2016-07-18 Bloga
Azkenean, ofizialki iragarri dute: Iruñeko Landabengo VWen lantegian bigarren eredu bat 2018tik aurrera ekoiztuko dute. Eredu berriaren gaztelerazko izengoitia ‘todocamino’ izanda, pentsatzekoa da SUV (sport utility vehicle) motatakoa dela, eredu kutsakorrenetarikoa, alegia. Dagoeneko ‘todoterreno’ hitza ekologikoki gordinegia dela onartuz, beharbada Opuseko sortzailearen liburu nagusiaren izenburuari keinu bat egin nahi izan diote, dieselgate dela-eta merkatuen eta erosleen konfiantza berreskuratzeko edozein laguntza ona delakoan. Beharrezko inbertsioen kopururik ez da iragarri, nahiz Landaben lantegiko bizpahirurehun lanpostu berriez mintzatu diren. Ikustekoa da gero hornitzaileen plantillak ere handituko diren edo ez. Oraino jakin den kontu bakarra TRW enpresatik etorri da: aurtengo apiril arte kaleratutako 100 lagun baino gehiago ez dituela kontratatuko, baina datozen hilabeteetarako aldi baterako ia 200 kontratu berri egitera doala iragarri du, inolako lotsarik gabe, erantsi genezake. Zer erran Arcelor Mittal enpresaren proposamenez? Nafarroa Garaiko Buñuel herrian ere bertze enpresa transnazional baten erabakia ari dira pairatzen: General Electricek bertan duen lantegia ixtearena, hain zuzen. Langileen proposamenei beti entzungor, lantoki horiek ixteko enpresek aurkezten dituzten sasiargudioak nahi dutena nahi dutenean egiteko estalki merkea bertzerik ez dira. Goiko eta urrutiko agintariek ezarritako aginduak behekoengana iritsi orduko, nekez negozia daitezkeelakoan gaude. Aldiz, Viscofan enpresa transnazional nafarrak lantoki berri bat eraiki behar du, Oibar eta Kaseda herrien aldean. Atzerrian inbertsioak egiten baditu ere, enpresa horren plangintzan hurbileko jendearentzako lekuren bat egon badago. Irizpide kapitalista hutsez gain, inbertsioak egitearen, edo ez egitearen, erabakia politikoa da.
Azken urteetako lan erreformak direla eta, mobilizazio sendo eta baturik gabe ia ezinezkoa da lan baldintza duinak lortzea adinean aurrera doazen langileen kasuan eta, bertzeak bertze, andre, gazte eta epe luzeko langabeen artean. Hurbileko kasuak lekuko, politika ekonomiko neoliberalen asmoa da kapitalen arteko lehia langileen artean gertatzea. Izan ere, lan legedi aurrerakoiek, ongizate estatuak eta antzeko ekimen sozialek jende xumearen oinarrizko eskubideak babesten zituzten neurri berean, enpresa kapitalisten arteko lehia enpresa berberen artean –eta enpresa kontuetan: marketing eta teknikaren esparruetan– egitera behartzen zituzten. Aro keynesiar horretan, barne merkatuak itxita zeuden atzerriko finantza kapitalentzako, eta finantza legedi zorrotzak zeuden, interes eta truke tasa nazionalen gaineko botere politikoa indartzeko.
Baina, 1970eko hamarkadan, desarautze neoliberala truke tasa finkoen ezabatzearekin hasi zen, Amerikako Estatu Batuetako gobernuaren erabakiaren ondorioz. Truke tasa finkoak trabak ziren enpresa handienen nazioartekotze egitasmoentzat. Jarraian, 1980ko urteetarako, finantza eragiketa nazionalen askatze/desarautzeak ugaltzen hasi ziren, nazioartean nagusitzen ari zen erokeria espekulatzaileari aurre egiteko, Hego Amerikako herrien eta Mexikoko kanpo zorren krisiak barne. Bertzaldetik, gogoan izan Frantziako MATTIF, finantza merkatu globala, sozialdemokratek sortu zutela, geldiezina zen espekulazio finantzarioaren negozioaren zati bat berreskuratzeko esperantzan… Orduan hasi zen azkartzen lan legedi aurrerakoien aurkako eraso bortitz bezain suntsitzailea, ez soilki esparru legalean, jendartearen kontu guztietan baizik.
Horrela, langabezi tasak aspalditik handienak ziren garaietan, Thatcher andreak eta Reagan jaunak publikoki adierazitako mezuak: bertzeak bertze, langabe zeudenen aurkako adierazpen pozoitsuak; langile ‘pribilegiatuen’ aurkakoak, hasieran funtzionario eta enpresa publikoetakoak, edozein enpresatakoak gero; gastu publikoaren gehiegikeriak: erakunde publiko gehiegi, langile publiko gehiegi, soldata handiegiak… Poliziak, militarrak eta… politikariak kenduta, noski. Divide et imperas, ez zuten ezer berririk asmatu. Baina bai lortu egin zutela! Antikomunista porrokatuak, soldatak jaisten zituzten bitartean, enpresa handi eta pertsona aberatsen zergak jaisteaz gain, banakako kapitalismoaren aroa iragartzen ari ziren, etxebizitzen merkatua eta baloreen burtsa espresuki aipatu gabe. Proletalgoaren zati nabarmen bat tranpan erori zen, telezaborrak eta Mario Conde bezalako pertsonaiek (bat-batean eta askotan ilegalki aberastutakoak) iritzi publikoaren miresmena zutelarik. Hala, tradizionalki ‘bizitza bateko erosketa’ zena –familiaren etxebizitzarena, alegia– espekulazio eragiketa bat bilakatu zen: etxea erosi, ez betiko bizi izateko, gero saltzeko baizik; ondoren berriro erosteko, eta abar, burbuila lehertu arte. Egia da prozesuan zehar egundoko irabaziak lortu zituztela gutxi batzuek, baina handinahikeriaren pozoiak ia guztiongan eragin zuen, galtzaile eta irabazle nahasturik. Proletalgoa ‘burges’ bilakatzearekin batera, zor gehiago, gastu gehiago, egonezin pertsonal handiago, orduak sartzeko premia handiago, aisialdirako ordu urriegiak…
Ingurumari horretan, langile sindikatu eta mugimendu sozialek eskaintzen/eskatzen ditugun atxikimenduetatik langile asko urruntzea denbora kontua zen, herri industrializatu askotan gehiengo politiko ezin eskuindarragoak sendotuz. Azken asteotan Frantzia aldean gertatzen ari dena –koordinaturiko grebak, manifestazioak eta izandako istiluak– Hollande presidenteak ezarri nahi duen lan erreformaren aurkakoa bada ere, sakoneko egonezinaren ondorioa ere badelakoan gaude: Nuit Debout ekimenean parte hartzen ari diren belaunaldi burges gazteak haien gurasoak baino bizimodu apalagoa izatera doazela ohartzen ari dira. Banlieue-etako kumeek jaiotzatik dakitena ikasten ari dira orain, hobe berandu inoiz ez baino.