miren artetxe

Industria 4.0

2016-11-14 Albisteak

Aurreko ziklo ekonomikoan IKT famatuei buruz hitz egiten egon bagara etengabe, aurrerantzean Industria 4.0, Gauzen Internet, Inteligentzia Artifiziala…, oro har automatizazio prozesuak ahalbidetuko dituzten teknologiez arituko gara gehiago.

Enpresan eta orokorrean jendartean, informazio eta komunikazio teknologien txertatzea izan da azken urteetako joera nagusia. Horrela, prozesuen kontrola eta kudeaketa hobea eta efizienteagoa bilatzen saiatu gara. Inbertsio gehienak bide horretatik izan dira eta esparru guztiak jo ditu, enpresetatik hasi, hezkuntza sistematik pasa eta erakunde publikoetaraino.

Urtetan bere emaitzak izan ditu, informazio kudeaketa eta komunikazio gaitasun handiagoak emaitza hobeak eman ditu; enpresa alorrean behintzat horrela izan da, egokitu direnentzako. Orain, aldiz, teknologia horietan inbertitzeak jada ez du espero izandako abantailarik ematen, mugara iritsi dira. Bidean, gainera, erantzun gabeko galdera asko utzi dituzte, Industria 4.0 deitu zaion honetan oraindik erantzun gabeko galdera asko.

Industria 4.0ra mugatuz, prozesu produktiboetan automatizazio eta analisiaren bidez prozesu produktibo horiek hobetzean oinarritutako industria teknologizatuari deituko genioke. Horretarako, automatizazio algoritmoak, errobotikaren ezarpena, inteligentzia artifizialaren erabilera edota datu analisirako mekanismoak txertatzen dira prozesu horietan. Helburua, ustezko efizientzia eta abantaila berrien bilaketa.

Informazio eta komunikazio teknologiek pertsonen arteko komunikazioetan eta informazio kudeaketan jokatutako paperak hobekuntzak ekarri bazituen, Industria 4.0 horrek makinek ia osorik kudeatzen dituzten prozesuetan eragin nahi du. Horrek, noski, eztabaida asko eta erantzun gabeko galdera asko uzten dizkigu airean: automatizazio prozesuek pertsona gutxiagorekin berdina produzitzea ekarriko dute? Nola ordezkatuko ditugu, ordezkatu behar badira, lan horiek? Langileen eta arduradunen paperak birformulatu behar ditugu? Lanaren izaeraren beraren eraldaketa bat suposatzen du horrek? Galdera asko eta erantzun gutxi.

Batzuek teknifikazioan arreta jartzea nahi badute ere, aldaketa horien dimentsioa askoz ere sakonagoa da. Eusko Jaurlaritzak berak hartutako bideak begirada berdina duela esango nuke. Pertsonen dimentsioa edo langileen ikuspuntua aztertzen badu ere, prozesu produktibo horietan beharko den pertsonen kualifikazioaz hitz egiten du soilik, ez horientzat suposatuko duenaz edo suposa dezakeenaz.

Langileen lana algoritmo eta automatizazioez ordezkatzen bada, pertsonen lana ere aldatuko da. Batzuek lan horiek ordezkatzearekin amesten badute ere, behar berri asko ere sortzen dira aldi berean. Industrian aurreikusi ezin diren mila gauza gertatzen dira, eta oraindik ere pertsonen jakintza beharrezkoa izango da, beharbada inoiz baino gehiago. Automata edo inteligentzia artifizialeko programa baten jarrera hobetu, akatsak detektatu, horiek zuzendu eta optimizatuko dituenak baino balio handiagorik izango duen posturik ez da izango, eta hori oraingoz gizakiok bakarrik egin ahal izango dugu.

Hala ere, hori guztia ez da berria, eta, berriro ere iraultza baten aurrean gaudela esango badigute ere, aldaketa teknologiko bat gehiago izango da. Benetako iraultza edo aldaketa honetan legoke: teknologia horiek txertatzeak ekarriko lukeen denboraren eta lan produktibo, erreproduktibo eta denbora librearen banaketa berrian. Hau da, denbora erabilgarriaren banaketa ezberdina gertatuko balitz, botere harremanak aldatuko balira soilik gertatuko litzatekeena.

Marxek jendartean zerbait sortzeko gero eta lan gutxiago egin behar izatean aukera ikusten zuen pertsonentzako eta beren garapenerako denbora gehiago izateko. Keynesek ere orain arte gizakiak izandako arazo ekonomikoen amaiera ekarriko lukeen hiruzpalau orduko lan jardunaldia aurreikusten zuen 2030 urte ingururako. Horiek horrelako etorkizunak amesteko gai izan baziren, guri, posible egin ahal ditugunoi, gauzatzea besterik ez zaigu gelditzen.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan