateke, negoziazioa zailduz. Egiatan inork gutxik daki gauza handirik hasi diren negoziaketei buruz. Teknikoki izugarri korapilatsua izateaz gain, politikoki zein sozialki brexit-aren ondorioak kudeatzea ez dela afera sinplea izanen pentsatu dugu. Beraz, ez dirudi, epe motzean behintzat, Corbyn jauna lehen ministroa izanen dugunik, baina haren lidergoa sendotu ostean ezin ukatu aukera gehiago dituenik.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan