2016-03-08 Bloga
Europako Batasunean errefuxiatuei harrera duinik ez egiteaz gain, ‘muga-sariak’ ordainarazteko neurri legalak ezartzen ari dira. Diotenez, sentimentalki garrantzizkoak diren objektuak ezik –eraztun eta lepokoak, erraterako–, mugako funtzionarioek sakelako telefonoak, erlojuak edota bideokontsolak bereganatzeko baimen legala izanen dute, errefuxiatuak hartzearen ondorioz herriek dituzten gastuen finantziazioari aurre egiteko. Nola eta nork erabakiko du ‘atxikimendu sentimentalarena’? Eta bahitutako, konfiskatutako objektu horiek nola dirutuko? Beharbada, bigarren eskuko merkatuari bultzada ederra emanen diotela pentsatu dute Danimarka, Alemania edo Polonian, baina ez dugu oso argi ikusi prozedura hori guztia, duintasun pertsonal eta zuzenbidearen ikuspegitik, behinik behin.
Bela beltzez estalitako Egeo itsasoan, Hego Andaluzia edo Lampedusako kostaldean bezala, Evaristok izendatu zuen ‘oparotasunaren B aldea’ ezin ageriago geratzen ari zaigu, Mendebaleko zibilizazioaz aditu postmodernoek barreiatzen dituzten zurikerien gainetik. Mundu honetako herri eta biztanle aberatsenak, aurreratuenak ote?, gainerakoentzat eredugarriak izan beharrean, lehenengoak gara armagintza, gastu militar eta armen merkataritzan; droga legal eta ilegal gehienak saldu eta kontsumitzean; Ama Lurra kutsatu eta suntsitzeko orduan; mugaz haraindiko etorkinei hesiak altxatzen ere bai, behin baino gehiagotan haien bizitza bidean galtzeko aukerak igoaraziz.
Siriako gerra amaitzeko Genevan hasitako elkarrizketak, Erroman jarraitzeko omen direnak, edo dirua lortzeko Londresen egindako bilerak antzerki diplomatikoaren atalak bertzerik ez direla pentsatu dugu. Bakeari, eraso bortitzak eteteari oztopoak jartzea omen da ‘bakerako’ bileren asmo ezkutua. Izan ere, alderdi bakoitzean jokoan dauden eragin politiko-ekonomikoak pertsonen bizitza baino garrantzizkoagoak balira bezala aritzen baitira, bai potentziak, bai gerran parte hartzen ari diren herri bakoitzeko talde armatuak… Eguzkipean, ezer berririk ez!
Bitartean, Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko negoziaketa berriaren emaitzak zentzu askotan azaltzen ari dira, aferan dauden interes politikoen araberako interpretazioei bide eginez. Hala, Cameron lehen ministroaren irakurketa baikorra ez dute egin euroeszeptiko britainiarrek, nahiz eta Bruselan Cameroni eskubide sozial eta ekonomikoen kudeaketa berezia bezain zekena onartu, EBko egoiliar batek lau urteko epearen barnean eskubide britainiarrik ezin jasotzeraino. Ez dago garbi, kontu horietan, Erresuma Batuko parlamentuaren eta Europako Batzorde eta Parlamentuaren arteko harremanak nolakoak izanen diren. Beti bezala, subiranotasun nazionalaren murrizketa gehiegizkoa da batzuentzat, bertzeentzat onargarria denean, komunean dituzten helburuen ikuspegitik. Zentzu horretan, krisialdi ekonomiko eta sozialak normalki ez dira horrelako talde-egitasmoentzako ingurumari egokienak. Berekoitasun nazional eta politikoak indartzen diren heinean, elkarlanerako borondatea ahulduz doa, eta hartutako konpromisoei muzin egiteko zirrikitu legal eta politikoak edonon bilatzen dira. Erresuma Batua, historikoki –orduko Europako Erkidego Ekonomikoan sartu zen 1973tik aurrera–, Europako Batasunaren kide ‘berezia’ izan da. Bere garaian, De Gaulle président-ak ez zuen nahi britainiarrik Europako Batasunean, herri horretan Amerikako Estatu Batuetan gehiegizko itzala ikusten baitzuen. Gero, joan den mendeko laurogeiko hamarkadan, Thatcher andrearen birnegoziaketa gogorrak –gogoan izan txeke xelebrea– britainiarren kidetzari bertze ezberdintasun puntu bat erantsi zion. Gero, euroari ezetz erran bazioten, Schengen itunari baiezkoa ematea oso ongi ikusi zen Bruselan. Orain, Brexit delakoa saihesteko –bere biztanleei erreferenduma agindu die Cameronek–, baldintza bereziak onartu dizkiete.
Inkesten arabera Europako Batasuna uzteko hautuak aukera gutxi badu ere, ezin da ukatu erabakiaren inguruko ezbaiak finantza merkatuaren gainean izan lezakeen eraginaren garrantzia, egungo aurrekontu publikoaren defizita eta bankuen nazionalizatze erraldoiaren konponketak tartean izanda.