Eta, kultura autodeterminatuko balitz?

2016-11-10 Albisteak

«Eta kultura autodeterminatuko balitz?» galdera bota zuen Harkaitz Canok Jakinen 205. zenbakirako ‘Bide bakarra eta beste zenbait bide’ titulupean idatzi zuen 2014ko kultur kronikan. Ideia interesgarri bat du abiaburu, eta horrela formulatu du Canok berak:

Alex Mendizabal soinu-artistari entzuna diot independentista izatea baino errealistagoa dela, akaso, dependentista izatea; une jakin bakoitzean noren menpeko garen argi eta garbi jakitearen aldeko, alegia. Buruaskitasun ekonomiko erabatekoa kimera denez oraingoz, ez litzateke txarra horizontalki eta de facto aspaldian praktikara eramaten dugun buruaskitasun kulturala erakundeetatik benetan bultzatzea. Horretarako, jakina, ‘egiturak’ fedea izan beharko luke sortzaileengan.
Energetikoki buruaskitasunez jokatzea ez da posible une honetan euskaldunontzat. Ezta politikoki ere. Bankuetxekoiki ere gero eta gutxiago, itxuraz. Kulturalki buruaskitasunez jokatzea, ordea, egingarria da. Nazio bat bezala, alegia. Euskal argitaletxe, antzerki talde, musikari eta zinemagile askok jada egiten badute, administrazioak, zergatik ez?
Zer falta da horretarako? Egituraren –Godzillaren– fedea.

Zer falta da horretarako? Galdera ezin genuen pasatzen utzi, ez behintzat erantzuten saiatu gabe, eta, aurtengo uztailean, Baionako Zizpa gaztetxean, UEUrekin batera, ikastaroa antolatu zuen Jakinek. Eta hipotesi bat planteatu zuen: kultur ekosistema bizigarri bat osatzeko kultur politika beregaina egitea beharrezko da, bai herrigintzako eragileen aldetik, bai sortzaileen aldetik, bai administrazio publikoaren aldetik. Horregatik, hiru eremu horietako aditu eta arituak bildu ziren eztabaidara.

Bertan aurkeztu ziren ponentzien aukeraketa bat dakar monografiko honek. Ez da bertan esan, proposatu eta eztabaidatu zen guztia, baina bai gaiari begirada poliedrikoa bota eta aurrera begira jartzeko giltzarrien bilduma bat. Horrela, Ibai Iztuetak ‘euskal eta kultura’ gaiari heltzen dio, eta euskal kultura zein hizkuntzatan ote den posible galdera diskurtsoaren beraren materialtasunaren ikuspegitik aztertzen du. Haizea Barcenillak, Hedoi Etxartek eta Eider Rodriguezek, nork bere aldetik, kultur politika ereduei eta sortzaile eta eragile zibilen eta erakunde publikoen arteko harremanari erreparatu diote. Barcenillak hauxe defendatzen du,  azken mende laurdenean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatu den kultur politikak paradigma aldaketa bat ekarri duela, bereziki Guggenheim Museoaren irekierak kulturaren beraren definizioa eta praktika aldatu dituelakoan. Etxartek artearen, politikaren eta ekonomiaren arteko harreman ia beti gatazkatsua aztertu du begirada historikoa oinarri hartuta. Eta Rodriguezek etorkizuneko erronka eta neurri sorta zehatz bat proposatzen du, kultura politikaren lehen lerrora ekartzeko. Maika Etxekoparrek sortzailetzaz, hizkuntzez eta kulturaz idatzi du, kultur transmisioaren eta sormenaren arteko loturak eta etenak bere esperientzia propiotik azaltzeko.

Ondotik, zazpi kultur proiekturen diagnosia dator, ondoko galderak oinarri hartuta: zein da zuen proiektuaren filosofia? Zein da zuon gobernantza modua? Zer leku du euskarak eta euskal kulturak? Kultura nola ulertzen duzue? Zer nolako harremana eta lankidetza duzue kultur sortzaile eta eragileekin? Zer nolako harremana eta lankidetza duzue erakunde publikoekin? Donostiako Tabakaleraren diagnosi eta helburuez Ane Rodriguez Kultura zuzendariak idatzi du, Astra kulturguneaz Leire Lopez Ziluagak eta Oier Plazak, Azpeitiko Kultur Mahaiaz Izaro Zinkunegik, Iruñeko Katakrak kultur kooperatibaz Nerea Fillatek, Lekornen egiten den Euskal Herria Zuzenean jaialdiaz Pauline Guellek, Gasteizko Hala Bedi Irratiaz Gaizka Amondarainek eta Bilboko Okela Sormen Lantegiaz Nora Aurrekoetxeak, Izaro Ieregik eta Irati Urrestarazuk.

Unai Iturriagaren begirada ironikoak laburbildu du kontrazalean zenbaki hau zeharkatzen duen ideia nagusietako bat, hizkuntza, kultura eta sormenaren arteko harreman biziaz: «nire sorkuntza da nire hizkuntza».

Zenbakia bukatzeko, ohiko dugunez, Egunen gurpilean atalean, Jakineko kolaboratzaile finkoek nork bere eremuari botatako begirada zolia dator: Miren Artetxek kulturari, Henrike Galarzak ekonomiari, Txerra Rodriguezek soziolinguistikari eta Gorka Juliok teknologia eta sare digitalei.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan