Sakelakotik adimen kolektibora

2015-10-27 Albisteak

Sakelakoek inoiz teknologia batek izan duen arrakastarik handiena lortu dute gure artean. Aurreko teknologia guztiak baino azkarrago eta hedatuago daude orain. Iparraldeko herrietan ez ezik, txirotutako herrialdeetan ere –Afrikan, kasu– mugikorren arrakasta izugarria da, ekonomia eta harreman eredu berriak sortzeraino.

Hala ere, urte batzuk pasa dira eta, nahiz eta adimendun deitu sakelako berriei, adimen gutxi dute. Oraindik ere tresna mugatu bat dira, nahiz eta jende askok ‘beharrezko’ dituen. Horri lotuta, sakelakoa etxean utzi edo ezin erabiltzeagatik sortutako fobia (nomofobia) ere aipatzen dute zenbaitzuk.

Gailu mugikorrak eta sakelakoak bereziki hobetuz joango dira, baina beste tresna batzuk ere agertuz doaz, gurekin integratuagoak. Horien txanda izango da orain?

Google saiatu zen Google Glass betaurrekoekin, baina argi gelditu zen jendartea oraindik ez zegoela prest. Erloju adimendunak ere etorri ziren ondoren, eta horiek ere ez dute arrakasta zabalik lortu, nahiz eta zenbaitzuk erabiltzen dituzten. Oraindik ere jantzigarri horiek ez dira hedatu, baina bidea markatuta dagoela dirudi. Osasunarekin edota kirolarekin lotutako erabilerek dirudite lehen erabilpen esparrua oraingoz.

Horregatik, oraindik sakelako telefonoa da nagusi, eta gailu horiek guztion garuna izatera pasako dira, adimen edo ‘inteligentzia’ gehiago eskuratzeaz gain. Gero eta gailu gehiago konektatu eta jantziko ditugu, eta horietako askok mugikorra erabiliko dute datuak eskuratu, analizatu eta erabakiak hartzeko.

Mugikorren mugak gainditzeko, beharbada Google Glass moduko teknologiek arrakasta izan dezakete, beren informatika partea –tamainan handiago egiten dituena– mugikorrarekin bateratzen badute.

Makinekin elkarreragiteko orain arteko ukipen bidezko teknologiak erabiltzeaz gain, gero eta gehiago mugimendu eta patroi bidezkoak ere erabiliko ditugu. Zerbait itzali, piztu edo ekintza bat burutzeko, mugimendu batekin nahikoa izango da.

Ahotsak ere garapen handia izango du, eta, horrela, gailuekin hitz egitea gero eta ohikoagoa izango da. Horrek ‘adimen artifizial’ hobeagoarekin loturik egon beharko du, agindu sinple batek guk nahi duguna egitea lortu nahi badugu. Horregatik, arlo honetan ere garapen handia izango da hurrengo urteetan.

Mugikorra eta bertan ditugun sentsoreak ez ezik, kanpoan izango ditugun beste milaka sentsore, eskumuturreko, arropa, tresna… horien informazioa prozesatzeko tresna ere bada eta izango da mugikorra. Informazio horrekin zer egin erronka handia ere bada maila indibidualean eta kolektiboan. Inoizko datu kantitate eta jendarteari buruzko informazio handiena izango dugu, datuak anonimotu eta ikertzeko aukera paregabea; ongi erabilita, gizarte zientzietan eta jendartearen ongizatean eragin positiboa izan dezake.

Hortik aurrera, teknologia horien eta gizakion arteko komunikazio interfazeak etorriko dira. Zuzenean makinak erabiliz, gure gorputzean txertatutako tresnen bidezko komunikazioa. Gure arteko komunikazioa eta baita makinekin zuzenean elkarreragiteko modu berriak ere. Vernor Vinge zientzia-fikzioko idazlearen Rainbows End nobelan oso ondo irudikatzen da horrelako mundu baten etorkizun posibleetako bat.

Erronka berriak etorriko dira orduan; nagusia, teknologiak gure gorputzarekin bat egiten duenean, munduko ezagutza guztia gurekin uneoro dugunean. Orduan, adimen artifiziala baino, gizakion adimenaren muga indibidualak eta aukera kolektiboak izango dira berriro erronkak.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan