Jakin Jardunaldia egingo da Usurbilen uztailaren 13 eta 14an

2017-03-27 Albisteak

UEUren eta Jakinen azken bi urteotako elkarlanari batu zaio Usurbilgo udala. Hiru urtetako lankidetza hitzarmena sinatu dute hiru erakundeek, eta horren emaitza izango da uztailaren 13 eta 14an Usurbilen egingo den Jakin Jardunaldiak, UEUko Udako Ikastaroen baitan. “Usurbil badelako nor”, gogoratu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, “gure kulturgintzaren memorian eta iruditerian duen lekuagatik. Jakinentzat zentzu osoa du jardunaldiak hemen egitea”.

Hitzordua zehaztu ondoren, gaia bera lantzen ari da orain Jakin. “Gaur egungo korapiloetako bati arreta” jartzeko ikastaroa izango dela ziurtatu du Lorea Agirrek, eta oinarrizko ardatzak aurreratu ditu: “Hizkuntza, hizkuntzak, euskara, euskarak, jatorria, generoa, klasea, egoera sozioekonomikoa gurutzatzen diren leku horretan gaur eta hemen zer gertatzen den ikusi nahi dugu”. Horretarako, “adituak eta bereziki arituak” gonbidatuko dituzte, bien arteko zubiak eraikitzeko.

2015eko Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian eta 2016ko Eta, kultura autodeterminatuko balitz ikastaroen “arrakastari” eustea espero du Xabier Alegria UEUko zuzendariak. “UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara ardatz duten topaguneak, hausnartzeko topaguneak eta eztabaidarako topaguneak. Udako Ikastaroak erakusleiho eta parada ezinhobea dira helburu horiek lortzeko”. Gainera, jardunaldiek jarraipena izango dute baita ikastaro orduetatik kanpo ere. “Bestelako ekintza osagarriak eta jendaurrekoak” antolatuko direla ziurtatu baitu Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

Lankidetza eredugarria” dela azpimarratu du Joan Mari Torrealdai Jakineko lehendakariak, “herria eta unibertsitatea, jakintza eta jendea batzeko orduan ildo interesgarria irekitzen du”.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan