2015-10-22 Artikuluak
Gaur egun inor gutxik ukatzen du Ioannes de Yciar historian zehar izan den kaligrafo onenetarikoa dela, nahiz eta, zoritxarrez, gure artean ezaguna ez izan. Ulertezina da ikerlariek eta euskal instituzioek hain unibertsala izan den letren ikurra aintzat hartu ez izana, ez idazlea bera, ezta Yciarrek letren eta kulturaren unibertsoan ordezkatzen duena ere.
XVI. mendean berak egindako ekarpenak, kaligrafia eta ortografia arloan ez ezik, beste hainbat diziplinetan ere oso garrantzitsuak izan ziren eta ondorengo belaunaldientzat hainbat lan interesgarri utzi zituen. Horietariko bat aipatzearren, berak ezarritako pedagogia metodo eta prozedura berritzailea azpimarratu beharko genuke.
Horiek horrela, esan dezakegu bere burua kristautzat eta humanistatzat izan zuen gizon honek zuzen eta argitasunez idazten irakasten eman zituela urte asko. Italiar penintsulatik etorritako letra etzana ere berak egokitu zuen, gaur egunean hain erabilia den letra bastardillaren erabilera proposatzeko. Beraz, Yciarrek letren eta kulturaren historiari egindako lan eskerga nahikoa arrazoia bada idazle euskaldun honen bizitzari, ibilbideari eta batez ere lanari buruzko hausnarketa egiten hasteko.
Baskongadetako kronistarik ospetsuenetarikoa den Carmelo de Echegaray izan da Yciarren lana eta bizitza ondoen aztertu dituena. Echegarayek egindako ikerketen ondorioz, gaur egun baditugu datu batzuk, nahiz eta egia esateko datu askorik ez, bere jatorria zein izan zen jakiteko.
Idazlearen inguruan ezagutzen ditugun datu biografiko guztiak bilduta, esan dezakegu Yciar Durangoko Tavira hiribilduan jaio zela 1522. urtean. Hala ere, nahiko bitxia da bere herrian bertan gaur egun haren aztarna gutxi aurkitzea. Zerbait aipatzearren, esango genuke bertako auzo ezagun batek haren izena daramala. Eta herri horretako museoetara jotzen badugu, Durangoko Arte eta Historia museoan esaterako, idazlearen Arte subtilissima liburuaren ale bat aurki dezakegu, nahiz eta osorik ez dagoen. Horretaz gain, Yciarrek utzitako ondarerik ez dago Durangon.
Bere laurehungarren urteurrenarekin batera, hain zuzen ere 1950. urtean, Daniel Alonso García irakasle sestaoarrak, Yciarrek kaligrafo legez egindako lanaren azterketan oinarrituta, liburu bat argitaratu zuen 1953. urtean.1
Alonso Garcíak bere liburuan bertso anonimo batzuk ere aipatzen ditu, eta bertso horietan bizkaitar idazle entzutetsuaren aipamena egiten da. Bertso horietan, beste kontu batzuen artean, Yciar Durangon jaioa dela aipatzen da (Alonso García 1953, 18):
Egileak berak ere beste bertso apologetiko eta laudagarri batzuen berri ematen digu, eta beste bertsio anonimo hauetan ere bere jaioterriaren aipua ageri da (ibid.):
Bere bizitzako lehenengo urteei buruz, berriz, ez dakigu gauza handirik, ez bada Zaragoza hirian, familiako arazoren bat zela eta, 1547. urtean egindako agerpena. Hala ere, badakigu ume-umetatik testu klasikoak ikasten ordu asko eman zituela; izan ere, testu grekoen eta latindarren lanketak asko balio izan zion bere prestakuntza integrala osatu ahal izateko. Gaztaroan Italia ere bisitatu zuen, eta herrialde hartan, jakina, Errenazimenduaren aurkikuntzak eta kultur mugimendu horretatik jasotako ezagutzek ondo idazteko arteaz hausnartzen lagundu zioten.
Juan de Vingles grabatzaile ospetsuarekin ere lankidetzan aritu izan zen, biek liburuekiko zuten zaletasunak bultzatuta. Vinglesek, bere aldetik, Yciarrek gogo handiz ematen zizkion ereduak egurretan grabatzen zituen, artisau fin baten gisa. Horiek horrela, Yciar oso ospetsua bihurtu zen; izan ere, haren lan inportanteenak argitaratu bezain laster, Filipe II.ak bere gortera gonbidatu izan zuen Pedro Ordóñez de Ceballos printzeari idazten irakasteko; eta gogoratu azken horrek idatzi zuela geroago, 1614an, garai hartan oso entzutetsua izan zen Viaje del Mundo izeneko lana.
Escorial-ek berak ere kontratua egin omen zion koro- eta meza-liburuak idatzi eta, batez ere, kantu-liburuak konposatzeko, bizkaitar idazlea oso trebea baitzen marrazketaren eta simetriaren arte delikatuetan. Gainera, geroago kantu-liburu horiek Valentziatik eta Flandestik ekarritako pergamino-larruetan itsatsiko zituen.
Gaur egun ere, oraindik, nahi izanez gero behintzat, badago aukera Escorialeko monasterioa bisitatuz gero, bertako liburutegiko laugarren beira-arasan, erregearen enkarguz kopiatutako Alfontso Jakintsuaren Libros del saber de astronomía izeneko liburuak ikusteko, antza denez, liburu horiek Karlos printzeari idazten irakasteko erabili izan zituen.
Kaligrafo legez lan egiteaz gain, Zaragozan urte asko eman zituen irakasle, berak eraikitako eskolan, eta bertan metodo pedagogiko berezia sustatu zuen. Gaur egun metodo horren aztarnak aurkitzea zaila bada ere, esan daiteke proposamen didaktiko horretan oratoriak berebiziko garrantzia zuela, Yciarrentzat, kopista lanak ongi egiteaz gain, oso garrantzitsua baitzen ondo hitz egiten jakitea.
Ez da ahaztu behar oratoriari eta ahoskerari buruzko bere eskolek arrakasta handia izan zutela. Maila ezberdineko ikasleak erruz hurbiltzen zitzaizkion, jendearen aurrean eraginkortasunez hitz egiten ikasteko asmoz.
Bestalde, Yciar kopista eta hizlari ospetsua izateaz gain, marrazkigilea ere izan zen, eta diziplina horretan teknika ondo menderatzeaz gain, garai guztietako marrazkigile onenen irakaskuntza teknikak bere ikasleei helarazten jakin izan zuen.
Hizkuntza irakasle gisa ere lan egin izan zuen, eta zortzi hizkuntzatan mintzatzeko gai izan zen. Hala eta guztiz ere, euskal idazleari gehien gustatzen zitzaion lana irakurle izatea zen, bere jakin-min intelektuala aseezina baitzen. Horregatik, Yciar oso ezaguna izan zen hemengo eta hango eskolatan eta akademiatan.
Atal honi hasiera eman baino lehen, esan dezagun espainiar letraren jatorriari buruz informazio gutxi dagoela. Hala ere, badakigu Iberiar penintsulan idazkera iberikoa egon zela, idazkera feniziarrean jatorria zuena eta bokalik gabekoa zena. Erromatarren inperioak penintsula inbaditu ondoren, berriz, Espainiako Erresumako idazkeran esaldi hasierako maiuskulak edo letra larriak, minuskulak edo letra xeheak eta letra etzanak bereizten hasi ziren. Ondoren, bisigodoek batez ere letra latindarra erabili zuten, nahiz eta azken horiek idazkera ulfindarra ere ezagutzen zuten. Geroago, idazkera frantsesa nagusitu zen, karolingioa, eta azkenik, bisigotikoa.
Bestalde, idazkerari buruzko lehenengo eskuliburuak XV. mendearen amaieran eta XVI. hasieran sortu ziren, nahiz eta latinez idatzitako itun laburrak lehenagotik ere baziren, hain zuzen ere, XIV. eta XV. mendeetatik. Itun laburrak, garai hartan, batez ere idazkera kaligrafikoa irakasteko erabiltzen ziren monasterioetan, hain zuzen ere scriptorium batzuetan erabiliak izan ahal izateko.
Hala ere, XVI. mendearen hasieran kokatu behar da letraren erabilera demokratikoa; izan ere, mende horren hasieran gero eta jende gehiagok eta askotarikoagoak (nahiz eta beti gizarteko gutxiengoa izan) beharrezkotzat joko baitu letraren erabilera. Modu berean, idazkera eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa izango da hori arau batzuez hornitzea, ondoren idazkeraren metodoa eskuratu ahal izateko. Eta zuzen idazteko ere, beharrezkoa izango da ezagutzaren abenturarekin era batean edo bestean lotutako metodoa sortzea, eta ez soilik kopistei eta kaligrafoei zuzendutakoa.
Ideia horrekin ere bat dator lehendabiziko idazkera eskuliburuak aztertu dituen Ana Martínez Pereira ikertzaile eta irakaslea (2009, 31):
Ondorioz, kultura modernoaren ezinbesteko premiak asetzeko, letra humanistiko etzana erabiltzen hasi ziren, letra hori ordura arte erabilitakoa baino ulergarriagoa ez ezik, ederragoa eta estetikoagoa ere baitzen. Yciarrek ere letra hori asko estimatu izan zuen eta bere bizitza osoa eman zuen kaligrafia aberasteko lanetan, kaligrafia bera arte kategoria bihurtu arte.
Edozein kasutan, letren idazkera bateratzeko behar horren arrazoia ulertzeko, humanismoaren hastapenetara jotzea komenigarria da; izan ere, horrela errazago ulertzen da, arestian aipatu dugun ikerketa klasikoak suspertzeko beharrarekin batera, badela filologia berreskuratzeko interes nahikoa; eta filologia diziplina berraztertuz gero, askoz hobeto ulertuko dira aipatu berri ditugun testu greko-latindarrak.
Filologiaz gain, garai hartan jatorrizko kodizeak eta eskuizkribuak bilatzeko joera ere funtsezkoa izango da, hain zuzen ere, liburu horien egileen jatorrizko iturrietara jo ahal izateko; eta, era horretara, era interesatuan jokatuz, beste batzuek egin ohi zituzten itzulpenen beharrik ez izateko. Gainera, sarritan itzulpen horien edukiak ez ziren bat etortzen jatorrizko testuekin. Beraz, kultura humanistaz jabetu ziren jakintsuentzat, liburuen testualtasuna testuen edukiak barneratzeko bermea zen.
Martínez Pereira ikertzaileak dio Petrarcak 1366. urtean Boccacciori bidalitako eskutitz bat (ibid.) oraindik ere mantentzen dela, non Petrarcak xehetasunez azaltzen duen berak gordetzen dituela antzinako kodizeak, eta kodize zahar horiek bere aburuz nola dauden idatzita (hain zuzen ere, begietatik sartzen diren ezaugarri zehatzez, soilez eta gardenez idatziak).
Humanistatzat ditugun lehenengo autoreek uste zuten Petrarcak aipatzen zuen ezaugarri soildun eta zehazdun letra mota, zalantzarik gabe, jatorrizko letra erromatar xehea zela; eta antzinako munduari zioten maitasunagatik, autore horiek letra hori Errenazimenduko kultur berrikuntzaren sinbolo gisa berreskuratzeko ahalegina egin zuten. Dena den, geroxeago jakin izan dugu Petrarcak XIV. mendean hainbeste miretsi izan zuen letra berez Europan IX.-XII. mendeetan erabili izan zen letra karolingioa zela. Letra hori itxura borobila zuen hizki erregularra zen, eta erromatarrek erabiltzen zuten letra xehearen antza zuen (aldaketa xume batzuekin).
Horiek horrela, ordutik aurrera borobil izenez ezaguna zen letra, eta geroago humanistika izenaz ere ezagunagoa izango zena, lehenengo Italian eta geroago Europa guztian zehar ezarri zen. Ondorioz, Europako kultur eliteak autore klasikoen kopiak letra borobilez egiteko eskatzen hasi ziren.
Beraz, esan dezakegu, Yciarrek bere lehen testuak ekoitzi zituenerako, letra borobilaren erabilera Europa osoan hedatuta zegoela eta letra gotikoa ere ordezkatzen ari zela; izan ere, garai horretan idazkeraren eremuan letra gotikoa zaharkitutzat eta ez egokitzat jotzen baitzen, aro ireki eta moderno horrekin gehiago identifikatzen zelako letra borobilaren erabilera.
Martínez Pereirak baieztatzen duen moduan, letra borobilaren hedapenarekin, letra xeheen erabilera murriztu egin zen eta letra larriak ere egokitu egin ziren, batez ere, humanistek antzinako letra erromatarrarekiko sentitzen zuten liluraren ondorioz (ibid., 35).
Yciarrek, Recopilacion subtilissima: intitulada orthographia practica izeneko liburu ospetsuan, idazkeraren italiar arauak aintzakotzat hartu zituen, eta bistakoa denez Palatino izan zuen inspirazio iturri. Hala ere, esan behar da Yciarren proposamenek eredu italiarra zeharo gainditu zutela. Idazle bizkaitarraren liburu horretan agertzen ziren irudiak eta estanpak izugarri ederrak ziren, eta liburu horren lehenengo edizioa (Zaragoza, 1548) aztertu zuten kaligrafo guztiengan itzala utzi zuen.
Horren guztiaren adibide dira, esaterako, Martínez Pereirak Yciarren 1550. urteko edizioa deskribatzeko erabili zituen hitzak (ibid., 45):
Horrezaz gain, esan behar da Ioannes de Yciar bere aurretiko kaligrafo guztiak baino askoz ere finagoa eta zehatzagoa izan zela. Penintsulako Kantzelaritzetako idazkera bereziak ere kontuan izan zituen, esaterako, Gaztelakoak eta Aragoikoak. Eta neurri batean behintzat, esan daiteke idazkera horiek barne hartzea arestian aipatutako Juan de Vingles grabatzaile ezagunarekin izandako lankidetzaren ondorioz izan zela.
Bestalde, aipatu beharra dago euren seme-alabei irakurtzen eta idazten irakasteko tutoreak kontratatzen zituzten gurasoek ere eskatzen zutela letra mota hori. Eta hori horrela izan zen, nahiz eta XVI. mendearen amaieran letra borobila eta etzana (letra humanistikoak zirenak) inposatu.
Gurasoek irakasleei euren seme-alabei irakasteko letra gaztelaua edota aragoarra eskatzen zieten, hain zuzen ere, uste zutelako euren semeak etorkizunean notaritza arloarekin erlazionatutako jardueraren batean arituko zirela, eta, beraz, eskribauak izateko ezagutza horiek probetxugarriak izango zirela.
XVI. mendearen bigarren erdian, irakasleentzat kaligrafia eskuliburuak tresna lagungarriak ziren. Horregatik, letra etzana menderatzeak garrantzia handia zuen; izan ere, kulturarekin (bere zentzurik zabalenean) erlazionatutako idazkerarentzat funtsezkoa zen.
Garai horretan, ez da ahaztu behar zuzen eta egoki idazteko jarraibideak eta arauak biltzen zituzten eskuliburuak asko ugaritu zirela. Horren ondorioz, hurrengo mendean, XVII.ean, idazkera eta ortografia lantzea helburu zuten liburu eta eskuliburuak nonahi aurkituko ditugu. Izan ere, irakasleen artean kaligrafoak izango dira gehien estimatuko diren profesionalak, besteak beste, ezinbestekoak izango direlako aipatutako mende horretako elite politikoa prestatzeko.
Horiek horrela, humanismoak ‘proposatutako’ letra etzana beste letren artean nagusitu zen. Eta esan daiteke Yciar bezalako maisuei esker momentu horretatik aurrera eskoletan zein erakunde arautu guztietan irakatsiko zen letra izango zela.
Liburuei dagokienez, berriz, esan behar da XVI. mendeko liburuak, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, jada ez direla eskuizkribuak izango. Beraz, ordura arte nagusiki erabili izan zen idazkera gotikoa poliki-poliki eraldatuz joan zen. Garai horretako idazleak italiar jatorrizko moldea erabiltzen hasi ziren, hain zuzen ere bastardilla izenez ezagutzen zen letra tankera. Letra molde horren bultzatzaile nagusia Aldo Manuncio italiar inprimatzaile entzutetsua izan zen.
Horiek horrela, esan dezakegu humanitatearen historiaren atal garrantzitsua den garai horretan desagertu egin zela paleografia zaharra eta kaligrafia berria agertu; gainera, betirako gure artean geratzeko asmoz.
Ez dugu zalantzarik gure idazle bizkaitarrak aipatu berri ditugun idazkera horiek guztiak ezagutu zituela, eta hizki motetan (letra palatinoan barne) izan ziren aldaketez ere jabetu zela. Bere tipografia lanetan, idazkeraren inguruko ezagutza horiek oso lagungarriak izan zitzaizkion.
Hori dena behar den moduan ulertu ahal izateko, kontuan izan behar dugu Yciar, garai hartako nobleek enkarguz aginduta, liburuen izenburuen idazkuna egiten aritu izan zela; izan ere, nobleentzako, liburu garestien jabe izatea, euren maila bereko zaldunen artean ospea lortzeko bidea izatea ez ezik, kulturaren eta prestigioaren sinboloa ere bazen.
Yciarren argitalpenak oso arrarotzat jo izan dira beti, bai gaur egun, bai inprentara eramanak izan zirenean ere. Bizkaitar ospetsuak bere eskuliburuetarako egin zituen irudien edertasuna izan daiteke horren arrazoia, edo baita Europa osoko bibliofiloek eta kuriosoek liburu horiek benetako ‘ehizako garaikur’ bihurtu izana ere.
Yciarrek 1548. urtean Zaragoza hirian egin zuen Recopilacion subtilissima: intitulada orthographia practica izeneko liburuaren lehenengo argitalpena Aragoiko Hernando (Calabriako dukea, Valentzia Erresumako maiestatearen erregeorde eta kapitain jenerala) jaun txit prestuari eskaini zion (Alonso García 1953, 39).
Dena den, eskaintza horren arrazoia ulertzeko, Alonso García Bizkaiko Ezkerraldeko idazleak ondo azaltzen duen moduan, kontuan izan behar da Yciarrek uste zuela bere lana zalantzan jarriko zuten asko izan zitezkeela, eta, horregatik, badaezpada ere, erabaki zuela liburua garai hartako gizon handi eta entzutetsua zen Aragoiko Hernandori eskaintzea.
Ezaguna denez, Juan de Vingles ospetsua izan zen madariondo egurrez egindako tauletatik xafla xilografikoak atera zituena, eta xaflen motibo arkitektoniko liluragarriek egindako lana edonork miresteko modukoa izatea eragin zuten.
Horrezaz gain, gogoratu Vingles Italiatik zuzenean esportatutako grabatuaren teknikaren ikastunik onenetarikoa izan zela; eta, era berean, esan daiteke Espainiako grabatzaileen artean onenetarikoa zen Vinglesek teknika hori errotik aldatu zuela.
Yciarren liburura bueltatuz, esan behar dugu, liburuaren lehenengo edizioko aleei dagokienez, Londresko British Museum-ean dagoena eta Madrileko Espainiako Biblioteka Nazionaleko arraroak diren liburuen apaletan dagoena soilik ezagutzen direla. Horregatik, autore batzuek Arte subtilissima-z ari direnean, liburuaren lehenengo edizioa 1553koa dela diote. Labayru ospetsuak ere akats bera egiten du, eta baita Antonio Agustínek ere Bibliotheca Hispana Nova izeneko liburuan (ibid., 40).
Hala ere, bai Echegarayek bai beste garaikide batzuek ere, esaterako Emilio Cotarelo y Morik eta Juan Manuel Sanchéz-ek, beren testuetan Yciarren lanik garrantzitsuenaren lehenengo edizioari buruz hitz egiten dute.
Liburuak momentu horretan izan zuen harrera oso ona izan zela ez dugu zalantzarik; izan ere, garai hartan liburu batek jakin-minik sortarazten ez bazuen, ez zen inondik inora berriro argitaratzen, eta Arte subtilissima liburua behin eta berriro argitaratua izan zen. Noizean behin, edizio berri batzuk jatorrizko xaflekin izandako zenbait arazo txiki konpontzeko erabiltzen ziren. Hala ere, Yciarren liburuaren argitalpenaren edizio berrietan, berriz, ez da aldaketa aipagarririk ageri; izan ere, edizio berriak lehen argitalpenaren kalkoak dira.
Hainbat ikuspuntutatik begiratuta, Arte subtilissima apartekotzat jo daitekeen artelana da; izan ere, Espainiako inprentaren munduan aurrekaririk ez duen eta erudizio handia erakusten duen lana izateaz gain, liburua kaligrafiari buruzko lan interesgarria da. Horregatik, Iberiar penintsulan oso imitatua izango da eta kaligrafia liburu bezala eredutzat hartua europar kontinente osoan. Horrezaz gain, liburuan hainbat alfabetori (bereziki, alfabeto arabiarrari eta grekoari) egiten zaizkien zeharkako aipamenak ere aipagarriak direla esan dezakegu.
Bestalde, aipagarria ere bada Yciarrek Ebro ibaiaren ertzean editatutako eta Pedro Bernuz-ek Jorge Cociren etxean argitaratutako Libro intitulado arithmetica practica izeneko liburuska, nahiz eta gaur egun 1549ko liburuaren edizio bakarra ezagutzen den. Eta Arte subtilissima-ren 1548ko edizioarekin gertatzen den bezalaxe, liburu hori gaur egun Londresko British Museumean daukate. Hori dela eta, Alonso Garcíak dioenez, British Museumeko liburuaren alea Salvá-rena da. Horrekin batera, Alonso Garcíak dio Sánchezek Bibliografía aragonesa del siglo XVI izeneko liburuan beste ale bat ere aipatzen duela, hain zuzen ere, Heredia Spínola kondearena zena (ibid., 40).
Aipatutako liburua ere, Yciarren gainontzeko lanak bezalaxe, zeharo bitxia da. Dena den, kasu honetan, liburua Juan Fernández de Heredia jaun entzutetsuari eskaini zion, zein Alcariz-ko komendadore nagusia baitzen eta Mora hiribilduko jauna. Liburuaren ale horrek berezitasun bat dauka: izan ere, liburuaren azala bi tintarekin idatzita dago (beltzez eta gorriz) eta oso grabatu ederrak ditu.
Edozein modutan ere, esan beharra dago Arte subtilissima-k izan dituen edizio guztietatik, 1550ekoa dela aitorpen gehien jaso dituena. Edizio horren izenburu osoa ere berezia dela esan dezakegu: Arte subtilissima por lo cual se enseña a escrivir perfectamente da, eta Hirutasun Santuaren ohoreari eta distirari eskaini zion. Gainera, artelan horretan ageri diren grabatuak data desberdinetan egindakoak dira, eta liburuko irudiak 1548ko edizio ospetsukoaren erreprodukzioak dira.2 Edizio hori Filipe printzeari (geroago Filipe II.a errege boteretsua izango zenari) eskaini zion. Horiek horrela, garai hartan ohikoa zen bezala, esan daiteke gure idazle bizkaitarrak ere, liburuak editatzean, jaun entzutetsuen eta printzeen babesa bilatu ohi zuela. Liburua aurkezteko, berriz, ondorengo hitzez baliatzen da (Alonso García 1953, 43):
Liburuan dagoen epistolan, ordea, liburua idazteko izan dituen arrazoiak azaltzen ditu; horrekin batera, betidanik kulturarekiko izan duen zaletasun handia eta, batez ere, grabatuen arteak berarentzat duen garrantzia (ibid., 44):
Yciarrek idatzitako lerro horiek irakurri ondoren, ezin da zalantzan jarri idazleak grabatuen artearekiko zuen mirespena eta bere erudizio ikaragarria. Ez dugu ahaztu behar Italian ikasi zuen diziplina zail hori ondo baino hobeto ezagutzen zuela.
Bestalde, 1552. urtean oso harrera ona izan zuen beste lan bat ere argitaratu zuen. Lan horren izenburua Nuevo estillo d’escrevir cartas mensajeras sobre diversas materias da, eta liburua aztertuz gero, esan dezakegu bertan oso nabarmen agertzen direla idazleak liburua idazterakoan izan zituen intentzioak; izan ere, egileak lan honetan Arte subtilissima idatzi ondoren ospetsu egin den idazlearen irudia edo erretratua aurkezten digu, hain zuzen ere, bere autoerretratua.
Liburu hori ere Zaragozan argitaratua izan zen, eta Alonso García adituak kontatzen digun moduan, liburua idazteko proposamena Eboliko printzea zen Ruy Gómez de Silvak berak egin omen zion Yciarri, Arte de escribir liburuaren ale batekin printzeari hurbildu zitzaionean. Ez ahaztu azken liburu hori oso ezaguna izan zela Filipe II.aren gortean.
Gaur egun ezagutzen ditugun Arte de escribir liburuaren lehen argitalpeneko ale guztiak (egia esateko, gutxi batzuk baino ez) osatugabeak dira, baita Madrileko Espainiako Biblioteka Nazionalean gordeta dagoena ere. Aitzitik, hurrengo edizioetako ale batzuk, eta batez ere 1953an argitaratutakoak, gaur egun arte iritsi dira, horietariko batzuk nahiko ondo zainduak, gainera; eta garrantzitsuena dena, oso-osorik.
Liburu horietan guztietan eta hurrengoetan ere, Yciarrek grabatu segida osatuko du, bertan aipamen batzuk agertuko direlarik, esaterako Testamentu Zaharrari aipamenak, San Jeronimo aita sainduaren lau estanpa edota Ama Birjinaren bizitzari buruzko irudi batzuk.
Arte subtilissima liburuarekin jarraituz, esan behar da bibliografo gehienek liburuaren azken edizioa (ezagunena dena edota gaur egun ondoen kontserbatzen dena) 1566koa dela diotela. Azken edizio hori tipo gotikoekin eginda dago, eta lana aztertu dutenak ez datoz bat liburuko irudi lausoen zergatia azaltzean. Horrezaz gain, aipatu beharra dago edizio horretan sarrera atalik ez dagoela (1550. urtetik aurrerako edizioetan ohikoa bazen ere), eta ezta kaligrafiaren irakaskuntzari eskainitako atalik ere (eta azken hori harrigarriagoa da).3
Alonso Garcíak dioen moduan, Brunet-ek zioen Edwin Tross-ek 76 orrialde zituen beste ale bat aipatzen zuela, Laus Deo hitzekin amaitzen zena eta xafla guztiak 1547 eta 1548koak zirela. Horrezaz gain, gaineratzen zuen liburuaren 45. eta 46. orrialdeetan luzeran eta zabaleran 38 milimetro zituen Holbein-en heriotzaren alfabetoa jasota zegoela (ibid., 49).
Halaber, inprentaren lehenengo urteetan, liburuak berrargitaratzea lagin berriak ezartzea zen, eta, era berean, lagin horiek gerora eranskinak jaso zitzaketen, pentsatuz gehigarri horiek guztiak liburuarentzat lagungarriak izango zirela.
Ez zen batere ezohikoa kasu batzuetan liburuaren izenburua bera ere faltsutzea; ondorioz, jatorrizko liburuarekin identifikatzeko ere arazoak izan zitezkeen.
Yciarren lanen kasuan, berriz, bai Arte subtilissima, bai Nuevo estillo d’escrevir cartas mensajeras (epistolarki idazten ikasteko karta ereduak direnak), garai hartako libururik ezagunetarikoak izan ziren. Liburu horien xedea, besteak beste, jende jakintsuak bere idazkera hobetzeko eta arte zoragarri horretan murgildu ahal izateko oinarri pedagogikoa eskaintzea zen.
Curriculum zabal horrekin, ez da harritzekoa garai hartako gizonik boteretsuenak, hain zuzen ere Filipe II.a erregeak, Yciar gortera deitu izana, hain zuzen ere gorteko jauntxoekin eta funtzionarioekin batera, erregearen agindupeko lur eremu zabalean, edota hobeto esanda, eguzkia inoiz sartzen ez zen inperioan ematen zen kultura arloaren zabalkundea ‘kudeatzen’ lagun ziezaien.
Yciarrentzat idazkera bezain garrantzitsua zen idazkeraren artea irakastea. Horregatik, egunero ahalegintzen zen langintza horretan, maisu lanetan. Bere irakasteko era beste diziplina batzuetako irakasleek ere imitatu nahi izan zuten, eta, ondorioz, ia nahi gabe errezeta pedagogiko berritzaileen eskola sortu zuen.
Gure kaligrafoak bere ikasleei hainbat hizkuntza irakastean molde pedagogiko zehatzak erabili zituen; izan ere, etengabeko eraldaketak eginez lan egiten zuen irakaslea zen, eta, ondorioz, ikasleak ezagutzara hurbiltzeko ahaleginetan metodologia berriak frogatu zituen. Berak irakasteko erabilitako proposamenak (esaterako, irakaslearen eta ikasleen arteko elkarrekintzak bultzatzea, taldeko lanak…) garai hartako irakasle batentzat guztiz ezohikoak ziren, eta, neurri batean behintzat, askoz geroago sortuko ziren pedagogia edo psikopedagogia diziplinen oinarriekin bat etorriko ziren.
Yciar kristau humanista ere izan zen, bere garaiko berrikuntza guztiekin harremanetan egon zelako eta eraberritzeko zein gauza berritzaileak ezagutzeko jakin-min handia izan zuelako. Horregatik, esan daiteke humanisten artean ere Yciar pertsonaia sailkaezina dela; izan ere, Arte subtilissima-ren egilea, ‘arte liberalak’ izeneko arteetan aditua izan ez ezik, dekorazio estilistikoen arteetan ere jakituna izan zen.
Langintza horietarako guztietarako, bere ustetan, ortografiaren funtzioa oso garrantzitsua zenez, ortografia irakasteko fabula klasikoak erabili zituen gida didaktiko gisa. Horrela, maieutika sokratikoarekin erlaziona daitekeen bere metodologia erabilita, dizipuluek euren kasa ikas zezaten lortu zuen; izan ere, bere xedea irakasleen eta ikasleen artean beti konplexuak izan ohi diren loturei etekina ateratzea zen, eta, bide batez, ikasleentzat satisfakzio iturri handia izan zitekeen ahaleginaren optimizazioa erdiestea.
Modu horretan lan eginez, irakasle gisa ospe handia lortzeaz gain, auctoritas-en irudia edota irakasle erreferentzialaren figura pertsonifikatzea ere erdietsi zuen, hain zuzen ere, magister zorrotzaren ideal klasikoa (betiko ideala).
Horrezaz gain, Yciarrek ortografia bikaina eta letra eder eta irakurgarria zuen, eta, perfekzionista hutsa zenez, irakurketari garrantzia handia ematen zion.
Are gehiago, berak uste zuen ezaguera berriak barneratzeko eta ikaskuntza bizia eta egokia jasotzeko ezinbestekoa zela poliki-poliki irakurtzea eta hitz bakoitza banan-banan ahoskatzea. Horrela, ezaguera pixkanaka barneratzean, ez zatekeen aldi baterako soilik gogoan atxikiko, eta, ondorioz, gizabanakoaren kultur ondarea era eraginkorrean finkatzen lagunduko zukeen.
Yciar, bere idazkeraren inguruko metodoak defendatzean, Luis Vives-en Discurso de lo que más conviene al alumno que quisiere aprovechar en el arte de escrivir izeneko liburuan oinarritu zen. Liburu horretan, eta beti ere erretorika klasikoaren maisua izan zen Kintiliano latindarraren aholkuak jarraituz, ortografia, kaligrafia eta irakurketa irakasteko metodoak azaldu zituen Vivesek. Hona hemen metodoaren adibide bat (ibid., 53):
Orain arte azaldutakoetatik ondoriozta daitekeen moduan, Yciar ordura arte argitaratutako idazkera-arauei buruzko liburu guztien irakurle amorratua izan zen. Eta ez hori bakarrik, liburu horien edukiak gogotik landu ondoren, bakoitzetik egokiena iruditzen zitzaiona ateratzen zuen, gero bere proposamen metodologikoan txertatzeko.
Halaber, durangar idazleak aldarrikatu zuen lehentasun pedagogiko bakarra hauxe izan zen: garai hartako aforismo ikaragarriari aurre egitea helburu zuena. Horregatik, ezaguerak buruz soilik ikastearen aurka azaldu zen. Memoria optikoari eta akustikoari, berriz, ezohiko garrantzia eman zien. Horrela, ikaskuntzaren izaera eufonikoa bultzatu zuen, ikasleak letrak ikustean ahoskeran trebatu ahal izateko.
Horrezaz gain, fonetikoa deritzon metodoa ere aldarrikatu zuen. Metodo horren arabera, ahoskatzeko bereziki zailak diren hitzak letraka irakurri beharko lirateke, hitz horiek arinago eta biziago ahoskatzen trebatu ahal izateko. Azentu-marken erabilera zehatza ere zaindu zuen, eta, jakina, baita puntuazio-zeinuena ere.
Bestalde, bere aitzindarietariko bat izan zen Alexo de Venegas-ek bezala, irakurketarekin eta idazketarekin hasteko, lehen hizkuntza edo herri-hizkuntza erabiltzea proposatu zuen, ikaslearentzat irakurketa-idazketaren hastapenak neketsuak eta urrunak izan ez zitezen.
Horiek horrela, bizkaitarrarentzat, ohiturez jabetzea edo, zehatzago esanda, ohitura onez jabetzea, trebetasunez, abiadura onean eta dotore idazteko ezinbesteko baldintza izan zen. Are gehiago, Mendoza maisu bikainaren irakaspenak jarraituz, bere laguntza eskatu zuten jaun boteretsuei zuzentzeko Mendozak erabili zituen ondorengo hitzak bere egin zituen (ibid., 57):
Zeregin horietarako guztietarako, eta nahiz eta harrigarria dirudien, bere Tratado de aritmetica izeneko liburuan egiazta daitekeen moduan, matematika arloko zientzietan gogoz trebatu zen. Prestakuntza horren ondorioz, Albrecht Dürerren margolana analitikoki aztertu zuen (Dürerrek antzinako arkitekto eta tratadistekin gauza bera egin zuen).
Bestalde, Yciarrek ez zuen bakarrik ideal estilistikoa bilatzen. Bere asmoak estetizanteak izateaz gain, estetikoak ere baziren, eta asmo horri helduta, idazkera arte bikain bihurtu nahi izan zuen. Ez maila txikiko artea, maila handikoa baizik, beste diziplina artistikoetako artea bezain bikaina. Eta hauxe izan zen gure idazleak idazkera arte bilakatzeko jorratutako bidea.
Bere ustez, esaldian letrek duten kokapena, berez, arkitektura tratatua izan zitekeen. Modu horretan, testua irakurterraza izan zedin, letra batetik bestera espazio bat utzi beharra zegoen, eta etenaldiak eta puntuazio-zeinuak behar bezala jarri behar ziren. Horrela, testuak indar handiagoa izateaz gain, plastikoagoa izango litzateke eta, beraz, ikuspuntu optikotik begiratuta, erakargarriagoa. Azken finean, oso garrantzitsua zen irakurleak, testuaren edukiak zuen mamiaz jabetzeaz gain, testuaren formak ere ematen zuen informazioa ondorioztatzen jakitea, idazlana bere osotasunean ulertu ahal izateko.
Horrezaz gain, kaligrafo bezala zuen esperientzia handiaren ondorioz, praktikoak izan zitezkeen beste hainbat iradokizun ere gaineratu zituen; esaterako, idazlumak ur basoetan gordetzearen garrantzia, edota idazkera iraunkorra eta kalitatezkoa lortu ahal izateko tinta motaren hautaketa (ibid., 63):
Paperaren kalitateari zegokionez, antzerako kontuak azaldu zituen; besteak beste, paperaren lodiera eta malgutasuna, bere ustetan ezinbesteko ezaugarriak zirenak idazteko erabiltzen den oinarria egokia izan zedin eta testua sortzea ahalbidetu zezan. Horrekin batera, gomari buruzko, papera pausatu beharreko taulaz, kolaz edota orrian marrak jartzeko erari buruzko hainbat gomendio eman zituen. Gomendio horiekin batera, zehaztasuna eta ondo egindako lanarekiko maitasuna ziren, haren ustetan, jarraitu beharreko jokabide bakarrak eta berak leialtasun handiz bere lana behar bezala garatzeko kontuan izaten zituenak.
Yciarrek, bere zeregin arduratsuan, letra motaren eta letra hori erabilita idazten dutenen lanbidearen arteko harremana ere deskribatu zuen. Esaterako, letra aragoarra batez ere irakasleek erabiltzen zutela azaltzen zuen, eta letra gotikoa kopistek eta erlijiosoek (azken horiek asko goraipatzen zituen, testuak idazten eta kopiatzen egindako lana arretaz egiten zutelako eta horiek gabe antzinatetik ez zatekeelako hainbeste liburu gaur arte mantenduko). Eta berdin zioen notarioei, letratuei, medikuei eta gainontzeko profesionalei buruz.
Gure idazleak ondo idatz zedin egin zuen ahaleginaren omenez, bertso hauek geratu zaizkigu (ibid., 86):
XVI. mendean idazkera arauak ezartzeko Yciarrek egindako lan eskergak hurrengo mendeetan ere eragina izan zuen. Idazlea bera ere oso kontziente zen bere bildumari-lanaren helburuak idazlearen lana bera ere gainditzen zuela, eta, horregatik, bere proiektua ardura eta ahalegin handiarekin atera zuen aurrera.
Manuel José Pedraza Graciak adierazten duen moduan (ibid.):
Beraz, idazle bizkaitarra idazkeraren artean doitasunaren eta edertasunaren bilaketan gogoz saiatu zen dizipulu fina izan zen. Ondorengo belaunaldientzat baliagarriak izan zitezkeen arauen corpusa lortzeko bere pasio amaigabeak, azkenean, bere lanak argitaratu zirenean, amaiera zoriontsua izan zuen. Lan horietariko batzuk –esaterako, arestian aipatu dugun Arte subtilissima izenekoa–, gaur egun oraindik ere, idazkeraren artean dotoreziaz eta zuzentasunez trebatzen ikasteko gidaliburu bikainak dira.
Izan ere, Yciarrek gaur egun hain erabilia den bastardilla letra ezarri zuen letren unibertso oparoan, eta horregatik bakarrik urrezko postua mereziko luke aipatutako olinpoan. Baina, durangar honen merituak harago ailegatu ziren, hau da, bere irakaspenak ikasle belaunaldi askotara ere iritsi ziren, eta horrek objektiboki izugarrizko eragin akademikoa ematen dio Yciarri.
Izan ere, kaligrafoa eta Espainiako nobleen maisua izateaz gain, ezagueraren diziplina anitzetan aplikagarria izan zitekeen lan metodoa bultzatzeko ahalegin aparta egin zuen. Eta hain zuzen ere bere asmo epistemologiko horiek dira, gure ustetan, idazleari izan lezakeen xarma garaikidea ematen diotenak, nahiz eta lau mende baino gehiago igaro diren didaktikaren esparruan errebelazio horiek egin zituenetik.
Euskal kaligrafoak, ahapaldi batzuk lehenago iradoki dugun moduan eta begien bistakoa denez, jarraitzaile ugari izan zituen. Horien artean Pedro de Madariaga azpimarratuko genuke, Arratia bailaran jatorria duen bere herrikidea; izan ere, Yciar sortu zen herriaren ondoan dago Arratia bailara. Madariagak 1565ean idatzi zuen Arte de escribir ortografia de la pluma y honra de los profesores de este magisterio izeneko liburuan, idazteko artea ondorengo hitzekin deskribatzen zuen (Alonso García 1953, 12).
Dena den, Yciarrek beste dizipulu fin batzuk ere izan zituen. Horietariko bat Jesusen Lagundiko Pedro Flórez lekaidea izan zen, Guadalajarako Loranca de Tajuñan jaioa eta 1614. urtean Metodo del arte de escrivir argitaratu zuena, Rufino Blanco y Sánchez-ek dioen moduan. Hain zuzen ere, lekaidea izan zen kaligrafiari garai hartan eta gaur egun ere asko lagundu izan dion lauki-sarea erabiltzen aitzindaria.4
Yciarren beste jarraitzaile bat, egin zuen ibilbideagatik oso ezaguna dena, Pedro Díaz Morante palentziarra da; jatorriz Aguilar de Campookoa bazen ere, Toledo hirian berrogei urtez aritu izan zen irakasle lanetan. Ondoren, Madrilen Leer, escrivir y contar izeneko eskola sortu zuen, eta 1616an irakasleen aztertzaile bihurtu zen.
Bestalde, aipatu beharrekoa da Díaz Morantek 1615. eta 1631. urteen artean argitaratu zuen Arte nueva de escribir izeneko liburua, lau ataletan zatituta dagoena, eta Blanco y Sánchezek azaltzen duen moduan (ibid., 228):
Durangar kaligrafoaren bizitza eta lanerako hurbilpen honi amaiera emateko, esan beharra dago maisu honen jarraitzaileak izan ziren kaligrafo eta irakasleen zerrenda amaigabea dela. Gipuzkoako Leniz herrikoak ziren Zabala anaiak, jatorriz Toledokoa zen Francisco de Montalvo kaligrafoa, Sevilla hiri ederreko Ignacio Pérez kaligrafoa, Zeballos irakaslea, Juan Bautista Guarnido, Juan de Jerez, Benito Ruiz de la Zarza edota Pedro Ruiz madrildar kaligrafoa gure bizkaitar kaligrafo ospetsuaren jarraitzaileak izan ziren (horietariko batzuk, gainera, bere garaikideak dira).
Nahiz eta egile horien guztien liburuak Yciarrenak baino garrantzi gutxiagokoak izan (bai egindako ekarpenengatik, bai egileen lanak izandako eraginagatik eta lanen aitorpenagatik), esan nahiko genuke jarraitzaileak, bere etengabeko lanaren emaitza diren metodoak eta irakaspenak aintzat hartzean, Yciarren proposamen intelektual eta humanista hedatzeko eta aberasteko ezinbestekoak direla. Beraz, arrazoi horiengatik guztiengatik bidezkoa dela iruditzen zaigu ahalik eta lasterren, haren izpiritua ez ezik, haren letra ere berreskuratzea.
Lan honi egindako sarreran komentatu dugun bezala, XVI. mendeko gure idazle bizkaitarra letren historia unibertsalera pasatu da, hain zuzen ere, munduan izan den kaligrafo garrantzitsuenetarikoa izateagatik. Eta diziplina hori batzuetan oharkabean pasatu bada ere, iruditzen zaigu giza ezagutzarako funtsezkoa dela.
Era berean, esan daiteke letrak eta letren diseinu tipografikoa kulturaren aurrerapenerako ezinbesteko aurrerakuntzak izan direla, batez ere, Gutenbergek, 1450. urtearen inguruan, karaktere higikorren industria (humanitatean izan den asmakizunik garrantzitsuena, gurpilaren eta bonbilla elektrikoaren asmakizunekin batera) asmatzeko ezohiko balentria egin zuenetik. Dena den, Yciarren ondorengo mendeetan tipografiaren unibertsoa asko hobetu dela zalantzarik ez badago ere, gaur egun ere bizkaitar entzutetsuaren ondarea oraindik balio handikoa da. Horregatik, 2007. urtean Euskal Herriko Unibertsitateko diseinu grafiko arloko irakaslea den Eduardo Herrera Fernándezek zuzendutako ikerlari talde batek erabaki genuen Tradición e innovación del Arte Subtilissima de Juan de Yciar izeneko ikerketa proiektua aurrera eramatea. Zeregin horretarako, berriz, Madrileko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren ezin eskertuzko lankidetza izan genuen. Ministerioak oso azkar antzeman zuen proiektuaren bideragarritasuna, izan ere, ez dira oso ohikoak izaten XVI. eta XXI. mendeak proiektu bakarrean lotzen dituzten horrelako proposamen argiak.
Beraz, ez dago inongo zalantzarik, Herrera Fernández irakasleak dioen moduan, zeinu tipografikoek gure komunikazio bide globaleko eta kulturalaren dimentsio ordezkaezina osatzen dutela (Herrera Fernández eta Fernández Iñurritegui 2009, 11). Eta lorpen hori ez litzateke posible izango kaligrafoek, inprimatzaileek eta baita diseinatzaileek ere egindako ekarpenengatik izango ez balitz; izan ere, horiek guztiek egin dute denboran zehar ezagutzen ditugun alfabeto guztien formak hobetzeko ahalegina, beharrezkoak izan daitezkeen aldaketak behar ziren momentuan eginez.
Zalantzarik gabe, lan handia eta gogorra da, eta beti zeregin horrek mereziko lukeen arretarik jaso ez duena. Horrexegatik, eginkizun hori ulertu, berregin eta, beharrezkoa izango balitz, berarentzat aplikazio berriak bilatu ahal izateko, jakintza-alor anitzetako hausnarketa egitea beharrezkoa da, beti ere, auzia alderdi desberdinetatik begiratuta aztertuko duena (bai kultur esparrutik, bai esparru historikotik, artistikotik, estetikotik…).
Guk, gure aldetik ere, Tradición e innovación del Arte Subtilissima de Juan de Yciar izeneko ikerketa proiektuan, lan esparru horretara hurbiltzeko ahalegina egin dugu; izan ere, horrenbeste merezi du, gure iritziz, kulturaren hedapenerako ezinbesteko tresna den idazkera funtsezko diziplina gisa aintzatetsia izan zedin lan eskerga egin zuen idazleak. Horregatik, gure helburua Yciarren ondarea aztertzea, eztabaidatzea eta zabaltzea izan da, bide horretatik euskaldun unibertsal honen kultur patrimonioa berreskuratu ahal izango dugulakoan.
Esanak esan, patrimonio grafikoaren ikuspuntutik aztertuz gero, bere ekarpena letra tipo desberdinen konfigurazio formala izan zenaren goi mailako testigantza da.
Horiek horrela, gure idazle durangarrak, idazkeraren kaosa eta anabasa egiaztatu ondoren, letra etzana hobetuz tipografia perfekzionatu eta hobetzeko egindako ahalegina gertaera gogoangarria da, eta horrexegatik merezi bezala berreskuratzeko esfortzua egin beharko genukeela uste dugu.
Era berean, lan baliotsu horren sustapenerako ikerketa proiektu honetan parte hartu dugun ikertzaile guztioi oso interesgarria iruditu zaigu antzinako kaligrafiari eta alfabeto zaharren eraikuntza tipografikoei erreparatzea, ondoren, denboran zehar idazkeran gertatu izan diren grafismoen mutazioak egiaztatu ondoren, Yciarren letra kaligrafikoaren digitalizazioa proposatu ahal izateko. Modu horretan, azken lan hori, bere garbitasunagatik eta gardentasunagatik, edozein erabiltzaileren ordenagailuan erabili ahal izateko baliagarria izango litzateke, baldin eta erabiltzaile horri egokia irudituko balitzaio.
Proiektu hori anbizio handikoa eta interesgarria izan daiteke. Baina, behar bezala gauzatu dadin, onartu beharko genuke erabiltzaile digitalak letra etzan hobetuaren hautaketa egiten duenean arrazoi estetikoengatik izan dela, baina baita merkatuarekin erlazionatutako beste arrazoi batzuengatik ere.5
Era berean, frogatu nahi izan dugu aspaldiko garaietan ‘diseinatutako’ letra bat gaur egun ere guztiz erabilgarria izan daitekeela; eta, beraz, letra horretaz ere baliatu ahal izango garela. Horiek horrela, uste dugu duela bostehun urte baino lehenagotik existitzen diren forma tipografikoak, hain zuzen ere lehenengo karaktere higikorren hastapenetatik existitzen direnak, teknologia berriekin ere era guztiz eraginkorrean erabili ahal izango direla.
Hortaz, Yciarren iturri tipografikoaren diseinuari eta digitalizazioari buruzko proiektuaren xede nagusia hauxe da: bizkaitar entzutetsuaren lanak eta ondareak (goi mailako ondare-iturri diren neurrian), gure liburutegietako apalak hornitzen dituzten liburuetan ez ezik, gure ordenagailuetako teklatuetan ere irautea. Hasteko, eta gure ustez ez da gutxi, lortu dugu Sancho el Sabio Fundazioan dagoen Arte subtilissima liburuaren ale original bat gure esku artean izatea, gero aztertu ahal izateko. Hemendik aurrera, berriz, Yciarren lana eguneratzea izango da guretzako langintzarik erakargarriena. Beraz, esku artean dugun zeregin hori, guretzako, errealitate bihurtzeko asmoa dugun amets polita da. Hortaz, esan dezakegu lan gogoangarri, berezi eta eder hori hasi besterik ez dela egin. Hurrengo urratsak, berriz, emankorrak eta oparoak izango direlakoan gaude, Yciarrek egindako lanak ez du gutxiagorik merezi eta. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu ikerketa behar bezala bideratu ahal izateko.
Modu horretara, XVI. mendean bizi izan zen gizon euskaldun haren lana XXI. mendean ere zuzen eta egoki idazteko oso baliagarria egingo zaigu; izan ere, idazkera, gaur egun, lehenago ere izan zen moduan, bizitzaren esperientzia ondoen kontatu ahal izateko bidea da.