Ekosozialismo feminista
zibilizazio-krisiaren aurrean

2015-12-03 Artikuluak

Gizakiek beren historia eraikitzen dute, eurek bakarrik, baina iraganetik datozen baldintzen zein orainean indarrean daudenen eraginpean. F. Engels

 

 

Artikulu honen bitartez omenaldi txiki bat egin nahi diot nire maisu, lagun eta lankide bati. Aspalditik ezagutzen nuen Periko (horrela esaten zioten sindikatu-munduan), UPV/EHUn harekin lanean hasi baino askoz ere lehenagotik, 1969an nire aitaren abokatu defendatzailea izan baitzen. Hogeita hamar urte luzetan hainbat bulego, pasillo, bilera, bidaia, biltzar, kanpaina eta mobilizaziotan egon gara elkarrekin, eta harengandik zera ikasi dugu, akademiko zentzudun eta zorrotza izan zaitezkeela kausa on eta bidezkoen aldeko konpromiso sozialari utzi gabe. Zuregatik, Pedro.

Sarrera

Azken urte hauetan, hibridazio ideologiko moduko bat gertatzen ari da ekologismoaren, feminismoaren eta sozialismoaren artean, eta artikulu honen bitartez1 fenomeno horren lerro berrietako batzuk eman nahi ditugu aditzera. Batetik, ‘pentsamendu bakarrari’ eta iragarritako ideologien amaierari erantzuteko, eta, bestetik, ideologia ekosozialista feminista indartzea ekar dezaketen elkargune eta indargune nagusiak zein diren aurkitzeko. Hiru pentsamendu- eta ekintza-familia horien artean borrokak eta ideologia-desadostasunak sortu dira sarri, eta, horren jakitun izanik, gure asmoa guztiz kontrakoa da, hau da, arrazoi eta argibide batzuk eskaini nahi ditugu, haien arteko adostasun ideologikoa bideragarria dela frogatzeko.

Ekosozialismo feminista zibilizazio-krisiaren aurrean

Ekosozialismo feministak erantzun ideologikoa eman nahi dio urbi et orbe bizi dugun zibilizazio-krisiari, oinarri teoriko sendoak eta askotariko proposamen praktikoak proposatuz ideologiak erkatzeko ‘pentsamendu bakarrari’ eta ‘ideologien amaierari’ aurre eginez. Zibilizazio-krisia askotan hartzen da hizpide, baina ongi zehaztu gabe gehienetan, eta guk Francisco Fernández Buey-ek ematen dion zentzu eta edukiarekin erabili nahi dugu hemen termino hori. Kataluniako Centre d’Estudis de Moviments Socials erakundeko zuzendari eta akademiko zendu berriaren ustetan, krisi hau krisi ekonomikoa eta ekologikoa da, baina haratago ere badoa, «ez da globala bakarrik, erabatekoa ere bada». Honako hau ere esan du:

Funtsezko hitza iraunkortasunik eza da, giza bizitza lurraren gainean mantentzea ahalbidetzen duen oinarri materiala iraunkorra ez bada, orduan nahasmendu hori ekarri duen zibilizazioari eustea ere ezinezkoa izango da (Fernández Buey 2009: 41).

Eta iritzi horrekin ere bat gatoz. Horregatik, hitz jakin batzuk erabiltzeko ausardiarik ez duten akademiko, politikari eta erakundeen isiltasun interesatuak alde batera utzita, kapitalismoaren eta mendebaldeko kulturaren pentsamendu eta balioen krisiaren aurrean gaudela uste dugu guk ere, Fernández Bueyekin bat etorriz. Hau da, ekologiaren eta energiaren krisia da, ekonomiaren eta gizartearen krisia, patriarkatuaren eta demokraziaren krisia, eta azken hiru mendeetan mundua gidatu duten erakunde eta balioen sistemaren aurrekaririk gabeko krisia.

Ekosozialismo feministak erantzun ideologikoa eman nahi dio urbi et orbe bizi dugun zibilizazio-krisiari, oinarri teoriko sendoak eta askotariko proposamen praktikoak proposatuz ideologiak erkatzeko ‘pentsamendu bakarrari’ eta ‘ideologien amaierari’ aurre eginez.

Frantziako Iraultzak modernitatearen idealak ezarri zituen: berdintasuna, askatasuna, anaitasuna, eta xede horiek bete ezinean jarraitzen dugu; hori gutxi balitz, SESBen eta Europako ekialdeko gainerako herrialdeetan sozialismo burokratikoak behea jo eta Berlingo Harresia erori ondoren, ideia kapitalistak planetako bazter guztietara hedatu ziren, une honetan kapitalismoaren nagusitasun hori kinka larrian badago ere. Eta kinka larrian dago, ekosozialismo feminista aldarrikatzen dutenen ustetan, gure produkzio- eta kontsumo-sistemaren eta bizitza mantentzeko oinarri fisiko-biologikoaren (ekosistema naturalak) arteko harremanak ezin iraunezkoak direlako, desberdintasun sozioekonomikoek goraka segitzen dutelako eta, finantza-burbuila lehertu ondoren, izugarri areagotu direlako (2007-2008), eta gainera emakumeek ez dutelako izan nahi, beste behin ere, munduko krisi eta iraultza guztietako betiko galtzaileak.

Ideologiak bueltan daude, pentsamendu bakarrari aurre egiteko
Inguruari arretaz begiratzean berehala ohartzen gara benetan garrantzitsuak diren gauzak okerrera doazela. Ur garbia, arrantza-erreserbak, naturguneak, basoak, energia fosila, biodibertsitatea edo harremanetarako eta besteak zaintzeko dugun denbora gero eta urriagoak dira gure artean, eta gero eta eskasagoak gainera. Aberastutako gizakien eta pobretutako eta espoliatukoen (gehienak) arteko aldea areagotuz doa, gupidarik gabe gainera. Berotegi-efektuko gas-emisioak izugarri gehitzen ari dira, mundu aberastean batik bat, giza jardueraren ondorioz, eta hori gutxi balitz, produktu kimikoak ugaritzen ari dira etengabe biosferaren dinamikaren kaltetan. Horren guztiaren eraginez, naturaren oreka bizi eta aldakorrak, giza espeziearen existentziaren oinarrian daudenak, aldatzen ari dira. Aldaketa globala egundokoa da, beraz, eta norbaitek proposatu du gure era geologikoari Antropozenoa deitzea, giza espeziea delako Lurraren dinamika biogeofisikoen konfiguratzaile nagusia.

Horrela hasten da Claves del ecologismo social (Askoren artean 2009) liburu kolektiboaren hitzaurrea. Ecologistas en Acción elkarteak argitaratu du liburua, eta hainbat akademiko eta ekintzaileren (Yayo Herrero, Ramón Fernández Durán, Marta Pascual, Carlos Taibo, Marta Soler, Jorge Riechmann, Alicia Puleo…) testu laburrak aurki ditzakegu bertan, pentsamendu politiko ekosozialista feministaren oinarri ideologikoak ulertzeko lagungarriak.

Karl Marxek idatzi zuenez, ziklo historiko edo gizarte bakoitzaren ideologia dominatzailea klase sozial dominatzailearen ideologia da. Zentzu horretan, gaur egun argi dago neoliberalismoa dela, edo «pentsamendu bakarra» Ignacio Ramonet-en hitzetan, ideologia dominatzailea, kinka larrian badago ere. Alabaina, Marxek zera zioen, industriako proletarioek, hots, iraultza sozialista gidatu behar zuen klase sozialak, bere klase-kontzientzia ere sortuko lukeela, gizarte kapitalista batean laneko eta bizitza sozialeko baldintza objektibo berberetan elkarrekin bizitzearen ondorioz. Hau da, kapitalismoak baldintzak sortu ditu, ez bakarrik bere ideologia dominatzailea sortzeko, baita aurkako ideologia bat sortzeko ere. Gaur egun, XXI. mendearen hasieran munduan nagusi diren baldintza ekonomiko, sozial eta politikoak kontuan hartuta, gure ustez sozialismoak, sistema kapitalistari erantzun ideologiko egokia emango badio, ekologismoa eta feminismoa ere hartu behar ditu aintzat, zibilizazio-krisiak eskatzen dituen erantzun ideologikoak emateko.

Larrialdi egoera jakin batzuetan, kapitalismoak faxismoaren edo frankismoaren tankerako sistema eta ideia politikoak babestu eta sustatu ditu, eta sistema horien barruan gehiegizko ideologizazioa nabari da, laissez faire, laissez passer ideologiaren zutabeak zalantzan jartzeraino. Era berean, testuinguru sozioekonomiko normalizatuago edo orekatuago batzuetan, klase sozial dominatzaileak egitura ekonomikoan, legerian, moralean edo kultura dominatzailean aldaketak egitea onartu du, beste ideologia batzuen (sozialismoa, feminismoa edo ekologismoa, adibidez) kritikak barneratzeko edo neutralizatzeko, eta, horrela, legitimazioa bilatzeko eta pentsamendu- eta ekintza-sistema dominatzailearekiko oinarrizko atxikimendua errazago lortzeko. Eta horrela ikusi ditugu, besteak beste, Zuzenbideko Estatu Soziala edo Ongizate Estatua, ezkerrak edo sindikalismoak klase kapitalista dominatzaileetatik ekinaren ekinez lortu dituztenak; berdintasun- eta genero-politikak eta Emakumearen Erakunde eta Ministerioak; edota «ezinezko kapitalismo berdeak» proposatutako ingurumen-erreformak, Belgikako ekosindikalista Daniel Tanuroren lana gogora ekartzearren. Hau da, zerbait –nahitaezkoa bakarrik– galtzea onartu dute, den-dena ez galtzeko. Alabaina, ekosozialismo feministaren aldekoek diotenez, kapitalismoak, sistema soziala eta ekonomikoa izaki, ezin ditu jada haien aldarrikapenak integratu, eta beraz pentsamendu bakarrak pentsamendu alternatiboak badaudela onartu beharko du ezinbestean.

XXI. mendearen hasieran munduan nagusi diren baldintza ekonomiko, sozial eta politikoak kontuan hartuta, gure ustez sozialismoak, sistema kapitalistari erantzun ideologiko egokia emango badio, ekologismoa eta feminismoa ere hartu behar ditu aintzat, zibilizazio-krisiak eskatzen dituen erantzun ideologikoak emateko.

Hainbat autoreren ustetan (Daniel Bell, Karl R. Popper, Seymour M. Lipset, Edward Shils edo Raymond Aron, besteak beste), XIX. eta XX. mendeetako ideologiak oso sutsuak izan ziren, eta grina horren ondorioz hainbat mobilizazio eta matxinada sortu ziren, erlijioen arteko borrokak areagotu ziren eta sistema totalitarioak gailendu. Alabaina, ezkerraren eta eskuinaren arteko borroka odoltsua amaiturik eta II. Mundu Gerraren ostean Mendebaldean adostasun soziala lortu ondoren, ideologien gainbehera iragarri zen. Ikuspegi horren arabera, Mendebaldean behintzat amaituak zeuden gizartea aldatzearen aldeko logika iraultzaileak, eta sozialismo sobietarraren eremuko (Bigarren Mundua) eta Hirugarren Munduko ideologiak hondarrezkotzat edo bestelakotzat jotzen ziren. Argi dago autore horiek ez zutela aintzat hartu nahi joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan sortutako ezker berria (Barcena 2010).

Funtzionalismo konduktistaren ikuspegitik, ideologiek gizartearen konplexutasuna desitxuratu eta soildu dute, eta atzeratutako edo ‘azpigaratutako’ kontinenteetan baliagarri izan daitezke, baina ez Mendebaldeko esparru politikoan. Hau da, diskurtso ideologikoek indarra galdu zuten II. Mundu Gerraren ostean Mendebaldean ireki zen paradigma politiko berriaren eskutik, pluralismoa, tolerantzia eta razionaltasuna funtsezko balio bihurtuta. Paradigma horretan bildutakoak ‘ideologietatik haratago’ egongo balira eta haiena ere beste jarrera ideologiko bat ez balitz bezala.

Autore horien ustetan, eztabaida ideologikoen zentzua amaiturik, beste garai batean barneratzen ari ginen, teknologiaren mendean. Oinarri ideologikoak gaindituz, erabaki politikoek efikazia bilatu behar dute, kudeaketa egokian eta administrazio politikoan oinarrituta. Testuinguru berri horretan, irizpide tekniko eta burokratikoak lehenesten dira, itxura batean dimentsio ideologikoa alde batera utzita. Joan den mendeko 80ko hamarkadan, «ideologien amaieraren» ideologia hori baliatu zuten mendebaldeko klase ertainei lotutako kapitalismo herritarra finkatzeko, Thatcher, Reagan eta beste batzuen gobernuen eskutik. Ideologien amaierarekin batera, jakintzaren gizartea eta teknologia berrien aurrerapena nabarmendu ziren, produkzio-bideen jabetzaren inguruko eztabaidaren eta borrokaren aldean. Gaur egun berrikuntza teknologiko eta soziala proposatzen da, klase sozialen arteko borrokaren eta antagonismoaren aurrean.

Ondoren, Estatu Batuetako Plangintza Departamentuko zuzendari Francis Fukuyamak ‘ideologien amaieraren’ teoria berreskuratu eta indartu zuen, The End of History and the Last Man (Historiaren amaiera eta azken gizakia) lanarekin. Lan horrek egundoko eragina izan du korronte neoliberal eta neokontserbadoreen artean, demokrazia liberal kapitalistak sozialismoarekin borrokan lortutako garaipen eztabaidaezina aldarrikatu duelako; baina kritika ugari ere jaso ditu, statu quo kapitalista eta teknokratikoa bete-betean babesten duelako, elkarren artean gatazkan dauden sakoneko kontraesan ideologikoek indarrean jarraitzen dutela kontuan hartu gabe. Autore askok zera leporatu diote, Gerra Hotzaren garaiko tresna ideologiko baten antzera erabili duela, eta horrekin eztabaida politikoaren parametroak iruzur eginez aldatzeko asmoa zuela. Ahots kritiko horien esanetan, erradikalizazioa eta gatazka soziopolitikoa dakarten eragileak sortzen dira oraindik ere, eta, horien haritik, proposamen ideologiko berriak; Mendebaldean eta Hirugarren Munduan ere gizarte-mugimendu berriak eta ezker berria sortu izana aipatzen dute horren adierazgarri.

1. irudia. XX. mendeko joera ideologiko nagusiak (egileak egina)

XX. mendea amaitzearekin batera, eta bereziki Sobiet Batasuna eta haren inguruko errepublika sozialistak desagertu ondoren, kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko lehia ideologikoa moteldu da, eta, ildo beretik, Mendebaldeko demokrazia kapitalista eta liberaletan bereziki, nolabaiteko egonkortasun ideologikoa nagusitu da. Baina, aldi berean, ezin dugu ukatu indarkeriari, arrazakeriari, gizarte-mugimendu berriei edo nazionalismoaren berpizkundeari lotutako ideologia jakin batzuk sortu direla, aldez aurreko cleavage ideologikoen kontrapuntu gisa. Ulrich Beck-en ustez, horrek politizazioaren itzulera dakar. Mendebaldea ezin daiteke Ekialderik gabe ulertu; autore horren ustez, Gerra Hotzaren fenomenoak politika deuseztatzea ekarri zuen berekin, Yaltan eta Potsdamen onartutako egoera bipolarrari jarraipena emanez. Becken iritziz, ideologia eta gizarte-agente tradizionalak zaharkituta geratu ziren, eta, aldi berean, beste agente batzuk sortu ziren arazo politiko berri eta zaharrei aurre egiteko (krisi ekologikoa, gizarte teknologikoa, patriarkatua, xenofobia edo sexu-eskubideak).

Ulrich Becken iritziz, ideologia eta gizarte-agente tradizionalak zaharkituta geratu ziren, eta, aldi berean, beste agente batzuk sortu ziren arazo politiko berri eta zaharrei aurre egiteko (krisi ekologikoa, gizarte teknologikoa, patriarkatua, xenofobia edo sexu-eskubideak).
Betaurrekoak aldatu beharra

Ideologiak definitzeko zenbait metafora erabili izan dira. Karl Deutsch-en ustetan, ideologiak mapak dira, politikan gure burua orientatzeko baliagarri direnak, errealitatea sinplifikatzen duten irudiak, politikaren ur zurrunbilotsuetan nabigatzen laguntzen digutenak, eta Rafael del Águila eta Fernando Vallespín bat datoz iritzi horrekin (Deutsch 1980). Alabaina, beste autore batzuen aburuz, ideologiak kolore desberdinetako betaurrekoak dira, eta betaurreko horiek, ikusten duten errealitate soziopolitikoan eragin dezaketen desitxuratzea gorabehera, errealitate horri begiratzen diote bakoitzaren iragazki ideologikoaren kolorearekin. Berdea ekologismoarentzat, gorria sozialismoarentzat eta morea feminismoarentzat, guri dagokigun kasuan. Metafora hori erabiliz, batzuek zera esaten dute, egungo zibilizazio-krisiaren aurrean, betaurrekoak aldatu behar ditugula munduari begiratzeko.

Bizi izandako edo atzemandako hobekuntzek sendotu egin dituzte errealitateari begiratzeko darabiltzagun eskema edo betaurrekoak. Zerbait ona bada, horretatik zenbat eta gehiago eduki, orduan eta hobea izango da. Logika horren arabera, goraka doan mugikortasuna, goraka doan produkzioa, goraka doan kontsumoa, nazioarteko merkataritza, eta, jakina, etengabeko hazkundea, begi onez ikus ditzakegu.
Baina Lurra dinamikoki egonkorra da, eta ez goraka doan zerbait. Eta bere mugak zein diren erakutsi du gainera. Garai bateko petrolio kantitateak ateratzeko zailtasunak, biodibertsitatearen murrizketa bortitza, gizakiok eragindako klima-aldaketa, ozeanoen kutsadura eta lurraren gero eta eremu handiagoen zimendatze eta basamortutzea ditugu biosferaren mugen adierazgarri. […]
Gure kulturaren, gure mundu-ikuskeraren, hautematea antolatzeko darabiltzagun kategoria mentalen preso bizi gara. Lehen industrializaziotik jaso eta ikasi genituen suposizioen seme-alabak gara. […]
Kategoria mental horietako askok suposizio eztabaidaezinen antzera dihardute. Gure kultura osatzen dute, eta inork ez ditu zalantzan jartzen. Dirudienez, inork ez du zalantzan jartzen historia beti okerretik hobera doala, jende arruntak gero eta informazio gehiago darabilela, aurrerapen teknologikoari esker hobeto biziko garela, produkzioa igotzea ona dela, herrialde aberatsen garapena herrialde guztientzat mesedegarria dela eta hazkunde ekonomikoari esker zailtasun gutxiago izango ditugula. Suposizio horietako asko orain urte asko ezarri ziren kulturaren oinarrian: «hazi eta ugaldu». Beste batzuk berriagoak dira: «garrantzitsuena ekonomia da» edo «hazkundea ondasuna da». Kategoria horietako askok inertziaz jarraitzen dute gure buruetan, nahiz eta moldatu gabe egon, baina beste hainbat nahita ezartzen ari dira. Boterearen pribilegioak mantentzeko eginkizuna dute. Ideologia dominatzailearen parte dira (Herrero, Cembranos, Pascual (koord.) 2011: 19-22).

Lan kolektibo interesgarri batetik hartu ditugu hitz horiek. Pentsamendu bakarra gezurtatzeko hainbat iritzi, ideia eta kritika bildu dira lan horretan, eta ekologismoak, feminismoak eta antikapitalismoak, eskutik helduta, bestelako jakintza-eredu bat proposatu nahi dute teknologiarekiko fede itsua zalantzan jarriz, paradigma ekonomikoaren sakoneko aldaketaren premia nabarmentzeko, merkatuari lehentasuna eman beharrean, arreta zaintzetan eta iraunkortasunean jartzeko.

Alabaina, Jorge Riechmann-ek liburuaren hitzaurrean dioenez:

Munduari begiratzeko darabiltzagun betaurrekoak aldatu beharrean gaude, zalantzarik gabe. Baina hori egitea oso zaila da: prêt a porter betaurrekoak saltzen dituzten optikek ez dutelako buru-argitasunik saltzen prezio onean. Kontua ez da konstrukzio ideologiko baten ordez beste bat ezartzea, jasotako balio eta sinismenak kritikoki berraztertzeko lan nekezari ekitea baizik, behingoz okerreko bidetik aldentzeko.

Horixe da, nire ustez, ekosozialismo feministaren erronka nagusia.

Ekosozialismo feminista: barne-aniztasun handia duten hiru makroideologiaren bat-egite konplexua

Barne-aniztasun handia duten hiru makroideologiaren bat-egite beharrezko eta zailaren ondorioz sortu da ekosozialismo feminista, eta egundoko erronkari egin behar dio aurre, identitate-ikuspegi bereizietan ongi errotuta dauden hiru joera ideologiko indartsu koherentziaz hibridatu eta nahastu behar dituelako.

Ekosozialismo feminista terminoa hautatu dugu, baina sozialismo ekofeminista edo ekofeminismo sozialista ere baliagarri ziratekeen gure asmoa betetzeko. Eta oraindik ere, matematikoki, hiru aukera gehiago genituzke ekologista, feminista eta sozialista terminoak gurutzatzeko. Gure ustetan, biderkagaien ordenak ez luke biderkadura aldatu behar. Izan ere, hiru zutabe edo euskarri bateratzeko ahalegin ideologikoa egiten ari gara, eta hirurak ere ordezkaezinak dira. Funtsean, aurrerago ikusiko dugunez, bi pentsamendu- eta ekintza-joeraren baturaz ari gara, ekosozialismoaren eta ekofeminismoaren baturaz, alegia; eta, gure ustez, orain artean behintzat, biek ez dute asmatu, kasu bakan batzuetan izan ezik, beren begirada, diskurtso eta jardunbideak elkartzeko ahaleginean.

Sozialismoaren aurrean ‘eko-’ jarri dugu, eta ondoren feminista, baina horrek ez du esan nahi lehen kontraesana edo gai nagusia gizarte-natura binomiotik eratorritakoa denik. Ezta klase sozialekin zerikusia dutenak bigarren maila batean daudenik ere. Eta feminista azkenerako uzteak ez du esan nahi, halaber, patriarkatua zalantzan jartzearen garrantzia onartzea azkenerako utzi dugunik, emakume, homosexual eta gazteen aurkako sistema menderatzailea zalantzan jartzearen garrantzia ezin daitekeelako, inondik inora, gutxietsi. Hiru zutabeek, ingurumenak, antikapitalismoak eta antipatriarkatuak, eskutik helduta joan behar dute, ongi orekatuta emaitza ideologikoki koherentea izan dadin eta arrakasta izan dezan, hau da, jendea mobilizatzeko eta kulturan eta gizartean aldaketak egiteko gai izan dadin.

Funtsean, bi pentsamendu- eta ekintza-joeraren baturaz ari gara, ekosozialismoaren eta ekofeminismoaren baturaz, alegia; eta, gure ustez, orain artean behintzat, biek ez dute asmatu, kasu bakan batzuetan izan ezik, beren begirada, diskurtso eta jardunbideak elkartzeko ahaleginean.

Terminoa berez luze samarra bada ere, ziur gaude batek baino gehiagok pentsatuko duela zibilizazio-krisi horri ideologikoki aurre egiteko alderdi nazionalak, militarismoa edo demokrazia ere hartu behar ditugula aintzat. Nire uste apalean, ekobakezaletasuna eta sozialismo demokratikoa ezinbestekoak dira ideologia ekosozialista feministarentzat. Herrien autodeterminazio-eskubidea, ekologista eta feministek sustatutako gizarte-desmilitarizazioa eta munduko edozein tokitako erakunde-sistema politikoaren suspertze demokratikoa funtsezkoak dira aukera ideologiko berri honetan, baterako hiru ardatz hauetatik abiatuta: 1) bizitza iraunarazten duten ekosistema fisiko-biologikoen iraunkortasuna, 2) gainditzea, batetik, metatze kapitalista produkzio- eta kontsumo-eredu gisa, eta, bestetik, ordezkatze-demokrazia liberala paradigma politiko-instituzional gisa; eta 3) zapalkuntza patriarkalaren modu eta erakunde guztien erabateko gaitzespena.

Ekologismoa eta feminismoa ideologia eta/edo identitate politiko gisa kontzeptualizatzeari dagokionez, Francisco Letamendiak panpina errusiarren konparazioa erabili du kultura politikoen, identitate kolektiboen eta ideologia politikoen artean sortzen diren harremanak azaltzeko, eta nik lerro hauetara ekarri nahi izan dut:

Oro har, panpina handia kultura politikoa litzateke, bitarteko panpina identitate politikoak lirateke, eta txikiena ideologia politikoak. […] Kultura politikoak politikarako joerak sortzen ditu; identitate politikoek joera horiek egonkortu egiten dituzte (baina mugitzeko aukera ukatu gabe), gu-haiek bikotearen, iraunkortasunaren eta beste bitarteko batzuen bitartez; azkenik, ideologia politikoak sinismenez osatutako sistemak dira, eta sinismen horiek praxia dute jomugan. Identitate politikoek ideologiak darabiltzate mobilizazio politikoko aro moderno eta postmodernoan, proselitismoa egiteko eta taldeen arteko borrokarako. Ikus dezakegunez, panpina-joko honetan tamaina ez dator bat jendeak oro har elementu politiko horien inguruan duen ezagutza-mailarekin: ‘identitate politikoak’ terminoa inor gutxik hartzen du hizpide (salbuespen batekin, identitate nazionalak); are gutxiagok entzun du inoiz kultura politikoaz; alderantziz, ideologiak, hau da, kontserbadurismoa, liberalismoa, sozialismoa, anarkismoa, marxismoa, komunismoa, faxismoa…, panpina txikiena dira, guztion ahotan egon arren (Letamendia 2013: 19).

Sozialismoa makroideologia politikoa dela esan dezakegu, zenbait familia ideologiko biltzen dituena denbora eta espazio berean. Ekologismoa eta feminismoa, aldiz, identitate kolektibotzat jo ditzakegu, azken bost hamarkadetan garrantzizko bi gizarte-mugimendu garaikide sortu dituztenak. Gure ustez, ekologismoa eta feminismoa bi tamainako panpinak dira, identitate politiko kolektiboen bitarteko tamainaren eta ideologia politikoen tamaina txikiaren parean jar ditzakegulako.

Sozialismo-ekologismo eta feminismo-sozialismo binomioak:
nekez ahokatzen diren panpinak

Aipatutako hiru ideologiak nola lotzen eta hibridatzen diren, horixe da orain jakin nahi duguna. Robert Eccleshall-en ustez, gizartea gudu-zelai moduko bat da, eta ideologiak bertan lehiatzen dira garaipena lortzeko helburuarekin. Nolanahi ere, haren iritziz, borroka horrek ez dakar «sinismen sekretu eta eztabaidaezinen betiereko eztabaida, ideologia guztiak gizartearen aldaketetara egokitzen direlako» (Eccleshall 1993). Hau da, ideia batzuk zuzentzen edo baztertzen dira, eta beste batzuk, berriz, onartzen dira edo osagarritzat jotzen dira. Eccleshallen ustez, «bakoitzak bere jarrera birdefinitzen eta moldatzen du, etengabe», nagusitasun ideologikoa lortzeko. Eta lehia- eta hibridazio-dinamika hori aztertu nahi dugu hemen, ekologismoaren, sozialismoaren eta feminismoaren arteko loturak eta aldeak aurkitzeko.

Eric Hobsbawm-en ustez, XX. mende ‘laburra’ (boltxebikeen Iraultzatik Berlingo Harresia erori arteko tartea) ideologia sozialistaren goraldiaren garaia dela esan dezakegu, baina erregimen sozialista burokratikoen eta programa sozialdemokraten porrotak krisi-egoera bat ekarri du berekin; eta, dirudienez, XXI. mendearen hasieran Latinoamerikako herrialde gutxi batzuk bakarrik izan dira gainbehera horri aurre egiteko gauza (Harnecker 1999).

Alabaina, Jordi Guiu-ren iritziz, ezin dezakegu esan ideal sozialista garaitua dagoenik:

Gizarte-mugimendu berrietan, globalizazio kapitalistari eta hark berekin dakarren gizarte-harremanen eta baliabide natural guztien merkantilizazioari aurre eginez munduko egungo egoera irauli egin daitekeela uste dutenak tradizio sozialistaren printzipio berberetan oinarritzen dira (Guiu 2006: 160).

Alabaina, irakasle katalanak ohartarazten duenez, ezinezkoa da idealen zati bati uko egitea beste zatiari mesede egiteko. Aldez aurretik adierazi dugunez, sozialismoak, feminismoak eta ekologismoak eskutik helduta joan behar dute, eta ez ilaran, bata bestearen atzetik, ezta ordena hierarkikoari jarraiki ere. Bestela esanda, esperientzia eta ideia ekologista eta feminista euskarri ideologiko egokiak dira kapitalismoaren aurkako borrokari berriz ere ekiteko, ingurumenarekin edo zapalkuntza patriarkalarekin zerikusia duten gaiak bigarren maila batean baztertu gabe, lehen mailako kontraesanak diren heinean. Gainera, gero eta jende gehiagok daki alternatiba ez dela goitik etorriko, Estatuaren egituretatik, ezta intelektualen adimen pribilegiatuen ideia bikainetatik ere, behe-behetik baizik.

Aldez aurretik adierazi dugunez, ekologismoa eta feminismoa gizarte-mugimendu berrien baitan sortutako ideologiak dira, baina ezkerrera baino ez dutela begiratzen esatea ez litzateke egia biribila izango, sozialismoaz bestelako ideologiekin harremanetan egon direlako sarri. Political Ideologies lanean, Andrew Heywood-ek bost kontzeptu nagusi hauek bereizi ditu ekologismoan: ekologia ekosistemen zientzia gisa; holismoa, hau da, zatiak eta osotasuna banaezinak direla, edo bestela esanda, natura eta gizateria banatu ezin daitezkeela esatea; iraunkortasuna, Herman Dalyk gogor kritikatu duen growth mania-ren aurkako paradigma gisa; ingurumen-etika; eta postmaterialismoa. Dimentsio politikoan, Heywoodi jarraiki, aukera sorta zabala daukagu. Batzuek deep ecology edo sakoneko ekologia aldarrikatzen dute, eta ideologia terminoa ez dute onartzen antropozentrikoa delako; ekofaxistak ere badaude, Hitlerren nekazaritza-ministro Walter Darré buruan; eta haren ondoan, eskuin politikoaren esparruan, ekokontserbadurismoa. Heywoodek The Ecologist aldizkariaren zuzendari Edward Goldsmith kokatzen du bertan, Erresuma Batuko ingurumenzaletasunaren aita.

Guk hemen ekologismoaren eta ezkerraren arteko harremanak aztertu nahi ditugu. Hor aukera bat baino gehiago daukagu. Bi garrantzitsuenak ekosozialismoa eta ekoanarkismoa dira, Marxen eta Bakuninen arteko lehia ideologiko zaharraren ildo beretik. Nire ustez, familia marxistaren eta anarkistaren arteko alde ideologikoa ez da desagertzen, baina bai izugarri murrizten, ekologismoa bien tartean kokatzen denean lotura kopulatibo gisa.

Guk hemen ekologismoaren eta ezkerraren arteko harremanak aztertu nahi ditugu. Hor aukera bat baino gehiago daukagu. Bi garrantzitsuenak ekosozialismoa eta ekoanarkismoa dira, Marxen eta Bakuninen arteko lehia ideologiko zaharraren ildo beretik.

Marx gazteak adierazi zuen lana ‘naturaren humanizazioa’ zela, eta, aldi berean, ‘gizatiarraren naturalizazioa’, eta horrela ekosistemen errespetuan oinarritutako sozialismoaren funtsak jarri zituen. Nolanahi ere, marxismo ortodoxoaren irakurketa produktibistak eta produkzio-indarren mugarik gabeko garapenarekin amets egiteak ez diote batere lagundu ekosozialismoari. Egia da, halaber, historian zehar, anarkismoa ibili dela ideia ekologistetatik hurbilago. Murray Bookchin anarkista estatubatuarrak ekologia soziala aldarrikatzen du, eta Vermonteko Institute of Social Ecology erakundeko zuzendaria da. Ekoanarkismoaren ordezkari nagusia dela esan dezakegu, baina kontuan hartuta Piotr Kropotkin eta William Morris-ek ere ekologismo sozialari ekarpen ideologiko interesgarriak egin dizkiotela. Deszentralizazioa, komunitatearen autosufizientzia eta hierarkiarik gabeko lankidetza, parte-hartze demokratikoa eta zuzeneko ekintza dira ekoanarkismoaren ideia nagusiak.

  Bestetik, zenbait autorek, Andrew Vincent-ek, adibidez, ekologismoaren tradizio bikoitza arazo bat dela uste dute. Hasiera batean, Mendebaldean behintzat, ekologismoa ideia kontserbadore eta nazionalistei loturik sortu zen, baina haren ustez, bat-batean, sozialista eta anarkista asegabe ugari ekologismora bildu ziren, eta azken horien aldarrikapen bakezale eta kapitalismoaren aurkakoek ekologismoaren iragan kontserbadorea desitxuratu dute, batez ere kontuan hartzen badugu azken hamarkadetan ezkerreko ekintzaileak direla mugimendu ekologistaren historia idatzi dutenak (Vincent 1995: 213).

Beste ikuspegi analitiko batetik, Andrew Dobson-ek bereizketa argia egiten du ekologismo politiko maximalistaren eta ingurumenzaletasun minimalistaren artean, eta «pentsamendu berdean» (Dobson 1997) bi joera bereizten ditu, oso desberdinak krisi ekologikoari aurre egiteko orduan. Haren iritziz:

Sozialista, kontserbadore edo liberalak ingurumenzaleak izan daitezke aldi berean. Sozialista, kontserbadorea edo liberala izatea eta aldi berean ekologista politikoa izatea, ordea, ez da hain erraza, ekologismoak sozialismoaren, kontserbadurismoaren eta liberalismoaren oinarrian dauden suposizio gehiegi jartzen dituelako zalantzan (Dobson 2002).

Dobsonek ez bezala, guk uste dugu ekosozialismoa –eta ekoanarkismoa, haren garrantzizko zatia den heinean– herrialde askotan oso sustraituta dauden erreferentzia ideologikoak direla; beraz, gure ustez, ez dago inolako arazorik aldi berean ekologista eta sozialista izateko, joera ekosozialistak frogatzen duenez (eta Dobsonek joera horren berri izan behar du, ezbairik gabe).

Dobsonek bezala, eta Alain Lipietz-en ildo beretik, Florent Marcellesi gure lankideak, ekologia politikoaren eta ekosozialismoaren arteko harremanak deskribatzeko eta antiproduktibismoaren postulatuak aldarrikatzeko, zera planteatzen du, sozialismoa bere-berea duela ekologian pentsatzeko ezintasuna: batetik, natura eta naturaren ondasun ugariak produkziorako baliagarri diren heinean bakarrik hartzen dituelako aintzat; eta, bestetik, marxismoaren determinismo antropologikoaren arabera, Homo Economicus historiaren ardatza delako (Marcellesi 2009: 85). Arrazoibide horri erantzunez, Riechmann ekosozialistak honako hau idatzi du:

Ekologista askok Marxi leporatzen diote produktibista izatea. Eta kritika hori guztiz okerra da gure ustetan: Marxek salgaien fetitxismoa kritikatu zuen, eta horixe da kapitalismoaren logika produktibistari egin zaion kritika zorrotzena. Logika horren arabera, ekonomiaren eta gizartearen xede nagusia gero eta salgai gehiago produzitzea da. Marxen esanetan, sozialismoaren helburua ez da ondasunak mugarik gabe produzitzea, lanaldia murriztea eta langileari denbora librea eskaintzea baizik, bizitza politikoan parte hartzeko, ikasteko, jolasteko eta maitatzeko aukera izan dezan. Hortaz, Marxek produktibismoaren erabateko kritika egiteko bidea erakusten du (Riechmann 2012: 243).

Nolanahi ere, Lipietz eta Marcellesiren tesien aldean, Enric Tellok ekologia politikoa definitzeko esandakoarekin bat gatoz. Tellok ez du inolako arazorik ikusten anarkista eta sozialistak ekologismora biltzeko; izan ere, haren ustez:

Ekologia politikoak aurre egin nahi dio, halaber, oso hedatua dagoen ingurumenzaletasun soilari, azken horrek indarrean dauden erakunde eta tradizio politikoekin bateragarri izan nahi duen neurrian. Ekologismoaren eta ingurumenzaletasunaren arteko aldeak gero eta nabariagoak dira, alderdi guztietan, eta horrek zera uzten du agerian, ingurumen-krisiak ikuspegi politiko berri bat nabarmentzea dakarrela, eta, aldi berean, ikuspegi tradizionaletara egokitzeko erreakzioa. Erronka handia da Ilustrazioaren suposizioen gainean sortutako eraikin politiko eta ekonomiko liberal zaharrarentzat, eta erronka horretatik eraikin hori berritzeko proposamenak sortu dira, baita hura gainditzeko ahalegin berriak ere (Tello 1998).

Feminismoaren esparruan ere eztabaida ekologikoak ez dira falta, ekologismoaren barruan bezala. Vincentek dioenez, feminismoak azken hiru hamarkadetan literatura asko sortu badu ere, ideologia gisa guztiz osatu gabe dago oraindik, beste batzuk ez bezala, liberalismoa ez bezala, adibidez, eta horixe da feminismoaren arazo nagusietako bat (Vincent 1995: 173). Eta aurrera jarraitzen du esanez horri beste arazo bat erantsi behar zaiola, hau da, ekintzari begira dagoen ideologia aktiboa izaki, une oro eztabaida bizi baten eraginpean dagoela. Nire ustez, iritzi horiek ez dira arazoak, feminismoaren indarraren eta hedapen ideologiko zabalaren erakusgarri baizik. Ildo horretatik, Italiako feministek patriarkatuaren amaiera iragarri dute. Haien ustetan:

Patriarkatua amaitu da, emakumeentzat jada ez du balio eta amaituta dago […] dagoeneko ez du ordenatzen emakumeen burua, ez da gehiago identitatea ematen duen dominatzailea (Grau 1998: 332).

Ez dute esaten ordena patriarkala desagertu denik, baina bai emakumeentzat jadanik tokirik ez duela maila sinbolikoan. Horrek indar ideologiko handia dauka, eta planeta honetan bizi garen asko –gehienak emakumeak, eta zoritxarrez gutxiago gizonen artean– bat gatoz uste horrekin.

Gainera, Elena Grauk aipatzen duenez, feminismoa, gizarte-mugimendu berritzat jotzen eta sailkatzen bada ere, ez da berria zentzu kronologikoan, eta ez da sortu, halaber, krisian dagoen zibilizazio baten erronkei erantzuteko.

Emakumeek eskubideen feminismoa aldarrikatu zuten ingurune politiko liberal zein sozialetan, XIX. mendean eta XX. mendearen lehen erdian. Lehen kasuan, eskubide politikoei eta gizonarekiko berdintasun juridikoari ematen zieten lehentasuna, baita hezkuntzari eta lanbideetan sartzeko aukerei ere, emakumeak gizartearen eremu guztietan txerta zitezen gizonen baldintza berdinetan. Sozialismoaren eremu politikoaren kasuan, emakumeek soldatapeko lanean txertatzeari eta haien lan-eskubideak babesteari ematen zitzaien lehentasuna, emakumeen kontzientzia emantzipatzaileak eta langile-klasearen interesek bat egin zezaten, langileria proiektu sozialistaren subjektu iraultzailea izanik, eta sexuen arteko berdintasuna, gizarte-berdintasunarekin batera, lortu beharreko helburua (Grau 1998: 339).

Alabaina, Mendebaldean zein Ekialdean historiak erakutsi du berdintasun juridikoak eta laneratzeak ez dutela emakumeen askapena ekarri. Emakumeak produkzio-esparrura eta enpleguaren zereginetara biltzeak emantzipazioaren ezinegona ekarri du berekin; izan ere, emakumeek eskulana ugaltzean zein familia-zereginetan –hau da, lan-, gizarte- eta familia-bizitzari eustea ahalbidetzen duten zaintzak– egiten duten lana ez da aintzat hartzen, ikusezina da beraz. «Familia- eta lan-bizitza uztartzeko, emakumeek behar dute… emazte bat. Horregatik dute hain zaila», dio ironiaz Amaya Pérez Orozco ekonomialariak.

Silvia Federicik, berriz, Etxeko Lanerako Soldataren aldeko balantzea egitean, zera dio, emakumeen mugimenduak konturatu behar duela lanak ez dakarrela askapenik, gizarte kapitalista baten barruan lanak esplotazioa baino ez dakarrelako, eta lantegian edo etxean esplotatua izatea ez delako ez harro egoteko zerbait ez plazeraren edota sormenaren iturburu…

Ez gaudelako borrokan lana berdintasun handiagoz birbanatzearen alde. Borrokan gaude lan hori bertan behera uzteko, eta, horretarako, lehenik eta behin, prezioa jarri behar diogu (Federici 2013: 64).

Horrek Carole Pateman-en sexu-kontratura garamatza. Erresuma Batuko akademikoak sexu-kontratuaren teoria eratu zuen, ikuspegi feminista eta gizartearen eta ideologia liberalaren kontratu-oinarriak alderatzeko. Nolanahi ere, haren arrazoibide zorrotzak sozialismoa ere hartzen du eraginpean; kritika feministaren arabera, sozialismoaren teoria ortodoxoak eta esperientzia praktiko gehienek iraultza ondorako utzi dute egitura patriarkalak deuseztatzea, horiek kapitalismoaren bigarren mailako kontraesana balira bezala.

Alabaina, Patemanek patriarkatuaren aurkako borroka eta kapitalismoaren aurkako borroka parekatzen ditu, haren ustez pertsonek beren buruaren jabe izatearen ideia delako klase- eta patriarkatu-mendetasunaren aurkako borrokaren eragile nagusia. Honela dio, hitzez hitz:

Ideia hori aintzat hartu gabe, Marxek ezin izango zukeen Kapitala idatzi, ezta lan-indarrari buruzko kontzeptu nagusiak sortu ere, baina ezin izango zukeen aldarrikatu soldata eta kapitalismoa deuseztatzea, edota, lexiko sozialista zaharra erabiliz, soldatapeko esklabotza deuseztatzea, askatasuna kontratua eta jabetza dela ondorioztatzen duen pertsonei buruzko ikusmoldea ukatu ez balu. Marxek, ezinbestean, pertsonaren jabetzaren nozioa erabili behar izan zuen ikusmolde hori eta haren haritik zetorren ordena sozialaren ikusmoldea baztertu ahal izateko, gaur egun hori ahazten ari bada ere merkatu-sozialismoaren ohiko bertsio hedatuan, eta esparru akademikoan, aukeraketa razionala eta marxismo analitikoa nagusi izanik (Pateman 1995: 25).

Bere historian zehar feminismo sozialistak patriarkatuaren substratu sozioekonomikoari eman dio lehentasuna; esperientzia sozialista guztietan ikusi denez, ordea, berdintasun sozialak eta ekonomikoak ez du emakumeen sexu- eta gizarte-zapalkuntzaren amaiera ekarri. Horregatik, gaur egun feminismo sozialistak beste feminismo batzuen ikuspuntuak onartu behar ditu, kontraesan ekonomikoetatik haratago joan nahi duten beste ikuspegi batzuk bereganatuz. Azpimarratzekoa da, halaber, feminismo erradikalak eta desberdintasunaren feminismoak liberalismo kapitalistaren meritokrazia indibidualista zalantzan jarri dutela. Heywoodek idatzi duenez (1998: 252), feminismo erradikalak indibidualismo liberalaren mugak nabarmendu nahi izan ditu, patriarkatuaren egiturazko izaera ezkutatzen duelako. Izan ere, emakumeak zapaltzen ditu patriarkatuak, baina ez eskubide eta askatasunik gabeko pertsonak diren heinean, sistematikoki zapalduta dauden izaki sexudunak diren neurrian baizik. Indibidualismo horrek ez du baimendu nahi emakumeak elkarrekin eta elkartasunean aritzea, eta, sexua eta bestelako identitate kolektiboak gainditu nahian, denak berdin-berdin tratatzen ditu, hau da, jende guztia Mendebaldeko gizon zuriaren ereduaren barruan kokatuko balitz bezala.

Bere historian zehar feminismo sozialistak patriarkatuaren substratu sozioekonomikoari eman dio lehentasuna; esperientzia sozialista guztietan ikusi denez, ordea, berdintasun sozialak eta ekonomikoak ez du emakumeen sexu- eta gizarte-zapalkuntzaren amaiera ekarri. Horregatik, gaur egun feminismo sozialistak beste feminismo batzuen ikuspuntuak onartu behar ditu.

Ildo horretan, zenbait feminista marxistak, Juliet Mitchell-ek, adibidez, emakumeen zapalkuntzaren alderdi ekonomikoak gainditzea proposatu dute patriarkatuaren aurkako kritika egiteko. Friedrich Engelsek, Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria lanean, Lewis Henry Morgan antropologoaren lanean oinarrituta, jabetza pribatuarekin batera emakumeen gizarte-egoera errotik aldatu zela adierazi zuen, eta, horrenbestez, «emakumeek munduko porrot historikoa jasan zutela». Baina gaur egun onartu beharrean gaude emakumeen zapalkuntza, ekonomikoa ez ezik, politikoa, soziala, kulturala eta sexuala ere badela. Mitchellek, ‘Women: The Longest Revolution’ lan pluribertsalean, emakumeen zapalkuntzaren iturri guztiak aztertzen ditu, berdintasunaren eta desberdintasunaren feminismoaren ikuspegiak bateratzeko eta aberasteko ahaleginean. Haren ustez, emakumeen zapalkuntza lau arlotan gertatzen da, produkzioan, ugalketan, sexuan eta gizartean, eta feminismo sozialistak eta feminismo erradikalak lau arlo horiek hartu behar dituzte aintzat elkarguneak eta aliantzak bilatzeko.

2. irudia. Emakumeen zapalkuntzaren adierazpenak (egileak egina, Mitchellen lanean oinarrituta)

Feministak lau harreman-arlo horietan borrokatu dira bi ikuspegi desberdinetatik: batetik, berdintasuna eta sexuak parekatu beharra aldarrikatuz; eta, bestetik, emakumetasunaren funtsezko oinarriak eta desberdintasunak aldarrikatuz.

Joan Kellyk planteatzen duenez, azken hamarkadetako borroka feminista bi gizarte- eta sexu-arlotan garatu da. Batetik, tradizio marxistako pentsalari feministek etxetik kanpoko produkzio kapitalistaren antolamenduari eman diote lehentasuna; eta, bestetik, feminista erradikalak sexualitateaz eta gizarte-harremanez arduratu dira lanaz baino gehiago. Kellyren ustetan, bi ikuspegi horiek elkarren osagarri bihurtu dira, eta dagoeneko ez dago bereizterik klase- edo arraza-zapalkuntza batetik eta sexu-zapalkuntza bestetik, biak batera aintzat hartu behar direlako; espazioak eta esplotazioak ezin daitezke bereizi, eta bi arloak bata bestearen gainean jarri behar dira, gizarte bakoitzean, klase bakoitzean eta talde etniko bakoitzean sexuen arteko harremanak modu desberdinean garatzen direlako, gizarte- eta ekonomia-egituren eta sexu- eta genero-egituren bitartez (Kelly 1988).

Ondorio gisa: ekosozialisten eta ekofeministen arteko onarpena eta sinbiosia

The Post-Industrial Utopians (utopiko postindustrialak) lan interesgarrian, Boris Frankel australiarrak, Rudolf Bahro, André Gorz, Alvin Toffler, Barry Jones eta beste batzuen proposamen postkapitalistak aztertzean, gogor kritikatzen ditu autore horiek guztiak, gizarte postindustriala eratzean emakumeei buruzko gaiak ahaztu dituztelako.

Emakumeak aintzat hartu behar dira, beste edozein gizarte-kolektibo baino lehenago, gizarte-ongizateko burokraziei planteatutako alternatibetan. Hortaz, gizarte postindustrialaren ideia orok, feminista izango bada, gizarte-harreman alternatiboek egungo desberdintasunak eta diskriminazioa ezabatzeko zer egingo duten erakutsi behar du, ezinbestean (Frankel 1989: 97).

Riechmannek ere ideia hori bera berretsi eta nabarmendu nahi izan du. El socialismo puede llegar sólo en bicicleta lanaren azken kapituluan dioenez, sistema kapitalista etekinak metatzean oinarritzen da; ekofeminismoak, berriz, bizitza zaintzeari lehentasuna eman behar zaiola aldarrikatzen du, eta ekosozialismoak zaintza hori ondasun komunetara bideratu behar dela. Azken batean, XXI. menderako ekosozialismo feminista behar dugula aldarrikatu nahi du. Haren ustez, Marxek behar bezala teorizatu ez zuen zerbaiti kritika eginez egin nahi du aldarrikapen hori:

Klaserik gabeko gizartea lortzeko zer egin asmatu behar dugu, baina ezinezkoa da lanik gabeko edo sexurik gabeko gizartea sortzea. Gizakiok lanaren premia izango dugu beti naturaren esparruan bizirik irauteko, baita nirvana sozialistaren barruan ere. Jendeak gauza jakin batzuk egin behar ditu bizirik irauteko eta ugaltzeko, eta horri teorikoki eta politikoki heltzen ez bazaio, politikari sozialistek ez dute inoiz arrakastarik izango emakumearen mendekotasunari, degradazio ekologikoari eta beste zenbait arazori aurre egiteko borrokan (Riechmann 2012: 243).

Ekosozialismoa arduratu da produktibismoari kritika egiteaz eta marxismo ortodoxoaren ikusmolde teorikoa ukatzeaz, kapitalismoa gainditu osteko produkzio-indarren mugarik gabeko garapen askeari aurka eginez; baina, gure ustez, emakumeen zapalkuntzaren aurkako konpromisoa, gehienetan, bigarren maila batean geratu da. Michael Löwyk zerrenda bat egin du azken 30 urteetan ideia ekosozialistak aldarrikatu dituzten autoreekin: Manuel Sacristán, Raymond Williams, Rudolf Bahro, André Gorz, James O’Connor, Barry Commoner, John Bellamy Foster, Joel Kovel, Joan Martínez Alier, Francisco Fernández Buey, Jorge Riechmann, Jean-Paul Deléage, Jean-Marie Harribey, Elmar Altvater, Frieder Otto Wolf… (Löwy 2012: 30). Baina emakume bat ere ez; bitxia, ezta? Löwy lagunari gogorarazi beharko genioke 2001ean Löwyk berak eta Kovelek sinatutako Nazioarteko Manifestu Ekosozialista emakumezko zenbait feministak ere sinatu zutela, batzuk ongi ezagunak gainera, Ariel Salleh, adibidez. Gainera, zenbait europarlamentari berde ekosozialistak (Frieder Otto Wolf alemana eta Carlos Antunes portugesa, besteak beste) sinatutako Manifestu ekosozialista. Alternatiba berde baten alde Europan argitalpenean, emakumezko eurodiputatu Penny Kemp eta Isabelle Stengers-en sinadurak ageri dira. Areago oraindik, lan kolektibo horren bigarren kapitulua emakumeen askapenari buruzkoa da, eta honako gai hauek aztertzen ditu: feminismoa eta lana, gorputza eta gure gizarteak boterea zalantzan jartzea. Amaitzeko, honela dio: «Ekosozialismoa feminista izango da, edo ez da izango» (Mientras Tanto 41: 85).

Ekosozialismoa arduratu da produktibismoari kritika egiteaz eta marxismo ortodoxoaren ikusmolde teorikoa ukatzeaz, kapitalismoa gainditu osteko produkzio-indarren mugarik gabeko garapen askeari aurka eginez; baina, gure ustez, emakumeen zapalkuntzaren aurkako konpromisoa, gehienetan, bigarren maila batean geratu da.

Amelia Valcárcel-ek honela definitu zuen feminismoa: liberalismoak eta Ilustrazioak nahigabean izandako semea edo alaba. Sozialismo erreala ere ez da lagungarri gertatu emakumeak askatzeko, emakumeen produkzio- eta ugalketa-zereginak ekonomia sozialistatik ‘kanporatu’ egin zirelako. Marta Pascual eta Yayo Herrerok diotenez, feministak berehala ohartu ziren emakumeen naturalizazioa patriarkatua legitimatzeko bitartekoa zela. Ekofeminismoaren arabera, alternatiba ez da emakumea desnaturalizatzea, gizona ‘birnaturalizatzea’ baizik, politikaren, harremanen, etxearen eta ekonomiaren antolamendua naturak eta emakumeek ongi ezagutzen dituzten baldintzetara moldatuz. ‘Birnaturalizazio’ hori ‘birkulturizazioa’ da aldi berean (kultura berria eraikitzea), eta ekomendekotasuna agerian jartzen du emakume eta gizonentzat. Askatasunaren erresuma orok premiaren erresuma zeharkatu behar du, ezinbestean. Era berean, iraunkortasunaren erresuma orok genero-berdintasuna onartu behar du (Pascual, Herrero 2010).

Karen J. Warren-en arabera, feminismoaren eta ingurumenaren artean gutxienez zortzi lotura bereiz ditzakegu, eta horien arabera ekofeminismoa proposamen politiko berritzailea dela esan dezakegu. Lotura horiek ez dute elkar baztertzen. Lehena lotura historikoa eta kausala da, eta emakumearen eta naturaren esplotazio duala azaltzen du. Zortzigarrena lotura politiko-praktikoa da, eta emakumeek ekintza politikoaz duten kezkari esanahia ematen dio. Bigarrena kontzeptuzkoa da, hirugarrena enpirikoa eta esperientziari buruzkoa, laugarrena epistemologikoa, bosgarrena sinbolikoa, seigarrena etikoa eta zazpigarrena teoretikoa. Warrenek planteatzen duenez, lotura horiek feminismoaren eta ingurumenaren arteko binomioaren ikuspegi orokorra ematen dute (Warren 2003: 13-22).

Ekofeminismoa feministek ekologismora hurbiltzeko eta ideologia horretara moldatzeko egindako ahalegina da, eta ez alderantziz, Jone Martínezek dioenez. Ez da sortu besterik gabe mugimendu ekologista pluralistaren barruan beste ingurumen-joera bat izateko asmoarekin, zibilizazio-krisiari eta krisi ekologikoari erantzuteko baizik, emakumeak direlako krisi horiek gehien sufritzen dituztenak. Ekofeminismoa Frantzian sortu zen Françoise d’Eaubonne-ren eskutik. Simone de Beauvoirren mireslea eta laguna izaki, Alderdi Komunista utzi zuen, anarkismora itzuli zen, eta ezkerrari erronka ekologistari heltzeko ezintasuna leporatu zion (Puleo 2011: 33). Nolanahi ere, hasiera-hasieratik ikuspuntu bat baino gehiago egon dira indarrean emakumeen eskubideen defentsaren eta natura zaindu beharraren arteko sinbiosia ulertzeko. Batetik, ekofeminismo klasiko esentzialistak (Susan Griffin, Rosemary Radford Ruether, Charlene Spretnak, Mary Daly), gerra nuklearraren aurkako mugimendutik sortuak, emakumeak naturarekin parekatu zituen, eta gizonak, berriz, suntsiketaren kulturarekin. Ekofeminismo konstruktibistak (Bina Agarwal, Val Plumwood, Karen J. Warren), aldiz, gizonak deabruaren pare jartzen dituen ikuspegi horri aurre eginez, historia eta munduan orain artean izan diren harreman ekonomikoak zehatz-mehatz aztertzeko proposatzen du, emakumeek horietan izan duten zeregina ulertzeko. Ekofeminista horien ustetan, arazoa ez datza biologian, historian baizik; errealitate materiala da emakumeen eta naturaren zapalkuntza eragiten duena, eta ez esentzia espiritualak. Azkenik, ekofeminismo espiritualista bat ere badago (Vandana Shiva, Maria Mies, Starhawk), kolonialismoaren aurkako joera duena, eta, joera esentzialistarekin zerikusi handia badu ere, Mendebaldeko elementu erlijioso eta sinbolikoetatik urruntzen dena (Martínez 2007: 104).

Carolyn Merchant-ek, ‘Ecofeminism and Feminist Theory’ artikuluan (Merchant 1990), hiru lerro edo joera bereizten ditu joera politiko ekofeministen artean: liberala, erradikala eta sozialista edo soziala, azken bi horiek zaku berean sartuta. Eta, ildo horretan, honako hau dio: ekofeminista erradikalen ustez, giza natura giza biologian oinarritzen da; ekofeminista sozialisten ustez, berriz, natura eta giza natura konstrukzio sozial eta historikoak dira. Materialismoa da giza aldaketaren eragilea, eta ez espiritualismoa, eta horregatik borrokatzen dira, ekofeminista erradikalekin batera batzuetan, nahiz eta azken helburutzat gizon eta emakumeak bergizarteratzea duten, sexismorik, arrazakeriarik eta indarkeriarik gabeko eta inperialismoaren aurkako bizimoduei jarraiki.

Hortxe uztartzen dira ekosozialismoaren eta ekofeminismoaren ikuspegi eta interesak. Hainbat aldizkarik (Mientras Tanto; Capitalism, Nature, Socialism; Ecología Política edo Viento Sur) bat egin dute ikuspuntu horrekin, eta hainbat autorek komunikabide horiek baliatu dituzte ekosozialismo feministaren aldeko ideiak zabaltzeko. Ez alferrik, eta gure gaiaren harira, orain hogeita bost urte ‘The Struggle for Nature: Environmental Crisis and the Crisis of Environmentalism in the United States’ (Ingurumenaren krisia eta ingurumenzaletasunaren krisia Estatu Batuetan) artikuluak ekarri zuen polemika ekarri nahi dugu gogora. James O’Connor eta Daniel Faber-ek idatzi zuten (Capitalism Nature Socialism 2, 1989, 12-39), eta, besteak beste, honako hau adierazi zuten: «naturari buruzko ideia neoerromantikoek eragiten dute eta uztartzen dira ideia eta balio ekofeminista berrietan». Artikulu horri erantzunez, zenbait ekofeminista sozialistak, Lori Ann Thrupp estatubatuarrak eta Ariel Salleh australiarrak, adibidez, kritika batzuk argitaratu zituzten Ecología Política aldizkarian (1. eta 2. zk.). Lehenak gogora ekarri zien, ikuspegi espiritual, erromantiko eta batzuetan komunitarioetan oinarritzen den ekofeminismo erradikalaz gain, ekofeminismo sozialista ere badagoela, eta, antza denez, batzuek ekofeminismoaren barne-eztabaida emankorren eta «elkarrekiko emankor bihurtzearen» berri ez dutela.

Gure ustez, sakonagoa eta garrantzitsuagoa da Sallehek ‘Ecosocialism-Ecofeminism’ izenburuarekin idatzitako erantzuna (Salleh 1992). Hasteko, planteatzen du abstrakzio-maila jakin batean ekofeminismoa eta ekosozialismoa maila berean daudela eta, aldi berean, elkarren osagarriak direla. Bestetik, ekosozialismoa koherentziaz definitzeko, azterketa ekofeminista ezinbestekoa dela aldarrikatzen du. Azken horrekin bat gatoz, eta horregatik ekarri nahi izan dugu lerro hauetara. Sallehek dioenez, ez dago esaterik ekofeminismoa neoerromantikoa denik, eta ekofeminismoa ezin daiteke Sakoneko Ekologiaren barruan hartu, biak ere «gizateria eta natura bereizten dituen artifizio ideologikoa desegiteko» asmoarekin bat datozen arren, krisi ekologikoak gizateriaren eta naturaren arteko konexioak zein diren ulertzeko premia ekarri digulako.

Brasilgo auzoetan haurrak hazten dituzten emakumeek ongi asko dakite arazoa ekonomikoa dela. Politikariek, ordea, ezin dute ‘biologikoa’ gutxietsi, gutxiespen horren haritik Mendebaldeko kapitalismo patriarkalak irtenbide ekologikorik gabeko norabidean garamatzalako, eta, horren aurrean, teoria ekosozialista behar-beharrezkoa delako (Salleh 1992).

Australiako ekofeminista sozialistak erantsi duenez, emakume askok, joan den mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan, anai sozialistei behin eta berriz eskatu zieten marxismoaren kategoriak birformulatzeko genero-gaiak kontuan hartuz. 90eko hamarkadan, ekosozialisten eta ekofeministen arteko eztabaida zahar hori berragertu zen. Espero dezagun ekosozialismo feminista desadostasun historiko hori gainditu izanaren adierazpen ideologikoa izatea.

Amaitzeko, 1997an Mary Mellor irakasle anglosaxoiak Kalifornian, hitzaldi ekosozialista batean, irakurritako testu laburra aipatu nahi dut. ‘El socialismo verde y feminista: La teoría y la práctica’ artikuluan transkribatu da (Mellor 1997), eta ezin hobeto laburbiltzen du guk ekosozialismo feministaren ideologiari eman nahi diogun zentzua:

Ekofeminismo materialista ‘merkatuaz’ haratago doa, materialismo historiko marxistari eta hark kapitalismoari egiten dion kritikari lanaren sexu-bereizketaren eta ugalketaren muga ekologikoen azterketa eransten dielako. Sakoneko materialismoaren ikuspegiaren arabera, kapitalismoari aurre egin behar zaio ekologikoki iraunkortasunez bizirauteko eskubidearen aldeko borroketan, baina baita, neurri berean, produkzioaren gaineko borroketan ere. Merkatuan kontsumismoa geldiarazteko gauza ez bagara (haren gorakada Iparreko politikaren osagai nagusia da), emakumeen lanaren bazterkeriak eta planetaren eta Hegoko herrialdeen bizitzen suntsiketak ez dute etenik izango.
Oharrak
1.    Artikulu hau ‘Ideologías e identidades políticas de la Posmodernidad’ izeneko ikastaroaren barruan aurkeztu zen. Francisco Letamendia irakasleak zuzendu zuen ikastaroa, eta Bilbon (UPV/EHU) eman zen 2014ko uztailaren 21etik 23ra bitarte.
Bibliografia
Askoren artean (2009): Claves del Ecologismo Social, Libros en Acción, Madril.
Antunes, Carlos; Juquin, Pierre; Kemp, Penny; Stengers, Isabelle; Telkämper, Wilfred; Wolf, Fried Otto (1990): ‘Por una alternativa verde en Europa. Manifiesto Ecosocialista’, Mientras Tanto 41, 59-172. Ondoren gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu zen: Manifestu Ekosozialista. Alternatiba berde baten alde Europan, Bakeaz-Libros de la Catarata, Madril, 1992.
Barcena, Iñaki (2010): Ideologías políticas: ¿fin o renacimiento?, Auñamendi Entziklopedia
(www.euskomedia.org/aunamendi/152145).
Beck, Ulrich (1998): ¿Qué es la globalización? Falacias del globalismo, respuestas a la globalización, Paidós, Madril.
Deutsch, Karl (1980): Politics and Government. How People Decide Their Fate, Houghton Mifflin Company, Boston. Honako honetan aipatua: Del Águila, Rafael; Vallespín, Fernando: ‘Ideologías políticas y futuro’, in Joan Antón Mellón (arg.) (1998): Ideologías y movimientos políticos contemporáneos, Tecnos, Madril, 519-536.
Dobson, Andrew (1997): El pensamiento verde. Una nueva ideología para el siglo XXI, Paidós, Madril.
— (2002): ‘El proyecto de una sociedad sostenible en el siglo XXI: el ecologismo político’, in Joan Antón Mellón (koord.): Las ideas políticas en el siglo XXI, Ariel, Bartzelona, 147-161.
Eccleshall, Robert et al. (1993): Ideologías políticas, Tecnos, Madril.
Engels, Federico (1972): Los orígenes de la familia, la propiedad privada y el Estado, Ayuso, Madril.
Federici, Silvia (2013): Revolución en punto cero. Trabajo doméstico, reproducción y luchas feministas, Traficantes de Sueños, Madril.
Fernández Buey, Francisco (2009): ‘Crisis de civilización’, in ‘La(s) crisis. La crisis capitalista en la encrucijada’, Papeles de Relaciones Ecosociales y Cambio Global 105, 41-51.
Frankel, Boris (1989): Los utópicos post-industriales, Alfons el Magnánim, Valentzia.
Fukuyama, Francis (1992): El fin de la Historia y el último hombre, Planeta, Madril.
Grau, Elena (1998): ‘Feminismo: pensar la política desde la diferencia femenina’, in Joan Antón Mellón (arg.): Ideologías y movimientos políticos contemporáneos, Tecnos, Madril, 331-348.
Guiu, Jordi (2006): ‘El socialismo’, in Miquel Caminal (arg.): Manual de Ciencia Política, Tecnos, Madril, 141-161.
Harnecker, Marta (1999): La izquierda en el umbral del siglo XXI. Haciendo posible lo imposible, Siglo XXI, Madril.
Herrero, Yayo; Cembranos, Fernando; Pascual, Marta (koord.) (2011): Cambiar las gafas para mirar el mundo. Una nueva cultura de la sostenibilidad, Libros en Acción, Madril.
Heywood, Andrew (1998): Political Ideologies. An Introduction, MacMillan, Londres.
Kelly, Joan (1988): ‘La doble perspectiva de la teoría feminista’, Mientras Tanto 36-37, 155-168.
Letamendia, Francisco (2013): El hilo invisible: identidades políticas e ideologías, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua, Bilbo.
Lipietz, Alain (2002): ¿Qué es la ecología política? La gran transformación del siglo XXI, Instituto de Ecología Política, Txileko Santiago.
Löwy, Michael (2012): Ecosocialismo. La alternativa radical a la catástrofe ecológica capitalista, Siglo XXI, Biblioteca Nueva, Madril.
Marcellesi, Florent (2009): ‘Ecología política: génesis, teoría y praxis de la ideología verde’, Bakeaz Koadernoak 85.
Martínez, Jone (2007): ‘Ekofeminismoa, garatzeke dagoen teoria. Ingurune-feminismoaren gatazken hastapenak’, Uztaro 62, 99-116.
Mellor, Mary (1997): ‘El socialismo verde y feminista: La teoría y la práctica’, Ecología Política 14, 11-22.
Merchant, Carolyn (1990): ‘Ecofeminism and Feminist Theory’, in Irene Diamond, Gloria Ornstein (argk.): Reweaving the World. The Emergence of Ecofeminism, Sierra Club, San Francisco, 100-105.
Milango Emakumeen Liburudenda (1996): El final del patriarcado (ha ocurrido y no por casualidad), Pròleg, Bartzelona.
Mitchell, Juliet (1966): ‘Women: The Longest Revolution’, New Left Review 40
(www.marxists.org/subject/women/authors/mitchell-juliet/longest-revolution.htm).
Pascual, Marta; Herrero, Yayo (2010): ‘Ecofeminismo, una propuesta para repensar el presente y construir el futuro, CIP-Ecosocial – Boletín ECOS 10.
Pateman, Carole (1995): El contrato sexual, Anthropos, Bartzelona.
Pérez Orozco, Amaya (2006): Perspectivas feministas en torno a la economía: el caso de los cuidados, Consejo Económico y Social, Madril.
Riechmann, Jorge  (2012): El socialismo puede llegar sólo en bicicleta, Catarata, Madril.
Salleh, Ariel (1992): ‘Ecosocialismo-Ecofeminismo’, Nueva Sociedad 122, 230-233 eta Ecología Política 2, 89-92.
Tanuro, Daniel (2011): El imposible capitalismo verde, Los libros de Viento Sur – La oveja roja, Madril.
Tello, Enric (1998): ‘Ecopacifismo: una visión política emergente’, in Joan Antón Mellón (arg.): Ideologías y movimientos políticos contemporáneos, Tecnos, Madril, 349-383.
Vincent, Andrew (1995): Modern Political Ideologies, 2. arg., Blackwell, Oxford.
Warren, Karen J. (2003): Filosofías ecofeministas, Icaria, Bartzelona.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan