2015-10-20 Bloga
Udan zehar, munduko bigarren eta hirugarren potentzia ekonomikoetan, nazioarteko merkatu ezberdinen egoeraren inguruko ziurtasunik eza areagotuz joan da. Txinaren kasuan, Alderdi Komunistaren azken kongresuaren osteko erabaki estrategiko berrien ondoren, ingurumena, barneko kontsumoa eta kalitate, teknologia eta salneurri handiagoko esportazioak lehenesten ari dira, ustelkeria politiko ekonomikoaren aurkako borrokarekin batera. Zein izanen dira batez bertzeko kontsumitzaile txinatarraren aukera berriak? Nolako industri eta zerbitzu jarduerak garatzera doaz? Shangai eta, oro har, kostaldeko gune industrialetako saturazio maila ikusirik, pentsatzekoa da agintariek datozen urteotan barnealdea garatzen saiatuko direla, arazo demografiko zein ekologikoak konpontzeko bidean. Horrek eskatzen duen lehen inbertsioa azpiegitura fisikoena da: errepide, trenbide eta aireportuez gain, energiaren hornikuntza eta hirietako oinarrizko zerbitzuak (ur uherrentzako sareak, hondakinen tratamendua eta etxebizitza berriak, bertzeak bertze) bermatu behar dituzte. Erabili beharreko baliabide ekonomikoen kopuruak erraldoiak direnez, ziurrenik, Txinaren barnean aurkitu eta ekoiztu daitekeenarekin ez dute nahikoa izanen. Txinako naturaren mugek lehengai batzuen inportazioak, petrolioa edo burdina, erraterako, igoaraziko dituzte. Jarduera horietan, atzerrian, inbertsio ugari egin badituzte ere, gehiago beharko dituztela erraz atzeman daiteke, baliabide naturalen nazioarteko merkatuetan lehia indartuz.
Ekoiztutako eta erdiekoiztutako produktuei dagokienez, Txinako langile eta familiek ekoiztu eta kontsumituko dituzten garraio tresneria (ibilgailuetatik hegazkinetara) eta teknologia, edo elektrotresna eta informatika-osagaien arabera zehaztuko dira egin beharreko inportazioak, eta hori politikoki erabakiko dutelakoan gaude. Ondorioz, etorkizuneko Txinaren ekonomiari buruzko erantzun zehatzak lortzeko, Mendebaldeko sino-politologoak ingeniari, ekonomialari eta kontableak bezain garrantzizkoak izanen dira, izaten ari dira, dagoeneko.
Bertzaldetik, Txinako Banku Zentrala eta, oro har, herri horren agintari politiko nagusiak gertaera finantzario eta monetarioen aurrean erne dabiltzala argi frogatu dute burtsetan izandako krakaren ondoren emandako erantzunek. Hala ere, garai honetan, finantza-espekulazioak merkatuetan lortutako indarra aintzat hartuz, ez da lan erraza unean uneko ‘mozkinen bilketa’ edo ‘behin-behineko burbuila’ arruntak egiturazko krisialdi baten ondorio edo aurrekarietatik aldentzea. Txinako burtsetako harian, truke tasari zegozkion erabakiak ikusi ondoren, pentsatzekoa da egiturazko erantzuna dela, hau da, barneko ekonomiaren aldaketa sakonak bultzatuko dituena; jarduera produktiboen sortu-suntsitu prozesua gauzatuko den heinean, agintarien epe luzeko helburuak argiago ulertzeko moduan egonen gara.
Bitartean, epe motzeko finantza-aldaketak aspertu arte aztertzen dituztenek ez dute deus erraten espero duten Txinaren ekonomiaren espezializazioaz. Aldiz, Txinako Banku Zentralaren larrialdiko finantziazioa txalo beroz agurtu zuten aditu berberek.
Finantza sistemaren egokitzeari dagokionez, egoeraren benetako izaera zehaztea oso zaila da, Japoniaren kasuan bezala: oso ‘kapitalistak’ ez diren sare finantzario pribatuen garrantziaz gain, arduradun politiko eta finantzarioen arteko harreman zuzen eta publikoak direla-eta, Mendebaldeko kapitalismoaren irizpide finantzarioak, asko izanda ere, ez dira hango ohitura, legedi eta filosofietara egokitzen. Berriki izan diren renmimbi moneta txinatarraren debaluazioei buruzko iritzi anitz bezain kontrajarriak adibide. Edo ‘Abenomics’, Shinzo Abe lehen ministro japoniarraren politika ekonomikoa, izaten ari den gorabeherak.
Laburki erranda, epe motzeko aldaketez haratago, datozen urteetan zehar Asiako mega-ekonomiek mundukoari egin behar dioten ekarpena oraindik ikustekoa da, Amerikako Estatu Batuak eta Europako Batasuna krisialditik oso poliki ateratzen ari diren bitartean… egiazki ateratzen ari bagara. Gainera, hegemonia ekonomikoaren lehian, ziklo ekonomikoen alde guztiak, positibo zein negatibo, boteretsuenen estrategietarako tresnak bertzerik ez direla gogotik ezin galdu.