miren artetxe

Aillet eta Baionako Zirtzilak

2016-05-19 Bloga

Bestelako arte obra batek harrotu ditu hautsak Baionan. Marc Aillet Baionako apezpikuak katedralaren lau hormen artean jarri zuen, ikusgai, Lukasz Murzyn artistak eginiko bideoa. Bular bat tanta jario, odola mihise zuritan, haurdun dagoen emakumearen sabel joria, hamar minutuko abortuaren aurkako propaganda, etengabeko proiekzioan, bataiarrien gain-gainean. Artistak ukatu egin ditu akusazioak, ordea. Bideoaren helburua (ez gaia, helburua) erlijioari loturikoa omen da hertsiki. Sabelak eta haur sortu berriak miserikordiari egiten diotela keinu, eta ez abortuaren inguruko polemikari. Hori bai, katolizismoa beti egon dela abortuaren aurka, noski. Nahikoa azaldu du.

Aillet bera ezaguna da lehendik, abortuaren aurkako adierazpenengatik zein eskuin muturreko ideiak aho bizarrik gabe adierazi izanagatik. Martxoaren 8an, urteroko manifestazioaz gain, integrismo katolikoaren kontrako martxa deitua izan zen, Espainiako karrikatik apezpiku etxera. Eta azken aldian hitzetik hortzera ibili da bere izena, bai frantziar ministroen ahotan, baita ostatuetako garagardo artean ere. Daesh mugimendua eta abortuaren aldekoa konparatu zituen txio poetikoa dela-eta, ez da gutxi hitz egin. Mesede ederra, otsailean bertan Ziburuko ihauterietan Zanpantzarren epaiketan nor erre erabaki behar zutenentzat. Monsinorearen irudia sutan. Ez zen hautu zaila. Laikotasun agresiboa zer den.

Ziburuko ihauteriek Pariserainoko zalaparta sortu bazuten, Baionako ihauterietan iraganak, aldiz, ez dira erdal elebakarren belarrietara heldu (zenbat zor diogun gure diglosia maiteari). Han ere Ailleten parodiak irri karkaila andana bat sorrarazi zuen, alta. Otsailaren 27an Baionako karriketan egitekoa zen… zera. Ez zen Libertimendua. Ez maskarada. Ez Kaskarotak. Zirtzilek beraiek plazaratutako mezuan hala azaldu zuten: «Ez denez halako ohiturarik Baionan, ez gara sinbologian hainbeste sartzen. Adierazteko formak gaitu interesatu eta pertsonaien barnago pentsatzeak lan luze eta sakonagoa eskatuko luke». Hala, azken aldiko gertakarien irakurketa satirikoa eginez eta dantza, antzerkia eta bertsoa nahasiz eskaini zuten ikuskizuna Baionako eta baionartutako 40 gaztek, ihauterietarako bereziki sortu kolektibo informal batean bildurik. Baionako karrikak okupatzea zen helburua, baina, euriak aurre hartu zien eta aterpean egin behar izan zuten. Zorionez, hurbil zuten berriki zabaldu aterpea. Zizpa gaztetxean laurogeita hamarreko hamarkadako Patxa mugimenduaren hari-muturrak ikus daitezke dantzan. Euskararen aldeko mugimendua, antimilitarista, feminista… Aillet militar-semea latinez otoitzean antzezteko toki aproposa, funtsean. Zizpa mukuru. Bazkarirako txartelak aspaldi agortuak. Besta giroa. Arrakasta.

Eta dagoeneko zentzua galtzeraino erabili dugun esaldia izan arren, kasu honetan perbertsio gabe esan daitekeelakoan nago: arrakasta ez zen emaitza izan, prozesua baizik. Zirtzilek hala zioten:

Aldi berean parada bat [da] baitezpada elkar ezagutzen ez duten jendeak halako ekimen batean parte harrarazteko. Halakoetan, prozesua baita interesgarriena, hots, euskaraz pentsatu eta muntatu egintza, talde dinamika baten bidez.

Eta hala dio Lukuk: «Bakoitza, bere kulturaren sortzeko, birsortzeko ahaldun egiteko kultura du garatzen tobera berriak. Kontsumitzaile izaitetik partaide aktibo izaiterat». Ahalduntzea, produkzioa eta erreprodukzioa, parte hartze aktiboa… No/to, martxoak 8.

Ez dut Libertimenduaren erreseina bat egingo. Baina, Antton Lukuren transmisiorako sena ezin aipatu gabe utzi. Badirudi, izan ere, berak eta ingurukoek eginiko lanari esker, besteak beste, gero eta gogotsuago hurbiltzen dela jendea, oro har, halako emanaldietara, ikusle zein parte-hartzaile gisa. Lehen egiten ez ziren lekuetan hasiak dira halakoak antolatzen eta aspaldi bazterrera utziak ziren lekuetan berreskuratzen. Libertimendua Garazin berpiztu zutenetik, hamargarren aldiz ospatu da aurten. Eta Iñaki Etxeleku izan da, bestalde, Baionako ikusgarria zuzentzeko ardura izan duena –eta lana kolektiboki garatu dadin bultzatu duenetarik bat–. Ez da kasualitatea Etxelekuk berak Lukuren zuzendaritzapean toberak antzeztu izana lehenago.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan