2017-05-09 Albisteak
Jakinen 219. zenbakia urteroko artikulu solteen zenbakia da, baina nahi gabean ‘monografikoa’ bihurtu da. Nahi gabean bai, baina ez kasualitatez. Nazioa, nazionalismoa, estatua, estatugintza, hizkuntza, kultura, demokrazia eta subiranotasuna kontzeptuen inguruan jarduten baitute aldizkariak jasotzen dituen lau artikuluek. Eta hori ez da kasualitatea, une honetan eztabaidagai ditugun gaien isla direlako laurak. Bakoitza bere ertzetik, baina ziri berean metatuta: Humboldt antropologo alemaniarraren Euskal Herriko bidaiari heldu dio Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko filosofia irakasleak; Haritz Azurmendi filosofia lizentziadunak nazioaren eta estatuaren harremanaz hausnartu du; Julen Zabalo eta Onintza Odriozola EHUko irakasleek nazioaz eta demokraziaz aritu dira; eta Iñaki Lasagabaster EHUko administrazio zuzenbideko katedradunak Hego Euskal Herriko administrazioak aztertu ditu, autogobernuaz, subiranotasunaz nahiz eskumenen garapenaz hitz egiteko, besteak beste. Bakoitza bere esparrutik, baina elkarrizketan. Nahi gabean, baina ez kasualitatez.
‘Nazioa’ Euskal Herrian topatu zuen Humboldtek
Wilhelm von Humboldt antropologo eta pentsalariaren ‘euskal nazioari’ buruzko gogoetak aztertu ditu Iñaki Zabaleta Gorrotxategik ‘Humboldten euskal nazioaz’ artikuluan, hizkuntzaren eta nazioaren arteko harremanean sakontzeko. Izan ere, Humboldtek Euskal Herrira egindako bidaian doitu zuen lotura hori: «Hortik aurrera ikusten du hizkuntza ez dela soilik besteren arteko elementu bat, baizik eta, egiaz, nazioaren beraren elementu zentrala», azaltzen du Zabaleta Gorrotxategik. «Elkarreraginean atzematen ditu euskal hizkuntza eta euskal nazioa, horregatik dute elkarren beharra bizirauteko».
Mundua nazioetan pentsatzen bada
«Esku artean dugun erronka nagusia prozesu independentista edukiz janztea da». Haritz Azurmendik erronka horri heldu dio ‘Naziogintzaren ataka berria. Estaturik gabeko naziogintza eta naziorik gabeko estatugintza’ artikuluan. Nazioaren, kulturaren eta estatuaren harremanei erreparatu die, «esanak esan, oraindik ere mundua naziotan pentsatzen baitugu». «Idealki, prozesu independentistak nazio-estatua beharrean estatu-ez-nazionalista bat sortzea litzateke desiragarri». Azken mendeetan batera joan diren naziogintzaren eta estatugintzaren irakurketa bat egin du horretarako, batez ere autore klasikoetan oinarrituta, eta horien gaineko hausnarketa egin du.
Euskal nazionalismoaren ‘hirugarren bidea’
Julen Zabalo eta Onintza Odriozola EHUko irakasleek ‘Eredu aldaketa euskal nazionalismoan? Demokrazia kontzeptuaren garrantzia’ artikuluak euskal nazionalismoaren dikurtsoaren ibilbidearen argazkia atera dute: arraza eta kristautasuna izan ziren lehen diskurtso horren oinarria. Ondoren, euskalduntasuna eta sozialismoa. Egun, aldiz, «euskal nazionalismoaren diskurtso berriak demokrazia kontzeptua du ardatz, eta herritarren borondatea eta erabakitzeko ahalmena aldarrikatzen ditu». Diskurtso horrek oztopo ugari dituela uste dute, ordea. Esaterako: “Oraingoz helburu politikoa ari da finkatzen (nazio demokratikoa), baina zehaztu gabe dago non ardaztuko duen nazioaren funtsa“. Euskararen lekua eta lurraldetasuna ere aztertu dute horregatik artikuluan.
Autogobernuaz, eskumenez, autonomiaz
Lehenengo aletu, gero aztertzeko. Asmo horrekin aztertu ditu Iñaki Lasagabasterrek autogobernua, forutasuna, autodeterminazio eskubidea eta erabakitzeko eskubidea printzipioak, eta ondoren horiek baliatu ditu EAEko eta Nafarroako autogobernuaren bilakaeraz eta eskumenen eta autonomiaren garapenaz gogoeta egiteko. Hain zuzen, autogobernu erakundeak ahulduta eta agortuta ikusten ditu Lasagabasterrek, are «Espainiako gobernua hartzen ari den erabaki andana batek Konstituzio Auzitegiaren onespena» jaso duela kontuan izanik.
Egunen gurpilean sailean
Aktualitateari begira bost artikulugile arituko dira baita zenbaki honetan ere Egunen gurpilean sailean: Miren Artetxe kulturaz, Henrike Galarza ekonomiaz, Txerra Rodriguez hizkuntzaz, Koldo Diaz Bizkarguenaga ingurune digitalaz, eta Ignazio Aiestaran ‘gu eta munduarenaz’. Unai Iturriagak, bestalde, Platon eta Alien uztartu ditu Sarrionandiaren aitzakian kontrazalean.