miren artetxe

Azeria oilotegiaren eskolan

2015-07-17 Bloga

Estrategia komertzialez dakitenak bankuak dira. Egun bateko albistea izan eta gero gehiagorik entzun ez badugu ere, esanahi eta ondorio sakonak dituen ekimen publiko-pribatu bati heldu nahi diogu: datorren ikasturtetik aurrera, boluntario aurkeztu omen diren berrehun baino aditu bankario gehiagok eskoletako haurrei ‘finantza eskolak’ emanen dizkiete, Rajoy jaunaren gobernuak bultzatutako programa berri baten barruan, inolako negoziaketarik izan gabe, noski, Wert ministroaren paregabeko harropuzkeria eredu. Boluntario horien kualifikazio pedagogikoak ez ziren aipatu albistean, bai ostera parte hartzera zihoazen Estatu espainoleko banku pribatu nagusien markak, finantza eta onibar merkatuetako burbuilak puzten lagundu zuten berberak, hain zuzen. Tormesko itsuak mutikoari «kalte egin dizunak sendatuko zaitu» erraten zion moduan, hondamendira eraman gintuztenen eskuetan utzi nahi dute haurren hezkuntza ekonomiko-finantzarioa, hezkuntza komunitatea baztertuz inolako lotsarik gabe. Anekdota gisa, behar horretarako prestatu duten liburuxkan, gastuen artean lehentasun maila ezberdinak zehaztean, hipoteka, kreditu txartel eta aseguruei dagozkien gastuak argindar edo elikagaiei dagozkienak baino premiazkoagotzat jotzen dira, lehenengoak, bigarrenak ez bezala, kontratu legal baten ondorio sahiestezinak direla argudiatuta.

Beharbada, irakaskuntzan ari garelako ez dugu ekimen hori gustuko. Gure ustez, atzean dauden ideiak, aurreiritziak hobe, ezin okerragoak dira. Alde batetik, burbuila ekonomikoak, finantzarioak barne, jendearen ezaguerarik ezaren ondorioak direlako sinismena ezin dute burutik kendu aditu kapitalismozaleek, ez soilki haiek. Espekulaziorik gabeko sistema kapitalista posible dela erraten dutenek historiak dioenari ez diote kasurik egin nahi. AEBetako banku nagusiek gaizki egiteagatik, eta haien aurkako prozedura judizialak etetearen truk, aldizka ordaintzen dituzten isunak lekuko. Finantza- eta ekonomia-desarautzea bultzatu ondoren, kapital eta dibisa merkatuetarako autokontrola eta kode pribatuak lehenesten dituzten enpresa berberen arduradun eta goi mailako langileak izan dira urteetan zehar jokaera ilegalak izan dituztenak. Bertzaldetik, hezkuntza ekonomikoa gela batean jorratu daitekeela pentsatzeak, bertze irakasgai arrunt bat balitz bezala eta inolako aurreko plangintzarik gabe, ‘pentsalari’ horien ezjakintasun akademikoa azalarazi bertzerik ez du egin.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan