2016-11-23 Bloga
Nafarroa Garaiko Foru Gobernuak urte bat darama aldaketa soziala egiteko agindua betetzen saiatzen. Poliki doa Barkos andreak eta Aierdi jaunak zuzentzen duten gobernua. Urte osoa bulegoetan egon ondoren, gobernu talde berriak errepikatu behar dituen egunoroko betebeharrak ongi ezagutzen dituela espero daiteke, buruzagi burokratiko nostalgikoren baten boikotak gorabehera. Egindako akatsetatik ere ikasi dutelakoan gaude, baina oraindik ez dute sindikatu guztiekin harreman normalizaturik lortu, ez administrazioan ezta lurralde mailan.
Egunoroko betebeharrak bideraturik, hurrengo pausoa datorren urteetarako egitasmo berrien plangintza finkatzea litzateke. Horretarako Foru Gobernuak duen finantziazio urria politikoki banatu beharko du, aukera zehatzak eginez, Nafar Parlamentuaren gehiengo aurrerakoiarekin batera. Ziurrenik, egin beharreko inbertsio edo lan kontratuei buruzko iritzi ezberdinak izanen dituzte gobernua sustengatzen duten alderdiek. Negoziaketak era lasai eta eraikitzaile batean egiteko konpromiso sendoa izan liteke krisi politikoa uxatzeko bermea. Ildo horretan, Baztanen eraiki nahi duten mamu turistikoa dela-eta, Nafar Gobernuak egin duen afera horren kudeaketa ez da eredugarria izan, leunki erranda. Bitartean, Nafarroa Garaiko ekonomiaren estatistikek zertxobait hobera jo badute ere, goizegi da benetako hobekuntza egonkorrik datorren edo ez jakiteko. Nafar Ogasunari dagokionez, mota askotako ezezagun ugari dago zergen kopuruak zehaztasunez kalkulatu ahal izateko, Espainiako gobernuarekin egin beharreko Convenio-aren moldaketak barne. Edozein kasutan ere, kopuru apalez ari garela aitortu behar da, iraganeko lastoa (itzalpeko bidesariak, Urantziko zirkuitua, polikiroldegia, zor publikoaren korrituak…) kendu arte behintzat.
Iparreko mugaz haratago, salbuespen egoeraren peko urduritasun eta egoneza edonon, beldurra ez denean, Frantzia aldean izandako sarraskien oroitzapena ezin gainetik kendu. Aspaldi ikusi gabeko mugako kontrolez gain, hiri eta hondartzetan nabarmentzen dira uniformedunen patruilak. Beharbada, datorren urteko hauteskundeak, présidentielles, jendarme eta militarren metraileten aurrean egin beharko dituzte. Azken albisteen arabera, El Khomri Laneko ministroa Lan Erreformaren legea garatuko duten arau eta erregelak prestatzen ari da. Horren kariaz, eragile sozial eta sindikatuek datozen asteetan protesta egitera deitu dute, udazken zalapartatsua iragarriz. Arau horiek indarrean sartuko direnean ikusiko da legearen benetako eragina zein den, indar sozialen erantzunarekin batera, segur aski. Borroka sozialeko giro horretan, LAB sindikatuarekiko Parisko CGT sindikatuaren buruzagitzaren jarrera baztertzailea, gezur inozo baina pozointsuetan oinarriturik, funsgabea eta erabat anakronikoa da. Zorionez, bertoko CGTko militante adoretsuak, askoren artean, noski, LABekiko elkartasuna erakusten ari dira. Erabaki horren aurkako helegitea jarrita, hautes zerrendetan bai ala bai egonen direla ziurtatu dute LABeko militanteek.
Mendebaleko hiru lurraldeetan hauteskunde autonomikoak berriki izan dira. Otegiren hautagaitzaren ingurukoaz asko mintzatu ondoren, ez da zerrendetan agertu, epaiak hala aginduta. Emaitzak ikusirik, afera horren kudeaketa ez zaie hain gaizki atera EH Bildukoei, nahiz lehena izateko norgehiagokan zaplasta ederra jaso. Izan ere, jeltzaleen garaipenak Nafarroa Garaian ezagutu ditugun UPN alderdiaren emaitzak oroitu dizkigu. Bertzaldetik, Elkarrekin Podemos aliantzaren eserlekuen kopurua PSE-PSOE eta EH Bildu alderdiek galdutakoen batura da, PSE-PSOE kalte gehien jaso duena bada ere. Orain, Urkullu jaunaren hautua da zer eta norekin egitea, EAJ-PNV alderdiaren negoziaketarako indarra gainerakoena baino askoz handiagoa da. Ikustekoa da zertarako erabiliko duten. Azkenik, gorago aipatu Parisko CGT sindikatuaren jarrera penagarriaren kariaz, badirudi PSE-PSOE alderdiaren euskararen inguruko bideo xelebrea aurreiritzi eta chauvinisme berberen iturritik ateratakoa dela… Eta asko ez diela lagundu hondoratzea ekiditeko.